PNV-PP itunarekin euskal gizarte osoa galtzaile ateratzen da, uko egiten zaiolako enplegua, politika sozialak eta zerbitzu publikoak indartzeari. Urkulluk ezetz esan dio herri gisa aurrera egiteko EH Bilduren eskaintzari.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin batzartu eta gero, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak gogor kritikatu du Urkullu lehendakariak eta EAJk Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko PPren alde egin duten hautua. “Herri honen gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiteko aukera izan dute, baina PPren alboan lerrokatzea erabaki dute, gehiengo sozialari bizkarra emanda. Herri honen izaera bera ukatzen duen eta gizartean arbuio handiena eragiten duen alderdia hautatu dute, eta susmoa dugu negoziazio horiek beste mahai paralelo batean egin direla, Rajoyk berak nolabait aitortu duenez. Urkulluk eta EAJk herri akordioak bila zitzaketen, herri gisa arlo guztietan aurrera egiteko, gehiengo sozial eta politikoaren aldarrikapenekin bat eginez, baina, horren ordez, PP eta PSE aukeratu dituzte bidaide, murrizketen erakusle nagusiak, alegia”.

 Hf vYubhSLY7Ly9

Leire Pinedo, Maddalen Iriarte eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko agerraldian 

Iriartek ohartarazi duenez, “galtzaile ateratzen dena gizartea bera da, Urkulluk eta EAJk uko egin diotelako enplegua, politika sozialak eta zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetuko zuten aurrekontuak adosteari”. Iriarterekin batera, Miren Larrionek, Leire Pinedok eta Iker Casanovak ere parte hartu dute bileran, Lakuan, eta bertan berretsi dute EH Bilduk arduraz jokatu duela eta proposamen egingarria ipini duela Jaurlaritzaren mahai gainean, aurrekontuek behar dituzten gutxieneko zuzenketak eskatuz. Hala, gutxienez 164 milioi euro lehentasunezko arloetara bideratzea proposatu du, enplegua, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta babes soziala indartzeko.

Jaurlaritzaren erantzuna, hala ere, eskasa baino eskasagoa izan da. Iriarteren irudiko, “Gobernua arduragabekeriaz jokatu du eta inoiz ez du EH Bildurekin adostasun batera iristeko benetako asmorik izan. Ondorio horretara iritsi behar dugu derrigorrez ikusita bere eskaintza 25 milioikoa bakarrik izan dela, aurrekontuen %0,2, alegia, eta zerga erreformari seriotasunez heltzeko inolako konpromiso sendorik hartu gabe, gainera”. Bozeramailearen hitzetan, “Jaurlaritzak txeke zuria nahi zuen, baina EH Bilduk ez du horrelakorik egingo, gure lehentasuna jendearen ongizatea delako”.