- 07 Apirila 2017
2016. urteari dagokion errentaren aitorpena egiteko epea apirilaren 6an hasi eta ekainaren 26an amaituko da. Villabonako Euskara Zerbitzutik errenta aitorpena egiterakoan euskara lehenesteko deia luzatu dute. Aurtengoan, iaz errenta aitorpena euskaraz egin zutenen kopurua (674 herritarrek guztira) gainditu nahi da:
"Zergadunok hainbat bide ditugu errenta aitorpena egiteko, eta lehen urratsetik gainera, zein hizkuntzatan egin nahi dugun aukera dezakegu, hau da, euskaraz ala gaztelaniaz.
Urtez urte herritar gehiago gara dagokigun errenta aitorpena egiteko, euskara hautatzen dugunok. 2015ean Amasa-Villabonan, 674 errenta aitorpena euskaraz egin ziren. Aurten kopuru hori gainditu nahiko genuke. Modu errazean egin liteke hori. Zure errenta aitorpena berresterakoan, euskara hizkuntza hautatzea besterik ez duzu.

Villabonako Euskara zerbitzuak deialdi hau egiteko erabili duen kartela
Modu oso errazean, beraz, norberak bere hizkuntzan egin ahal izango du errenta aitorpena. Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso garrantzitsua da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, beste behin ere, guztion babesa eta parte-hartzea behar-beharrezkoa da".
EH Bildutik deialdi honekin bat egiten dugu eta errenta aitorpena ezezik, administrazio publikoarekin egiten ditugun harremanetan zein gure bizitzako beste esparru guztietan, gure hizkuntza, euskara, erabiltzeko hautua egiteko gonbitea luzatzen diegu herritar euskaldun guztiei.
Ez da nahikoa bi urtetik behin Korrika bezalako ekimenetan parte hartzea, gero gure eguneroko bizitza gaztelaniaz egiten badugu. Euskara egunero eta leku guztietan erabiltzea da gure hizkuntza benetan normalizatzeko giltza.


