Albisteak

EH Bilduk batzarra egin zuen pasa den asteartean Donostiako Kutxaespazioan. Bertan 350tik gora militante elkartu ziren eta, besteak beste EH Bildu aro berrira eramango duen prozesu eratzailea abian jartzeko Araudia onartu zuten. Prozesu eratzailea ekainaren 17an egingo den Kongresuarekin amaituko da. Aurretik, Kongresura eramango diren dokumentuak eztabaidatzeko aukera izango da herri ezberdinetan egingo diren foroetan.

EH bIDLU DONOST

Donostiako batzarreko mahairen irudia

Era horretara, EH Bildu nolakoa izango den erabakitzeko aukera izango dute EH Bildurekin bat egiten duten herritar guztiek. Hala, Zuzendaritzako izenak proposatu eta bozkatu ahal izango dituzte eta Eztabaidarako dokumentuari ekarpenak egin ahal izango dizkiote. EH Bilduren prozesu eratzailean parte hartzeko, kongresua.ehbildu.eus webgunean izena eman beharko da.

Tolosaldean maiatzaren 2an izango dugu EH Bilduren prozesu eratzailea azaltzeko Aurkezpen Foro irekia; 19:30etan Tolosako Kultur etxean dugu zita eta Juan Karlos Izagirre eta Rebeka Ubera izango dira Aurkezpen hau egingo duten EH Bilduko kideak.

IMG 20170426 WA0002

Apiriletik ekainera bitartean larunbat goizetan Oria merkatari elkarteko saltokietan egindako erosketak sarituko dituzte. Opari ezberdinak zozketatuko dira merkatarien elkarteko parte diren saltokietan erosten duten bezeroen artean. 

SABADOS MERCADO content

Oria Merkatarien Elkarteak argitaratu duen kartela

Bazkari eta afarien zozketak, ekintza gastronomikoak, opariak, sagardotegietarako gonbidapenak, antzerkietarako sarrerak... izango dira hemendik aurrera, ekainera bitartean Villabonako Oria merkatari elkartearen eskutik. Hilero herrian egingo diren ekitaldiekin uztartuko da herriko merkatarien ekimena.


EH Bildutik erabat babesten dugu gure herriko merkataritza txikiaren gehiengoa biltzen duen Oria elkartearen ekimen berri hau. Larunbat goizetan ere herriari bizia eman eta billabonatarrak gure herriko dendetan eta ostalaritzan kontsumitzea sustatu behar da eta zentzu horretan azpimarratzekoa eta eskertzekoa izaten ari da merkatarien elkartea egiten ari den lana.

Amasa Villabonan bizi, Amasa Villabonan erosi!

 

Gipuzkoa Zutik-eko ekintzaileek gaur argitaratutako bideo batean erakutsi dute obrak hasteko tokian ipinitako hesolak kendu dituztela, eta protesta kartel handi bat jarri dutela: Gipuzkoa Zutik. BIDEOA

"Erraustegiaren lanak ahalik eta lasterren inauguratzeko irrikitan daudenez, hesola guztiak kendu ditugu", azaldu dute Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek prentsa ohar batean. Azaldu dutenez, aipatzen dituzten hesola horiek Zubietako errauste planta eraiki nahi duten lursailean jarrita daude, eremua zedarritzeko, eta obrak hasteko. Erraustegiaren aurkako ekintzaileek obren hasiera hori atzeratu nahi izan dute ekintza zuzen honen bidez. Pankarta handi bat ere zabaldu dute han bertan dagoen mendi magal batean: 'Erraustegirik ez, ez goaz etxera' diote pankarta erraldoietan margotutako mezuek.

Gipuzkoa Zutik-ek hiri hondakinen kudeketa egoki baterako Gipuzkoak errauste plantarik ez duela behar gogorarazi du: "Gipuzkoako elite baten mesedera diseinatutako politika ustelaren sinbolo dela ulertzen dugu", deitoratu dute. Herritar asko azpiegitura horren kontra daudela adierazi dute, eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute: "Geldituko dugu".


Amasa Villabonako EH Bildutik, hondakinen kudeaketari dagokionez PNV eta PSEk gobernatzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabide inposatzailea salatu nahi dugu. Kosta hala kosta Zubietako erraustegia eraiki nahi dute, hori da beraien helburu bakarra. Kutsakorra, herritarren osasunerako kaltegarria eta Gipuzkoarentzat oso garestia izango dela jakinda ere, aurrera egitea erabaki dute. Gure ustez, jarrera hau erabat onartezina da.

Badakite asko garela (agian gipuzkoarron gehiengoa) erraustegirik nahi ez dugunak, eta hainbat eragilek antolatutako protestak (GuraSOS, Gipuzkoa Zutik...) oso jendetsuak izan badira ere, bost axola zaie, erraustegia eraikitzeak dakarren negozioarekin jarraitu nahi dute. Beraz, normala iruditzen zaigu Gipuzkoa Zutik-eko ekintzaileek ez etsi nahi izatea eta mobilizazio eta ekimen zuzenekin jarraitzea, inposaketari eta PNV-PSE eta zenbait enpresen interes ustelei erantzun herritar bat emate aldera. EH Bildutik PNV eta PSEri, erraustegiaren erakitze lanak gelditzea eta eztabaida fase bat zabaltzea exijitzen diegu. Eztabaida lasai, serio eta zientifikoa egiteko garaiz gaude oaraindik. Bitartean, EH Bilduk erraustegiaren kontrako ekimenak babesten jarraituko du.   

Asteartean goizeko 9:10ak aldera heldu zen 20. Korrika Amasa Villabonara eta ordurako herriko errepide bazterrak jendez gainezka zeuden korrikan parte hartzeko edo gutxienez pasatzen ikusteko asmoz denak. Haurrak, nerabeak, gazteak, helduak eta adinekoak guztiak Korrikaren zain. Azkenik Korrika heldu zen eta emozioek gainezka egin zuten, jendetza handia hasi zen AEKko furgonetaren atzetik korrika. Bereziki polita izan zen Korrika Villabonako Kale Nagusian sartu zen unea, lehen aldiz gure herriko kale zaharrena zehazkatu zuen euskararen aldeko lasterketak. Lekukoa eramateko aukera izan zuten herriko eragile edo elkarte ezberdinetan parte hartzen dutenek eta denak irrifartsu eta alai eraman zuten eskuz esku Otxandiotik Iruñearako bidea egingo duen lekukoa; Amasako Uxo tokikoak eta gazteak, Behar-Zanako emakume eta haur pilotariak, Zubimusu ikastolako ikasleak, Oria merkatari elkarteko dendari ezagunak, Irrintziko kideak, Villabonako udalean EAJ-PNVko zinegotzi diren Andoaingo eta Orioko bi lagunek, herriko preso politikoen senideak, Onddo gazte asanbladako gazte errebeldeak, Fleming eta Erniobeako ikastetxeetako ikasleak, EH Bilduko kide diren Arantza Lopez eta Leire Olasagasti zinegotziak eta Santio egoitzako adinduak (gurpildun aulki elektrikoan eraman zuen lekukoa Xabierrek) izan ziren lekukoari heldu ziotenak.

korrika eh 2

Leire Olasagasti eta Arantza Lopez EH Bilduko kideak lekukoari helduta

20 bat minutuz giro zoragarria izan zen gure herriko kaleetan eta jendetza handiak bat egin zuen euskararen aldeko ekimen erraldoi honekin.

EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkiegu kilometroa erosi duten elkarte guztiei, AEKko antolatzaileei, Korrika batzordean lanean aritu diren lagunei, Korrika diruz lagundu duten dendari eta tabernariei eta Korrikan parte hartu duten herritar guztiei, aupa zuek! eta gora Korrika!

 

Villabonako Arteca enpresak obra kontratua zuten hiru langile kaleratu ditu apirilean eta langile hauen eskubideen kontrako eraso horri erantzun bat emateko, langileek ordubeteko lanuzteak egin dituzte hiru egunez. Hiru lan txanda izaten dituzte eta hirutan egin dituzte lanuzteak. Kaleratutako langileek maiatza bitarteko obra kontratua zuten eta bukatzerakoan kaleratu dituzte, enpresako arduradunek kontratua eten egin dutela diote, ez dela kaleratzea, baina langileen ustez kaleratzeak dira. Langileek salatu dute, geroz eta aldi baterako langile gehiago hartzen dituztela enpresan eta horrek prekarietatera daramatzala. Ez dute baztertzen maiatza eta ekainean berriz ere lanuzteak egitea.


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du langileek egiten duten salaketarekin eta burutu dituzten lanuzteekin. Bestalde, gure elkartasuna adierazi nahi diegu apirilean kaleratuak izan diren hiru langileei eta beren senideei. Arteca-ko langileek salatu duten bezala, aldi baterako kontratu gero eta gehiago egiteak, langileen prekarietatea handitzea dakar ezinbestean, eta hori ezin da besterik gabe onartu. Beraz, prekarietateari aurre egiteko langileek etorkizunean egin ditzaketen protestak ere babestuko ditugu.   

EH Bildu osatzen duten alderdiek (Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Sortu) ekitaldia egin zuten pasa den larunbatean, Iruñeko Baluarten. EH Bilduren etorkizunari buruzko konpromiso historikoa sinatu zuten bertan alderdietako ordezkariek, Oskar Matutek, Rebeka Uberak, Pello Urizarrek eta Arnaldo Otegik.

maddalen ekitaldian

Maddalen Iriarteren hitz hartzea Baluarteko ekitaldian

Sinatutako agiria:

"EH Bilduk ordezkatzen duen kultura eta alderdi politiko desberdinen arteko ekintza-batasuna oso gertakari garrantzitsua izan da gure herrian, eta era berean Euskal Herri burujabea, justua eta baketsua lortu nahi duten pertsona guztien eskutan dagoen tresna eraginkorra izan da.
Egindako ibilbidearen balantzea erabat positiboa da. Hutsegite politikoak egin ditugula eta koalizioaren barne-kudeaketan akats nabarmenak izan ditugula inola ere ahaztu gabe, azkenaldian gure herriko gertakari politiko nagusietan lehen mailako eragile izan gara. Gertakari horiek garai politiko berri bat ireki dute, eta erabateko burujabetasunaren, justizia sozialaren eta bakearen bidean aurrerantz jarraitzeko baldintzak sortu dituzte.
Zailtasunak izan arren aberasgarria izan den bidea egin ondoren, honaino iritsi gara. Bide horrek ikasteko, hobetzeko, eboluzionatzeko eta heldutasuna lortzeko aukera eman digu. Orain, bost urteko ibilbidea egin ondoren, EH Bildu berritzeko eta partizipatiboagoa, irekiagoa eta inklusiboagoa izateko akordioa ahalbidetu zuten oinarriak berritzeko garaia iritsi zaigu. Beraz, alderdi subiranista eta aurrerakoien aliantza politiko-instituzionala berriz definitzeko eta, ondorioz, indartzeko garaia da. Aliantza horrek erabakitzeko eskubidea baliatzeko aukeraren alde egiten du, eta behetik eta ezkerretik eraikuntza nazionala eta gizarte-eraldaketa lortzeko formula eta pertsona guztien eskubide sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak bermatzeko tresna izango da.
Ziur gaude euskal herritarren gehiengoa datorrela bat helburu horiekin eta herrialde aske, justu eta demokratikoa eraikitzeko asmoarekin. Proiektu horren garapenean alderdi aktibo izan nahi duten milaka pertsona horiei parte hartzeko gune eta era berriak eskaintzeko garaia dugu.
Gaur egun, EH Bildu, koalizioa sortu zuten eta osatzen duten alderdiez bestelako espazio politiko gisa sendotu da, eta alderdi horien batura baino gauza zabalagoa da. Horregatik, jauzia egin nahi dugu eta lau indar politikoren koalizioa izatetik ideia eta proiektu berriak eta alderdi jakin bati lotuta egon behar izango ez dutenak ekarriko dituzten pertsona eta sektore independenteak ere barnean hartzen dituen subjektu politikoa izatera igaro nahi dugu. Ez dugu galdetu nahi gutariko bakoitza nondik gatozen, baizik eta denok elkarrekin nora joan nahi dugun.
Bestalde, hala gatazka konpontzeko prozesuan izandako aurrerapenek, estatu espainiarraren eta frantsesaren jarrera obstrukzionista eta saboteatzailea izan den arren, nola Eskozian eta Katalunian dagoen subiranotasun-boladak, gure herriari beste aukera-leiho bat zabaltzen diote, eta hori erabat aprobetxatu nahi dugu.
Horrek guztiak kontratu berria egin beharra dakar, EH Bilduren egitura eta funtzionamendua nahiz praxis politikoa errealitate berrira egokitzeko aukera emango duena. Horregatik, lau alderdi sortzaileek beste konpromiso batzuk hartuko ditugu euskal herritarren, gure gizarte-oinarriaren eta gure militanteen aurrean, Euskal Herria Bildu berria eratzeko prozesua hasteko apustua eginez.

Zehazki, Euskal Herria Bildu osatzen dugun lau alderdi politikoek honako bi konpromiso hauek hartzen ditugu:

• Alderdi politikoen koalizio bat izatetik bere identitate eta militantzia propioa dituen eta irekia, inklusiboa, parte-hartzailea eta erabat demokratikoa den subjektu politiko bat izatera igarotzeko konpromisoa. Eta hori guztia alderdi politiko sortzaileen autonomia eta identitatea ezertan galarazi gabe, bakoitzak gure alderdien diskurtso, profil eta espazioei eusten diegulako, gure ustez horrek guztiak Euskal Herria Bilduk osatzen duen gune komuna indartzen baitu.

• Euskal Herrirako proposamen subiranista eta ezker eraldatzailekoa egunerako konpromisoa, eta horrek egungo egoeran zera dakar: eraldatzailea izango den eta euskal herritarrentzako estatu propioa eta sozialki aurreratua eraikitzera orientatuko den prozesu subiranista diseinatzea eta, hala nahi duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiekin batera, gidatzea.
Funtsezko eguna da gaur euskal ezkerraren subiranismorako. Gaur, gure herriarentzat eta bertako herritarrentzat nahi dugun etorkizun hobe hori, milaka herritarrekin batera, eraikiko duen Euskal Herria Bildu berri hori gauzatzeko prozesuari hasiera ematen diogu. Hemen eta orain, ateak zabaltzen dizkiogu fase berri bati; pertsona, ideia, nahi eta ilusio berriei. Hemen eta orain, ateak irekitzen dizkiogu Euskal Herria Bildu berriari."

 

EH Bilduk aintzat hartu du Oier Gomezen zigorra eteteko eskaria onartu duen epailearen erabakia, Gasteizko presoak buruan eta pelbisean metastasia eragin dion Ewing sarkoma baitu. Unai Urruzuno legebiltzarkideak espero du Dei Auzitegiak etzi haren kaleratzea berrestea, azken egunak senitartekoekin igaro ahal ditzan, medikuek sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote eta.

OIERTXO SOS CqfgiXUAEwC K

Oier Gomezen askatasuna eskatzeko mobilizazioa Gasteizen

“Gaurko erabakia ezagutu ostean, EH Bilduk poza, baina tristura ere, adierazi nahi ditu. Poza, behin betiko erabakia etzi ezagutuko dugun arren, ematen duelako Oier Gomezek bere azken egunak familiarekin pasatuko dituela, eta tristura, une honetara iristeko txosten medikuek esan behar izan dutelako bere bizi itxaropena sei hilabetekoa dela”.

Urruzunok azpimarratu duenez, “Oier Gomezena bezalako kasuak ezin dira berriz ere gertatu, gaixorik dauden presoak kaleratu behar direlako euren osasun egoera muturrera eraman gabe; horregatik Frantziako Justiziari independentziaz jokatu dezala eskatzen diogu, Gobernu espainolaren mendeku politikari jarraitu gabe”.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren aurrekontuak atzera botatzeko eskatu du ez dutelako balio herritarren beharrak asetzeko. PPrekiko ituna justifikatzeko gezurretan aritzeari uzteko eskatu dio EAJri. “PP aukeratzea zuen hautu politikoa izan da; defendatu zuen erabakia, beraz, baina ez esan gezurrik”.

EH Bilduk Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektua atzera botatzeko eskatu du gaur Legebiltzarrean, EAJk PPrekin hitzartu dituen kontuak txarrak direlako kuantitatiboki, ez dutelako balio ez politika publikoak indartzeko, ez herritarren beharrizanak modu egokian asetzeko, bai eta kualitatiboki ere, EAJk gure herrian arbuio handiena eragiten duen alderdiarekin adostu dituelako ezkutuan, hemendik kanpo. Horri jarraituz, EH Bilduk herri akordioak egiteko prestasun zintzoa adierazi zuela gogora ekarri eta gero, Iker Casanovak deitoratu du EAJk Madrili eta eskuinari begiratzea erabaki izana, gehiengo sozialari begiratu beharrean, eta argi ohartarazi dio: “ez dakit zer nolako herria eraiki nahi duen EAJk PP eta PSErekin, baina Euskal Herri libre, burujabe eta justuagoa ziur ezetz, botere politiko eta ekonomiko espainolaren eskutik hori ezinezkoa delako. Edo agian EAJk ez du herria eraikitzeko inolako asmorik, bere helburu bakarra botere instituzionalari eustea baino ez delako, inolako herri ikuspegi estrategikorik gabe”.

Hori horrela, erantsi du Casanovak, “normala da EAJn urduri egotea eta argudio xelebreei heltzea PPrekiko ituna nola edo hala justifikatu nahian”, baina horrek ez du gezurra justifikatzen. “Utziozue gezurrak esateari, barregarri geratzen ari zaretelako gainera EH Bilduk ELA gaiztoaren erruz PPrekin bat egitera derrigortu zaituztela esaten duzuenean. Zuek PP aukeratu duzue, hala nahi izan duzuelako, zuen erabaki politikoa izan da. Beraz, zuzen zabiltzatela uste baduzu, defendatu argiki akordio hori, defendatu murrizketen eta ustelkeriaren alderdiaren aldeko apustu hori”.

EH Bilduko legebiltzarkideak zerga erreformaren beharra berretsi du, administrazioen diru-sarrerak handitzea ezinbestekoa delako behar sozialei erantzuteko, eta Urkulluk emandako ezezkoa kritikatu du, hori finean “errealitate hobea eraikitzeari” uko egitea delako. “Antza, Urkullu eta Confebasken errealitate paraleloan lehentasuna aberatsek zerga gehiago ez ordaintzea da”, eta hori errealismoaz janzten dute. “Jaurlaritzarena errealismoa baino etsipena da”, eta ez dio erantzuten benetako errealitateari, 140.000 langabetuei, inolako prestaziorik jasotzen ez duen %60ri, gazteen langabezia tasari (%35), enpleguaren behin-behinekotasunari, emakumezkoen diskriminazioari, lan baldintzen prekarietateari, pobrezia arriskuan dauden 440.000 lagun ingururi, gutxieneko soldatatik beherako pentsioak kobratzen dituzten 200.000 herritarrei. “Hori da dugun errealitatea, egiazkoa, eta EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuek uko egiten diote errealitate horri behar bezala aurre egiteari”.

Nazio Batuen Erakundeko torturaren eta bestelako tratu gizagabe eta krudelen aurkako kontalari berezi Nils Melzerrek egin du eskaera. Haren arabera, "torturen bidez lortutako konfesioa du oinarri" Espainiak Txapartegiri jarritako zigorrak.

0Nekane1

Nekane Txapartegiren estradizioaren kontrako protesta Bilbon

Nekane Txapartegi euskal presoa Espainiaratzeko erabakia atzera botatzeko eskatu dio Suitzari NBEko torturaren aurkako kontalari bereziak. Suitzako Justiziak martxoan erabaki zuen Espainiaren estradizio eskaera onartzea, eta argudiatu zuen Txapartegik ez zuela "era sinesgarrian frogatu" torturatu zutela. Helegitea jarri zuen defentsak, eta Suitzako Zigor Auzitegi Federalaren esku dago orain erantzuna.

Melzerren iritziz, Suitzak ez luke estradizio eskaera onartu behar, "elementu ugari eta serioak" daudelako Txapartegiren polizia deklarazioa "tortura bidez" lortu zutela esateko. "Txapartegi Espainiara estraditatzeko erabakia kontraesanen dago torturaren eta bestelako tratu gizagabe eta krudelen aurkako Hitzarmeneko oinarrizko printzipioekin", adierazi du kontalari bereziak.

Istanbulgo protokoloaren balioa:

Istanbulgo protokoloaren arabera, sinesgarria da Txapartegiren salaketa, eta horri eman dio balioa Melzerrek. Gogora ekarri du, torturatuen kasuan, "oso zaila" dela jasandakoaren "froga erabatekoak" ematea: "Hain zuzen, horregatik, tortura salaketa guztiak Istanbulgo protokoloa oinarri hartuta ikertu behar dira".

Txapartegi behin-behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren aurkako euroagindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduan, 2007tik ihesean dela argudiatuta. Estradizioa ukatzeaz gain, asilo eskaera ere egin zuen Txapartegik Suitzan; bereziki, 1999ko tortura salaketa oinarri hartuta. Izan ere, torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu egin dituzte aurretik Europako estatu batzuek.


Amasa  Villabonako EH Bildutik albiste hau benetan pozgarria dela uste dugu eta bat egiten dugu NBEk Suitzari egin dion eskariarekin. Nekane atxilotua izan zen unetik, espainiar estatuak egindako estradizio eskaeraren aurka agertu gara eta zentzu horretan gaurkoa aurrera urrats nabarmena dela pentsatzen dugu. Suitzar estatuak eskaera honi erantzun positiboa ematea eta estradizioa ukatzea eskatzen diogu. Nekane libre!

 

Hitzarmen berria ondo aztertu eta gero, TOPA koordinakundeak informazio batzarra iragarriko du, Aste Santu ondoren.

Aurrekoak bezala, aldarrikapen eta protesta urtea izan zen 2016a TOPArentzat. Aurreko urteek baino garrantzi handiagoa zuen, ordea, iazkoak: Osasun Sailaren eta Asuncion klinikaren arteko hitzarmena bukatzen zen, eta koordinakundeak aukera bat ikusi zuen Tolosaldeko osasun zerbitzua bestelako baldintza batzuetan kudeatzen hasteko.

Urtea amaitzearekin batera ordea,Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, Osasun erakunde publikoak Asunción enpresa pribatuarekin hitzarmena berritu zuela jakin zuen. Horren aurrean, Osasun Sailak hitzarmena berrikusi eta ebaluatzeko txostenik ez egin izana salatu izan du TOPAk azken hilabeteetan. Bide beretik,bereziki gaitzetsi dute TOPAk, herritarrek, alderdi politikoek, elkarteek eta sindikatuek osatuko luketen eskualdeko Osasun Mahaiari uko egin izana; foro horretan Asuncion klinika publiko egiteko aukerak aztertu nahi zituzten.

TOPAko kideek beren eskaerei entzungor egin dietela azpimarratu dute, eta duela gutxi jaso dutela hitzarmenaren nondik norakoa: "Urte amaieran hitzarmena berritu zuten, baina hilabete eta erdirako, eta pentsatu genuen EAEko gobernu berria osatu bitarteko epea bete nahiko zutela".

Epe labur hori pasatuta ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berritu egin du Tolosako Asuncion klinikarekin zuen hitzarmena eta, azaldu dutenez, urtero-urtero luzapenak egiteko aukerarekin, gehienez ere 5 urte pasatu bitarte.

Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena eskuratzeko zailtasunak ere salatu nahi izan ditu TOPAk, "modu ofizialean eskatu eta ukatu" egin dietela azalduz. Ondorioz, hitzarmena sakonago irakurri eta mamitu nahi dute, eskualdeko herritarrei beren irudipen eta aldarrien berri eman aurretik. Iragarri dute, ordea, Aste Santuen ondoren egingo dutela informazio batzarra, hitzarmenaz eta horren aurrean antolatuko dutenaz aritzeko.

Apirilaren 26a, ikusgarritasun lesbikoaren nazioarteko egun gisa izendatua izan da eta EH Bilduk Euskal Herriko erakunde publikoetan genero eta sexu errealitate ezberdinak herritarrei ezagutaraztearen aldeko mozioak eta adierazpen instituzionalak proposatu ditu.

Amasa Villabonako EH Bilduko udal-taldeak ere, bat egin du iniziatiba instituzional honekin eta jarraian irakurri ahal izango duzuen Mozioa erregistratu du Villabonako udaleko idazkaritzan:

MOZIOA
Amasa Villabonako EH BILDU taldeak hurrengo mozioa aurkezten du, Giza Eskubideen batzordean eztabaidatua izan dadin, “Dauden genero- eta sexu-errealitate ezberdinak herritarrei ezagutarazteari buruz”.

ZIOA:
Emakundek hainbat urtetan berdintasunaren aldeko eta genero identitateagatik edo sexu-joeragatik ez baztertzeko kanpainak egin dituen arren, uste dugu beharrezkoa dela transexualitatea despatologizatzeko, ikusgarritasun lesbikorako eta bazterkeria eragiten duten elementuak (generoa, jatorria, sexu-praktikak, etab.) ikustarazteko kanpaina zehatzak sustatzea.
Aldarte Gay, Lesbiana eta Transexualen harretarako elkarteak “Lesbianak ikusgai eta eskubidedun” kanpainan hainbat gai azpimarratu zituzten, eta horien artean honakoa adierazten dute: “Esparru publikoan da bereziki nabarmena ikusgaitasun lesbikoaren urritasuna. Askozaz ikusgaiago dira lesbianak arlo pribatuan, publikoan baino; beraz, familia eta lagun artean da zabalagoa eta moldagarriagoa ikusgaitasuna, lan eta enpresa munduan, kalean, auzoan, komunikabideetan eta politikan baino. Gure herrian, jendarteak lesbianismoaz duen irudikapenaren eraikin horrek miniaturaren neurriak ditu, maketa eskalako neurriak .
Ikusgaitasunaren elikagai ditugu, besteak beste, komunikabideak, erreferente historikoak eta esparru publikokoak, sexualitateak jendartean duen onarpena eta botere politikoa, eta elementu horiek guztiak urri dituzte emakumeek.”
Honek, bi eragin nabarmen ditu lesbianen, transexualen… bizipenetan Aldarteren arabera, alde batetik gizarte baliabideak erabiltzerako garaian, hauei maila apalagoan edo baldintza okerragoetan heltzera jotzen dute. Bestea, haien identitate, sexualitatea modu aske batean ez bizitzea eragiten du.
Horren aurrean, udal/batzarkide talde honek hurrengo mozioa besteko proposamena aurkezten du:

Amasa Villabonako udalak Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatzen die transexualitatea despatologizatzeko, ikusgarritasun lesbikorako eta bazterkeria eragiten duten elementuak (generoa, jatorria, sexu-praktikak, etab.) ikustarazteko kanpaina zehatzak susta ditzala.

 

Mozio hau datorren astelehenean, apirilak 24, 19:00etan burutuko den Villabonako udaleko ohiko Osoko Bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatuko da.

EUSKARAZkalitate txarra

EH Bilduk argitaratu duen kartela

 

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak hitzaldi berezia antolatu du datorren apirilaren 7an 19:00etan Villabonako Gurea zineman:
Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramailea eta Sortu alderdiko idazkari nagusia izango da hitzaldia eskeiniko duena eta Kataluinako prozesu independentista eta Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoera izango dira hitzaldian jorratuko diren gai nagusiak. Hitzaldiaren izenburua, "Catalunya independentziaruntz, Euskal Herrian zer?" izango da.

Arantxi Padilla kazetari billabonatarra izango da hitzaldiaren moderatzaile lanak egingo dituena, Arnaldo Otegiri gai ezberdinak mahai gainean jarri eta hainbat galdera luzatuko dizkiolarik. Bestalde, Amasa Villabonako EH Bilduk martxan jarritako mugikorrerako aplikaziotik, Arnaldo Otegiri galderak luzatzeko aukera egongo da. 
Hitzaldi hau Euskal Herriak une bereziak bizi dituen garaietan izango da, zehazki apirilaren 8an Baionan ETAren behin betiko armagabetzea egikarituko den egun historikoaren bezperan.

Hitzaldia herritar guztiei irekia da eta sarrera doakoa izango da. EH Bildutik herritarrei hitzaldi honetara gerturatzeko deia luzatzen dizuegu.

arnaldo webgunerako

Amasa Villabonako EH Bilduk argitaratutako hitzaldiko kartela

1957an, gerraosteko frankismoaren lehen urte gogor haietan sortu zen Oriamendi auzoa, hasiera batean "Tercio Oriamendi" Frankoren alde borrokatu ziren rekete karlisten izena eman zitzaion auzoari, eta auzoaren arkitektura ere izaera faxistakoa da (arkitektura aldetik oso antzekoak diren auzo ugari daude espainiar estatu osoan zehar barreiatuta). Frankismoa amaitu ondoren, bizilagunen artean egindako galdeketa bat medio, izaera antidemokratikoa zuen izen hori aldatu, eta Oriamendi izenarekin geratu zen Villabonako auzo berezi hau.

1957an etxebizitza eraikinak amaitu bezain pronto, ia ehun familia jarri ziren bizitzen Oriamendi auzoan. Garai hartan herriaren erdigunean bizi zen herritarren gehiengoa. Errealitate hori ordea, aldatzen joan zen, herritar asko sortu berria zen Oriamendi auzora bizitzera etorri zelako; batzuk, ezkon berritan, eta beste asko haur txikiekin. Bizitza aurrera ateratzeko SACEM, Salbadora eta Subijana lantegietan lan egiten zuten. Beraz, Oriamendi langile klasearen auzoa izan dela esan dezakegu.

ORIAMENDI

Oriamendiko urteurren jaiaren antolaketan aritu diren bizilagun batzuk

Familia handiak, etxe txikiak:
Bada 1957tik Oriamendin bizi den auzotarrik. Teodoro Mujika eta Maria Teresa Goya senar-emazteen kasua da horietako bat: “1957ko maiatzaren 19an ezkondu, eta handik hiru egunera etorri ginen Oriamendira bizitzera”. Bertan hazi eta hezi dituzte beren seme-alabak. Beste adibide bat dugu Josefa Ortizena. 10 hilabeteko alaba eta senarrarekin jarri zen bizitzen Oriamendin. 25 urtez Sacemeko bulegoak garbitzen egin zuen lan, eta bere senarrak ere 14 urte zituenetik egin du lan enpresa berean.
Familia horiek pixkanaka ugaritzen joan ziren, eta ondorioz, etxeak txiki geratu ziren. 

Langile auzoa:
Juan Ignazio Sarasola bizilagunak berezitzat du bere auzoa. Gerra osteko egoeratik ateratzeko irtenbide izan zela azaldu du. Familia ugariak ziren ia denak, eta etxeak txikiak ziren: “Nahiko meritu izan zuten guraso haiek hainbeste seme-alaba horrelako etxebizitza txikian aurrera ateratzen”.
Langile auzoko etxe horiek “Casas baratas” izenez ere ezagutzen dira. Lehenengo urtea doan eman zieten etxea Oriamendiko auzotarrei, baina urtea pasa ostean etorri ziren komeriak. Horrelaxe kontatu du Josefa Ortizek: “Urtea pasa ostean 400 pezetatik gora ordaintzen genuen hilabetean”. Hogei urtez bertan bizitzen pasa eta gero, etxea erosi zuten 67.000 pezetaren truke.

Ordutik hona giroa izugarri aldatu da Oriamendi auzoan. Lehen haurrez betetako auzoa zen, gaur egun oso ezberdin da auzoa: “Dagoeneko haurrak ez dira jaisten auzoko plazara jolastera”, azaldu du Maria Dolores Perez auzotarrak. Gaueko ordu txikiak arte ibiltzen ziren neska-mutilak kalean jolasten bulean, kaniketan nahiz futbolean, gehitu du Isidoro Gonzalezek. Eskolatik irten eta askaria hartu orduko jolasera joaten ziren gaztetxo guztiak. “Amak, haurrak..., denak gazteak ginen. Gauero ibiltzen ginen jolasean. Ederra zen hura,” gogorarazi nahi izan du Josefa Ortiz auzotarrak. Gainera, auzotar guztiak bat etorri dira elkarren artean giro oso ona zegoela esatean.

Aspaldiko Oroitzapenak:
Oriamendi auzoan hazi direnek oroitzapen oso politak dituzte beren haurtzaroaz eta gaztaroaz. Isidoro Gonzalez jaiotzez andoaindarra izan arren, 3 urterekin etorri zen Oriamendira. Bere haurtzaroko oroitzapen ugariz mintzatu da auzotarrekin izandako solasaldian: “Etxeko atari bakoitzean harrizko banku bat zegoen, eta ama asko puntua egiten egoten ziren haurrak jolasten genbiltzan bitartean”, gogoratu du. Edota euria ari bazuen txiste liburuak irakurtzen zituztela etxeko eskaileretan.
Garai hartan ere bazen barrabaskeriak egiten ibiltzen zen haurrik, adibidez, Anton Sanz. Errege kabalgata antolatu zuten, eta Sanzek antortxak eta koronak egin zituen. Gainera, etxetik hiru ohe-estalki ere hartu zituen kabalgatarako. “Kabalgatan atzera begiratu eta aita nire atzetik zetorrela ikustean korrika hasi ginen denok”, azaldu du barrezka Sanzek. Bere aita ez zen beren atzetik korrika aritzen zen bakarra. “Auzoan bizi zen basozaina, Juan Mentxaka, errosarioa entzuten egon ohi zen. Gu bere inguruan hasten ginen jolasten eta gure atzetik etortzen zen korrika, baina ez zuen sekula lortu gu harrapatzea”, gogoratu dute barreari eutsi ezinik Pello Eizmendi eta Isidoro Gonzalezek. Eizmendik Otsabitik goitiberan jaisten zirela ere gogoan du.
Urte haietan haur ugari zirela azaldu du Margari Olano auzotarrak: “Antonen eta Pelloren etxeko blokean berrogei haur bizi ziren”. Auzoak herriari aberastasun handia ekarri diolakoan dago Arantxa Lopez; Villabonaren zabaltze prozesuan lagungarri izan delako.

OSPAKIZUNA MAIATZAREN 1EAN:
Lauzpabost urte dira antolatzaileei ospakizunaren ideia bururatu zitzaiela, izan ere 50. urteurrenean ez baitzuten ospakizunik egin. Hilabeteetako antolaketa lana amaitzera doa, ospakizuna hastearekin batera. Maiatzaren 1ean, hain zuzen.

Oriamendi60 egitaraua

 

Lan baldintza duinen eta hezkuntza sistema propioaren aldarrikapenekin bat egiten du indar subiranistak. Gogora dezagun, EH Bilduk ere aldarrikapen horiekin Gasteizko Legebiltzarrean mozioa aurkeztu izan duela.

Kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko gure konpromisoa erabatekoa da. 2009tik 2016ra 211 milioi euro gutxiago bideratu ditu Jaurlaritzak hezkuntzara. Eta 2017ko aurrekontuek ere hezkuntzan murrizketak areagotzen dituzte.

EH Bilduk ordezkaritza zabala bidaliko du bihar deituta dauden mobilizazioetara.

grebaM22 624x1248

Greba deialdiaren kartel orokorra

Pasa den asteburua benetan historikoa izan zen Euskal Herrian, ekinbide armatua uzteko erabakia artu eta bost urtera, ETA erakundearen aldebakarreko armagabetze osoa gauzatu baitzen. Ostiralean ezagutarazi zen albiste garrantzitsuena, BBC komunikabide britainiarrera igorritako oharraren bidez, dagoeneko erakunde armagabea zela eta armak gizarte zibileko hainbat pertsonaren esku utziak zituela iragarri baitzuen ETA erakunde armatuak.

ETA

ETAk argitaratutako oharra

Albisteak berehala erreakzio soka luzea ekarri zuen, alderdi politiko ezberdinek beren balorazioa egin zutelarik. EH Bilduk albiste pozgarritzat hartu zuen berria, Arnaldo Otegiren esanetan pausu garrantzitsua eman zen, historikoa. 

Larunbat goizean Baionan ezagutu genituen armagabetzearen zehetasun guztiak: guztira zortzi armategi, 120 arma, 3 tona leherkari, munizio eta detonatzaile kopuru handi batek osatzen dute entregatutako armamentua. Armak uzteko prozedura benetan berritzailea eta mundu osoan bakarra izan zen, izan ere, gizarte zibileko 172 lagunek zaindu zituzten ETAk jakinarazitako leku horiek Frantziako Polizia iritsi bitartean. Euskal Elkargoko presidenteak Baionako udaletxean eman zien informazioa nazioarteko egiaztatzaileei, besteak beste, Harold Good eta Matteo Zuppi lekuko zirela. Euskal Herriko eta nazioarteko ordezkaritza zabala elkartu zen Baionako udalean, alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte eragileak, kultura munduko pertsonaia ezagunak... baina Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak bertan ez egotea erabaki zuten, bere garaian Aieteko konferentzia historikoan Patxi Lopez orduko lehendakariak egindakoa errepikatuz. 

Udaleko ekitaldi solemnearen ondoren, armagabetzearen aldeko ekitaldi erraldoia antolatu zen Paul Bert plazan eta milaka herritar (25.000 inguru) gerturatu ziren egun garrantzitsu honetan presente egoteko asmoz. Mundu osotik etorritako komunikabideek bertatik bertara jarraitu zuten ekitaldia eta lau hizkuntzatan egin ziren adierazpenak. 

1baiona

Baionako Paul Bert plaza jendez gainezka

Ekitaldian zehar hainbat hizlarik parte hartu zuten, "bakearen artisauak", agintari politikoak, kazetariak... denek bertaratutakoen txaloak jaso zituzten eta tarteka euskal presoen eskubideen eta independentziaren aldeko ohiuak entzun ziren. Larunbatekoa bai, egun historikoa izan zen.

EH Bilduk oso positiboki balortzen du pasa den asteburuan gertatutako guztia.

 

 

Pasa den igandekoa egun haundia izan zen, ahaztuko ez dugun egun historiko horietakoa.
1.452 herritarrek parte hartu zuten Gure Esku Dago eta Tolosaldeko Giltzarriak antolatutako galdeketan. "Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?" izan zen herritarrei luzatu zitzaien galdera eta hauek izan ziren Amasa Villabonako emaitzak: BAI: 1.401. EZ: 28. ZURI: 19. BALIOGABEAK: 3.
EH Bildutik herritarrak zoriondu nahi ditugu ariketa demokratiko zoragarri hau posible egiteagatik eta bereziki Gure Esku Dagon eta Tolosaldeko Giltzarrian bolondres gisa aritu diren guztiek egindako lana esketu nahi dugu. Mila esker denoi!
Hemen ez da ezer amaitzen, erabakitzeko eskubidea lortzeko lanean jarraitu beharra dago, animo eta aurrera!!!

Apirilaren lehen egunean Euskadiko Halterofilia Txapelketa jokatu zen Galdakaon, Bizkaian. Junior mailako pultsulariak aritu ziren lehian bertan.

Ohi bezala, Villabona eta Zizurkildik ordezkaritza zabala joan zen txapelketara, Danok Danena Halterofilia taldeko koloreak defendatzera. Taldeka, gizonezkoak txapeldun geratu ziren, eta emakumeak berriz, bigarren. Imanol Zulaika, Aitor Gabirondo, Xabier Altadill, Xabier Amonarriz eta Jon Kepa Kortajarenak osatu zuten txapeldunen taldea. Bigarren, berriz, Goretti Amonarriz eta Aynabel Davilak osatutako bikoa geratu zen.


Zorionak eman nahi dizkiegu guztiei. Danok Danenako lagunei orain arte bezala gogor lanean jarraituz garaipen handiak lortzea opa diegu, Halterofilia kirola zabalduz eta gozatuz. 

EH Bilduk administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuen Foru Arauaren kontra, erraustegiaren eraikuntzak eragingo duen zorra ezkutatzeagatik. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako (GHK) partzuergoa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak. Foru Gobernuak, aldiz, zorra ezkutatu du, indarrean dauden legeak urratuz. Hortaz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2016ko abenduaren 23an, EAJ eta PSEren aldeko botoekin, onartu zuten Aurrekontuen Foru Arauan iruzur egiten da.

EH Bilduko batzarkide Xabier Olanok eta Iban Asenjok sinatu zuten otsailaren 22an aurkeztutako errekurtsoa, EAEko Auzitegi Nagusian, administrazioarekiko auzien salan. Bertan azaltzen denez, indarrean dagoen araudiaren arabera, Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak foru sektore publikoan dauden sarrera eta gastu guztiak jaso behar ditu. Foru sektore publikoa osatzen duten entitateen artean, GHK dago, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak 2015ean ezarritakoaren arabera.

Beraz, GHK kontsortzioa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren aurrekontuak Foru Aurrekontuetan jaso behar dira, eta ez bakarrik informazio-xedearekin, baizik eta epe luzerako aurreikusten dituzten zor-eragiketak kontrolatze aldera ere bai.

2017ko urtarrilaren 31ean, GHKk esleitu zuen erraustegia diseinatu, finantzatu, eraiki, martxan jarri eta mantentzeko kontratua, 35 urterako administrazio emakidaren bitartez. Horrekin batera, partzuergoak aurreikusten du kontratua aurten sinatuko duela, horren ondorioz derrigorrezko aldizkako ordainketak ezarriz, aurrez finkatutakoak eta erabileratik independenteak. Argi eta garbi, pasibo finantzario izaera dutenak arautegi kontablean.

Araudiak horrela dioen arren, 2017ko Aurrekontu Foru Arauak ez du inon jasotzen erraustegiak suposatzen duen pasibo finantzario izugarria, gipuzkoarron etorkizuna hipotekatuko duena. Zorra ez aipatzearekin, ihes egin nahi diete Europak, Estatuak eta foru araudiek ezartzen dituzten kontrol eta limite zorrotzei.
Hortaz, argi dago Aurrekontuek ez dituztela betetzen indarrean dauden legeak, eta administrazio emakidaren figura erabiliz, ekidin nahi izan dituztela zorraren kontrolak eta limiteak, aurrekontu egonkortasuneko helburuak urratuz.

Egoera honek ezegonkortasun juridikoa dakar herrialdeko Administrazio publikoentzat. Horregatik guztiagatik, gipuzkoar guztion interesen defentsan, EH Bilduk administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du.

2016. urteari dagokion errentaren aitorpena egiteko epea apirilaren 6an hasi eta ekainaren 26an amaituko da. Villabonako Euskara Zerbitzutik errenta aitorpena egiterakoan euskara lehenesteko deia luzatu dute. Aurtengoan, iaz errenta aitorpena euskaraz egin zutenen kopurua (674 herritarrek guztira) gainditu nahi da:

"Zergadunok hainbat bide ditugu errenta aitorpena egiteko, eta lehen urratsetik gainera, zein hizkuntzatan egin nahi dugun aukera dezakegu, hau da, euskaraz ala gaztelaniaz.

Urtez urte herritar gehiago gara dagokigun errenta aitorpena egiteko, euskara hautatzen dugunok. 2015ean Amasa-Villabonan, 674 errenta aitorpena euskaraz egin ziren. Aurten kopuru hori gainditu nahiko genuke. Modu errazean egin liteke hori. Zure errenta aitorpena berresterakoan, euskara hizkuntza hautatzea besterik ez duzu.

errenta aitorpena euskaraz

Villabonako Euskara zerbitzuak deialdi hau egiteko erabili duen kartela

Modu oso errazean, beraz, norberak bere hizkuntzan egin ahal izango du errenta aitorpena. Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso garrantzitsua da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, beste behin ere, guztion babesa eta parte-hartzea behar-beharrezkoa da".


EH Bildutik deialdi honekin bat egiten dugu eta errenta aitorpena ezezik, administrazio publikoarekin egiten ditugun harremanetan zein gure bizitzako beste esparru guztietan, gure hizkuntza, euskara, erabiltzeko hautua egiteko gonbitea luzatzen diegu herritar euskaldun guztiei.

Ez da nahikoa bi urtetik behin Korrika bezalako ekimenetan parte hartzea, gero gure eguneroko bizitza gaztelaniaz egiten badugu. Euskara egunero eta leku guztietan erabiltzea da gure hizkuntza benetan normalizatzeko giltza.

 

PNV-PP itunarekin euskal gizarte osoa galtzaile ateratzen da, uko egiten zaiolako enplegua, politika sozialak eta zerbitzu publikoak indartzeari. Urkulluk ezetz esan dio herri gisa aurrera egiteko EH Bilduren eskaintzari.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin batzartu eta gero, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak gogor kritikatu du Urkullu lehendakariak eta EAJk Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko PPren alde egin duten hautua. “Herri honen gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiteko aukera izan dute, baina PPren alboan lerrokatzea erabaki dute, gehiengo sozialari bizkarra emanda. Herri honen izaera bera ukatzen duen eta gizartean arbuio handiena eragiten duen alderdia hautatu dute, eta susmoa dugu negoziazio horiek beste mahai paralelo batean egin direla, Rajoyk berak nolabait aitortu duenez. Urkulluk eta EAJk herri akordioak bila zitzaketen, herri gisa arlo guztietan aurrera egiteko, gehiengo sozial eta politikoaren aldarrikapenekin bat eginez, baina, horren ordez, PP eta PSE aukeratu dituzte bidaide, murrizketen erakusle nagusiak, alegia”.

 Hf vYubhSLY7Ly9

Leire Pinedo, Maddalen Iriarte eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko agerraldian 

Iriartek ohartarazi duenez, “galtzaile ateratzen dena gizartea bera da, Urkulluk eta EAJk uko egin diotelako enplegua, politika sozialak eta zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetuko zuten aurrekontuak adosteari”. Iriarterekin batera, Miren Larrionek, Leire Pinedok eta Iker Casanovak ere parte hartu dute bileran, Lakuan, eta bertan berretsi dute EH Bilduk arduraz jokatu duela eta proposamen egingarria ipini duela Jaurlaritzaren mahai gainean, aurrekontuek behar dituzten gutxieneko zuzenketak eskatuz. Hala, gutxienez 164 milioi euro lehentasunezko arloetara bideratzea proposatu du, enplegua, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta babes soziala indartzeko.

Jaurlaritzaren erantzuna, hala ere, eskasa baino eskasagoa izan da. Iriarteren irudiko, “Gobernua arduragabekeriaz jokatu du eta inoiz ez du EH Bildurekin adostasun batera iristeko benetako asmorik izan. Ondorio horretara iritsi behar dugu derrigorrez ikusita bere eskaintza 25 milioikoa bakarrik izan dela, aurrekontuen %0,2, alegia, eta zerga erreformari seriotasunez heltzeko inolako konpromiso sendorik hartu gabe, gainera”. Bozeramailearen hitzetan, “Jaurlaritzak txeke zuria nahi zuen, baina EH Bilduk ez du horrelakorik egingo, gure lehentasuna jendearen ongizatea delako”.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: