- 26 Apirila 2017
Gipuzkoa Zutik-eko ekintzaileek gaur argitaratutako bideo batean erakutsi dute obrak hasteko tokian ipinitako hesolak kendu dituztela, eta protesta kartel handi bat jarri dutela: Gipuzkoa Zutik. BIDEOA
"Erraustegiaren lanak ahalik eta lasterren inauguratzeko irrikitan daudenez, hesola guztiak kendu ditugu", azaldu dute Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek prentsa ohar batean. Azaldu dutenez, aipatzen dituzten hesola horiek Zubietako errauste planta eraiki nahi duten lursailean jarrita daude, eremua zedarritzeko, eta obrak hasteko. Erraustegiaren aurkako ekintzaileek obren hasiera hori atzeratu nahi izan dute ekintza zuzen honen bidez. Pankarta handi bat ere zabaldu dute han bertan dagoen mendi magal batean: 'Erraustegirik ez, ez goaz etxera' diote pankarta erraldoietan margotutako mezuek.
Gipuzkoa Zutik-ek hiri hondakinen kudeketa egoki baterako Gipuzkoak errauste plantarik ez duela behar gogorarazi du: "Gipuzkoako elite baten mesedera diseinatutako politika ustelaren sinbolo dela ulertzen dugu", deitoratu dute. Herritar asko azpiegitura horren kontra daudela adierazi dute, eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute: "Geldituko dugu".
Amasa Villabonako EH Bildutik, hondakinen kudeaketari dagokionez PNV eta PSEk gobernatzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabide inposatzailea salatu nahi dugu. Kosta hala kosta Zubietako erraustegia eraiki nahi dute, hori da beraien helburu bakarra. Kutsakorra, herritarren osasunerako kaltegarria eta Gipuzkoarentzat oso garestia izango dela jakinda ere, aurrera egitea erabaki dute. Gure ustez, jarrera hau erabat onartezina da.
Badakite asko garela (agian gipuzkoarron gehiengoa) erraustegirik nahi ez dugunak, eta hainbat eragilek antolatutako protestak (GuraSOS, Gipuzkoa Zutik...) oso jendetsuak izan badira ere, bost axola zaie, erraustegia eraikitzeak dakarren negozioarekin jarraitu nahi dute. Beraz, normala iruditzen zaigu Gipuzkoa Zutik-eko ekintzaileek ez etsi nahi izatea eta mobilizazio eta ekimen zuzenekin jarraitzea, inposaketari eta PNV-PSE eta zenbait enpresen interes ustelei erantzun herritar bat emate aldera. EH Bildutik PNV eta PSEri, erraustegiaren erakitze lanak gelditzea eta eztabaida fase bat zabaltzea exijitzen diegu. Eztabaida lasai, serio eta zientifikoa egiteko garaiz gaude oaraindik. Bitartean, EH Bilduk erraustegiaren kontrako ekimenak babesten jarraituko du.


