Albisteak

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak pasa den asteartean burututako herri batzar irekian, aho batez erabaki zen EAJko udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektuaren aurkako bozka ematea. Hainbat arrazoik bultzatu du koalizio abertzalea, aurrekontu proiektu hauen aurka bozkatzeko erabakia hartzera eta arrazoi hauek pasa den ostegunean udalean ofizialki aurkeztutako Osoko Zuzenketaren dokumentuan jasotzen dira. Dokumentua EAJko eta PSEko ordezkariei helarazi, eta oraindik ere EH Bilduk aurrekontuen inguruan hitz egiteko prestutasun osoa zuela jakinarazi zitzaien. EAJ eta PSEk ez dute erantzunik eman eta ondorioz, udal gobernuak EH Bildurekin hitz egin eta aurrekontuak negoziatzeari ezetz esan diola baieztatu dezakegu.

Gauzak horrela, besteak beste aurrekontuak bozkatuko diren urtarrilak 30eko udaleko Osoko Bilkuran kontrako bozka eman eta osoko zuzenketa defendatuko du EH Bilduko Udal-Taldeak.

Hauxe da hitzez-hitz EH Bilduk osatutako osoko zuzenketaren dokumentua:

 

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko Udal taldeak, EAJk zuzentzen duen udal gobernuak aurkeztutako 2017rako aurrekontu proposamenaren aurrean, osoko zuzenketa aurkeztea proposatu zuen EH Bilduko Herri Batzarrean. Herri batzarrean parte hartu zutenek aho batez onartu zuten osoko zuzenketa hau aurkezteko proposamena.

ARRAZOI NAGUSIAK

Herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:

Udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu da. Nahigabez ikusi dugu azken urteetan gai honetan emandako aurrera urratsak bertan behera geratu direla:
o Herritarrei ez zaie proposamenak egiteko baliabiderik eskaini. Aurreko legealdian (2011-2015) ez bezala, oraingoan ez da herritarrek ikusten dituzten beharrak jasotzeko inkesta publikorik egin.
o Ez da aurrekontu proiektuaren aurkezpen publikorik egin.
o Aurrekontu proiektua udal barruan geratu da, ez da interesa izan dezaketen herritarrek ikusi ahal izateko baliabiderik eskaini; ez da udaleko webgunean eskegi, ez Amavi aldizkarian eta sare sozialetan bere berririk eman...

EH Bildu koaliziotik, udal gobernuak herritarren ekarpenei ateak itxi izana salatzen dugu. Aurreko legealdietako esperientziak erakutsi digu herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egiten dituztela eta gure ustez akats larria da aukera horri muzin egitea. Jokabide honekin argi ikusi da EAJk zuzentzen duen udal gobernu honek ez duela herritarren parte hartze aktiboan sinesten eta EAJren udal politika egiteko ereduan herritarren ekarpenek ez dutela lekurik.

Amasa-Villabonarako herri proiekturik gabeko aurrekontuak:

Zeintzuk dira 2017. urterako udal gobernuak ezartzen dituen lehentasunak? aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ezinezkoa egiten zaigu galdera honi erantzun garbirik topatzea. Udal gobernu batek, edozein udal gobernuk, herri proiektu bat izatea ezinbestekoa da unean uneko inprobisazioan ez erotzeko eta martxan jartzen dituen politikak norabide batean kokatzeko, baina aurrekontu proiektu honetan nekez ikus daiteke zein den Villabonako EAJren herri proiektua. Ez da antzematen ez gai estrategikorik, ez proiektu esanguratsurik, ez eta etorkizunerako egitasmo aipagarririk ere, dagoeneko mahai gainean dagoena nolabait kudeatzen jarraitzeko aurrekontuak dira hauek, inolako etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak.

Inbertsio nagusietako bi, proiekturik gabe:

Aurrekontu proiektu honetan aurreikusten diren inbertsio nagusietako bi, frontoien eraberritzea eta Olaederra kiroldegian elbarrientzat aldagela egiteko obra, ezin izan ditugu behar bezala aztertu, udalean obra hauen proiekturik ez dagoelako. Guk lan hauek egitea begi onez ikus dezakegu, baina horretarako proiektu batzuk mahai gainean izan behar ditugula uste dugu, ezin dugu zer lan egin nahi diren aztertzeko aukerarik eduki gabe, txeke zuririk eman. Erabat ulertezina egiten zaigu nola aurreikusi daitekeen diru kopuru bat, arkitekto kualifikatu talde batek obra edo lan hauek egiteko osatutako proiekturik esku artean izan gabe. Udal arduratsu eta serio batek ez luke prozedura trakets hau erabiliko. Udalak obra edo lan batzuk egitearen beharra identifikatzen duenean, lehen urratsa proiektu bat egingo duen arkitekto talde bat kontratatzea izaten da. Arkitekto eta teknikoek egin nahi diren obrek zein ezaugarri izango dituzten, zein material erabili daitezkeen, neurri zehatzak zeintzuk izango diren, zein aukera ezberdin egon daitezkeen, obrak gauzatzeko zenbateko aurrekontua beharko den etab. biltzen dituen txosten bat aurkezten dute, eta udalak proiektu hori begi onez ikusten duenean ezarri behar luke diru partida bat aurrekontuetan. Hori da udal gobernu "normal" batek erabiliko lukeen prozedura logikoa.
Ba Villabonako udalerako aurrekontu proiektu honetan, inolako proiekturik esku artean izan gabe, frontoiak berritzeko eta kiroldegian elbarrientzako aldagela bat egiteko 100.000 eta 50.000 euroko diru partidak ezarri dira hurrenez hurren. Esan bezala, EH Bilduko udal taldeko kideoi prozedura hau ez zaigu egokia iruditzen eta udal gobernu honek lan egiteko duen seriotasun faltaren erakusgarria dela iruditzen zaigu.

Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere baztertua:

Herri gunean estalitako espazio publiko zabal baten beharra Amasa Villabonako herritarren aspaldiko eskaera da, eskaera historikoa. Pasa den legealdian, herritarrei bideratutako inkesta askotan jaso zen eskaera hau eta herritarrek behin eta berriz adierazitako behar horri erantzutea erabaki zen. Horretarako herrian zehar dauden hainbat parke estaltzeko proiektuen lehiaketa publikoa egin zen. Gainera, proiektu irabazlea erabakitzeko prozesu parte hartzaile aitzindari bat burutu zen eta lehiaketan garaile irten zen proiektua herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zen. Herritarrek aurkeztutako proiektu ezberdinak ikusi eta aztertzeko aukera izan zuten etxeetara banatutako orrien bidez eta baita Gurea zineko erakusketa gelan esposatutako plano eta informazioaren bidez ere. Ondoren bozketa egin zen eta herritarrek beren telefono mugikorretik zein erakusketa gelan zegoen hautestontzia erabiliz, euren iritzia eta bozka eman ahal izan zuten. Larreako parkea estaltzeko osatutako "Rayuela" proiektuak irabazi zuen bozketa. Horrez gain, herriko ikastetxeetako haurrek ere aktiboki parte hartu zuten prozesu parte hartzaile aberats honetan.
EH Bilduko udal taldeko kideon ustez, aipatutako guzti honek proiektu hau lehentasunezkoa izatea dakar ezinbestean eta uste dugu borondatea izanez gero, 2017an proiektu hau gauzatu litekeela.

Bizikidetza eta Memoria batzordea diru partidarik gabe:

EH Bilduko udal taldeak 2015eko azaroan egindako eskaerari erantzunez, 2016an Bizikidetza eta Memoria batzordea sortu zen udalean. Gure ustez erabat beharrezkoa da herri honek bizi duen gatazka politikoaren ondorioz hamarkada luzetan pairatu dugun alde guztietako indarkeriak utzitako ondorioak konpontzeko, gai hau seriotasunez landu eta elkarbizitzan urratsak emateko baliagarria izango den foro bat izatea udalean. Zentzu horretan batzorde honen sorrera eta orain artekoan egindako lana positiboki baloratzen ditugu. Gainera zintzoki uste dugu batzorde honetatik abiatuta, bizikidetzan sakontzeko eta herri honetako memoria biltzeko ekimen berriak abiatu daitezkeela datozen urteetan.
Hau esanda, ulertezina egiten zaigu aurrekontu proiektu honetan batzorde honi begirako diru partida bat bera ere ez aurkitzea. Udalak ez al du 2017an batzorde honetatik abiatutako inolako iniziatibarik aurreikusten?

Alkatearen soldata 52.519 eurokoa izatea onartezina da:

Amasa Villabonako alkateak dedikazio osoa eta soldata duin bat izan behar duela ez dugu zalantzan jartzen, horregatik ez genuen Ivan Agirre alkate ohiaren soldataren aurka inolako adierazpenik egin. Gure ustez, gure herriaren tamaina kontuan izanik, alkatearen soldata urteko 30.000 eta 40.000 euroren (kopuru gordin edo brutoa) artean kokatu behar litzateke, kopuru horien artean dagoen soldata bat, nahikoa duina dela pentsatzen baitugu. Ondorioz, Maite Izagirre egungo alkateak, inolako arrazoirik eman gabe Ivan Agirreren soldata %35ean igotzea eta guztira 52.519,92 euroko soldata izatea, erabat onartezina da.

Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:

Aurrekontu proiektu honetan, aurreko legealdietan Amasa Villabonako udalak Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten enpresa eta eragileei zuzentzen zizkion diru laguntzak ezabatuak izan dira. Pasa den urtean bezala, aurten ere Udalbiltza eta Gaindegia erakundeek jasotzen zituzten diru-laguntzak ez dira kontuan hartu.
Gure ustez Udalbiltza erakundea, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen nazio erakunde bakarra izanik, estrategikoa da gaurdanik etorkizuneko Euskal Herri askea egituratzen hasteko. Beraz, aurrekontu proiektu honetan ere Udalbiltzari ekarpen ekonomikorik ez egin izana salatzen dugu.
Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) ere ekarpen ekonomikorik gabe uzten dute aurrekontu hauek. Edozein naziok beharrezkoa du bere ekonomia eta garapen adierazleak sortu eta aztertuko dituen erakunde bat izatea, eta gaur gaurkoz Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duen gisa honetako erakunde bakarra dugu Gaindegia. Beraz, gure ustez Gaindegiak burutzen duen lana estrategikoa da gure nazioarentzat.
EH Bilduko kideoi neurri hauek erabat ulertezinak egiten zaizkigu, eta are gehiago bere burua abertzaletzat duen alderdi batek osatutako aurrekontu proiektu bat denean.

 

 

AEK erakundeak bi urtetik behin antolatzen duen Korrikak, bere 20. edizioa izango du aurten, zenbaki borobil-borobila beraz. Euskararen aldeko mobilizazio eta jai erraldoia dugu Korrika, milaka euskaldun eta euskaltzale batzen dituena eta jende ugarik gogoz itxaroten duena. Helduen euskalduntze eta alfabetatzea funtsezko osagaia da euskararen normalizazioan aurrera egin nahi badugu eta zentzu horretan AEK-k urte luzez egindako eta gaur egun egiten jarraitzen duen lan izugarria goraipatu nahi denuke. Askotan baldintza eskasetan, milaka pertsonen lan militante eta bolondresari esker, instituzio publikoen laguntza edo bultzada nahikorik gabe etab. lanean jarraitu du AEK-k eta urtero milaka helduren euskalduntzea da lortzen den emaitza paregabea. Korrika egitasmoa ezinbestekoa izan da ekonomikoki euskaltegiek aurrera egin ahal izateko, eta gaur egun oraindik egiten jarraitu beharreko dinamika bat dugu. Guzti honengatik, aurtengoan ere ilusio eta gogo handiz gure kilometroa erosi eta Korrikako lekukoa hartuko dugu.

20. Korrikaren ibilbidea argitaratu da dagoeneko eta beraz Amasa Villabonan badugu hitzordua:

- Apirilaren 4an, goizeko 9:20ak aldera (Andoaingo noranzkoan)

 

Korrika 15 NORA LAURA

EH Bilduko Nora Urbizu eta Laura Santos, Korrika 19ko lekukoarekin

Urtarrilaren 27an Nazi-faxistek eragindako biktimak gogoratzeko nazioarteko eguna da eta mundu osoan zehar Naziek egindako genozidio krudelaren miloika biktimak gogoratzeko ekitaldi eta ekimenak egiten dira.

Herritar askok ez badaki ere, Amasa Villabonan ere badira holokaustoaren biktimak, zehazki Mauthausen kontzentrazio eta sarraski eremuan egondako Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourt. Adolfo Lozano Mauthausenen bertan hil zuten eta Alberto Beaufourt-ek berriz, bizirik irtetea lortu zuen.

2015eko abenduan, La Ilusión eta Aritza memoria historikoa lantzen duten elkarteetako lagunek elkarlanean antolatutako ekitaldi hunkigarri batekin batera, oroimen plaka bana jarri zituzten Kale Nagusian dauden bi biktima hauen jaiotetxeen aurrean, lurzoruan. 

Amasa Villabonako EH Bilduk lore eskaintza egin die gaur nazi-faxismoaren bi biktima billabonatarrei, eta ekimen xume honekin, pasa den mendean fanatismo faxistak eragindako sarraski eta genozidio izugarriaren memoria presente edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du EH Bilduk. Ez dugu hau inoiz ahaztu behar, bestela historia berriz errepikatzeko arriskua baitago. Oso arduratuta bizi dugu gaur egun Europan eta Estatu Batuetan gertatzen ari den intolerantziaren, arrazismoaren eta ultra-eskuinaren igoera, eta uste dugu gaitz hau historiara begiratuta sendatzen dela. Guk gure herrian faxismoa pairatu behar izan dugu 40 urte luzez iraun zuen Francoren diktadurapean eta ez dugu ahazten, era berean eta horregatik, gure izaera antifaxistan eta antiarrazistan berresten gara. Faxismorik inoiz gehiago ez!   

ARGAZKIAK:

ADOLFO

 

ALBERTO

Amasa Villabonako EH Bildutik %100ean bat egiten dugu Sare erakundeak larunbat honetan Bilbon egingo duen manifestazioarekin. Beste behin, milaka herritarrek Bilboko kaleak beteko ditugu euskal presoen eskubideak errespetatu behar direla ozen exijitzeko. Espainiar eta Frantziar gobernuek indarrean duten dispertsio eta urruntze kartzela politikek senideen eta lagunek pairatzen duten eskubide urraketa onartezina dakar, bada garaia behin betiko honekin amaitzeko eta presoak Euskal Herrira ekartzeko, hori da euskal gizartearen gehiengoaren iritzi irmoa eta larunbatean oso argi islatuko da hori Bilboko kaleetan.

EH Bilduko kideak bertan izango gara eta manifestazio garrantzitsu honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu Amasa Villabonako herritar guztiei ere.

Sare erakundetik jakinarazi digute Amasa-Villabonatik Bilbora autobusez joateko aukera oraindik zabalik dagoela eta edonork izena eman dezakeela Iru Aldeta, Xiker, Erreka, Apatx, Iratzar eta Errota Txiki tabernetan dauden zerrendetan. Anima zaitezte!

 

ona kartelaweb

Amasa Villabonako herritarren argazkiekin osatutako kartela. Iturria: Sare.

 

 

EH Bilduk behin eta berriz, ahoz zein idatziz, EAJko euskara zinegotziari egindako eskaerak fruituak eman ditu eta EAJk udal gobernua eskuratu zuenetik lehen aldiz, Euskararen lan mahaia bilduko da datorren urtarrilaren 31n, 17:30etan udaletxeko areto nagusian.

Lan mahai hau pasa den legealdian sortu zen gure herrian euskararen aldeko elkarteak eta ekimenak oso apalduta zeudela ikusi, eta egoera horri buelta emateko asmoarekin. Hainbat talde, eragile eta norbanakok parte hartu zuten mahi honetan eta ibilbide labur baina oparoa izan zuen, besteak beste, Euskara sustatzeko plana elkarlanean adostu, Berria egunkariaren aldeko "ziztada" kanpaina burutu, "euskaraz bizi nahi dut" kross herrikoia antolatu etab. egin zirelarik. Esan bezala, orain artean EAJk mahai hau geldiarazita izan du.

Hau da Udaleko Euskara zerbitzutik lan mahai honetan parte hartzera deituz luzatu den gonbidapena:

"Lau urtetik behin, Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egin behar izaten du. 2017an zehar, 2018-2021 urte bitarteko plangintzaldia onartu behar du. Orain indarrean dagoen plangintzaldia, herriko eragileen artean diseinatu zen, hau da, parte hartu zuten eragileen artean arloz arloko helburuak finkatu ziren.

Oraingo honetan, Euskara Batzordean erabaki da eredu bera jarraituko dela hurrengo plangintzaldia diseinatzeko ere. Helburua izango da, herrian euskararen ikuspegitik dauden lehentasunak identifikatu, eta datozen lau urteetarako plangintza diseinatzea lehentasun horiei aurre egin ahal izateko.

Horretarako, aurrez bildu ginen eragileez gain, herriko beste gizarte eragileei, zein norbanakoei dei berezia egin nahi dizuegu lan-mahai horretan parte hartzeko, bakoitzak egin dezakeen ekarpena oso garrantzitsua baita gure herriarentzat.

Beraz, dei egiten dizuegu datorren urtarrilaren 31n, asteartean, arratsaldeko 17:30ean, Udaletxean egingo den bileran parte hartzeko. Bilera horretan Euskara Sustatzeko Ekintza Planaz gain, datorren 20. KORRIKAren gaia ere landuko da.

Gizarte eragileek, zein norbanakoek gai honetan egin dezakezuen ekarpena, oso garrantzitsua da guretzat. Animatu eta azaldu zaitezte!"

EH Bilduk berretsi egin ditu gaur Zubietako erraustegiaren inguruan aurreko legealdian hartutako erabakiak, eta azpimarratu du GHKko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez jokatu zutela: kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan eta herritarren borondatea errespetatuz. Zentzu honetan, koalizioak gogoratu du erraustegiaren proiektua gaindimensionatuta zegoela, diru publikoaren zarrastelkeria suposatzen zuela eta hura eraikitzeko kontratua bertan behera geratu zela GHK eta enpresen arteko akordio baten bitartez.

GHK-k erraustegia eraikitzeko kontratua bertan behera uztea erabaki zuen 2013an, azpiegitura kaltegarria zelako gipuzkoarrontzat eta proiektua handiegia zelako, frogatuta geratu den bezala. Izan ere, 260.000 tonarako planta bat eraiki nahi zuten, 160.000 tona errefus besterik ez zeudenean erretzeko. GHK-k eta enpresek sinatu zuten kontratua eta bi aldeen adostasunez apurtu zen.

Donostiako Administrazio Auzitegiak ez du aintzat hartu oinarrizko eztabaida eta ez ditu kontratua bertan behera uzteko arrazoiak eta argudioak aztertu ere egin, baina koalizioaren ustez, agintari publikoek legitimitate osoa dute – eta behartuta daude - gaindimensionatutako azpiegitura bat eteteko eta horrek eragin ditzakeen kalteak saihesteko. Beraz, EH Bilduko ordezkariek erantzukizunez jokatu zuten eta gipuzkoarren interes orokorrak defenditu zituzten. Gainera, kontratuaren bi aldeen adostasuna lortu zuten.

Egindako kudeaketa ona eta legezkoa izan zen, baina atzo jasotako epaiak ez ditu kontratua bertan behera ustera eraman zuten arrazoiak aztertzen. Horregatik, arrazoi horiek zuzenak izan zirelako eta aztertuak izan daitezen, EH Bilduko ordezkariek epaia errekurritzeko proposamena eramango dute mankomunitateetara. Koalizioak erraustegiaren kontrako konpromisoa berretsi du eta azpimarratu du Zubietako azpiegituraren eraikuntza bertan behera uzteko erabakia legearen arabera eta legitimitate demokratiko osoarekin hartu zutela aurreko agintariek, Administrazio bezala herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatzeko bi esparruetan: osasuna eta diru publikoaren babesa.

Izan ere, Markel Olanoren gobernuak errauskailu bat eraikitzeko asmoa berriz erakutsi zuenetik, gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da gure herrian eta biderkatu egin dira azpiegitura horren kontrako adierazpenak. Horregatik, EH Bilduk Foru Aldundiari berriro ere eskatzen dio ez dezala hipotekatu gipuzkoarron etorkizuna erraustegiarekin.

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak proposamen berri bat osatu eta udalean ofizialki erregistratu du. Oraingo honetan, udal tasa berri bat indarrean jartzea da koalizio abertzale eta ezkertiarrak EAJko alkatetzaren mahai gainean jarri duen aukera. Zehazki banka enpresa pribatuek Villabonako kaleetan dituzten kutxazain automatikoei ezarriko litzaieke tasa berri hau, espazio publikoaz egiten duten erabileragatik. Dagoeneko udal dezente dira kutxazain automatikoak kalean ezartzeagatik udal tasa bat kobratzen dutenak, besteak beste Madril eta Bartzelonako udalak. EH Bilduren ustez, erabat bidezkoa da urtero milaka miloieko irabaziak dituzten banka enpresa pribatu hauei gure herriko espazio publikoa erabiltzen uzteagatik udalari diru bat ordaindu behar izatea.    

Hau da EH Bilduk udalean erregistratu duen proposamenaren testua osorik:

 

"ORDENANTZA FISKALEN ALDAKETA PROPOSAMENA

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko Udal Taldearen izenean, TASA BERRI BAT osatu eta onartzea proposatzen dugu.

Tasa berri hau, banka enpresa pribatuek egiten duten Amasa Villabonako espazio publikoaren erabilerari ezarriko zaio. Hau da, banka enpresa hauek kalean ezarrita dituzten kutxazain automatikoen eraginez gertatzen den lurzoru publikoaren erabilerari.

Hauek dira Amasa Villabonako espazio publikoan kutxazain automatikoak ezarrita dituzten Banka enpresak:

- Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) Kale Nagusia 2
- Banco Sabadell Kale Berria 28
- Banco Santander Kale berria 21-A
- Banco de Vasconia Kale Berria 38
- Kutxabank Larrea auzoa 9
- Caja Rural Kutxa Kale Berria 43


PROPUESTA DE CAMBIO EN LAS ORDENANZAS FISCALES

Desde el grupo municipal de la coalición EH Bildu de Amasa Villabona, proponemos la creación y la posterior aprobación de UNA NUEVA TASA MUNICIPAL.

Esta tasa se impondrá a la utilización y/o ocupación de la vía pública por parte de las empresas del sector bancario. Concretamente se impondrá la tasa municipal a aquellas empresas bancarias que dispongan de uno o más cajeros automáticos situados en la vía pública de Amasa Villabona.

Listado de las empresas bancarias que disponen de cajero automático en vía pública:

- Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) Kale Nagusia 2
- Banco Sabadell Kale Berria 28
- Banco Santander Kale berria 21-A
- Banco de Vasconia Kale Berria 38
- Kutxabank Larrea auzoa 9
- Caja Rural Kutxa Kale Berria 43

 

AMASA VILLABONAN,

2017ko urtarrilaren 24an

Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek deitu dute manifestazioa. Urtero antolatzen den ekimena izaki, jarraipena eman eta aldarrikapenari eustea garrantzitsu ikusten zuten udalek, horregatik ahalegina egin dute testu bateratua adosteko. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak. "Guztiok nahi dugu preso guztiak etxeratzea, eta familiaren inguruan egotea".

Bide horretatik, mugimenduak nabari direla azaldu du, eta egin berri den manifestazioa azkena egitea "seinale ona" litzakeela onartu du. "Bai Aiztondo bailaran, bai eta Euskal Herri osoan ere, hori da helburua, beraz, aldarrikapen hau egin behar ez izatea oso albiste ona litzateke".


Amasa Villabonako EH Bildutik ekimen honen inguruan aipamen batzuk egin nahi genituzke; alde batetik pozik gaude Aiztondo bailarako eta Amasa Villabonako herritarrek manifestazio deialdi honi emandako erantzun eta babes zabalagatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskal presoen eskubideen aldeko aldarrian instituzio publikoak eta herritarrak elkar hartuta aritzea. Baina bestalde, Amasa Villabonako udal gobernuaren jarrera axolakabe eta nagia ere aipatu beharrean gaude, beste behin EAJk sentsibilitate eta konpromiso maila eskasa erakutsi baitu gai honetan. Manifestazio hau antolatzeko urratsa ematen duten udalek, lau konpromiso zehatz bete behar izaten dituzte urtero: Manifestazioko testua ofizialki onartzea, manifestazioaren aurkezpen prentsaurrekoan udaleko ordezkaritza egotea, deialdiaren kartelak herriko kaleetan jartzea eta manifestazioan bertan ordezkari bat egotea pankarta eramanez. Ba EAJko udal gobernuak lau konpromiso hauetatik soilik bakarra bete duela salatu beharrean gaude. Abenduaren 26an izandako udaleko osoko bilkuran manifestazioko testua onartu eta ontzat eman ondoren, udalak ez du ezertxo ere egin, prentsaurrekora ez zen inor agertu, kartelak ez ziren jarri (herritar batzuek beren kabuz inprimatu eta jarri zituzten batzuk) eta manifestazioan ere ez zen udaleko EAJko ordezkaririk agertu. Hau horrela izanda, azalpenak ematea eskatzen diogu Villabonako udaleko gobernuari.     

 

 

Diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak agerian utzi du egungo zerga politikak ez duela balio behar diren diru-sarrerak bermatzeko. Aurrekontuei buruzko benetako eztabaidak horrekin du zerikusia.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak Jaurlaritzaren aurrekontuak EH Bildurekin adostea espero duela esan eta gero, Miren Larrionek erantzun dio gaur aurrekontuen inguruko balizko adostasunak lotuta egon beharko duela zerga politika berria adostearekin, egun indarrean dagoenak ez duelako balio Administrazioaren politika publikoak era egokian finantzatzeko behar diren diru-sarrerak bermatzeko. “Aurrekontuak adosteak zerga politika berria ekarri behar du ezinbestean”, zehaztu du Larrionek.

Legebiltzarrak 2017ko aurrekontuei buruzko eztabaidari helduko dio hemendik gutxira eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “benetako eztabaida diru-sarrerei buruzkoa izango da”, diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak –aldundiek espero baino 544 milioi euro gutxiago jaso dituzte aurten– agerian utzi baitu egungo zerga politika ez dela nahikoa behar diren baliabide ekonomikoak lortzeko.

Azpiazuk aurrekontu sozialak iragarri arren, Larrionek horrelakoak entzuten ohituta dagoela gogorarazi du, “baina gero beti ikusten dugu hitz horiek ez datozela bat ekintzekin, aurrekontuen zenbakiekin”. Hortaz, “aurrekontuen proiektua aztertuko dugu, ea egia den sozialak direla, baina, dena dela, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin egin dutena, adibidez, ez doa norabide horretan”.

Jaurlaritzako kirol zuzendariaren eta Euskadiko Futbol Federazioko presidentearen agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, ofizialtasunerako bidean egingo dituzten urratsak zeintzuk izango diren azal ditzaten

Euskal Selezioak eta Tunisiak atzo jokatu zuten futbol partidan San Mameseko harmailek izan zuten itxura “negargarria” izan zela uste du EH Bilduk. 10.000 pertsona inguruk ikusi zuten gabon jaietan Euskal Selekzioak jokatu ohi duen partida. “Jende asko hurbildu zitzaigun aurretik eta denbora asko egin dugu hau gerta zitekeela ohartarazten. Dirua biltzeko helburua baino ez duen izaera folklorikoko partidaren eredua agortua dago. Euskal gizarteak ofizialtasunerako bidean urratsak egitea eskatzen du, eta guk hori lortzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak eta EH Bilduko kirol politikako arduradunak.

“Ofizialtasunerako bidean urratsak emateko garaia da. Hori egin ezean, Euskal Selekzioa babesten duten herritarrek ez dute bat egiten ezertxo ere erakartzen ez duten kirol ikuskizunekin. Ez dira berriro ofizialtasuna aldarrikatzera joango, aldarrikapen hori makina bat aldiz egin dutenean eta arduradun politikoek eta Euskadiko Futbol Federazioak ezer egin ez dutenean”, azpimarratu du.

Atzo gertatutakoak erantzukizun politikoak eta federatiboak dituela uste du Uberak, eta autokritika egitea eskatu die. “Guk ere egingo dugu dagokigun autokritika. Baina beste erakunde batzuk, Jaurlaritzak, gobernu hori sustengatzen duen alderdiak eta EFFak, ere egin behar dute. Ez du balio beste aldera begiratzeak eta zerbait egiten ari denaren itxura emateak, errealitatea bestelakoa denean eta inork ezer egiten ez duenean”. Nabarmendu duenez, “Euskal Selekzioa nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzen ikusi nahi duten milaka euskal herritarren ilusioa itzaltzen ari dira apurka-apurka”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, “ez da kasualitatea hau guzti hau denbora politiko honetan gertatzea, hau da, Espainiako estatuaren aurrean otzan irudia ematea interesatzen zaionean EAJri. Etengabe esaten ari zaizkio euskal gizarteari Espainiako estatuan bere leku erosoa bilatu behar zaiola herri honi. Politika egiteko modu honek horrelako ondorioak ditu”.

Atzo San Mamesen izandako irudiaren antzekoak ez errepikatzeko, herri ikuspegia duten akordioak bilatzea eskatu du Uberak. “Autokritika egin behar da. Guztiok egin behar dugu, baina batzuk besteok baino gehiago”. Baina etorkizunera begiratzeko deia egin du. “Gizarte hau esnatzeko eta herri bateko kide izatearen sentimendua esnatzeko herri akordioak behar dira. Atzo San Mamesen eta partidaren inguruan gertatutako guztia (promozio lan onik ez da egin eta ofizialtasunaren eztabaida ez da sustatu) oso adierazgarria da. Herri gisa aurrera egin nahi duten eragile politiko eta sozial guztiekin batera debate sakona egiteko prest gaude”.

EH Bilduko legebiltzarkidea oso kritiko azaldu du da Jaurlaritza eta EFFko arduradunek egindako lanarekin. “Beste euskal federazio batzuk urratsak egin dituzte ofizialtasunerako bidean. Baina ez futbol federazioak, itxura baten oso eroso dagoelako Espainiako federazioaren barruan. Eta hori gertatzen den bitartean, Jaurlaritzak beste aldera begiratzen du eta federazioaren esku uzten du bere ardura zuzena ere baden gai bat”. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzako kirol zuzendariaren eta EFFko presidentearen agerraldia eskatuko du EH Bilduk legebiltzarrean, azal dezaten zeintzuk urrats emango diren Euskal Selekzioak FIFA datetan partida gehiago jokatzeko eta ofizialtasuna lortzeko zeintzuk urrats emango dituzten zehaztu dezaten. Era berean, gogora ekarri du joan den udaberrian EFFko ordezkarien agerraldia eskatu zuela, baina uko egin ziotela eskaera horri eta ez zirela joan.

Fleming ikastetxeko haurren gurasoak biltzen dituen Flemingoak guraso elkarteak beste urte batez ekintza pila bat izango dituen Fleming Bizirik astea antolatu du aurten ere eta datorren urtarrilaren 30ean hasi eta otsailaren 3rarte luzatuko da egitaraua. Hitzaldiak, istorio kontalariak, funky emanaldia, "kolore guztiak" festa, danborrada eta beste hainbat ekintzak osatzen dute guraso elkartetik zabaldu duten egitaraua. 

flemingoak

Fleming bizirik asteko egitaraua biltzen duen kartela. Iturria: Flemingoak.


Amasa Villabonako EH Bildutik gure babes osoa agertu nahi diogu Flemingoak guraso elkarteari eta egitaraua osatzen duten ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritarrei. Bide batez, gure herriko eskola publikoaren defentsan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eta gure aldetik bai guraso elkartearekin eta baita ikastetxeko zuzendaritzarekin ere elkarlana bideratzeko urratsak emango ditugu datozen hilabeteetan. Inor baztertuko ez duen kalitatezko hezkuntza publikoa nahi eta behar du herri honek, euskalduna, anitza eta aurrerakoia izango den proiektu publikoa eta EH Bildutik beharko diren ahalegin guztiak egingo ditugu Amasa Villabonako hezkuntza publikoaren eskaintza geroz eta aberatsagoa eta kalitate altukoa izan dadin. 

 

Carlos Urquijo Espainiako gobernu ordezkariaren kargugabetzea “berri ona” dela esan du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. “Baina berri ona da Carlos Urquijo moduko pertsonaia bat gure herriko bizitza politikotik kanpo geratzea. Eta hori esatean herri honetako gehiengo sozial handi batekin bat egiten dudala uste dut”.

Gaineratu duenez, bere ordezko Javier de Andresekin ere konfrontatuko du EH Bilduk, “ziur gaudelako horretarako arrazoiak emango dizkigula”.

Arzuagak gogoratu du EH Bilduk ekimen asko egin dituela gobernu ordezkaritzaren figuraren aurka. “Pentsatzen dugu desagertu behar dela, bere gain dituen eskumen guztiekin batera. Instituzio horrek dituen kontrol poliziala, kontrol politikoa, jazarpen militarra desagertu egin behar da herri honetatik”.

Pasa den ostiralean izan genuen edukiontzien bilketa sistema ezarri zenetik lehen aldiz, Tolosaldeko Mankomunitateak eskaintzen dituen Amasa Villabonako gaikako hondakin bilketaren portzentaia datuen berri. Datuak oso positiboak dira eta %80 inguruko sailkatze portzentaia erakusten dute. Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, oso positiboki baloratzen ditugu datu hauek eta herritarrak zoriondu nahi ditugu orokorrean etxeko hondakinak txukun sailkatzen jarraitu izanagatik. Hika-mika politiko-mediatikoak alde batera utzi eta herritarrek lezioa eman dute beste behin. 

Gure ustez, biltze sistema aldatzeko udaleko hiru alderdien arteko akordioa sinatu izana lagungarria izan da gai honetan egondako tentsioa murrizteko eta udalak gutxienez %70eko tasa lortzeko konpromisoa hartu izanak ere lagundu du horretan. Neurri handi batean atez ateko bilketari esker, jendeak hondakinak behar bezala bereiztu eta sailkatzen ikastea lortu zen eta orain salbuespenak salbuespen, edukiontzien sistema txukun erabili du jendeak, aipatutako datu positiboak lortuz. Hori benetan pozgarria da.

Amasa Villabonak erakutsi du hondakinen gaikako bilketaren bitartez errefuxa oso gutxi sortu daitekeela eta ondorioz, Gipuzkoa osoan ere gauzak ongi eginez gero, inposatu nahi zaigun Zubietako erraustegi kutsakorra, osasunarentzat kaltegarria eta garestia ez dela inondik inora beharrezkoa. 

Hala ere, gai honetan ezin gara erlaxatu eta hondakinen kudeaketaren jarraipen zorrotza egiten jarraitu behar da ezinbestean, izan ere zalantza eta kezka batzuk baditugu, adibidez badirudi edukiontzian bildutako organikoaren kalitatea ez dela behar lukeen bezain ona. Organikoa tratatu eta konposta egin ahal izateko, ezin du materia organikoa ez denaren portzentaia handiegirik izan eta mankomunitatetik esan digutenez, organikoaren edukiontzian plastikozko boltsa ugari jasotzen ari dira egunero. Beraz, herritarrei gogorarazi nahi diegu organikoa biltzeko udalak ateratako poltsa konpostagarriak erabili behar direla. 

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak guztiz bat egiten du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak datorren asteartean, 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan antolatu duen protesta ekimenarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia erakitzeko urratsak ematen ari den honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrek tinko eta ozen erantzutea eta gipuzkoarron gehiengoak erraustegirik ez dugula nahi garbi adieraztea. PNV-PSOE gobernuaren inposaketa hau geldiarazi behar dugu eta zeregin horretan EH Bildutik gure ahaleginik handiena egiteko prest gaude. Erraustegia gipuzkoarron osasunearen eta diru publikoaren kontrako atentatua da, kutsakorra, garestia eta inposatua.

Beraz, abenduaren 27an 12:00etan Gipuzkoa plazan izango den mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu Amasa Villabonako herritar guztiei.

 

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak udalgintza arloko Batzar Irekia antolatzea erabaki du eta datorren asteartean, urtarrilak 24, 19:00etan Gurea zineko erakusketa gelan izango da.

Batzar honetan Villabonako udaletxeko gaiak landuko dira eta EH Bilduko udal taldeko zinegotziek hartuko dute hitza. Guztira hiru gai nagusi jorratuko dira: 2016 urtearen balorazioa orokorra, 2017ko Aurrekontuak eta udaleko oposizioak liberatu bat izatearen gaia.

- 2016. urtearen balantze orokorra:

Lehenik eta behin, EH Bilduko hautetsiek EAJk zuzentzen duen udal gobernuaren lanaren errepasoa egingo dute, udal gobernuak garatutako politikaren ildo nagusiak aipatuko dira eta EH Bilduren ikuspegitik, udalak egindako lanaren balorazio kritikoa plazaratuko da. Ondoren, 2016. urtean zehar EH Bildu koalizioak udalean egindako lana ere azalduko da, arloz arlo egindako proposamenak, aurkeztutako iniziatibak, egindako ekarpenak, hartutako erabaki garrantzitsuenak etab. azalduko direlarik.

- 2017ko udal aurrekontuak:

Villabonako udal gobernuak osatutako aurrekontu proposamenaren azalpena egingo da: Gastu orokorrak, inbertsioak, diru laguntzak etab. aurkeztuko dira. Ondoren, EH Bilduko udal taldetik aurrekontu hauen gainean egiten duen irakurketa eta ondorioz, aurrekontuak bozkatuko diren urtarrilaren 30eko udaleko osoko bilkuran EH Bilduk zer egitea proposatzen den azalduko da. Udal taldetik mahai gainean jarriko den proposamen hori aurkeztu ondoren, eztabaidarako tartea zabalduko da eta bertaratutakoek beren kritikak, iritziak edo proposamenak azaldu ahal izango dituzte.

- Oposizioak liberatu bat izatearen afera:

Pasa den legealdian Eusko Legebiltzarrean EAJ eta EH Bilduren adostasunarekin onartutako Udal Legeak hau dio bere 33. artikuluan:

"Estatuto de la oposición: Punto número dos: En los municipios de más de 5.000 habitantes y hasta 10.000 habitantes se garantizará que al menos exista un concejal de la oposición con dedicación parcial con el fin de que las funciones de control y fiscalización del gobierno municipal puedan llevarse a cabo de forma efectiva."

Beraz, Amasa Villabonako herriaren kasuan, legeak EH Bilduko zinegotzi bat lanaldi partzialean liberatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, udal gobernutik liberazio hori edukitzeko eskaintza egin zitzaion EH Bilduri. Hau kontuan izanda, Batzar Ireki honetan bozka zuzen bidez (horretarako hautestontzi bat jarriko da) erabakiko da legeak eskaintzen duen aukera hau baliatuz zinegotzi baten liberazioa onartuko den edo ez.

Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, batzar ireki honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu herriko eta udaleko gaiekiko interesa duten herritarrei.

 

Batzar Irekia urtarrilaBatzar Irekiaren deialdia egiteko EH Bilduk argitaratu duen kartela

 

 

Villabonako Oria merkatal elkarteak Gabonei begira hainbat ekintza antolatu du herrian. Berrikuntza gisa, erosketa karroak jarriko dituzte herritarren eskura. Haurrentzako tailerrak antolatzeaz gain, atrakzioak ere izango dira haur eta gaztetxoei zuzenduta.
Zazpi eskaintza ezberdin egingo dizkio Oria merkatal elkarteak herriari, Gabonetako kanpainaren baitan:

1.- Erosketa karroa: Lau erosketa karro eskainiko dituzte bezeroek elkarteko dendetan erosketak egin ahal izateko. Elkarteko lehendakari Aitziber Cenzanok azaldu du ideiaren abiapuntua, “herria merkatalgune handi bilakatu eta bezeroei denda batetik bestera erosketak egiteko aukera eskaini ahal izatea da”. Aipatu karroak elkarteko lau dendatan egongo dira eta bezeroek etxera eramateko beharra azaltzen dutenean utzi egingo dizkiete. Ondoren, noski, bezeroak karroa itzuli egin beharko du, baina ez du zertan hartu duen dendara eraman beharrik; Oria elkarteko bazkide den edozein dendatara baizik. Modu horretan mugimendua sortu eta establezimenduen kolaborazioa bultzatu nahi dute. Bezeroak karroak erabiltzera animatu nahi dituzte elkarteko kideek. Aurten lau izango badira ere, urtez urte karroen kopuruak gora egitea lortu nahiko lukete.

2.- Kontsumo txekeen zozketa: Abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra, bezeroen artean txekeak banatuko dira Oria merkatal elkarteko dendetan. Haietan bezeroaren izen-abizen eta telefono zenbakia idatzita, erosketa egindako dendako kutxan utzi eta urtarrilaren 10ean, 360€ko hiru sari zozketatuko dira, elkarteko dendetan erosketak egiteko hiru txeke.

3.- Atrakzioak: Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra, karrusela, ohe elastikoak eta olla txiki bat egongo dira Errebote eta Txistulari plazan. Buelta bakoitza euro bat kostako da eta elkarteko establezimenduek hainbat txartel izango dituzte bezeroei oparitzeko.

4.- Tailerrak: Aurreko urteetan herriko bi ikastetxeekin elkarlanean, Bearzana pilotalekuan jolas parkea antolatzen bazen, aurten bi tailer eskainiko dituzte gazteek. “Ikas bidaiarako laguntza gisa diru kopuru bat ematen diegu elkarteko kideek ikastetxeetako gazteei. Haiek trukean, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte aurten”, azaldu du Aitziber Cenzanok.

-Abenduak 23, ostirala, 16:30ean plazatik hasita, mozorro tailerra eta ondoren desfilea herrian zehar.

-Urtarrilak 5, osteguna, goizeko 11:00tan plazan: Gabonetako apaingarrien tailerra.

oria merkatariak agerraldi

Oria elkarteko zuzendaritzako kideak Gabonetako kanpaina aurkezten

5.- Erakusleiho lehiaketa: Elkarteko kideek erakusleiho ikastaroa egin dute aurten eta han ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz antolatu dute erakusleiho lehiaketa. Lehiaketa abenduaren 21etik urtarrilaren 5era artean izango da eta hiru sari banatuko dira. Irabazleen berri urtarrilaren 10ean jakingo da.

- Facebooken bozka ematen dutenen artean, zozketa egingo da, 40€ko erosketa balea.

- Epaimahaiak erabakitako saria, Erakusleiho onenarentzat. Bi pertsonentzako afaria.

- Facebookez bozka gehien jaso dituena. Bi pertsonentzako afaria.

6.- Behar Zana elkarteko kideekin elkarlana: Urtero moduan, Behar Zana elkarteko saskien zozketan hiru sari emango dituzte Oria elkarteko kideek: 200€ko hiru erosketa txeke eta 1000€ko bat.

7.- Gabonetako argiak. Abenduaren 21ean Gabonetako argiak piztuko dira herrian Oria merkatal elkarteak eta Villabonako Udalak bideratuta. “Orain artean Kale Nagusia eta Berria apaindu dira bereziki, baina aurten herriko gainerako auzoetan ere jarriko dira argiak. Urtero bezala, Udalarekin elkarlanean jarriko dira argiak”, jakinarazi du elkarteko lehendakariak. Argien ekimenarekin bat egiten duen saltoki bakoitzak lorea izango du atarian.

 

Egungo eredua desfasaturik dagoelakoan, EH Bilduk prestigioa itzuli nahi dio EITBri. Oinarriak aurkeztu ditu ezinbesteko eztabaida horri sakon eta berehala ekiteko. Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea proposatu du.

EH Bilduk EITBren birfundaziorako ardatzak aurkeztu ditu, eta EITBren eredu berri bati buruzko eztabaidari heltzeko oinarriak barne biltzen dituen eta EAJ, Podemos eta PSEri jada helarazi dien agiriaren berri eman du. Jasone Agirrek eta Unai Urruzunok azpimarratu dutenez, “EITB berria proposatzen dugu, kalitatezkoa, euskalduna eta independentea”.

EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, “1982an EITB Sortzeko Legeak ezarri zuen eredua desfasaturik dago eta gaur ez die behar bezala erantzuten herri honek ikus-entzunezkoen sektorean dituen premiei”. Izan ere, Euskal Herria asko aldatu da orduz geroztik, gizartea bera aldatu da eta, komunikazio arloan bereziki, eboluzioa sekulakoa izan da, baina EITB atzean geratu da, gainbeheran. Hori dela eta, “EH Bilduk nahi du legealdi hau EITBren birfundazioaren legealdia izan dadila”. Horren haritik, azaldu dute Agirrek eta Urruzunok, “EITBren ereduari buruzko eztabaidari heltzea ezinbestekoa da, parte-hartzailea izan behar duen prozesu hori abian jartzea eta, luzea izango dela jakinda, 2022an EITBren 40. urteurrena EITB berrian ospatzea”.

“Etorkizuneko EITB denon artean definitu behar dugula” argi edukita, EH Bilduk eztabaida horrek izan behar dituen ardatzak, EITBren eredu berriak izan beharko lituzkeen oinarriak, mahai gainean ipini ditu. Koalizioaren iritziz, EITBren ezaugarriak hurbiltasuna, inpartzialtasuna, aniztasuna, objektibotasuna eta independentzia izan behar dira.

Agirre eta Urruzunoren esanetan, “unean uneko Gobernuarengandik independentea izateak emango dio prestigioa EITBri, EITB ezin delako izan Jaurlaritzaren eta Jaurlaritzan dagoen alderdiaren bozgorailua”. Horretarako, karrera profesionala garatzea behar-beharrezkotzat jo dute, “ildo editoriala zehazten duten profesionalak irizpide objektibo eta profesionalen arabera soilik izendatzeko, eta ez orain gertatzen den moduan, konfiantza politiko edo pertsonalaren arabera”.

Jakina, “EITBk euskalduna izan behar du. 1982ko Legearen arabera EITBren helburuetariko bat euskararen normalizazioa bultzatzea baldin bada, helburu horrek kanal eta atal guztiak busti behar ditu goitik behera; euskarak kanal eta atal guztiak busti behar ditu”.

EH Bilduko legebiltzarkideen ustez, lege marko berria behar da, EITBk motorra izan behar duelako ikus-entzunezkoen euskal industrian. Zehazki, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legearen beharra planteatu dute, bai eta informazio agentzia publikoa sortzeko komenigarritasuna ere, “hurbiltasunean sakontzeko lagungarria” izango litzatekeelakoan. Azkenik, EITBren egiturari dagokionez, “orain arteko gestoreen sistemak iraulketa sakona behar du, plantilla estrukturala ere lehenbailehen zehaztuta”.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datorren abenduaren 27an onartuko du Zubietako erraustegia eta gainontzeko instalakuntzak eraikitzeko esleipen proposamena. Eraikuntza eta esplotazio kontratu honen esleipenak eta orohar Zubietako erraustegiak herritar askoren desadostasuna eta kezka zabaldu ditu era honetako proiektuak dituen osasun, ingurugiro eta ekonomi arloko inplikazioengatik.

Gaurkoan, horiez gain, esleipen hau bai ala bai burutzeko presak eta egoskortasun politikoak horrelako proiektu batek behar dituen prozedura administratibo eta juridikoak ez dituela errespetatzen salatu nahi dugu, honoko argudioetan oinarrituz.

Lehenik eta behin proiektuari argi berdea emateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2016ko apirilaren 11an emandako ebazpena deuseza da. Argudio juridikoa oso sinplea da: ez dago aldatu (modifikatu) daitekeen Ingurumen Baimenik indarrean. Izan ere 2015eko martxoaren 31an GHK-k akordio bidez uko egiten dio Ingurumen Baimen Bateratuari eta Ingurumen-Inpaktu-Adierazpenari. Erabakia 2015eko apirilaren 15ean jaso zuen Eusko Jaurlaritzak eta beraz, jakinaren gainean da.

Bigarrenik: 2016ko martxoan luzapen bat ematen zaio 2010eko apirilaren 23an emandako erresoluzioari, baina erresoluzio honek argi uzten du gehienez 48 hilabeteko luzapena onartzen dela eta 2014ko apirilean luzapen bat eskatu eta hura onartu zenez, aurtengo martxoko luzapen honek 2010eko baimena urratuko luke.

Beraz, 2010eko apirilaren 23an onartu zen Ingurumen Baimen bateratua KADUKATUTA DAGO. Ezin da ez luzatu ezta moldatu ere.

Tartean, ingurumen inpaktuari dagozkion aldaketak egon dira (21/2013, Ingurumen inpaktua neurtzeko legea) eta 16/2002 Legeak ere aldaketak jasan ditu (RD 815/2013, 16/2002 Legearen erreglamendua onartzen duena). Aldaketa horiek 2010eko Ingurumen Baimen bateratua egungo gadakizun juridikoetara egokitu gabe egotea eragiten du eta ondorioz, GHKk erabili nahi duen baimen hau deuseza/nuloa da.

Deuseztasun kausez gain, deuseztagarritasun kausak ere egon daitezke:

- 2016ko Martxoak 7ko ebazpenak zeinak baimena luzatzen duen ez du kobertura urbanistikorik 16/2002 legeak galdatzen duen lez eta Ingurumen Sailak (gutxienez aurreko ekipoak) badaki irregulartasun hori badela.
- Bestetik 7/2008 Foru araua ere ez du betetzen Artzabalen aurreikusten zen zentroko 3 instalakuntzetatik bat ez baita egingo (eskoriak tratatzeko eta maduratzeko planta).Areago 201ko apirilaren 11ko ebazpenak kendu egin du 2010eko Baimen Bateratuak ezartzen zuen hobekuntza nabari hau, inongo argudiotan justifikatu gabe.
- Badira beste argudio juridikoak aspektu teknikoen inguruan.
Irregulartasun juridiko hauen aurrean Hernani, Usurbil eta Oiartzungo udalek helegiteak tarteratu zituzten Urriaren 31n eta une honetan epaitegietan daude, tramitera onartuak izan dira.

Egoera honen larritasuna ikusirik, EHBilduko legebiltzarkide taldeak egungo Ingurumen Sailburua den Iñaki Arriolari azalpenak eman ditzala eskatuko dio interpelazio baten bidez:

- Ea Ingurumen Baimen Bateratua deuseza izateko edo deuseztagarria izateko argudio juridiko sendoak mahai gainean dituela eta epaitegian tarteratuta daudela ba ote dakien.
- Ea egoera honen aurrean zer egin behar duen irregulartasunekin amaitzeko. Bereziki, ea abisu emango dion GHKri onartzear daukan esleipenak ez duela funtsezkoa den elementu bat betetzen: Ingurumen Baimen Bateratuarena alegia.

 

Zehazki Arriola Jaunari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Ingurumen Baimen bateratu gaurkotu eta Indarrean egongo den bat izan arte proiektua bertan behera gelditzeko agindu diezaiola GHKri.

GHK-k eta Aldundiak badakite esleipen honekin aurrera jotzeak ondorio juridikoak izan ditzakeela eta Eusko Jaurlaritzari ardura eskatzen diogu GHKko kontseilariei eta Diputatu Kontseiluari abisu eman diezaien irregulartasunak daudela, irregulartasun horiek Proiektua ezin exekutatzera eraman dezaketela eta administrazioaren erantzukizun patrimoniala egon daitekeela.

Erantzukizun hori, noski azkenean herritarrok ordaindu beharko dugu.

Inviza eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa bukatu den honetan eragileen iritziak bilduko dituen foroa abiarazi da dagoeneko.

Abenduaren 31n bukatu zen Invizaren, Asuncion klinikaren kudeatzailearen, eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioaren luzapena. Berez azaroaren 15ean bukatu zen hitzarmena, baina akordioa hilabete eta erdiz luzatu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian azaroaren 14an argitaratu zutenez.

Momentu erabakigarria da beraz, Tolosaldeko osasun arretarentzat; eredu publikoa edo pribatua, horra hor bi aukerak.

Hitzarmen berria sinatuko balute datozen bost urteetarako indarraldia izango luke eta hori dela eta eskualdeko eragileak martxan jarri dira, «denon artean eskualdeko osasun sistema onena» zein den erabaki nahi baitute. «Beldur gara Eusko Jaurlaritzak ez ote duen hitzarmena aldebakarrez eta iritziak kontutan hartu gabe hitzarmena sinatuko», esan du Eneko Maioz foroa osatzen aritutako alkateetako batek.

Parte hartze mahaira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak; Tolosaldeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratuan) parte hartzen duten udalak; EH Bildu, EAJ, PSE, PP, Podemos eta Ezker Anitza alderdiak; TOPA eragile moduan; eta Osakidetzako lurralde ordezkaria deitu dituzte, eta pasa den abenduaren 27an egin zuten lehen bilera, Ibarran.

Deia zabala egin zuten, baina ez ziren guztiak bertaratu. ELA, EAJ, PSE, Podemos, Ezker Anitza, ESIko Tolosa eta Villabonako udaletako ordezkariak eta Osakidetzako lurralde ordezkaria ez ziren joan. Baina datorren bilerara berriz ere deituko dituzte, asmoa Tolosaldeko osasun sistemarik egokienaren inguruan adostasun zabala lortzea baita, esan dutenez.

Lehen bilera hura lehen hartu-emana besterik ez zen izan, bakoitzak bere jarreraren berri eman eta parte hartzeko konpromisoa azaltzeko bilera. Bigarren bilerara Tolosaldeko osasun sistemaren inguruko adostasunak biltzen dituen «gutxienekoak» biltzen dituen idatzia eramango dute eta hori eztabaidatuko dute. «Foro hau beharrezkoa dela nabarmendu dute bertaratutako guztiek eta beraz, badago adostasunetarako tartea», azaldu du Maiozek.

Bertaratutako guztiek osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin zuten, PPko Pello Atxukarrok izan ezik. «Sistema publikoak ez du ezer bermatzen, garrantzitsuena da nola kudeatzen den. Bermatu behar dena da zerbitzua doakoa eta egokia izatea. Publifikazioa mito bat da, langileek ez dute hobeto lan egiten funtzionario izan edo ez», esan zuen. LABeko Haizea Mendia eta UGTko Ana Maria Vazquezek, berriz, publikotasunak langileen baldintza duinak bermatzen dituela esan zuten. Asuncion klinikako langile komiteko Inma Arroyo ere izan zen bertan eta bizi duten egoera «prekarioa» salatu zuen. «2013tik lan hitzarmena eskatzen ari gara. Osakidetzako langileekin konparatuz gero, lan hitzarmen prekarioarekin jarraitzen dugu», esan zuen.


Amasa Villabonako EH Bildutik mahai anitz eta zabal honen sorrera txalotzen dugu, uste dugu Tolosaldeako gizarteak zer esan oso garrantzitsua izan behar duela eskualdeko osasun sistemaren nondik norakoak zehazteko garaian eta hori artikulatzeko tresna egokia izan daiteke sortu berri den mahai hau. Guk oso argi daukagu erabat onartezina dela gurea izatea Gipuzkoa osoan ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra, eta beraz, Asuncion klinikaren erabateko publifikazioa aldarrikatzen dugu. Helburu hori lortzeko behar beste lan egiteko prest gaude, osasun sistema guztiz publikoa izatea baita, herritarren osasun eskubideak behar bezala bermatuak izango direnaren berme bakarra.

Zoritxarrez, eta beste behin, PNVk gidatutako Villabonako udal gobernua izaten ari den jarrera eskasa salatu beharrean gaude, gonbidapen formala jaso arren, ez dute mahai honetan parte hartu nahi izan eta gure ustez horrek axolakabekeria galanta uzten du agerian. Tolosaldeko osasun sistemaren afera honek bete betean eragiten die Amasa Villabonako herritarrei, herritar guztiei, eta udal gobernuko ordezkariak beste behin "missing" egotea erabaki dute, herritarren eskubideen alde lan egiteko duten borondate eskasaren erakusgarri.   

 

Osasuna, emakumea, duintasuna... amasahara proiektuarentzat eta oro har, Saharako herriarentzat garrantzitsuak diren kontzeptuak argazki banarekin lotu dituzte prestatutako erakusketan. «Erretratuetan ageri diren umeen izenak jartzean pentsatu genuen aurrena, baina iruditu zitzaigun haur hauek bezala beste batzuk izan zitezkeela eta guztiak ezaugarritzen dituzten kontzeptuak direla aukeratutakoak».
Udan Amasako apaizetxean egon ziren haurren erretratuak dira, nagusiki, proiektuaren ardatza, baina egitasmoa ez da erakusketara mugatzen Urbizuk azaldu duenez: «Sentsibilizazio kanpaina izatea nahi dugu eta komunikazio egitasmo oso bat prestatu dugu horretarako. Egongo da argazkiez osatutako erakusketa bat, aukeran herriz herri ibiliko dena, baina horrekin batera, poltsan eramateko moduko kuadernotxoak prestatu ditugu, postalak eta orri-markatzekoak».

tumana

Erakusketan egongo den argazkietako bat

Hain zuzen, begiraden serie batekin osatu dituzte orri-markatzekoak. Beatriz Medrano diseinu arduradunak azaldu du: «Ume hauen begiratuak oso indartsuak dira. Nik erretratu psikologiko bezala ikusten ditut. Melfak edo turbanteak jantzi edo erantzi, begirada aldatzen zaie, beste identitate bat adierazten dute, indartsuagoa. Kamara aurrean beste era batera paratzen direla esango nuke».

Arreta eman dio Medranori, berezkoak dituzten jantziak soinean jarrita, «neskek esate baterako, nola jarri diren kamara aurrean. Ikusten da beraiengan mendebaldeko kultura eta ohituren arrastoa». Udan Medranok ez zuen hainbesteko harremana izan Saharako haurrekin baina behin argazki guztiak ikusita «samurtasuna» eragiten diotela esan du.

Horregatik aukeratu du letra tipo fina eta sinplea. «S hizkian esate baterako & sinboloarekin jolastu nahi izan dugu eta umeen kaligrafia hori gogoratu. Argazkietan ageri diren jolasetako mugimenduak irudikatu nahi izan ditugu», dio Medranok.

Erakusketa ibiltaria:

Hogeitik gora argazki bilduko dituen erakusketa izango da proiektuaren abiapuntua. Urbizuren esanetan, «herriz herri mugitzea nahi genuke eta gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen diegu arduradunei». Tamaina berekoak izango dira argazki guztiak, «ume guztiei garrantzi bera eman nahi genielako».

Erakusketan ikusgai izango diren argazkiak salgai egongo dira. Ikusleak gustuko dituenak aukeratu eta zein tamainatan nahi dituen erabaki ahal izango du, hiru egongo dira aukeran. Jasotako ekarpena Maiatzak 20 elkarterako izango da. Oraindik ez dute lanen prezioa zehaztu.

Argazkiekin batera beste obra bat erakusteko asmoa dute. Ander Ortiz de Murua billabonatarrak prestatutakoa da: «Urbizurekin badut harremana eta berak proposatu zidan proiektuan parte hartzeko. Argazkietako bat aukeratu, aurpegiaren erdia hartu eta begia eta melfa agertzen diren partea aukeratu ditut koadro bat egiteko». Berezia da, ordea, arte lana: «Egur baten gainean eginda dago eta marrazkia bic boligrafoekin egindakoa da. Zirriborro teknika erabili dut horretarako, espresioa moldatu ahal izateko». Distantzia batetik begiratuta, argazki baten gisan ikusi daiteke irudia. Ortiz de Muruak ere, Maiatzak 20 elkartearen esku utzi du bere koadroa, nahieran erabili dezan.

Printzipioz, erakusketarekin batera erabiliko dute obra herriz herri eta lehen geltokia, Amasan izango du abenduaren 30ean 17:00etatik aurrera. «Iruditzen zaigu azken hiru urteetan Saharako haurrak hartu dituen herriak merezi duela beste inork baino lehenago lana ikustea, proiektua lagundu eta oso ondo portatzen diren bizilagun asko baitaude». Egun horretan, arratsaldez pare bat orduz ikusi ahal izango da erakusketa.

Han izango dira Urbizu, Medrano, Ortiz de Murua eta Maiatzak 20 elkarteko kideak. Eta ordutik au-rrera, amasahara proiektuarekin bat egin nahi duenak harremana egin dezake arduradunekin This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidean, edo 696 014 786 telefonoan.

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: