Albisteak

Hilabete honetan, 2011n Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Asunción klinikak sinatutako hitzarmena amaituko da eta beraz, funtsezko momentu batean gaudela adierazi dute TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) erakundeko ordezkariek Tolosan egindako prentsaurrekoan: "Oso une garrantzitsuan gaude, jokoan baitago guk eta gure familiek jaso behar dugun osasun arreta eredua".

TOPA-ko ordezkarien agerraldia Tolosan, mobilizazioak iragartzeko.

Azaroaren 10ean ezarri dute TOPA-koek lehen hitzordua: Tolosako Euskal Herria plazan, Asunción klinikak antolatutako jardunaldi bat izango da eta bertan, goizeko 8:30etan elkarretaratzea izango da "Osasun publikoa defenda dezagun!" lelopean. TOPA-ren iritziz Kontraesan hutsa da jardunaldia, gainerako eskualdeekin konparatuta Tolosaldeak sekulako desabantailak dituela kontuan izanda.    

Azaroaren 12an, 12:00etan Informazio Batzarra Tolosako kultur etxean. Bertan besteak beste, azken bost urteetan Jaurlaritza eta Asunción klinikaren arteko hitzarmenak eman duena baloratuko da eta Tolosaldeko ESI zerbitzuko kudeatzailearekin izandako bileraren berri emango zaie bertaratzen diren herritarrei.

Azkenik, azaroaren 26ean Bizikleta martxa bat antolatuko du TOPA-k eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote Tolosaldean bizi diren herritar guztiei: "Pedalak mugituz osasun publikoa aldarrikatuko dugu".


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak egin dituen deialdi hauekin eta beste behin, Tolosaldeak ospitale erabat publikoa behar duela aldarrikatzen dugu. Tolosaldeko herritarrok etorkizunean jasoko dugun osasun arreta definitzeko momentu erabakigarrian gaude eta zentzu horretan, herritarrak parte aktibo izan behar dugula pentsatzen dugu. Publifikazioaren aldeko mobilizazio eta presio herritarra artikulatzea beharrezkoa dugu eta zeregin horretan TOPA-k egiten duen lana goraipatu nahi genuke. Ondorioz, TOPA-tik antolatu diren deialdi hauetan parte hartzeko deia luzatzen diegu Amasa Villabonako herritarrei. 

 

 

Amasako Martina kultur elkartearen eskutik, igande honetan Amasako 24. Mendi Duatloia izango da. Aurtengoan gainera berrikuntza aipagarriak izango dira, lehen aldiz duatloia erreleboka egiteko aukera izango baita. Duatloi honek hiru zati izango ditu, lehenengoan 4,25 kilometro korrika eginez, ondoren 17 kilometroko ibilbidea bizikletaz eta amaitzeko beste 2,5 kilometro egin beharko dira korrika. Proba hau Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan sartuta dago eta aldez aurretik izena emateko aukera dago http://www.turesultado.es/InscripcionesRegistrado.aspx?IdPrograma=7135 webgunean. Bakarka izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira eta erreleboka berriz, 30 euro bikoteko. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, 20 euro ordaindu beharko direlarik.

Anima zaitezte parte hartzera edo bestela, goiz pasa dotorea egitera Amasan. Bertan ikusiko gara!

 

Hemen duzue aurten argitaratu den kartela, Martina Kultur elkartekoek lortu dituzten laguntzaile berrien logotipoekin:

mendi duatloia Amasa

Udazkeneko kanpainaren baitan, Oria merkatari elkartearen eskutik deskontu kupoiak banatu dira Amasa-Villabonako buzoi guztietan. Deskontu kupoi horiek ORIAko denda parte-hartzaileetan aldatu ahalko dituzte herritarrek azaroaren 2tik 30era. 

Horretaz gain, hainbat "sorpresa" dituzte urte bukaerarako: "Gure dendetan erabiltzeko erosketa karroak, gabonetako kanpaina etab. Ez galdu aukera eta zatoz ORIAko Merkatarion abantailez gozatzera", adierazi dute Merkatari Elkarteko kideek Errebote plazan egin duten agerraldian.


Amasa Villabonako EH Bildutik herriko merkataritza txikiak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Merkataritza txikiak (dendak eta ostalaritzak) gure herrian garrantzi ekonomiko eta sozial izugarria du eta bizi dugun krisi ekonomiko luze eta sakon honetan, funtsezkoa da herritarrek erosketak herrian bertan egitea. Lanpustu ugari sortu eta mantentzea eta gainera aberastasun ekonomikoa herrian geratzea ekartzen du merkataritza sektore honek, eta herri bizia eta dinamikoa izateko ezinbesteko elementuak dira horiek. Beraz, merkataritza txikia sustatzeko eta laguntzeko dugun konpromisoa berresten dugu eta deia luzatzen diegu Amasa Villabonako herritar guztiei, herrian bertan erosten eta kontsumitzen jarrai dezaten.  

"Hemen irabazle bakarrak enpresak eta bankuak dira. Banco Santander eta Caixa hasieratik egon dira erraustegiaren proiektuaren atzean, eta hala daude orain ere. Dirutza irabazten ari dira gure kontura", salatu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek. Erraustegiaren aurkakoak Donostian bildu ziren pasa den larunbatean, hain zuzen ere, egungo aldundiak defendatzen duen proiektua "haien negozioa" dela salatzeko. "Gure osasunaren kontura ez dira aberastuko! Ozen diogu: gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste planta ez eraikitzeko, baina eraikitzen badute ere, ez dugu guk finantzatuko!"

Jakin dezatela banku honetako zuzendariek gure diruarekin ez dutela kontatzen". Helburu horrekin, kalejira jendetsua egin dute hasi aldundiaren paretik eta Banco Santanderrek hirigunean duen egoitzaren pareraino. Han, maindire zuriz estalita protesta egin dute manifestariek. Bidean, aldundiaren eta erraustegiaren aurkako oihuak izan dira nagusi. Agerraldiaren amaieran, datozen egunetan herriz herri agertuko diren kartelak ere aurkeztu dituzte. Bertan salatzen da erraustegiaren bultzatzaileak "herritarren osasunaren eta diruaren kontura" aberasten direla.

Pasa den urriaren 21ean Villabonako udalean egindako Osoko Bilkuran erabaki esanguratsuak hartu ziren eta horien artean, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzeko lehen neurriak onartu izana azpimarratu nahi dugu. Bilkura honetan aipatutako zerbitzua ezartzeko udaletxeko eraikinean egin beharreko obrak egin ahal izateko kreditu aldaketa bat onartu zen eta baita zerbitzua arautuko duen ordenantza ere, gainera ordenantza hau herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko da udaletxeko webgunean datozen 15 egunetan

EH Bilduko zinegotzi den Xabat Labordek azaldu zuen gai honen inguruan Amasa Villabonako EH Bilduk duen jarrera: "pasa den urteko aurrekontuetan ez genion babesik eman zerbitzu honetarako diru-partidari, herrian premia handiagoa zuten beste lehentasun batzuk ikusten genituelako, besteak beste, Larrea auzoko parkea estaltzeko herritarrek aukeratu zuten obra egitea. Bestalde, gai honetan EAJren aldetik eman diren urrats batzuekin ez gaude ados; Prozesua gidatzen ari den enpresa aukeratzeko modua ez dugu konpartitzen, "a dedo" aukeratu baitzen enpresa eta ez lehiaketa publiko bidez".

Hala ere, EH Bilduk herritarren arreta zerbitzuari bere babesa ematea erabaki du, eta horretarako arrazoiak azaldu zituen Laborde zinegotziak: "EH Bilduko udal taldea ez da inoiz HAZaren kontra agertu, eta zerbitzu berri honek ekarriko dituen aldaketak aztertu hondoren konklusio honetara iritsi gara: HAZ-ak (behar bezala funtzionatzen badu behintzat) herritarrek udalaren aldetik jasoko duten arreta nabarmen hobetuko du, arreta azkarragoa, integrala eta kalitatezkoa izango da eta burokraziarekin, alferrikako "papeleoekin" eta herritarrek bere gestioak egiteko udaletxean gora eta behera ibiltzearekin bukatuko du. Hori oso positiboki baloratzen dugu eta beraz, zerbitzu berri honen inplantazioa babestea erabaki dugu. Hala ere, Labordek "informazio trukaketan sakontzea" eskatu zion udal gobernuari, izan ere EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du proiektu honi buruzko informazio falta.

HAZ SAC

Herritarren Harreta Zerbitzu baten irudia. Kasu honetan Laudioko udalean.

Zerbitzu hau martxan jartzeko, udaletxeko eraikinean obrak egitea ezinbestekoa izango da eta horretarako 150.000 euroko diru partida bat bideratzea onartu zuen udalbatzak aho batez. Obra horiek udaletxeko beheko solairuan egingo dira, zehazki udaltzaingoak eta kale-hezitzaileek erabiltzen dituzten lokaletan. Izan ere, arreta zerbitzua udaleko behe solairuan egongo da kokatuta.


ALDAKETAK UDALEKO BATZORDEETAN:

Aipatutako Osoko Bilkuran beste gai garrantzitsu bat ere eztabaidatu zen, EAJ-PNVk udalean egiten diren batzorde informatiboetan aldaketa pare bat egitea proposatu zuen:

1. "Pertsonala eta Barne araudia" batzordearen sorrera: Orain arte gai hauek Ogasun batzordean lantzen ziren eta hemendik aurrera batzorde propioa izango dute. EH Bilduk batzorde berri hau sortzea begi onez ikusi zuen, izan ere udaleko langileen ordezkariak bertan parte hartuko dute eta udaletxeko barne funtzionamendua jorratzeko batzorde aproposa izan daitekeela adierazi zuen.

2. Ingurumen batzordea desagertarazi eta Hirigintza batzordean txertatzea: EH Bilduk ez zuen proposamen hau babestu eta Xabat Labordek eman zituen horretarako arrazoiak: "Guk garrantzi berezia ematen diogu ingurumenari, uste dugu bizi dugun krisi ekologiko eta klimatiko larriaren aurrean, udalak ere ahalegin berezia egin behar duela ingurumena babesteko eta herri jasangarria izatea lortzeko. Beraz, EH Bildutik Ingurumenak batzorde propioa izaten jarraitu behar lukeela pentsatzen dugu". Bestalde, ingurumenari dagokionez EAJko udal gobernuak izandako jokabidea gogor kritikatu zuen Labordek: "Ingurumen batzordea paralizatuta eduki duzue (EAJko zinegotziei zuzenduz) ez da ia batzorderik ere egin, azkena urtarrilean egin zen, eta ofizialki ere eskatu izan dugu batzordea biltzea baina zuek ez duzue kasurik ere egin. Ingurumen alorrean hainbat gai daude mahai gainean, besteak bete, BTT mendi-bizikleta zirkuitoen proiektua, Amasamendiko kudeaketa plan integrala egin eta onartzea eta herri baratzen egitasmoa. Aipatzekoa da guztiak aurreko legealdian martxan jarri eta guztiz bideratuak utzi zirela. Ba EAJk denak geldiarazi ditu, baratzen kasuan zozketa bat egin eta baratzak funtzionamenduan jartzea soilik falta zen eta hilabete batean egin zitekeen lan horretarako, urte eta erdi behar izan duzue. Horrek oso argi erakusten du Ingurumenak zein gutxi ajola dion Villabonako EAJri". 

EAJk egindako bi proposamen hauetatik bakarra onartzen zuenez, Osoko Bilkurako puntu horretan abstentziora jotzea erabaki zuen EH Bilduk. 

 

 

 

 

Testuinguru politiko berrian estrategia eta hausnarketak aktibatzea eta proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea dira helburu nagusiak.

Oihane Zabaletak eta Marian Beitialarrangoitiak iragarri dute datorren larunbatean goizeko 10:00etan Batzar irekia izango dela Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan bi helburu nagusirekin:

- Testuinguru politikoa kontuan hartuta, EH Bilduk egun mahai gainean dituen gaien inguruan eztabaidatu eta EHbildukide guztiekin batera erabakiak hartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
- Hilabete hauetan guztietan, bai kanpainaren aurretik, kanpainan zehar eta ondoren ere martxan jarritako estrategia eta hausnarketak operatibizitatu eta aktibatzea eta, ildo horretatik, gure proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea.
Zabaletaren hitzetan, “gure proiektua zentralitate politikoan kokatzeko eta herri honen egoeraren aurrean anbizio eta ausardiaz eragiteko eta ekarpenak bideratzeko.”

EHB batzar irekia urriak22

Batzarrean lau gai jarriko dira eztabaidagai:

1. Egoera politikoaren gaineko azterketa eta kokapena.
2. EAEko legegintzaldirako helburuak eta bide orria, tartean PNV eta Podemosekin izandako bileren berri eman eta EH Bilduren proposamenaren nondik norakoak konpartitzea eta zehaztea.
3. Lehendakarigaia aurkeztearen eztabaida egin eta erabakia hartu, eta horrela erabakiko balitz Lehendakarigaiaren hautaketa
4. EH Bildu etorkizunari begirako norabidean markatutako erronkei buruzko eztabaida.

 

Oihane Zabaletak EH Bildu lehen lerroko protagonista izango dela baieztatu du, “horretarako jaio ginen eta arrazoi horregatik hain zuzen gure proiektua zentralitate politikoan jartzera goaz. Azken finean, herri honek behar dituen akordio nagusiak erdiesteko EH Bildurekin kontatu beharko da bai edo bai.”

“Eta hauek ez dira hitz hutsalak, ez diogu harrokeriz ziur baikaude herri urrats sendoak emateko, ekarpenak plazaratzeko eta konpromisoak hartzeko nahitaezkoa dela borondatea izatea eta are gehiago hori ekintza bihurtu eta operatibizatzeko aukera historikoa azpimarratu eta insistentziaz gainontzeko alderdi eta gizarte eragileekin adostea. Azken finean, helburua herri hau beste agertoki batera eramatea da, menpekotasun harremanei amaiera jarriz eta gure etorkizuna gizartearen erabakien arabera eraikiz. Eta horretarako alderdi zehatzen interesen gainetik egindako akordio zabalak behar dira. Kontrakoa iruzur politikoa litzateke”, amaitu du Zabaletak.

Jarraian Marian Beitialarrangoitiak hartu du hitza testuinguru politikoaren inguruan aipamen batzuk egiteko. Bere interbentzioan estatuan dagoen egoera eta aldaketarako ezintasuna eta Euskal Herrian zabaldu diren aukerak jarri ditu mahai gainean, horren aurrean urratsak egiteko aukera eta beharra azpimarratuz.

“Nafarroan ikusten ari den bezala -esan du diputatuak- hemen eta orain aukera paregabeak daude jausi kualitatibo bat emateko eta etorkizunari begira agertoki berri bat irekitzeko, Euskal Herritik Euskal Herrira. Hortik dator EH Bilduk bai PNVri, bai Podemosi bai eragile sozial eta sindikalei egiten dien ekarpena eta proposamena.”

“Erabakiak hartzeko ordua da, ezkutatu gabe, aitzakiak bilatu gabe,... Herri honek akordio zabalak, integralak, anbizioz beterikoak behar ditu. Europara begira kokatu behar gara eta ez Madrilek eskaintzen digun irtenbiderik gabeko agertokira. Baldintzak daude, baliabideak daude, indar korrelazioa dago... Bakarrik falta da azaltzea horretarako borondaterik dagoen”, esan du Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk ezagunak diren hiru ardatzen inguruan akordio zabalak, etorkizun akordioak errazteko borondatea berretsi du, eta hiru ardatz horiek zehazten dute bere posizioa alderdien artean dauden elkarrizketetan eta horren gainean zehaztuko du aurkeztuko duen proposamen sakonago bat, beti ere urratsak egiteko atal sozialean zein ekonomikoan, hiritarren burujabetzan, bakea eta elkarbizitzan, gobernantzan eta etorkizuna eraikitzeko eta bermatzeko kontuetan.

Amaitzeko, adibide bezala, fiskalitatearen gaia jarri du. “Akordio zabalak lortzearen premiaz ari garelarik, atzoko egunez Euskal Finantza Kontseiluak emandako informazioa adibide garbitzat har dezakegu: zerga bidezko diru-bilketaren emaitza oso txarra izan da, %7ko aurreikuspena izatetik %3ra, hau da erdira baino ez baita iritsi, aurreikusitakoa baino 473milioi euro gutxiago jasoko dira. Honek eskatzen du sakoneko erreforma fiskal bat adostea, urgentea justua, progresiboa eta ekitatiboa, herritar guztien ongizate gizartea bermatzeko finantziazio eta iraunkortasun ereduaren baitakoa” amaitu du Marian Beitialarrangoitiak.

Pasa den astean hezkuntza sektoreak ezezko argia adierazi zion Espainiar Gobernuak inposatu nahi duen LOMCE legeari. Hala ere, aipatu behar da hezkuntza sektoreko hainbat eragileren artean (ikasle sindikatuak, guraso elkarteak, sindiketuak etab.) tira bira ugari izan zirela urriaren 26ko greba eta geldialdi deialdien aferarekin. Batzuek deialdiak babestu zituzten eta beste batzuek ordea ez babesteko erabakia hartu zuten. Baina kontu hauek alde batera utzita, begi bistakoa da Euskal Herrian gehiengo oso garrantzitsua dagoela LOMCE legea bertan behera gelditzearen alde eta hezkuntza sistema propio bat eraikitzearen alde.

Amasa Villabonan ere, erabatekoa da LOMCEren kontrako jarrera eta pasa den astean Fleming ikastetxeko Arroako eskolako atarian elkarretaratzea egin zuten hainbat ikasle, guraso eta irakaslek.

EH Bildutik bat egiten dugu gure hezkuntza sektorearen gehiengoarekin eta behar den leku guztietan (udaletan, Gsteizeko legebiltzarrean eta baita Madrilen ere) LOMCE legea indargabetzeko eskakizuna egiten jarraituko dugu. Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa eraiki eta garatzeko duen eskubidea ere aldarrikatzen jarraituko dugu eta zentzu horretan aurrera urratsak eman daitezen lan egiteko gogoz gaude.

Amasa-Villabonan eta inguruko herri eta auzoetan jatorri eta kultura ezberdinetako herritar ugari bizi dira. Askotan edo gehiegitan bertakoak diren herritarrek ez dute beraiengana gerturatzeko pausurik ematen, zurrumurruak eta aurreiritziak direla-eta.

Egoera horri erantzuteko Bizilagunak proiektua jarri zuten martxan duela bost urte. Bertakoak eta atzerritarrak mahaiaren inguruan biltzen dituen ekimena da. Beste herrialde batetik etorritakoen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko ezagutza sustatzeko eta aurreiritziak gainditzea da helburua. Aurten, azaroaren 13an egingo dituzte bazkariak, eta izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko. Horretarako, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidera idatzi edo 646057080 telefono zenbakira deitu beharko da.

Kirola da egitasmoaren aurtengo gaia: «Batetik, jatorri desberdinetako jendearen integrazioa bultzatzen du kirolak. Era berean, ordea, diskriminazio egoera ugari gertatzen dira alor horretan», adierazi du Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saileko teknikariak. Hori horrela, Euskal Herri osoko hainbat kirolarik bat egin dute ekimenarekin: Xabi Alonso eta Mikel Alonso, Leire Olaberria eta Iñaki Perurena, besteak beste.

Bostgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena Tolosaldean, eta urtez urte gora egin du parte hartu dutenen kopuruak. «Familia modu zabalean ulertzen dugu. Familiak ez ezik, lagun kuadrilak, pisukideak izan dira bazkarietan», azaldu du Moralesek. Tolosaldea guztiko herritarrek hartu dute parte ekimenean; iaz, 120 lagun izan ziren guztira, eta 15 bazkari egin zituzten. Bazkari horietan hainbat jatorritako familiak izan ziren: Euskal Herria, Nepal, Maroko, Afganistan eta Brasil, besteak beste. «Izugarria da familia horien artean sortzen den giroa. Bazkarira ailegatu baino lehen ez dute elkar ezagutzen, baina kimika handia sortzen da beren artean. Lagun bihurtzen dira asko, eta harremana izaten dute gerora ere», azpimarratu du Moralesek.

Bazkari horietako bakoitzean dinamizatzaile batek hartzen du parte: «Ezinbestekoa da dinamizatzailearen papera. Bi familien arteko bitartekaria da, eta bere eginkizuna da antolaketan laguntzea». Alaia Garmendia dinamizatzailea izan zen duela bi urte: «Oso esperientzia polita da, guztiz aberasgarria eta gomendagarria. Ekimenean parte hartzeko beste modu bat eskaintzen du».

Bestalde, Gipuzkoa Solidarioa, jaialdia ere antolatu da aurten Donostian: 

Ekimenean parte hartzen duten familia guztiak ezagutzeko Gipuzkoa Solidarioa jaialdia antolatu dute. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da azaroaren 26an, 17:00etan. ‘Atzerritarrak kiroletan’ gaia landuko dute antzerki bidez, eta www.muga.eu webgunean do 943321811 telefonora deitu behar da izena emateko.


Amasa Villabonako EH Bildutik, bat egiten dugu Bizilagunak proiektuarekin eta kultura, hizkuntza eta izaera aniztasunaren aldeko gure jarrera berretsi nahi dugu. Gure herrian bizi diren eta jatorria Euskal Herritik kanpo duten pertsonekiko begirune osoa adierazi eta aniztasun horrek gure herria aberasten duela aldarrikatzen dugu. Arrazakeria eta bazterketa tinko gaitzesten ditugu eta kulturartekotasuna inolako arazorik gabe biziko duen herri anitza izan nahi dugu. 

 

 

Hego Euskal Herrian, ELA eta Steilas sindikatuek mobilizaziorako deia egin dute “Euskal Herrian gure hezkuntza! LOMCEri ez! Heziberriri ez! Errebalidei ez! Murrizketei ez!” lelopean. EHIGE guraso elkarteak bat egin du deialdi horrekin. LAB sindikatuak ez du deialdiarekin bat egin eta Sortzen elkarteak, Ikastolek eta Kristau Eskolek ere ezezkoa adierazi dute. Hezkuntza Plataformen Topaguneak ez du nazio mailako posturarik hartu honekiko hezkuntza eragileen artean iritzi bateraturik ez dagoela argudiatuta.

EH Bilduren jarrera argia eta tinkoa da LOMCE eta Heziberriren kontra. Hau esanik, berresten gara, orain inoiz baino gehiago, Euskal Herrian oinarrizko Hezkuntza Akordio zabal baten beharra dugula. Izan ere, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko agenda propio, adostu eta bateratua behar beharrezkoa dugu.

Hau horrela, duela 3 ikasturte urriaren 12an hezkuntza eragile guztiek deitutako “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!” lelopean burututako mobilizazioaren ildoaren aldeko nahia azaldu nahi dugu gaurkoan. Elkarrizketa, elkarlana eta adostasuna. Beraz, EH Bildun gure borondatea aurkezten dugu berriz ere hezkuntza sietema propio, euskaldun, unibertsal, hezkidetzaile, inklusibo, parte hartzaile, anitz eta publiko berri bat eraikitzeren alde eta horretarako jarraituko dugun agenda eta bidea adostasunean hezkuntza mugimenduarekin partekatzeko. Hau adierazita, arestian aipatu euskal eragileek deitutako mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk.

Gipuzkoa Zutik mugimenduko bi kide legez kanpo atxilotzea egotzita, hiru ertzainen aurkako ikerketa abiatu du Donostiako Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak. Ekainaren 2an izan ziren atxiloketak, Donostiako Gipuzkoa plazan, errausketaren aurkako ekintzaileek bertan egindako bosgarren egunean: Ertzaintza plazan agertu zen goizez, eta identifikatzeko eskatu zien han zeudenei, baina protestaren partaideek uko egin zutela ikusita, bi lagun eraman zituzten poliziek, indarkeria erabiliz, ingurukoek orduan salatu zutenez. Kereila aurkeztu zuten atxilotuek, eta tramitera onartu du epaileak. Gipuzkoa Zutik-eko kideek salaketan deskribatutako ekintzak delitu izan daitezkeela adierazi du epaileak txostenean. Identifikatuta dauden hiru ertzainen jarduna ikertzeko diligentziak abian dira. Azaroaren 2an epaitegira agertu beharko dute poliziek. 

21 egunez plazan. Maiatzaren 29an hartu zuten mugimenduko kideek Gipuzkoa plaza, aldundiak Zubietan egin nahi duen errauste plantaren aurkako mobilizazio baten ostean. Azpiegitura hori sinbolo gisa hartuta, sistema ekonomiko eta politiko osoaren kritika egitea zuen xede mugimenduak. Protestak iraun zuen 21 egunetan tentsio une ugari izan zituzten poliziekin: ia egunero agertu ziren ertzainak zein udaltzainak kanpalekuan, protestariak identifikatzeko hasieran, eta plazatik edo Bulebarretik botatzeko gero.

 

Amasa Villabonako EH Bildutik, pasa den ekainean Gipuzkoa Zutik mugimenduaren baitan modu erabat baketsuan parte hartu zuten pertsonen kontra, Ertzaintzak (eta baita Donostiako Udaltzaingoak ere) izandako jokabidea salatu genuen eta beraz, ikerketa judiziala burutu izana berri pozgarria dela pentsatzen dugu. Ertzaintzaren jokabide bortitz eta oldarkorra guztiz ulergaitza izan zen eta bistan geratu denez, baliteke atxiloketa ilegalak ere egin izana. Bada garaia herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten EAEko polizia autonomikoaren jokabide antidemokratiko eta bortitzekin bukatzeko. 

 

Amasa-Villabonako Udalak, Lahar elkartearekin elkarlanean, seme-alaben ongizate eta garapena sustatu, gurasoei seme-alaben heziketan parte hartzeko ezagupen eta baliabideak eskainiz, ikastaroak antolatu ditu:
EDUKIAK

-Hazkuntza: Garapen ebolutibo fisikoa, afektibo-sexuala eta kognitiboa.

-Portaera: Arauak eta mugak, gatazken ebazpena, osasun ohiturak (loa, elikadura, higienea, adikzioen oinarriak).

-Emozioak: Adimen emozionala, zeloak eta gatazkak, autoestima, adiskidetasuna eta giza harremanak.

-Komunikazioa: Komunikazio motak, entzute aktiboa eta bestelako teknikak.

-Aisialdia: Baliabide komunitarioak, teknologien erabilpena: TB, interneta, bideo jokoak.

-Eskola: Ikaskuntza, ikas teknikak, bullynga, familiaren eta eskolaren arteko parte-hartzea eta elkarlana.

 

IZEN-EMATEA Urriaren 27an amaituko da, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan, 2. pisuan.

 

TALDEAK

1 Taldea: 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta. Euskaraz. Azaroak 2, 9, 16, 23 eta 30. Udaletxeko balio anitzeko gelan, 14:30-16:00.

2 Taldea: 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta. Gaztelaniaz. Azaroak 2, 9, 16, 23 eta 30. Udaletxeko balio anitzeko gelan, 16:30-18:00.

Igande honetan Viana eta Lodosa herrietan ospatuko da Nafarroako ikastolen aldeko Nafarroa Oinez jaia eta Villabonatik joan etorria autobusez egiteko aukera izango da. Tolosako Galtzaundi euskara elkarteak eskualdeko herritarrentzat autobusa antolatu du eta Villabonan ere egingo du geldialdia. Zehazki goizeko 8:50ean Olaederra kiroldegi aurreko geltokian hartu ahal izango da autobusa eta izena emateko Zubimusu ikastolako zentroko eraikineko idazkaritzara jo beharko da. Autobusaren prezioa 10 edo 12 eurokoa izango da eta itzulera 19:00ak inguruan izango da. Aurtengoan ere egun osoko egitarau oparoa antolatu da eta jatekoa, pailazoak, musika etab. ez dira faltako. Webgune honetan duzue informazio guztia: NafarroaOinez2016

Amasa Villabonako EH Bildutik, Nafarroan euskarak aurrera egin dezan ikastolek egiten duten lana goraipatu nahi dugu eta batez ere Nafarroako hegoaldean edo erriberan ikastolak ezinbestekoak dira gure hizkuntzaren biziraupena bermatzeko. Beraz, aurtengoan ere Nafarroako ikastolen aldeko jaira joateko gonbidapena egiten dizuegu. Anima zaitezte!

 

Hemen duzue Galtzaundi elkarteak antolatu duen autobusaren berri emateko argitaratu duen kartela:

Tolosaldea oinez content 2

Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak Gizarte Politikako Foru Diputatu den Maite Peñari gaur Batzar Nagusietan leporatu dio “Foru Aldundia ez dela betetzen ari ez Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusten zen plazen sorrera, ezta Maparen garapenerako planak jasotzen duen konpromiso ekonomikoa ere”. Horrek, eskaeraren igoerarekin batera, EAJ-PSEren gobernuaren lehen urtean itxoite zerrendak %25 handitzea ekarri du”. Zentzu horretan, Foru Gobernuak “lehentasunak markatu” behar dituela nabarmendu du: “hondartzaraino metroz joatea edo pertsonak zaintzea. Dirua egon badagoelako, arazoa da zertan gastatzen den”.

Batzar nagusiak

Gipuzkoako Batzar Nagusien aretoa

Foru Aldundiak irailaren 7an egindako agerraldian, testuinguru elektoralean, 2016tik 2019ra 300 plaza sortzeko egindako proposamena dela eta, Merinok salatu du “helburu horrek atzera pausua suposatzen duela aurreko legealdian egindako apustuarekin alderatzen badugu”. Merinok azaldu duenez, aurreko legealdian Zaharren egoitzaren Mapa adostu zen Eusko Jaurlaritza eta Diputazioaren artean, eta mapa horretan adineko egoitza zein eguneko zentroetan 2016an eta 2017an 228 plaza sortzea aurreikusten zen. Hau da, Mapan ia-ia bi urtetan lortzea planteatzen zena orain Foru Gobernua lau urtetan lortzea planteatzen ari da. Merinok salatu duenez, “argi eta garbi murrizketa baten aurrean gaude”.

Merinoren ustez, jokabide hau ondorioak izaten ari da. Izan ere, itxoite zerrendak %25 egin du gora EAJ-PSEren gobernuaren lehenengo urtean. EH Bilduren batzarkideak azaldu duenez, gorakada izugarri horretan bi faktorek eragin dute: “alde batetik, eskaerak gora egitea, baina, bestaldetik, foru gobernuaren aurreikuspen falta eta Gizarte Zerbitzuen Maparekiko konpromiso falta”.

Maparekin konpromiso eza ez da berria, zeren eta Gizarte Politikako Foru Diputatu Peña andreak, legealdiaren helburuak aurkeztu zituenean, esan zuen adinekoentzako egoitza zein eguneko zentroetan 236 plaza sortuko zituztela lau urtetan, esan bezala, Mapak soilik bi urtetan 228 sortzea aurreikusten duen arren. Beste aldetik, datorren urteko aurrekontuan Mapak eskatzen duen 9 miloi euroko gehikuntza zalantzan jarri du Foru Diputatuak. Halaber, Merinok salatu du badirela egoitzetako langileak lan hitzarmenetan jasotako 2016ko hobekuntzak kobratzen ari ez direnak, Foru Aldundiak enpresei ez dielako ordaindu.

 

2016ko irailari dagozkion azken langabezia datuak kaleratu ziren pasa den astean eta oraingoan ere ez dira datu positiboak izan Amasa-Villabonan, 2016ko ekainetik sei pertsona gehiago baitaude langabezian (langabezia tasak %0,2 egin du gora). Gure herrian guztira 369 pertsona daude langabezian baina kontuan izan behar dugu kopuru hori "erregistratutako langabezia" dela hau da, Lanbiden izena emanda dauden pertsonen kopurua soilik jasotzen duena. Beraz, zihurtasun osoz esan dezakegu langabeziaren datu errealak hortik gorakoak direla, asko baitira arazoi ezberdinak medio, Lanbiden izena ematen ez duten pertsona langabeak. Amasa Villabonako langabezia tasa %12,23koa da egun, eta Gipuzkoako (%11,5) eta Tolosaldeako (%12) tasen gainetik jarraitzen du. Dena den, 2015eko datuekin konparaketa eginez gero, enpleguari dagokionez 2016 urtea ez da txarra izaten ari, 2015eko irailean langabezia tasa %14,8koa baitzen eta beraz, errekuperaketa kontuan hartzekoa izan da.

lanbide

 

Amasa Villabonako EH Bildutik, beti kezkaz ikusten ditugu langabezia datuak eta gure gizarteko lan esparruan aldaketak egitea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Ezin gara konformatu espainiako lurralde atzeratuenetan baino langabezia tasa txikiagoa izatearekin, gure herrian bizi diren pertsona guztiek lan egiteko eskubidea dute eta langabezia zero (edo langabezia "teknikoa" deiturikoa) izatera iristea izan behar da helburua. Zentzu honetan Lanbide erakundeak egiten duen lana ez da nahikoa izaten ari, langabezian dauden pertsonei lan merkatuan sartzeko laguntza askoz hobea eskaini behar zaie, laguntzak integrala izan behar du, formakuntza aukera pertsonalizatuak etab. eskainiko dituena eta arlo horretan asko dago hobetzeko Lanbiden. Arazo hauei aurre egiteko EH Bildu koaliziotik proposamen berriak aurkeztuko dira datozen hilabeteetan.

 

Azkenik, langabeziari aurre egiteko hilabete honetan Tolosaldea Garatzen erakundeak martxan jarriko duen "Enplegunea" egitasmoari ongi etorria eman nahi diogu. Tolosaldean langabezia egoeran dauden pertsonek enplegua aurkitu dezaten egitasmo oso interesgarria da eta datorren urriaren 26 eta 27an izango dira saioak Tolosako Lehiberri zentroan. Guztira 60 lan eskaintza baino gehiago izango dira bertan.

Hemen duzue Tolosaldea Garatzen-ek argitaratu duen informazio kartela:

enplegunea kartela2016 1       

Errauste plantarik nahi duten edo ez galdetuz, herri galdeketa egin dute pasa den asteburuan Usurbilen eta Zubietan. Emaitza argia izan da, botoa eman dutenen %97,9ak ezetz erantzun du.
%43,6k hartu zuen parte Usurbilen, 2.318 lagunek; eta %64,7k Zubietan, 244 herritarrek. Eta argi hitz egin dute: ez dute nahi errausketa plantarik eraikitzerik. Eta ez beraien herrian bakarrik, orohar baizik. Izan ere, galdeketak eraikuntzagatik galdetzen zuten orokorrean, eta ez beren bizitokien inguruetan eraikitzeaz. Honela zen galdera: "Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?". Eta erantzuna garbia izan da: Usurbilen %97,9ak ezetz esan du, eta Zubietan %99,5ek.

usurbil2

Usurbilko galdeketaren irudia

Datua kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egin nahi du galdeketak antolatu duen Erraustegia Erabakia plataformak. Emaitzarekin oso pozik agertu dira plataformako kideak, eta instituzioek kontutan hartu beharko lituzketela uste dute. Horretarako bilera gaur bertan eskatuko dutela iragarri zuten atzo.

Herri ekimenez antolatu zuten galdeketa, eta egin ahal izateko sinadura bilketa ere egin zuten.


Amasa Villabonako EH Bildutik, lehenik eta behin Usurbil eta Zubietako herriak zoriondu nahi ditugu egin duten ariketa demokratiko eredugarriagatik eta Erraustegia Erabakia plataformari ere gure zorionik beroena helarazi nahi diogu, antolatutako herri galdeketa hauek izan duten arrakastagatik. Oso argi geratu da Usurbil eta Zubietako herritarren gehiengoak ezetz esaten diotela erraustegiari, eta gainera azpimarratu nahi dugu herritarrek ez dutela erraustegia ez Zubietan eta ezta beste inon ere eraikitzerik nahi. Honek, EAJ eta PSEk zuzendutako Gipuzkoako Foru Aldundiari galdera argi bat egitera bultzatzen gaitu: Erraustegia eraikitzea ez al da inposaketa?

Amasa Villabonan, EAJk behin eta berriz erabili izan du inposaketaren argudioa, pasa den legealdian EH Bilduko udal gobernuak ezarritako Atez Ateko hondakin bilketa sistemaren kontra, eta atez atekoaren kontrakoek egindako galdeketa politikoki erabili zuten inposaketaren ideia zabaltzeko. Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak autokritika ariketa sakon eta zintzoa egin zuen, eta atez atekoaren ezarpenean egindako akatsak onartu eta aitortu zituen. Herritar kopuru esanguratsu batek egindako eskaerari muzin egin zitzaion eta horregatik amasa-billabonatar askok inposaketa izan zela ondorioztatu zuten. Hori horrela izanda, Zubietan herritarren gehiengoaren iritzi eta erabakiaren kontra, erraustegi planta eraikitzea ez al da inposaketa? Gure ustez argi dago baietz. Gipuzkoak ez du erraustegirik behar eta gainera herritarrek ez dute nahi. Asko izan dira azken hilabeteetan erraustegia eraikitzearen kontra garatutako ekimenak: Erraustegiak herritarren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak salatzeko sortu diren mediku taldeak, beren seme alaben osasunak arduratuta ehunka gurasok sortu duten GuraSOS plataformaren ekimenak, erraustegiaren aurkako mugimenduak egindako dozenaka mobilizazio, Gipuzkoa Zutik bezalako fenomenoen sorrera, akanpadak, giza-kate jendetsuak... Guzti honi ez al zaio kasurik ere egin behar? hondakinen kudeaketan, EAJ eta PSEk herritarren hitza kontuan izan behar zela aldarrikatzen zuten Gipuzkoako Aldundian EH Bilduk gobernatzen zuenean, eta orain zer? EH Bilduk Aldunditik egindako planak inposaketa ziren, eta orain berriz "kudeaketa" hutsa? Herri galdeketak EAJ eta PSEri interesatzen zaienean soilik errespetatu behar al dira? 

EAJ eta PSEri herritarren hitza kontuan har dezatela exijitzen diegu. Zubietako erraustegiaren proiektua momentuz behintzat bertan behera utzi, eta Gipuzkoa osoan eztabaida publiko eta zabal bat abiatzea eskatzen dugu. Hondakinen kudeaketarena arazo teknikoa da neurri oso handi batean, eta interes politiko jakin batzuk direla medio, gaia politizatu eta aurkari politikoa higatzeko erabili izan da. Gure ustez, inora ez garamatzan liskar politiko-mediatiko honekin bukatu behar da, gaiari serioski helduz eta zentzuzko eztabaida bat garatuz. Gu konbentzituta gaude birziklatzean aurrera egiten dugun neurrian, Gipuzkoak ez duela erraustegirik beharko, eta hondakinen bestelako hainbat tratamendurekin arazoari irtenbide integral bat aurkitzea posible dela pentsatzen jarraitzen dugu.  

Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioak bat egiten du datorren urriaren 15ean Donostian, gaixorik dauden euskal presoen askatasuna eskatuko duen mobilizazioarekin. Sare erakundeak antolatu du manifestazioa eta #SalatzenDut leloa erabiltzen ari da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak aske egon behar dutela aldarrikatzeko.

Legedia internazionalak argi dio egoera honetan dauden pertsonak kartzelatik irten behar direla beharrezkoa duten tratamendua jasotzeko, baina kasu honetan ere, espainiar eta frantziar gobernuek euskal preso politikoei aplikatzen dieten kartzela politikek ez dituzte irizpide humanitarioak aplikatzen, mendeku itsuarenak eta eskubideen zapalketarenak baizik. Beraz, EH Bildu koaliziotik eskubide urraketa hauen aurrean herritarrak mobilizatzea eta espainiar eta frantziar estatuei kalean presioa egitea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Guztira hamar euskal presok pairatzen dute gaixotasun larri edo sendaezin bat eta guztiek kalean egon behar lukete. "Aski da!" esateko garaia da.

Urriaren 15ean denok Donostiara!

 

Hemen duzue manifestazio honen deialdia zabaltzeko SARE-k kaleratu duen kartela:sare manifa donosti

 

 

 

 

 

 

 

Amasa Villabonako EH Bilduk Pepe Rei Kultur elkartearekin elkarlanean, "Kazetari kanaia" ikerkuntza kazetaritza proiektuaren aurkezpena antolatu du. Aurkezpena datorren asteazkenean izango da arratsaldeko 19:30etan Gurea zineko erakusketa aretoan.

Igor Meltxor, idazle, ikerlari eta "Kazetari kanaia" edota El periodista canalla webguneko zuzendaria izango da hizlari nagusia eta ikerketa kazetaritza egitasmo honen aurkezpen publikoa egingo du. Bertaratzen direnei aipatutako webgunearen nondik norakoak azaldu, eta bertan argitaratzen diren ikerketa erreportaiei buruzko hitzaldi motz bat eskeiniko die Meltxorrek eta horrekin batera Pepe Rei kultur elkarteak egiten duen lanaren berri ere emango du.


EH Bildu koaliziotik, edozein gizartetan ikerketa kazetaritzak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Demokraziak eta instituzio publikoek behar bezala funtziona dezaten, ezinbestekoa da kazetari eta ikerlari independienteak egotea eta hauek botere politikoak garatzen duen jarduna etengabe kontrolatzea. Horrela soilik bermatu daiteke korrupzio kasuak eta erakunde publikoen gestio politiko ustelak argitara ateratzea. Ikerketa kazetariak izan dira historikoki ustelkeria eta korrupzio kasu gehienak aurkitu eta publikoki salatu dituztenak eta Euskal Herrian ere mota honetako kazetaritza egiten duten elkarteak egotea albiste oso pozgarria da dudarik gabe. EH Bilduko kideok ez dugu beldurrik, urteetan hainbat erakunde publiko garrantzitsu kudeatu ditugu eta ez da EH Bilduko kideen aldetik korrupzio kasu bakar bat ere egon (espainiar komunikabideetako kazetariek EH Bilduri jarraipen bereziki estua egin dioten arren). Guk ez ditugu erakunde publikoak gure edo gure lagunen poltsikoak betetzeko inoiz erabili eta horregatik ikerketa kazetariek gure jarduna kontrolatzeak ez digu inolako enbarazurik egiten.

Guzti horregatik, Amasa Villabonan "Kazetari kanaia" egitasmoaren aurkezpena antolatzea erabaki dugu eta gonbidapen zuzen bat egin nahi diegu Amasa Villabonako herritar guztiei asteazkenean arratsaldeko 19:00etan zineko erakusketa aretora gertura daitezen. Anima zaitezte!  

 

Hemen duzue EH Bildutik argitaratu dugun deialdiaren kartela:

kartela kazetari kanaia

 

 

 

 

Azken urteetan egin den bezalaxe, aurtengoan ere Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeagatik eta web guneak euskaraz egiteagatik diru-laguntzak eskainiko ditu. Dagoeneko abiatu da eskaerak aurkezteko epea eta urriaren 31n bukatutako da. Diru-laguntza horiei buruzko informazioa nahi duenak, Villabonako Udaleko web orrian edo Euskara Zerbitzuan bertan izango du eskuragai.

Informazio gehiago: Telf: 943693501 / e-posta: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Amasa Villabonako EH Bildutik diru laguntza hauen egokitasuna berresten dugu eta gure herriko kaleetan dauden errotuluak euskaraz jartzeko deialdia egiten dugu. Hizkuntza paisaia ere faktore garrantzitsua izango da gure hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. Bestalde, web guneak euskaraz egiteak duen garrantzia ere azpimarratu nahi dugu, euskarak sarean duen presentzia handitzeak ere asko laguntzen duelako euskararen etorkizuna bermatze aldera.  

Pasa den ekainean Giltzarria adierazpena plazaratu zuten Tolosaldeko hainbat aurpegi ezagunek eta Tolosaldea osoan hautetsontziak zabaltzeko eguna iragarri zen: 2017ko martxoaren 19a. Bada, bost hilabeteren faltan, erabakiaren motorra piztu dute jada eskualdean, eta motor horixe aurkeztu dute, Tolosako Topic zentroan.

Guztira, 38 gizon-emakumek osatuko dute herri-galdeketaren prozesua sustatzeko batzordea, eta haiek izango dira bizilagunen ahots eta belarri. Batetik, 28 herrietako bakoitzak ordezkari bana izango du batzorde sustatzailean eta, horrez gain, Gure Esku Dago koordinakundeko lau dinamizatzaile ariko dira, eskuz esku, eurekin. Azkenik, Tolosaldeko herritarrek erreferentziazko sei izen eta aurpegi izango dituzte, erabakiaren aroari ekiteko: talde motorreko kideak.

"Tolosaldeko biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena, eta gure parte-hartzerik gabe prozesuak ez du zentzurik", azaldu dute Oihana Iguaran eta Iker Ariznabarreta talde-motorreko kideek. Eurekin batera, seikotea osatuko dute Periko Peñagarikanok, Marijo Esnaolak, Mikel Artolak eta Ioseba Mateosek, eta martxora bitarteko bidean eman beharreko pausoak iragarriko dizkiote eskualdeko gizarteari.

ekainak4 GED

Tolosaldeko Giltzarria aurkezteko ekainaren4an Tolosan egindako agerraldi jendetsua

"Guztion artean handia egitera goaz!", halaxe nabarmendu dute. Eta, horretarako, batzorde sustatzaileko 38 kideek bi eginkizun nagusi izango dituzte esku artean:

Tolosaldeko herritarren sinadurak biltzea izango da lehena, horrek bermatuko baitu, datorren martxoaren 19an galdeketa antolatu eta egin ahal izatea: "Galdeketa baldintza egokietan eta berme osoz aurrera eramatea da gure eginkizuna, eta Gure Esku Dagok herri-galdeketetarako mamitutako protokoloa baliatuko dugu horretarako. Horregatik, herritarren babesa behar dugu, bestela ez baita galdeketarik izango". Giltzarriak datozen egunetan jakinaraziko du sinadura-bilketaren hasiera-data.

2014ko ekainaren 8an giza-kateak sortutako ilusio kolektibo hori Tolosaldean berpiztea izango da batzorde anitzaren jomuga, "guztiok baikara beharrezko, etorkizuna elkarrekin irudikatzeko".

Horrela, beraz, elkarlanerako dei eginez, iritzi eta pentsaera guztien garrantzia azpimarratuz biribildu dute agerraldia: "Pentsatzen duzuna pentsatzen duzula, zure iritzia garrantzitsua da. Gu gara giltzarria, gure esku dago!

Hemen duzue Tolosaldeko talde sustatzaileko kideek argitaratu duten bideoa: https://youtu.be/nFNAPhDw8rQ 

 


Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria eman nahi diogu datorren martxoaren 19ko herri galdeketari begira abiatu den egitasmo osoari eta Tolosaldean berau garatzeko eratu den talde motorrari. Espero dugu abiatuko den sinadura bilketa kanpaina eta martxoaren 19ko herri galdeketa bera, Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bidean urrats sendoa emateko baliagarria eta eraginkorra izatea eta Amasa Villabonako ezkertiar eta independentistok ilusioz eta gogotsu helduko diogu erronka honi.

Gure etorkizuna guk geuk erabaki nahi dugu! Aurrera Tolosaldeko Giltzarria! eta martxoaren 19an denok hautestontziak betetzera!

 

  

 

2015eko inauterietako liskar batzuen harira atxilotu zituzten Unai Sukia, Aitor Tolosa eta Ibai Julian tolosarrak. 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko zigor ekonomikoa eskatu dute beren aurka, eta epaiketaren zain daude orain. 

Tolosako 3 gaztek

Amasa-Villabonako EH Bildutik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu hiru gazte tolosar hauei eta Ertzaintzak burututako muntaia polizial lotsagarri hau gogor salatzen dugu. Ezin dugu polizia autonomikoaren aldetik gazteria independentistaren kontrako horrelako portaera errepresiborik onartu. Bestalde, Tolosan sortu den "Gazteok kalean" plataformari ere gure babes osoa adierazten diogu. Azkenik, epaiketak hiru pertsona hauen absoluzioa eta kasuaren artxibatzea ekar dezala espero dugu. 

 

Hemen duzue ataria.info webgunean argitaratu den elkarrizketa:

Zer pasa zen gau hartan? Nondik dator zuen aurkako auzia?

Aitor Tolosa: Inprenta tabernan, liskarren bat egon zen, eta horregatik etorri zen polizia. Liskar hori bukatu zenean, Herrikora gerturatu ziren poliziak. Tenkatu egin zuten egoera, eta kargatu ere egin zuten. Liskarra, ustez, bukatu egin zen: gero, ordea, ertzain ugari etorri ziren eta Herrikotik aterarazi zuten jendea. Ni eta Unai [Sukia] atxilotu gintuzten, eta ondoren, Ibai Julianen etxera joan ziren bera atxilotzera.

Ibai Julian: Ertzainen 4-5 patruila etorri ziren, 25 ertzain inguru: guztiz neurrigabea izan zen. Ez dakigu zer lortu nahi zuten Herrikora hurbiltzearekin: egoera tenkatu zuten eta ondoren atxiloketak egin zituzten: selektiboki eta bi ordu beranduago. Esan ziguten lehenagotik ezagutzen gintuztela, baina hiruretako inork ez dauka aurrekaririk. Nola dakite, adibidez, non bizi naizen ni?

 

Komisarian igaro zenuten gaua. Zer pasa zen ondoren?

A.T.: Deklaratu egin genuen, eta baldintzapeko askatasunean libre utzi gintuzten, baina hilabetean bi aldiz sinatzera joan behar izan dugu Tolosako epaitegira. Abokatuari esker, hilabetean behin joaten gara orain.

I.J.: Fiskalaren eskaera formala iritsi zaigu orain. Guztira, 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko isun ekonomikoa ezarri digute. Defentsa eskaera egiteko idatzia ailegatu behar zaigu orain, eta 10 eguneko epea izango dugu gure defentsa aurkezteko: froga fisikoak, lekukoak, etab. Behin hori aurkeztuta, epaiketa 3-4 hilabeteren barruan hastea aurreikusten dugu, baina ez daukagu data zehatzik.

 

Gazteak Kalean plataforma aurkeztu zenuten aurreko astean. Zer da salatzen duzuena?

A.T.: Muntai polizial baten aurrean gaude. Selektiboki aukeratuak izan ginen: ertzainen testigantzak soilik hartu dituzte gure aurkako frogatzat. Unai [Sukia] eta ni agertzen garen argazki bat, kasu: liskarra hasi baino lehen trago bat hartzen ateratzen gara argazkian. Beraien helburu bakarra gazte mugimendua zapaltzea izan da: argi dugu muntai polizial baten aurrean gaudela, eta beren helburu bakarra Tolosako gazte mugimendua zapaltzea izan da. Horren harira, sortu dugu Gazteak Kalean plataforma.

 

Zein helburu ditu plataforma horrek? Zer lortu nahi duzue?

Unai Sukia: Alde batetik, gure aldeko presio soziala eragitea da helburu nagusia. Ez iritzi publiko bat sortzea soilik, kalean, gazteen eta herri sektore ezberdinen konpromisoen bitartez, gure aldeko postura zabaltzea. Bestetik, etekin politikoa atera nahi diogu egoera horri: gure aurkako auzia ez da kasu isolatua, eta beste hainbat kasu daude adibidez, Tolosari soilik erreparatuta ere. Esate baterako, Ezpala gaztetxeko utzaraztean parte hartu zuten 50 gaztei isun ekonomikoa jarri diete. Era berean, ikusi dugu gazte mugimenduan gabezia handia zegoela alor antierrepresiboari dagokionez, eta gure aurkako auzia aprobetxatu nahi izan dugu borroka hori martxan jartzeko. Gure borroka amaitu eta gero, ordea, mugimenduak nolabaiteko jarraipena izatea nahi dugu, bestelako kasuei erantzuteko.

 

Zein dinamika izan duzue orain arte? Zein urrats emango dituzue?

U.S.: Plataforma duela bi aste aurkeztu bagenuen ere, udara hasieran hasi ginen lanean. Udara hasieran, abokatuak konfirmatu zigun epaiketa izango genuela, eta antolatzen hastea erabaki genuen eta gure auziaren aurka borrokatzen hastea.

I.J.: Moskeo kanpaina bat egin genuen herrian gure kasua zabaltzeko, eta duela bi aste aurkeztu genuen Gazteak Kalean plataforma. Dagoeneko bi bilera egin ditugu eta jende ugari gerturatu da. Pixkanaka-pixkanaka hasi gara martxa hartzen; lan-talde komunikatiboa eta ekonomikoa martxan daude dagoeneko, mobilizazioak antolatzen gabiltza, kamisetak egiten, etabar.

 

Zer balorazio egiten duzue?

U.S.: Balorazio ona egiten dugu. Plataformaren batzarretan 30 pertsona inguruk hartu dute parte, jendea gogotsu eta borrokatzeko prest agertu da. Argi dugu injustizia bat dela, eta jendea kontziente da horretaz. Lana egiteko eta borrokatzeko gogoarekin gaude, eta gure esku dago, hein handi batean, gure absoluzioa lortzea. Oihartzuna izaten saiatuko gara bazter guztietan, ez Tolosan soilik. Zentzu horretan, mugimendu hori ez da herri mailako gauza: Tolosan elkartzen gara, baina irekia da. Ateak irekita daude edonorentzat, lanerako eta laguntzeko prest dagoen edonorentzat. Zentzu horretan, gazte mugimenduko eta herri mugimenduko kideek, beren espazioetan beraiek ahal duten neurrian ematen diguten laguntza ongi etorria izango da. Edozein konpromiso keinu, gure arazoa jakinarazteko aukera ematea, diru laguntzak lortzeko kontzertuak antolatzen laguntzea... dena izango da ongi etorria.

 

 

 

 

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: