Albisteak
Amasa Villabonako EH Bildutik, Gabonen testuinguruan haur eta gaztetxoei jolas edo jostailu ez beliko eta ez sexistak oparitzearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu. Askotan konturatu ere egin gabe, gizarte honen zurrunbiloan sartuta, mutilen eta nesken arteko rolen bereizketan sakontzen dugu egiten ditugun opariekin eta horrek etorkizunerako markatu ditzakete haurrak. Uste dugu gai honekin kontzientziazio eta sentsibilizazioa egitea behar beharrezkoa dela eta lan horretan erakunde publikoek lidergoa hartu behar dutela, gizarte eragileekin elkarlanean.
Horrela, Villabonako Udalak gai hau lantzeko, kanpaina publiko eta zabal bat garatzeko konpromisoa har dezan, mozioa aurkeztu dugu datorren abenduaren 18ko Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu dadin.
Hau da Amasa Villabonako EH Bilduren udal taldeak mahai gainean jarri duen mozioa:
Amasa Villabonako EH Bildu Udal-taldeak, jolas ez sexisten inguruko kanpaina jorratu dadin honako ebazpen proposamena aurkezten du, Villabonako udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin:
ZIOA:
Gabonak, beste gauza askoren artean, jolas eta oparien salerosketarako garaiak izaten dira. Data hauetan, jolas mordoarekin egiten dute topo gaztetxoek. Honek, gainera, beraien baloreen garapenean eragin handia izaten du.
Egun, kontsumismo basatira bideratutako egunak bilakatu dira Gabonak. Merkatal gune handiak jendez lepo egoten dira eta iragarkien bidez erosketa etengabeak egitera gonbidatzen edo bultzatzen da jendartea. Gainera, jolas beliko eta sexistak dira nagusi edozein jolas-markaren webguneetan edota iragarkietan. Hain zuzen, jolas hauek, jendarte sexista baten eredua bultzatzen dute zeinetan neskak zaintzarako eta eder egoteko objektu bezala hezi nahi dituen eta mutilak subjektu aktibo eta bortitzak izateko. Jostailuek, etorkizunean eraiki nahi dituzten emakume eta gizonen rolak aldez aurretik ikasteko prozesua zabaltzen dute, eta honen baitan aktibotasuna, zaintza, elkartasuna, elkarren arteko errespetua... guztientzako baliagarriak diren roltzat jotzen ditugu; balio hauek dira indarrean jarri beharrekoak jolasen bidez ere, hain zabaldua dauden indarkeria eta sexismoaren gisako balioak baztertuz.
Gaztetxoek jasotzen dituzten opariek umeengan inplizituki, balore konkretu batzuk sustatu eta euren arteko desorekak ekar ditzakete. Alegia, bitarteko ekonomiko handiagoak dituen familia batek jolas gehiago izango ditu, eta beraz, horrek umeen artean diskriminazio egoerak sortzeko arriskua du.
PROPOSAMENA:
1.- Amasa Villabonako udalak, Gabonetako testuinguruan, ondorengo ezaugarriak izango dituen kanpaina publiko bat diseinatu eta garatzeko konpromisoa hartzen du:
- Kontsumismo basatiari aurre eginez, jolas belikoak eta sexistak ekidin, eta jolas hezkidetzaile eta ez sexisten, eta balio arduratsuen aldeko kanpaina publiko bat izango da. Kanpaina honek ahalik eta ikusgarriena izan behar luke, udalak herritarrengana iristeko dituen tresna eta baliabide anitzak erabiliko dituelarik; bideo edo spot-ak, esku orriak, kartelak, publizitate panel handiak, iragarkiak komunikabideetan, sare sozialak...
- Udalak, kanpaina publiko eta zabal hau, Amasa Villabonan jarduten duen kontsumitzaile elkarte, eskoletako guraso elkarte eta Oria merkatari elkartearekin partekatuko du. Elkarte hauek ere jolas ez sexisten aldeko subjektu aktibo izateko helburuarekin.
2.- Amasa Villabonako udalak, aipatutako kanpaina honen helburu bera izango lukeen kanpaina zabal bat garatzeko eskaera egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Era berean, kanpaina hau Gipuzkoa osoko kontsumitzaile elkarteekin eta herri zein eskualdeetako merkatari elkarteekin partekatu dezala eskatzen du. Azkenik, Amasa Villabonako udalak kanpaina hau Gipuzkoa osoko merkatal gune handietan ere zabal dadila eskatzen dio Foru Aldundiari.
Amasa Villabonan, 2017ko abenduaren 13an
Jakitun gara, gainean ditugun aurtengo Gabonetan kanpaina txukun eta behar bezalako bat diseinatu eta martxan jartzea oso zaila izango dela, baina mozio honen bidez gutxienez datorren urtera begira, udalak lanketa txukun bat egitea da lortu nahi duguna. Gai honek gizarte osoari eragiten dio eta egokiena erakunde publiko nagusietatik (Jaurlaritza edo Foru Aldunditik) sentsibilizazio kanpaina zabal, orokor eta indartsuak egitea izango litzateke, baina hori egiten ez den bitartean, udalek heldu beharko liokete.
Udalari konpromisoak eskatzeaz gain, EH Bilduk bere kabuz landuko du gai hau eta Gabonen testuinguruan dinamika xume bat jarriko du martxan. Uste dugu etorkizunean gizarte patriarkal hau irauli ahal izateko, gaurtik hasi behar dugula sexismoari eta bazterkeriari aurre egiten.


EH Bildutik argitaratu ditugun karteletako batzuk
Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren ordezkari nagusiak diren Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion oso kritiko azaldu dira Iñigo Urkulluk zuzendutako PNV-PSEren Eusko Jaurlaritzarekin. EH Bilduko bozeramaileen ustez, legealdiko lehenengo urtea aukera galduen urtea izan da, Urkulluren xedea jada ez delako Europan euskal nazioa eraikitzea, Espainian autonomia moldatzea baizik. EH Bilduk, dena den, akordio integrala eskaini du berriz ere Estatuarekiko egungo harreman eredua gainditzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko.
EH Bilduk duela urtebeteko hauteskunde kanpainan herri akordio zabal eta aurrerakoia eskaini zuela gogora ekarri ostean, tamalez PNVk PP eta PSErekiko aliantza zaharren aldeko apustu egin duela salatu dute, “eta horrek Europa aurreratutik urrundu eta Espainia zaharkitura hurbiltzen gaitu”. Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirreren iritziz, “Jaurlaritzak kaskarkeria kudeatzen du, ez du anbiziorik, errealismoa etsipenarekin nahasten du eta herri ikuspegi estrategikoa falta zaio; hori emaitza logikoa da bere aliatuak PSE eta PP baldin badira, betikoa betikoekin egiten badu”.
Iriartek salatu duenez, “bidaide horiekin eta PPren politikak bere eginez, Urkullu eta PNV Espainian ainguratzen ari dira arlo politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Euren helburua ez da, dagoeneko, euskal nazioa Europan eta herri aurreratuenen pare, baizik eta autonomia Espainian, eta hori oso larria da, ondorioak, ekonomikoak eta mota guztietakoak, herritarrak pairatzen ari direlako”.

Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, legebiltzarrean eskaini zuten prentsaurrekoan
Horri jarraituz, Miren Larrionek azpimarratu du Urkullu ez dela gai euskal gizartearen zati garrantzitsuekin, legebiltzarreko 2. eta 3. indarrekin, akordioetara iristeko, baina bai tematzen dela, ordea, alderdi unionistekin adosten, PP eta PSErekin, hemen gutxiengo direnekin. Horren haritik, erantsi du, “mundu mailan herri askok aurrera egiten duten bitartean, betikoa betikoekin egiteak atzean gelditzea dakar, eta hori da hemen gertatzen ari dena”.
Ohartarazi duenez, atzerapausoak nabarmenak izaten ari dira hezkuntzan eta osasunean, non kalitatea izugarri jaitsi den murrizketen ondorioz; enpleguan, soldatek azken lau urteotan behera egin baitute etengabe; industrian, arlo horretan funtsezkoa den ikerketan eta garapenean egiten den inbertsioa etengabe jatsi baita, urtez urte, Urkullu Lehendakaritzara heldu zenetik. “Inbertsio horrek estrategikoa izan beharko luke Jaurlaritzan, baina parametro espainoletara hurbiltzen ari gara Europako batez bestekotik urruntzen ari garen bitartean. Euskal gizarteak ahalmen eta gaitasuna du Europako onenen artean egoteko, baina horretarako ezin dugu betikoekin betikoa egin”.
“Legealdiko lehenengo urtea, beraz, alferrik joan zaigu”, ondorioztatu du Jasone Agirrek, baina, hala eta guztiz ere, PNV eta Podemosi egindako eskaintza integrala berretsi du “hori delako herri honek duen bide eta aukera bakarra jendearen ongizatea eta autogobernua bermatzeko”. Agirreren irudiko, “borondatea baldin badago, denbora dago oraindik akatsak zuzentzeko eta Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialak norabide egokian jartzeko”.
Autogobernuari dagokionean akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, betiere Estatu espainolarekin dugun harreman eredua aldatzeko. “Harreman eredu berria behar dugu, berdinen artekoa, Urkulluk nahi duena esan dezakeelako, baina egungo ereduari ezin zaio aldebikotasuna deitu. Giltza Madrilek dauka, eta akordioak betetzen dira Gobernu espainolak hala nahi badu bakarrik, bere baldintzak jarrita. Hori ez da aldebikotasuna, xantaia baizik; hori harreman toxikoa da, ezinbestean aldatu beharrekoa”.
Batzuk manifestaziora joateko espreski antolatutako tren berezietan, beste hainbat ostiral gauean Villabonatik irten zen autobusean, bazen hegazkinez joan zenik ere, eta beste batzuk beren auto edo furgonetan, dozenaka izan ziren 900 kilometroko bidea egin ondoren, pasa den larunbatean Parisen izandako amasa billabonatarrak.
Manifestazioaren antolakuntzan aritu ziren Bake Artisauek emandako datuen arabera, guztira 11.000 pertsona inguru bildu ginen Parisko Montparnasse plazan, ondoren erdiguneko hainbat kale zeharkatuz, kilometro terdiko ibilbidea egiteko. Zanpantzarrak, dultzainak, kazetariak, aurpegi ezagunak (tartean ziren EH Bilduko Maddalen Iriarte, Josu Juaristi edota Pello Urizar, ELAko Txiki Muñoz, José Bové ekologista frantziarra, Rafa Diez, Fermin Muguruza... ), ELA eta LAB sindikatuetako edota Aintzina gazte erakundeko banderak, milaka ikurriña eta presoen gerturatzea eskatzen duten banderolak, Bake Artisauen banderak etab. Parisko tenperatura hotzari aurre eginez, giro bikaina zegoen manifestazioaren irteera puntuan.

Montparnassen, manifestazioa hasi baino lehen
Manifestazioa atzerapenarekin hasi zen, irteera gunera oraindik jendea iristen ari baitzen, bitartean zanpantzarrak eta musikariak giroa berotzen aritu ziren. Txalo zaparrada handi batek iragarri zuen manifestazioaren hasiera, eta plaza hartan denbora luzez egon ondoren, azkenik abiatu zen mobilizazioa, "Euskal presoak etxera!" zen gehien entzuten zen ohiua. Momentu hartan kaletik zebiltzan paristarrek, harridura aurpegi nabarmenarekin begiratzen zioten milaka euskal herritarrek osatutako jende uholdeari. Manifestazio buruan, Bakearen Artisauak eta Ipar Euskal Herritik joandako kolore guztietako aordezkari politikoak zihoazen eta beraien atzetik Etxerat elkarteko senideak, beren betiko zapi eta banderolekin.

Ipar Euskal Herriko hautetsi eta ordezkari politiko esanguratsuenak manifestazio buruko pankartan

Atzetik, milaka euskal herritar kaleak leporaino betez
Kilometro terdiko ibilbidea burutu ondoren, manifestazio amaierako ekitaldia egingo zen plazara heldu ginen. Bertan zegoen Fermin Muguruza, Bad Sound Sistem eta beste hainbat musikari gainean jotzen ari ziren bitartean manifestazio osoa atzetik aurrera zeharkatu zuen eszenatoki bilakatutako kamioi erremolkea. Plaza jendez bete zen segituan eta amaiera ekitaldia hasi zen. Jean-René Etchegaray, Lapaurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako lehen erakunde publikoa den Euskal Elkargoaren presidenteak txalo zaparrada handia jaso zuen bere hitzartzea hasi baino lehen. Etchegarayk mobilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen eta presoen sakabanaketa eta urruntze politikarekin amaitzeko eskatu zion Frantziar Gobernuari. Ondoren Bake Artisauen ordezkariek hartu zuten hitza eta hauek ere txalo zaparrada bero batez agurtu zituen Paris erdiguneko plaza hartan bildutako jendetzak. Ekitaldia amaitu bezain pronto, Fermin Muguruza eta Bad Sound Sistem-eko musikariak Sarri-Sarri kanta ezaguna jo zuten, jendea pozez zoratzen, dantzan eta saltoka hasi zen, giro paregabearekin amaitu zen mobilizazio historiko hau.

Manifestazioaren amaierako plaza jendez gainezka
Mobilizazioa amaituta, jendea Paris erdiguneko kaleetatik sakabanatu zen, denak pozik eta harro, egun ahaztezina izateaz gain, mobilizazio hau euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurri bidegabeekin behin betiko amaitzeko inflexio puntu garrantzitsua izango denaren jakitun. Hori da guztion esperantza, Frantziako agintariek euskal herritarron ahotsa entzutea eta lehen urrats bezala, frantziar espetxeetan dauden euskal presoak lehenbailen hurbiltzea. Jakina da hori ez dela behin betiko konponbidea izango, baina oso garrantzitsua litzateke, lehen aldiz espainiar estatua bakarrik geratuko litzatekeelako bere kartzela politika ankerrarekin.
Villabonatik irtendako autobusean joandakoak, manifestazioa amaitu ondoren Eiffel dorre ezagunaren aurrean
PNV-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoarako osatu duen Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da gipuzkoarrontzat, eta ez du balio enplegu duina sortzeko, ezta herritarrek behar dituzten gizarte zerbitzu duinak eskaintzeko ere. 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu asetzen beraz, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak. Horregatik, EH Bilduk aurrekontuei osoko zuzenketa egitea erabaki du. Horretaz gain, 85 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu, guztira, 58 milioi euro ukitzen dituztenak. Zuzenketa proposamen hauek bereziki, gizarte politikak eta ekonomiaren sustapena indartzera bideratuta daude.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoan behar handiak daudenean ezin da ulertu, are gutxiago onartu, Gipuzkoako Aurrekontu propioa 18,6 milioitan soilik igotzea eta Madrili ordaindu beharreko kupoa 104,2 milioi igotzea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, Aurrekontu propioa %2 igoko da; Udalen Fondoa %4 eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaioen ekarpena, %6. Aldiz, Estatuari ordaindu beharreko kupoa % 42 igoko da! Aurreko urteko 246,9 milioiren ordez Espainiari 351 milioi ordaindu behar izateak, dirutza hori Gipuzkoan ezin inbertitzea dakar. Dirutza hori oso ondo etorriko litzateke politika sozialak hobetzeko edo ekonomia sustapenean inbertitzeko.
“Etsipenez ikusten dugu, beste urte batez ere, Foru Gobernu honentzat Gizarte Politika ez dela lehentasuna eta atzera pausu nabarmenak daudela. Horregatik proposatzen dugu departamentu horrek aurreko legealdian lortu zuen inbertsio maila berreskuratzea datozen bi urteetan, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 49,39a izatea. Datorren urterako gehikuntza horri esker,hainbat hobekuntza finantzatu ahal izango dira, adibidez, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan Aldundiak egin dituen murrizketak (3 milioi) edo adinekoen egoitzetako 200 plaza berrien irekiera.

Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Era berean, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da, eta datorren urterako Aurrekontu proiektuan baliabideak izoztu egiten dira. Horregatik, EH Bildutik zuzenketa partzialen bitartez, 2,4 milioi euro gehiago eta beste 700.000 euro enpresa txikiak, ertainak eta mikroenpresak laguntzeko bideratzea eskatu dugu.
Horrekin batera, zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar direla azpimarratu du Xabier Olanok, eta horretarako milioi bat euroko gehikuntza proposatu du. Era berean, ingurumena, elikadura burujabetza eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du EH Bilduk bere zuzenketa partzialetan eta adostasun garrantzitsuetara iristeko borondatea duela erakutsi du.
Amasa Villabonako EH Bilduko Udal-Taldeak ekimen berri bat abiatu du aste honetan; Udalen autonomiari eta udalek dituzten konpetentziei kalte izugarria egiten dien "Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa" salatzea, Espainiar Gobernuari legea indargabetzeko eskaera ofiziala egitea, eta guztiz bidegabea den lege honen ondorioak pairatu dituzten udalei elkartasuna adieraztea, dira EH Bilduren iniziatiba honen helburu nagusiak. Horretarako, pasa den asteartean, abenduak 5, udaleko idazkaritzan Mozio bat aurkeztu zuten gure zinegotziek, datorren abenduaren 18an izango den udaleko Osoko Bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatua izan dadin.
Gure ustez, garrantzitsua da Amasa Villabonako udala ere, Madrilgo gobernutik PPk inposatu digun lege honen aurka, argi eta garbi eta ofizialki posizionatzea. Lege hau guztiz murriztailea eta neoliberala da, herritarren ongizatearen eta udalerriek dituzten beharren gainetik jartzen baitu defizit sakrosantua.
Hau da Amasa Villabonako EH Bilduko udal-taldeak aurkeztu duen Mozioaren eduki osoa:
AURREKONTU-EGONKORTASUNARI BURUZKO LEGEA INDARGABETZEA
Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen aplikazioa eta haren garapenak ezartzen dituen mugak Tokiko Erakundeen, beren eskumenen eta erakunde horiek izatearen aurkako zuzeneko erasoak dira eta udalgintzari oso kolpe gogorra eragiten diote. Lege horrek izaera bir-zentralizatzaile nabarmena du, herritarren zerbitzura dauden administrazioen funtzionamendua murriztu eta mugatu egiten du neurri handi batean, eta udal asko eskuak lotuta eta herritarren premia larrienei erantzuteko ahalmenik gabe geratzen dira.
Lege horren aplikazioa guztiz desberdina da toki-korporazioek erregistratzeko garaian jasotzen duten tratuari dagokionez; izan ere, toki-korporazioek beti aurrekontu-orekan aurkeztu behar dute, baina autonomia-erkidegoetako eta estatuko administrazioei defizit fiskalak aurkeztea ahalbidetzen zaie, eta, beraz, jarduteko marjina handiagoa dute. Azken batean, Lege horrek ezarritako eta Lege horretatik eratorritako betebeharrek egiaztatzen dute Toki Erakundeak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanik, Estatu Espainolaren egiturazko krisi-egoera ordaintzen ari direla sistema publikoaren kaltetan eta finantza-sektorearen eta eliteen interesen mesedetan argi eta garbi.
Hortaz, bir-zentralizazio politiken eta muturreko herstura ekonomikoko politiketatik eratorritako murrizketa sistematikoen aurrean, ezinbestekoa da, alde batetik, arau-autonomia eta arau-ahalmen handiagoa ematea udalei, eta, bestetik, udalak ez behartzea kutxan superabitak metatzera inbertitzeko gaitasunik izan gabe, edo superabit horiek zorra amortizatzeko erabiltzera behartzea. Toki Erakundeek gizarte-kohesioa bermatzeko, tokiko produkzio-sarea sendotzeko, langabezia murriztuko duen ekonomia-jarduera sortzeko eta okerren igarotzen ari direnei laguntzeko behar baitituzte baliabide horiek.
Europako herrialde guztietan aldaketa instituzionalak, eta, batez ere, gobernuaren toki-mailari dagozkionak toki-autonomia indartzera bideratuta daude; aitzitik, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea kontrako norabidean bideratuta dago.
Adierazitako guztiagatik, Amasa Villabonako Udalak honako hau erabaki du:
1.- Amasa Villabonako Udalak ez du onartzen Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onartu eta aplikatu zuen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren edukia.
2.- Amasa Villabonako Udalak, espainiar Gobernuari Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea indargabetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatzen dio, premiaz eta lehenbailehen. Gure udalak bat egiten du eta elkartasuna adierazten die Madrilgo udalari eta baita espainiar Estatuak toki-autonomia urratu dien Hego Euskal Herriko udalei ere.
Amasa Villabonan, 2017ko abenduaren 5ean
Momentu honetan estatuak martxan jarri duen inboluzio demokratikoari aurre egitea helburu duen hitzarmen bat eskaini die EH Bilduk PNVri eta Elkarrekin Podemosi. "Herri izaerako konpromisoa, salbuespenezko une batean" izenburupean aurkeztu du EH Bilduk proposamena, eta, horren bidez, Nafarroan eginiko itunaren tankerakoa gauzatu nahi dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Gainerako bi indar politikoek hala onartuz gero, EH Bildu prest agertzen da Jaurlaritzaren eta hiru herrialdeetako aldundien egonkortasuna eta gobernabidea bermatzeko, eta beharrezkoa balitz baita Gobernu ardurak hartzeko ere.

EH Bilduko zuzendaritza eta aurpegi ezagunak bildu ziren proposamenaren aurkezpen ekitaldian.
EH Bilduk eskaintza honen aurkezpen publikoa egin zuen pasa den ostiralean Bilbon. Hiru ardatz ditu testuak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi bozeramaileek azaldu zutenez: autogobernua, eskubide sozialak eta bakegintza. Ditugun desadostasunak ez ditugu desagerrarazi nahi; bat gatozen horietan adostasunak finkatu eta, hortik abiatuta, aurrera egitea litzateke helburua.
Autogobernuaren alorrean, atxikimendu askean eta aldeen arteko berdintasunean oinarritutako harreman bat nahi du EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren artean, eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean oinarrizko akordio bat lortzea proposatzen diegu PNVri eta Elkarrekin Podemosi. Halaber, gure nahia da autogobernuaren eraikuntzarako ereduan, eragile sozialek, ekonomikoek eta akademikoek parte hartzea bermatua izatea. Funtsean, eskaintza honek «autonomiaren markoa gainditzen du», Maddalen Iriarteren arabera.
Eskubide sozialei dagokienez, EH Bilduren asmoa ongizate gizartearen oinarrian dauden zutoinen inguruan akordioak artikulatzea da, era horretara, pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko. Ados jartzeko alor zehatzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, kalitatezko enplegu duina, zerbitzu publikoak, sektore produktiboak eta zerga justuak. Bakegintzan, berriz, biktima guztiak aintzat hartuko dituen egia, justizia eta erreparazioa lortzeko plangintzarekin gainditu nahi ditugu gatazkaren ondorioak: preso eta iheslariei dagokienez, bide orri argi eta eraginkor baten bidez amaitu nahi dugu, presoek eta beren familiek pairatzen duten salbuespenezko trataera juridikoa; Iriarteren hitzetan, «betiere, gure memoria historikoari begiratu sakona emanez eta espiritu autokritikoa eta enpatikoa izanda besteen sufrimenduarekin».

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegik egin zuten proposamenaren aurkezpena
Bide luzeko eskaintza
Honakoa ez da proposamen koiunturala, bide luzekoa baizik, eta irekiko diren agertokien aurrean hobeto prestatuta egoteko akordioa dela pentsatzen dugu. Ildo horretan, Nafarroako Gobernua babesten duen hitzarmena jartzen dugu adibide gisa: Alderdi politiko batzuek beren herritarrak errespetatzen ez dituztenean, aniztasunaren aurka aritzen direnean, konpromiso serioak eta errealak har daitezkeela erakutsi dute Nafarroako aldaketaren aldeko indar politikoek.
Aurkezpenaren bideoak (euskaraz eta gaztelaniaz)
https://www.youtube.com/watch?v=cpBVnpF5JXU&feature=youtu.be
https://www.youtube.com/watch?v=yToT7WD5Vn0&feature=youtu.be
Gurasoen eta haurren artean euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin astebetez, euskaraz bakarrik jarduteko konpromisoa hartu dugu Fleming ikastetxeko gurasoek. Erronka horretan parte hartu nahi duten gurasoei arropan jartzeko txapak doan banatu zaizkie.



Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartan parte hartzen duten eragileek ekitaldi bat egin zuten pasa den asteartean Gasteizko, Mendizorrotzan, “Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!” leloarekin. ELA sindikatuko Txiki Muñoz eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan ziren ekitaldiko hizlari nagusiak, beste hainbat ordezkariren artean. LABeko ordezkariaren hitzetan, Eusko jaurlaritzak 2018rako aurkeztutako aurrekontuak “ez dira burujabeak, ez dira sozialak eta ez dira parte hartzaileak”.
Aurrekontuak zein testuingurutan aurkeztu dituzten azaldu zuen lehenik Garbiñe Aranburuk. Inboluzio bikoitzaz hitz egin behar dela aipatuz: soziala eta politikoa. “Krisi ekonomikoa esparru sozialean inboluzioan sakontzeko aitzakia paregabea izan da. Erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu izan zaizkigu, konstituzioa bera erreformatu zuten zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko. Orain arduradun instituzionalek eta baita patronalak ere, mezu lasaigarriak bidali nahi dizkigute. Errekuperazioaz hitz egiten digute, hazkundea bereganatzen dutenek, xoxak poltsikoratzen dituzte berberek. Prekarietate eta pobreziaz hitz egiten jarraitzen dugu hemen gauden sindikatu eta mugimendu sozialok, baita herritarren gehiengoak ere”, adierazi zuen.
Mendizorrotzako ekitaldian testuinguru politikoari ere egin zitzaion erreferentzia: “Inboluzio politikoaz hitz egin behar dugu. 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan da Estatua, birzentralizazioaren aldeko apustu argia agerian geratuz. Estatuak herri katalana eta bertako instituzioen aurka errepresioa erabili du. 155. artikulua, Espainiako Estatuaren norabide autoritarioaren adierazlerik nagusiena izan da. Guztiak balio du Espainiaren batasuna mantentzeko. Batasun hori guztiaren gainetik dago, baita horretarako eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenak ere zapaldu behar badira”.

Demokrazian bizi garela eta bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak bideragarriak direla askotan entzun izan dela ekarri zuten gogora Eskubideen kartako ordezkariek, eta baieztapen hori Katalunian gezur biribila dela agerian geratu dela salatu zuten: “Espainiako Estatuak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Eta guk erabakitzeko eskubidea nahi eta behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, burujabetzarik gabe”.
Ildo honetan, LABeko idazkari nagusiak jakinarazi zuen PNV eta PSOEk zuzentzen duten Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez dituela oinarrizko eskubideak bermatzen: “Osasuna, hezkuntza, babes soziala edota etxebizitza bermatzen ez dituzten aurrekontuak dira. Aberastasun banaketa orekatuagorik ekarriko ez duten aurrekontuak dira. Berriro ere, PNVren gobernuak aurrekontu neoliberalak nahi ditu. Elite ekonomikoen neurrira eginiko aurrekontu proiektua aurkeztu dute berriro ere”.
Diru bilketaren afera ez dela konpontzen azpimarratu zuten sindikatu ezberdinetako ordezkariek, eta ez dela euskal gizarteak behar duen zerga erreformarik egiten. Hain zuzen ere, zorraren ordainketak lehentasuna izaten jarraitzen duela salatu zuten:
-Zor publikoa amortizatzeko erabiliko duten dirua kenduta, hazkundea %1ean, BPGren hazkunde aurrikuspena baino nahiko beherago, urri.
-Politika publikoetara bideratuko den dirua ez da nahikoa, zerbitzu publiko eta prestazio sozialetan izandako murrizketak mantentzen dira.
-Enplegu eta politika sozialetara doan dirua oso urria da. Aurrekontuen %0,7 bakarrik.
-Aurrekontu hauek genero ikuspegia ez dute kontuan hartzen, zaintza lanek aitortu gabe jarraitzen dute.
-Garapen ekonomikoari dagokionez, AHTak jarraitzen du apustu nagusiena izaten eta bertara bideratzen da diru gehien.
Gainera, aurtengoak ere ez dira aurrekontu parte hartzaileak: “Langileoi hitza eman ezkero, aurrekontu hauek ez ziren posible izango. Aberastasuna langileok sortzen dugu gure lan indarrarekin, eta gero eta zati handiagoa eramaten du kapitalak. Langileok zilegitasun eta eskubide osoa dugu sortzen dugun aberastasuna nola banatu erabakitzeko. Eztabaida eta erabakien parte izan nahi dugu”.
Akordioei dagokienez, PNV, PSE eta PPren babesa bilatzen ari dela kritikatu zuten gehiengo sindikaleko bozeramaileek: “Testuinguru politikoa kontuan hartu gabe eta ohiko negoziaketa moduan planteatu nahi da aurrekontuen akordioa, baina badakite ez gaudela ohiko testuinguru batean. Guretzat ez da bateragarria, erabakitzeko eskubidea defendatzen duela esaten duen alderdi batek, erabakitzeko eskubidea, inboluzio demokratikoaren bidetik ukatzen duten alderdiekin akordioak egitea”.
Hau guztiagatik, aurrekontu hauek atzera bota behar direla adierazi dute denek. “Jarraitu behar dugu, salatzen, mobilizatzen eta interpelatzen. Badago aberastasun nahikoa eta beste aurrekontu batzuk posible dira”.
Ekitaldia amaituta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekintza sinboliko bat egin zen eta bertaratutakoek boto txartelekin bozkatzeko aukera izan zuten. Aurrekontu sozialak nahi dituztela adierazi zuten aho batez.

Ekitaldiaren ondoren, Gasteizko kaleetan zehar manifestazio bat egin zuten eragile guztiek, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak aldarrikatuz
Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, eskualdeko 28 herrietan egitasmo bateratua egin genuen igande eguerdian, eta azken asteetan entzun den "Tolosaldean euskarak 365 egun!!" leloa, hizkiz hizki osatu zen herri bakoitzeko plazetan. Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu zuen herri bakoitzak, eskualdea talde eginez. Izan ere, urte osoan barrena, euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi izan zuten, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek. Herri bakoitzak bere hizkia edota puntuazio marka osatu zuen, eta beraz, esaldia osatzea lortu zen.

Amasa Villabonan aipatutako eskaldiaren 3 zenbakia osatzea egokitu zitzaigun, Errebote plazan elkartzeko deia egin zen eta argazkian ikusten den bezala, parte hartu zuten dozenaka herritarrei esker, 3 zenbaki hori, dotore osatzea lortu zen. Argazkia atera ondoren, Galtzaundik argitaratutako idatzia irakurri zen herri guztietan. Gure kasuan, testua zatitu, eta pertsona ezberdinek txandaka irakurri zituzten testuaren zati ezberdinak. Herriko ikastetxe, elkarte eta alderdi politikoetako ordezkariek irakurri zuten testua; Zubimusu ikastola, Fleming ikastetxea, Seaska haur eskola, Malkar aisialdi taldea, Alkateak eta EH Bilduko ordezkariak.
Hau da Galtzaundik osatutako adierazpena:
2017KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA
Euskara auzolan
Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez
Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugugure herrian, Amasa-Villabonan, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.
Ilusioa eta elkarlana behar dugu, gure bizitza egiten dugun toki guztietan, ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez.
Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Gure artean daude euskara bereganatu duten euskaldun berriak, denok ezagutzen ditugu. Gure artean ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hemen gaude euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen garenak… Eta honela Euskal Herriko bazter guztietan.
Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.
Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi handitzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.
Bide berriak, bide guztiak
Hala nahi zuen jokatu Lizardi handiak literaturgintzan. Hala behar du euskarak. Halaxe behar du euskalgintzak ere. Emankor gertatu dira, bistan denez, ibilitako bide asko. Eta elkarlana da emankortasun hori auzolanean areagotzeko giltzarria.
Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko.
Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntza bideak sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez.
Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz.
Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria.
365 egun
Musikari bakar batek ezin du orkestra oso baten doinua aldatu, zuzendariaren eta gainontzeko musikarien laguntza gabe. Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.
Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz.
Euskaltzaletasunaren sua indartuz nola gure herrian, Amasa-Villabonan ala Angelun, Barkoxen zein Barakaldon, Eltziegon eta Erronkarin.
Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izango da ala ez da izango.
Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunetan hala izan dadin lan egitea da. Auzolanean.
Euskara auzolana baita. ETA HEMEN ETA GUK EGIN EZEAN, NORK?
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia Martuteneko espetxean sartu zuten pasa den astelehenean, trafiko istilu baten harira Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako bi urte eta erdiko zigorra betetzeko. Iker Rokandio Pasaiako udaleko idazkari izandakoari ere, zigor berbera ezarri zioten.
Amasa Villabonako EH Bilduk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandiori. Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela orduan, eta irizpide bera izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan. Beraz, inori kalterik eragin ez zion trafiko arau-hauste bati lotutako liskar batenagatik bi pertsona kartzelatzea, neurrigabekeria galanta iruditzen zaigu.
Lehenbailehen Amaia eta Iker berriz kalean ikustea espero dugu. Animo eta eutsi!
Oriamendi auzoak 60 urte bete ditu aurten eta garai ezberdinetako auzotarrek festa dotorea antolatu eta ospatu zuten pasa den maiatzaren 1ean. Oraingoan urteurren hori gogoratzeko plaka bat jarri dute auzoaren erdiguneko iturrian.
Plaka ezarri ondoren, aurkezpen ekitaldi xume bat antolatu zen pasa den larunbatean. Plaka erakutsi aurretik, Juan Ignazio Sarasola auzokideak hartu zuen hitza eta gogoan izan zuen maiatzean egindako "egun eder eta polita". Era berean, gogoan izan zituen "urte zailetan beraien familia aurrera atera zituzten gurasoak. Gure oroimena eta esker ona eskaini genion guraso haiei. Egun hura ahaztuta geratu ez dadin, erabaki zen oroigarri bat auzoaren bihotzean kokatzea. Oroigarri hori izan dadila iraganeko lekuko eta etorkizunaren izarra".
Hitzak entzun eta gero, plaka erakusteko ardura auzoko zaharrenari, Jesusa Mendizabali, eta senar-emazte zaharrenei, Teodoro Mujikari eta Teresa Goyari egokitu zitzaien. Ondoren, dantzariek agurra dantzatu, eta ekitaldia amaitzeko familia argazkia atera zuten bertaratutakoek.
ARGAZKIAK:
Pasa den larunbatean Udalbiltzaren Batzar Nagusia egin zen Hernaniko Orona-ko antzokian. Euskal Herri osoko bazter guztietatik etorritako ehundaka alkate eta zinegotzik parte hartu zuten eta nola ez, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldearen ordezkaritza ere bertan izan zen. Batzarrak bi ordu inguruko iraupena izan zuen eta datozen urteetan Udalbiltza erakundeak zein norabidetan lan egingo duen zehaztea lortu zen.
Euskal Herriko (batez ere errealitate administratibo ezberdinetako) hautetsien eta Hegoalde-Iparralde eragileen saretze dinamikak aipatu ziren, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzien Bankua bultzatzea eta EHNA berrindartzea, gaur egungo egoerara egokituta.
Udaberrian hasitako "Udalbiltzan Bagabiltza" gogoeta prozesauri amaiera eman dio Udalbiltzak
Eztabaida prozesu aberats eta zabal honetan 600dik gora hautetsik parte hartu zuten eta Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotziek Tolosaldean egindako saioetan parte hartu zuten. Prozezuaren ondorioak biltzen dituen dokumentuan, Udalbiltza sortu zeneko 1999ko printzipioak berregokitzea proposatzen da, eta berregokitze edo aldaketa horiek bozkatu ziren pasa den larunbateko Batzar Nagusian.

Larunbatean Hernanin egin zen Udalbiltzaren Batzar Nagusiko ikuspegia
Bestalde, Batzarrak datorren hamarkadarako jorratuko diren lan ildo nagusiak zehaztu zituen. Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea, Udalbiltzako lehendakari gisa berretsia izan zen eta bere diskurtsoan, gaur egun Udalbiltza behar beharrezkoa dela eta datozen urteotan Euskal Herriaren kohesioan sakontzeko, lurralde poltika nazionalak egiteko eta Euskal herria Euskal Herriago izan dadin, beharrezkoa izaten jarraituko duela azpimarratu zuen. Intxauspek azaldu zuen Udalbiltzak egiten duen ikuspegi nazionaleko politika, ez duela beste inongo admnistraziorik egiten eta horregatik Udalbiltza tresna eraginkorra izan litekeela administrazizoen arteko politika bateratuak adosteko orduan. Intxauspek, Udalbiltzatik administrazioen arteko zubiak eraikitzen jarraituko dutela nabarmendu zuen eta Euskal Herri osoko hautetsi eta administrazioen arteko harremanetan sakontzen lan egingo dela, helburua Euskal Herri mailako lurralde politikak bultzatzeko sinergiak sortzea baita.
Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan 600 lagun inguruk parte hartu dute, gehienak hautetsiak baina baita hautesi ohi, gizarte eragile eta herriatarrak. Hautetsiak 201 herri eta 23 eskualde desberdinetakoak izan dira. Eskualdeka izan dira prozesuak, gehienetan 3 saiokoak; beste batzuetan buruz burukoen bidez. Guztira 50 saio eta 30 buruz buruko baino gehiago egin dira. Herrialdez herrialde, eskualdez eskualde.
Nazio Batzorde Eragile berria
Batzar honetan bertan bozkatu zen Udalbiltzaren Batzorde Eragile berria, eta partaideek bere babesa eman zioten lan talde eraberrituari.
Hamairu kidek osatzen dute: Nekane Garaigordobil (Legutioko alkatea), Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Izaskun Guarrotxena (Bilboko zinegotzia), Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea), Haizea Isasa-Mendez (Gamarteko zinegotzia), Patricia Perales (Iruñeko zinegotzia), Oihan Mendo (Garesko alkatea), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia) eta Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia). Maite Iturre, Baztango zinegotzia, lehendakariordea izango da.
Euskal Herri mailan, udalerrien eta herritarren artean elkartasun sare zabala osatzen duten egitasmo eta elkarlanak bultzatzeko konpromisoa agertu zuten Udalbiltzako Batzorde Eragileko kideek. Horrez gain, Udalbiltza erabilgarri eta funtzionalagoa izan behar dela aldarrikatu zen. Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagundu eta gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiaren lanketan lagunduko duen erakunde indartsua.
LUIS INTSAUSPE UDALBILTZAKO LEHENDAKARIARI ELKARRIZKETA
2016ko otsailean aukeratu zuten Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe (Hernani, Gipuzkoa, 1972), eta pasa den larunbatean karguan berretsi zuen Hernanin bertan izandako Udalbiltzaren Batzar Nagusiak. Gogoeta urtearen ostean, instituzioaren «erronkak» ditu mintzagai, baina «ilusioz» begiratzen dio geroari: «Lana, erronka handiak eta ilusioa dauzkagu, talde ona antolatu dugu, gauzak argi ditugu... beraz, lanera».
Zerorrek jarraituko duzu lehendakaritzan. Zein balorazio egiten duzu azken urte eta erdiaz?
2016an hasi ginenean, egitasmo batzuk martxan zeuden, eta guk horiekin lanean jarraitu dugu, baina hasieratik erronka nagusia izan zen Udalbiltzak gogoeta egin beharra zeukala, ikusten genuelako aukera berriak zabalduko zirela hurrengo urteetan, eta horietara egokitu behar zuela. Epaiketen eta arazo legalen fasea bukatu da; egun instituzio publiko eta nazional bakarra da, legezkoa, horrek segurtasun juridiko bat ematen dio, eta, beraz, zabaldu egin behar du, erronka berriei heldu behar die. Aztertzen ari gara, udalez gain, kontzejuek eta herriko etxeek parte hartzea. Horrek lurralde osoan hedatzea eragingo luke, eta instituzio guztiekin zubiak eraikitzea. Garai berri batean gaude, eta lan egiteko modu berri bat behar dugu.
Hautetsi, herritar eta eragileen iritziak jaso dituzue. Zein da Udalbiltzaz dagoen iritzia?
Hautetsien artean atxikimendu handia nabaritu dugu. Ia 1.000k osatzen dugu Udalbiltza, eta prozesuan parte hartu dute 471k. Gai batzuei buruzko eztabaidak mamitsuak izan dira. Herritarren ekarpenak puntualagoak izan dira, proiektu zehatzen ingurukoak; kasu askotan, Udalbiltza EHNArekin lotzen da. Eragile askok, berriz, Udalbiltzaren beharra ikusten zuten, instituzio publiko nazional bakarra izanik, administrazioen joskeran.
EHNAri buruzko kezka hautetsietatik dator? Edo herritarren ekarpenetatik?
Bileretan asko eztabaidatu da EHNAz, haren erabilgarritasunaz, funtzioaz, balioaz... presentzia handia izan du, lurralde guztietan, interesgarritzat jo da. Hautetsien eta herritarren aldetik ekarpen asko jaso ditugu gai horren inguruan. Hori da mahai gainean dugun erronketako bat, aztertu behar dugulako zer izan zen bere garaian; eta, berreskuratzen badugu, ikusi behar dugu nola, zergatik, zein baliabide behar diren, zertarako nahi dugun... Lehentasunetako bat da, eta lantalde berriak heldu beharko dio gaiari.
Erakundea sendotu beharra aipatu izan duzu, ekonomikoki nahiz hautetsi kopuruari begira.
Finantzaketa iturri nagusia partzuergoko kide diren udalen kuotak dira. Kuota sistema berrikusi da, antzeman baitugu orain arteko ereduarekin herri txikiek esfortzu handiagoa egiten zutela handiek baino, eta parekatu dugu ahalegin hori. Halere, uste dugu, instituzio publikoa izanik, beste erakunde publikoetatik finantzabideak landu beharko genituzkeela. Halaber, kideen aniztasuna indartu behar da, presentzia lurralde guztietan ahalik eta handiena izan dadin, eta hori modu praktikoan gauzatu behar da. Egun, kolore ezberdinetako kideak gaude, baina lan handiagoa egin behar dugu hor. Bada erronka bat, garai batzuk pasatu direlako eta lan ildoekin eta printzipioekin bat egiten duten udal hautetsi asko egon daitezkeelako.
2013an berrantolatu zen Udalbiltza. Bideaz aseta zaudete, edo gehiago espero zenuten?
1999an sortu zenean, babes politiko zabalarekin eratu zen, perspektiba oso handiekin. Beste garai politiko bat zen. Gerora zatiketa bat egon zen, prozesu judiziala... 2013an martxan jartzean, pentsatu zen Udalbiltza tresna baliagarria izan daitekeela, instituzio publiko nazional bakarra delako. Bagabiltza prozesua horretara dator; Euskal Herriaren elementu kohesionatzaile inportante bat da administrazioaren ikuspegitik. Hori da erronka: aniztasunean lan egitea eta izan zen haren ilusio eta helburuarekin jarraitzea. Ñabardurak ñabardura, printzipioak ez dira zalantzan jarri, eta printzipio horien gainean eraiki zen 1999an aniztasun politiko zabala. Historia gorabeheratsua izan dugu; horregatik diogu fase hori igaro dela, aukera berriak daudela mahai gainean.
2015eko bozen osteko mapa politikoaz zer iritzi duzu?
Gogoeta hasi genuenean, esan genuen helburuetako bat zela Udalbiltzaren egitekoa egungo egoerara egokitzea. 2015ean, aldaketa handia izan zen Nafarroa Garaian, gobernuan baina baita udal askotan ere. Lehen Espainiara begirako indarren nagusitasuna zegoen, eta orain Euskal Herriaren beste lurraldeekin elkarlanean aritzeko sentsibilitate bat dago. Eusko Legebiltzarrean, gehiengo bat dago Euskal Herria esparru gisa onartzen duena, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Euskal Elkargoa sortu da formalki. Urte luzeko prozesua izan da; subjektu politiko bat lortu da, baina ez da bukaera.
Zein ekarpen egin diezaioke Udalbiltzak une politikoari?
Errealitate horiek aukera ematen dute Euskal Herriko errealitate juridiko eta administratibo ezberdinek elkarrekin lan gehiago egiteko. Aldi berean, egia da administrazio bakoitza berera dagoela. Hortaz, Udalbiltza da lurralde guztietan hedatuta dagoen errealitatea, eta guk saretze hori osatu dezakegu; lagun dezakegu errealitate juridiko horien baturan.
Instituzioaren sendotasuna unean uneko emaitzetara baldintzatuta dago?
Hala ez izatea da erronketako bat. Esaten dugu Udalbiltza kolore politikoetatik haragoko instituzio publiko bat dela, irekia, eta ahalik eta pluralena izan behar duela, eta aniztasun horretan lanean jarraitu behar dugula. Gure erronka da, egitasmo zehatzen bitartez, proiektuekiko atxikimendua eta inplikazioa lortzea. Elkar ezagutu behar dugu; sarri, eskualde bateko herritarrok ez ditugu beste batzuetakoak ezagutzen. UPN edo PPrekin ez dugu ezer lortu, baina gainerako alderdiekin harremana zabaltzen joan behar dugu.
Zein harreman duzue Eudelekin, Euskal Elkargoarekin eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin?
Hirurekin elkartu gara, eta bakoitzarekin aztertu behar da zein proiektu motatan egin dezakegun bat. Nafarroan, tokiko entitateen maparekin ari dira, eta esan ziguten itxaroteko, baina badagoela aukera. Euskal Elkargoaren kasuan ere ideia ugari jarri dira mahai gainean, baina garatu, landu eta gauzatu behar dira.
Katalunian, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin harremanak landu dituzue, eta hango erreferendumean izan zineten, begirale.
Oso gertutik aztertu dugu Katalunian gertatzen ari dena. Oso rol garrantzitsua jokatu dute han hautetsiek, eta horiek koordinatzen jakin izan du AMIk. Uste dugu prozesuari begira eragile oso inportantea izaten ari dela. Azken batean, udal hautetsiak gara herritarrengandik gertuen gauden estamentua. Alde horretatik, eredugarria iruditzen zaigu udaletatik egiten ari diren lana, eta guretzat baliagarria da irakasgai moduan. Garrantzitsua da Euskal Herrian ere udalak saretzea eta antolaketa komuna aurrera eramatea. Erne egon behar dugu.
EH Bilduko Legebiltzarreko taldeak, Jaurlaritzaren aurrekontuei hobekuntza ugari planteatu dizkie, 222 milioi suposatuko lituzketen aldaketak, eta 68 milioi gehiago proposatu ditu konpromiso kredituen bidez. Hobekuntza hauek mahai gainean jartzerakoan, EH Bilduk lehentasuna eman die enpleguari, industriari, hezkuntzari, osasunari eta herritarren babes sozialari.
Duela egun batzuk iragarritako osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk zatikako 880 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak hobetzeko asmoz. Guztira, 222 milioi euro beste modu batean erabiltzea proposatu du, baita beste 68 milioi konprometitzea ere datozen urteotan enplegua, industria eta Ikerketa eta Garapen (I+G) politikak indartzeko.
Iker Casanovak legebiltzarkideak azaldu duenez, zuzenketa horien bidez EH Bilduk lau arlo lehenetsi ditu nagusiki. Lehenik eta behin, enplegua eta industria, arlo horietan 100 milioi gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk, industria funtsa sortzeko, krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten zonaldeak suspertzeko eta Ikerketa eta Garapena bultzatzeko.
Beste hiru ardatz nagusiak dira hezkuntza (44 milioi gehiago galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta berriak ere sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, haurreskoletan doakotasuna hedatzeko eta Unibertsitate Publikoaren finantziazioa igotzeko), osasuna (36 milioi gehiago lantaldeak indartzeko, ekipamenduak hobetzeko eta itxaron zerrendak murrizteko) eta babes soziala (50 milioi gehiago pentsiodunei, iraupen luzeko langabetuei eta gizarte larrialdiei erantzun egokia emateko). Halaber, EH Bilduk proposatu du Gobernu espainolarekin hitzarmen berria sinatzea orain Abiadura Handiko Trenera bideratzen diren 156 milioiak benetan beharrezkoak diren azpiegituretan inbertitzeko, trenbide, portu eta aireportuetan behar diren hobekuntzak egiteko.
Iker Casanovak azpimarratu du koalizioaren zuzenketek frogatzen dutela “gauzak beste modu batean egin litezkeela, Jaurlaritzak ausardia eta ikusmen estrategikoa izango balu”. Tamalez, erantsi du, ez da horrela, Urkulluren Gobernuak “egonkortasuna paralisiarekin nahasten duelako, errealismoa konformismoarekin”. Horren emaitza dira aurkeztu dituen aurrekontuak, “txarrak, nahikoa diru ez dutenak, ikuspegi estrategikorik gabekoak”. Casanovak salatu duenez, Lakuako aurrekontuak “akordio politiko txar baten ondorio dira, prozesu birzentralizatzaile batean dauden eta demokrazia zapaltzen ari diren 155. artikuluko alderdiekin egina”. Are gehiago, 2018 aurrekontuetan dago “etorkizuneko aurrekontu txarren jatorria, akordio horren atzean eskuineko kontrarreforma fiskal atzerakoi bat dagoelako, eta horrek behar diren diru-sarrerak ez lortzea ekarriko du”.
Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidek Osasun sailburuari gogorarazi dio bai pribatizazioa, bai autokontzertazioa eskuinaren betiko neurri zaharrak direla, eta horrek ez duela arazoa konpontzen, herritarren arteko desberdintasunak handiatzea dakarrelako.

Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidea, Darpon osasun sailburuari azalpenak eskatzen
EH Bilduk Osakidetzan itxarote zerrendak laburtzeko Osasun Sailaren plana kritikatzen du, planak “neurri interesgarri batzuk” jasotzen dituen arren, funtsezko proposamenak ez direlako batere onargarriak. Zehazki, autokontzertazioa eta pribatizazioa aipatu behar ditugu, eta gogorarazi nahi dugu bi neurri horiek erakutsi dutela ez dutela ezertarako balio. Osakidetzak autokontzertazioa proposatu du osasun zentroetan arratsaldeko txandak indartzeko; hau da, langileek euren ordutegitik kanpo lan egin dezatela, aparteko ordu-extra gisa. Proposamen horren aurrean EH Bilduko Otamendik, Darpon sailburuaren burutazio hori "peonadak" proposatzea dela salatu du. Arratsaldeko txandak indartu nahi izanez gero, lanpostu berriak sortu behar dira, oinarrian dagoen arazo larria, benetako arazoa, pertsonal falta nabarmena delako.
EH Bilduren iritziz, gaixoak sistema publikotik sare pribatura bideratzea ez da itxarote zerrendak laburtzeko bidea. Horren haritik, gogora ekarri nahi dugu Osakidetzako zerbitzu-buru batzuek, itxarote zerrendak kudeatzeko ardura dutenek, alegia, arratsaldez klinika pribatuetan lan egiten dutela. Osasun sailburuak aurkeztu duen planak ez du ezer aipatzen profesional horiei buruz eta sortzen den galdera automatikoa hauxe da: Nolatan gera daiteke zerrenda horien antolaketa profesional horien esku, ondoren beraiek izango badira gaixoak euren klinika pribatuetara deribatuko dituztenak?.
Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du abenduak 30eko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 26.000 langile ingurutik %70 baino gehiagok egin du greba. Jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin bat eginez milaka lagun irten da kalera Hezkuntza Publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.
Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek behin eta berriro mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak:
• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.
• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
• Ikasle-ratioak %10 murriztea. • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea
(gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).
• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.
• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa,
aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.
Hezkuntza Sailari irakasleon eta Hezkuntza Publiko osoaren egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diote irakasleen gehiengo zabalaren ordezkariak diren ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek.
Hautsak harrotzen jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektuak (Amasa Villabonari ere eragingo dio aldaketa horrek); nola harrotzen, gainera. Oposizioko alderdiak EH Bildu eta Ahal Dugu), eragiten dien herrietako udalak, ehunka erabiltzaile, zerbitzu hori ematen duten garraio enpresetako langileak eta sindikatuak… Guztiak aurrez aurre ditu PNV eta PSEren Foru gobernuak.
UGT sindikatuak duela bi aste ohartarazi zuen proposamenak lan gatazka iturri izateko tankera zuela, eta halaxe gertatu da. Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, “murrizketen kontra” elkarretaratzera deitu dute datorren asteazkenerako. Donostian, Julio Caro Baroja plazan egingo dute protesta, 11:00etan hasita.
Etor dakiekeenaren beldur dira langileak. “Uste baino askoz larriagoak dira planteaturiko aldaketak zein murrizketak”, adierazi zuten joan den astean Hernaniko udaletxean egin zuten agerraldian. “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, egun eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu edota izugarri murriztu” nahi izatea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela hizketan, eta, beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela”. Aldundia, ordea, kontrako norabidean ari delakoan daude. Gidariek hiru datu jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, hazten ari dela aurreproiektuak eragiten dion eremuko biztanle kopurua; bigarrena, autobus zerbitzu publikoaren erabilera handitzen ari dela eremu horretan (2015ean baino 130.864 bidaia gehiago egin ziren iaz); eta hirugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa dela autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Arrazoi horiengatik, langileek adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa “indartu” egin beharko lukeela eta “ez murriztu”.
Aldaketen ondorioak, erabiltzaileek ez ezik, langileek eurek ere jasango dituztela uste dute, gainera. “Langileok pairatuko ditugu murrizketa horiek modu bortitzenean” adierazi zuten autobus gidariek agerraldian. “Zerbitzuak kentzean, gutako asko sobera egongo gara, eta litekeena da 30 langilek baino gehiagok lanpostua galtzea”. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak eragiten dien langileen kopuru zehatza. “Baina ehun bat lagun izango ginateke, gutxi gorabehera”. Hortaz, aurreikusten dute lanpostuen herenak inguru arriskuan leudekeela. Gainera, salatu zuten aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien “lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea” eragingo luketela, eta “lan istripuen arriskua izugarri handituko” litzatekeela. “Badirudi ahaztu egiten zaiela pertsonak garela eta pertsonak garraiatzen ditugula, eta tamaina horretako murrizketek zerbitzuaren kalitateari kaltea besterik ez diotela ekarriko”.
Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen aldaketak herritarrentzat zein langileentzat “onartezinak” direla iritzita, borrokarako deia egin zieten autobusetako lankideei, eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetarako babesa eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. Buruntzaldeko eta Tolosaldeko erabiltzaileei esku orriak banatzen ari dira egunotan, foru aldundiaren asmoen eta haien ondorioen berri emateko.
Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteak deituta, eskualdeko 28 herrietan egitasmo bateratua egingo da aurtengo abenduaren 3an. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko zubia izantea da aurtengo Euskararen Egunarekin lortu nahi den helburua.
Tolosaldean, 28 herriek eskutik plazaratuko dute, Euskararen Nazioarteko Eguneko gogo eta aldarria: Tolosaldean euskarak 365 egun!!
Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu beharko du herri bakoitzak, eskualdea talde eginez: "Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu, eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen zerbait. Argi daukagu herri guztiok batera aritu behar dugula lan horretan ere: ahulak gara bakarka, baina, elkarrrekin, indartsuak".

Tolosan egindako agerraldian, Tolosaldeko ia 28 herrietako ordezkariak izan ziren (Amasa Villabonako udal gobernuko ordezkaririk ez zen izan), datorren iganderako deialdia iragartzeko. Izan ere, urte osoan barrena euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi dute, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek: "Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik nahi. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea".
Horrela beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak jarduera bateratu horretan parte hartzera deitu nahi izan ditu Tolosaldeko herritarrak.
Amasa Villabonan, 11:00etatik aurrera Errebote plazan:
Mekanismoa sinplea izango da. 11:30etan jendea bilduko da plazan, ondoren, Galtzaundi elkarteak egindako adierazpena irakurriko da. 12:00etan berriz, dagokion letra edo puntuazio hizkia gorpuztu beharko du herri bakoitzak. Amasa Villabonan 3 zenbakia osatu beharko dugu plazan elkartuko garen pertsona guztien artean. Ondoren, argazkia aterako da eta Tolosaldeko herri bakoitzeko argazkiak bateratuta, aipatutako "Tolosaldean euskarak 365 egun" leloa osatuko da.
Amasa Villabonako EH Bilduk erabat babesten du ekimen hau.
Guk ere euskaraz bizi nahi dugulako eta prest gaudelako norabide horretan konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko; gure jardun guztietan euskarari lehentasuna emateko, gure herria berreuskalduntzeko bidean neurriak hartzeko, hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko, euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko etab. Galtzaundik mahai gainean jarritako leloak dioen bezala, urteko 365 egunak izan behar baitira euskararenak. Azkenik, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei. Anima zaitezte!
Abenduaren 9a zita garrantzitsua izango da euskal presoen sakabanaketa behin betiko amaitzeko bidean, Frantziako Gobernuak euskal presoei aplikatzen dizkien salbuespeneko neurriak bertan behera utz ditzala eskatzeko deitu dute manifestazioa Ipar Euskal Herrian babes politiko eta sozial handia lortu duten Bakegileek, eta Hegoaldean Sare mugimendu herritarrak bat egin, eta parte hartzeko deia luzatu du. Deialdi hau Amasa Villabonan eta Aiztondo bailaran zabaltzeko asmoz, pasa den larunbat eguerdian dozenaka herritar elkartu ziren Amasako plazan eta bertan argazkia atera eta adierazpenak egin zituzten.
.jpg)
Bakegileek deialdia zabaltzeko argitaratu duten karteletako bat
Benetan garrantzitsua izango da Parisera ahalik eta jende gehien joatea, Frantziar Gobernuak argi ikus dezan beraiek ere erantzunkizun handia dutela euskal presoei ezartzen zaizkien sakabanaketa eta salbuespenezko kartzela politikan.
Autobusa Aiztondo bailaratik
Aiztondo bailaratik autobus bat betetzeko erronka ezarri dute Sareko kideek eta izena emateko zerrendak jarri dituzte Villabonako Amasa kafetegian eta Iratzar,Erreka eta Iru-Aldeta tabernetan.
Abenduaren 9ra bitarte beste hainbat ekitaldi ere egingo dira gurean deialdia zabaltzeko asmoz; hasteko, azaroaren 16an, osteguna, mobilizazioaren aurkezpena egingo da 20:30ean pleno aretoan.
Amasa Villabonako EH Bilduko kideok bat egiten dugu mobilizazio deialdi honekin eta parte hartzeko deia lutzatzen diegu herritar guztiei. Bada garaia euskal presoek eta beren senide eta lagunek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriekin eta sakabanaketa politikarekin behin betirako amaitzeko. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian kolore guztietako alderdi politiko eta gizarte eragileen artean lortutako akordio zabalak eredugarriak dira, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako gizarte zibilak ongi ulertu du honakoa giza eskubideen afera dela eta ez aldarrikapen alderdikoi huts bat. Beraz, Ipar Euskal Herrian lortu den batasun horrek, Parisko Gobernuari edo Frantziar estatuari presioa egiteak emaitza positiboak ekar ditzakeela uste dugu, eta behingoz gai honetan historikoki Frantziak Espainiar estatuari egin dion segidismoarekin amaitzeko baliagarria izango den mobilizazio baten aurrean gaudela sinesten dugu.
Horregatik bereziki garrantzitsua izango da datorren abenduaren 9an milaka euskal herritar elkartzea Parisen eta euskal presoen eskubideen gaia frantziar gizartearen eta agintarien agendan txertatzea. Sakabanaketarekin amaitzeko lehen urrats sendoa ematera goaz!
Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren aldebakartasuna eta langileen egoera prekarioa salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, 12:30etan Triangulo plazan egingo duten elkarretaratzea.
ELA eta LAB sindikatuetako kideez lagunduta, klinikako langileek prentsaurrekoa egin dute Tolosan. Pasa den azaroan klinikako zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpideetako lehena: «Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango esan zuten». Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek aldebakartasunez jokatzea egotzi diote zuzendaritzari eta, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela salatu zuten, soldatak izoztuta eduki dituztelako: «Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu», azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).
Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, urtean 1.670 orduko lan-jarduna osatzen dute, oso urrun daude asteko 35 orduetatik eta 2010. urteaz geroztik, ez da murriztu Asuncion klinikako langileen lan-jarduna.
Horrekin batera, pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasunak eta eguneroko lan-kargaren handitzea bizi dituztela azpimarratu dute langileek, prekarietate sistematikoan bizi direla salatuz.
Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren (klinika kudeatzen duen enpresa) eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak klinikako zerbitzuak gain behera doazela adierazi du, eta duela gutxi mediku traumatologoekin gertatu dena plazaratu dute. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute. Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan.
ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».
Nahikoa da! esateko unea:
Arazo eta egoera eskasen errenkada horrek, krisi egoera eragin du langileen artean eta azaroaren 20ko langileen batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak egitea erabaki dute. Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan. Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.
Aspalditik datozen arazoak
Asuncion klinikako langileen soldatena ez da gaurko kontua. 2013. urteko maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta salatuz. Horrenbestez, 2013ko urrian, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.
Amasa Villabonako EH Bildutik Asuncion klinikako langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta Inviza enpresako arduraduna den Montoya jaunari, langileekin negoziatu dezala eskatzen diogu. Klinikako langileek urteetako prekarizazio prozesua pairatu behar izan dute, beren lan baldintzak okertzen joan dira eta egoera jasanezina egin da. Egoera horren arduradunei, Montoya eta Darpon sailburuari, erabat bidezkoak diren langileen aldarrikapenei bide ematea eskatzen diegu.
Bestalde, gatazka honek, Tolosaldean osasun publikoarekin dugun arazoa berriro ere mahai gainean jartzeko parada eskaintzen digu. Oso ezaguna da Tolosaldeko EH Bilduren iritzia, behin eta berriro salatu dugu Asuncion klinikak gestio pribatua izateak ondorio kaltegarriak dakartzala, besteak beste, klinikako langileen eskubideei eragiten dienak eta berriro ere, Tolosaldean, Gipuzkoako beste eskualde guztietan dagoen bezalaxe, ospitale publikoa behar dugula aldarrikatzen dugu.
EH Bilduk gogor salatzen du Alfredo Remirezen espetxeratzea eta bere berehalako askatasuna exijitzen du. Espainiar estatuko "justizia", PPren gobernuaren esanetara, disidentzia politikoaren adierazpen askatasunaren kontrako tresna errepresibo gisa jokatzen ari da, garai bateko zentsura berriz ere ezarriz eta gizarte honetako sektore kritikoak isilarazi eta beldurtzeko helburuarekin. Gure ustez, hau erabat antidemokratikoa izateaz gain, onartezina da.
Julen Arzuaga EH Bilduko kideak komunikabideen aurrean egindako balorazioan, Gasteizko Legebiltzarrean izandako eztabaidaren emaitzak azpimarratu zituen: “albiste ona da PP ez beste talde guztiek bat egitea kartzelaratze honen neurrigabekeria salatzean, adierazpen askatasunaren defentsan eta terrorismoaren gorazarre delituak definitzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eskaeran”.
EH Bilduk pasa den ostiral arratsaldean Amurrion Alfredo Remirez (@erreharria) espetxeratzearen aurka egin zen manifestazio jendetsuan parte hartu zuen. Remirez larunbatean eraman zuten Basauriko kartzelara, Auzitegi Nazionalak “sare sozialetan terrorismoaren gorazarre egitea” egotzita kondenatuta, baina, Julen Arzuagak salatu zuenez, “delitu tipo horren eskutik, funtsezkoak diren eskubideak urratzen ari dira, hala nola, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa”.

Alfredo Remirez bere lagun eta senideei agurtzen, ostiralean Amurrion egindako manifestazioaren ostean
Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen irailean, Legebiltzarra Remirez pairatzen ari den bidegabekeriaren aurka ager zedin. Zuzenketak egiteko epea amaituta, gainerako talde politikoek egindako ekarpenak ikusita, Arzuagaren iritziz “albiste ona da PP ez beste talde guztiok bat egitea adierazpen askatasuna eta ideologikoa defendatzeko, legeak aplikatu beharreko garaiaren errealitate sozialaren arabera interpretatu daitezela eskatzeko, iritzi soilak emateagatiko kartzelaratzeak salatzeko, zigorrak proportzionalak izan daitezela galdegiteko eta Zigor Kodearen 578. artikulua (terrorismoaren gorazarreari eta biktimen umiliazioari buruzkoa) aldatzea eskatzeko, betiere interpretazio arbitrario eta neurrigabeak saiheste aldera, adierazpen, iritzi eta pentsamendu askatasunekin bateraezinak liratekeenak, alegia”.
Finean, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, adostasuna ia erabatekoa da Amurrioko gaztearen kartzelaratzearen aurka. “Sintonia handia dago bizikidetzaren alde, bai eta Remirez eta haren sendiari babes eta elkartasuna adierazteko ere, kartzelak eragingo dien sufrimendua dela eta”.

















