Pasa den asteburua benetan historikoa izan zen Euskal Herrian, ekinbide armatua uzteko erabakia artu eta bost urtera, ETA erakundearen aldebakarreko armagabetze osoa gauzatu baitzen. Ostiralean ezagutarazi zen albiste garrantzitsuena, BBC komunikabide britainiarrera igorritako oharraren bidez, dagoeneko erakunde armagabea zela eta armak gizarte zibileko hainbat pertsonaren esku utziak zituela iragarri baitzuen ETA erakunde armatuak.

ETA

ETAk argitaratutako oharra

Albisteak berehala erreakzio soka luzea ekarri zuen, alderdi politiko ezberdinek beren balorazioa egin zutelarik. EH Bilduk albiste pozgarritzat hartu zuen berria, Arnaldo Otegiren esanetan pausu garrantzitsua eman zen, historikoa. 

Larunbat goizean Baionan ezagutu genituen armagabetzearen zehetasun guztiak: guztira zortzi armategi, 120 arma, 3 tona leherkari, munizio eta detonatzaile kopuru handi batek osatzen dute entregatutako armamentua. Armak uzteko prozedura benetan berritzailea eta mundu osoan bakarra izan zen, izan ere, gizarte zibileko 172 lagunek zaindu zituzten ETAk jakinarazitako leku horiek Frantziako Polizia iritsi bitartean. Euskal Elkargoko presidenteak Baionako udaletxean eman zien informazioa nazioarteko egiaztatzaileei, besteak beste, Harold Good eta Matteo Zuppi lekuko zirela. Euskal Herriko eta nazioarteko ordezkaritza zabala elkartu zen Baionako udalean, alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte eragileak, kultura munduko pertsonaia ezagunak... baina Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak bertan ez egotea erabaki zuten, bere garaian Aieteko konferentzia historikoan Patxi Lopez orduko lehendakariak egindakoa errepikatuz. 

Udaleko ekitaldi solemnearen ondoren, armagabetzearen aldeko ekitaldi erraldoia antolatu zen Paul Bert plazan eta milaka herritar (25.000 inguru) gerturatu ziren egun garrantzitsu honetan presente egoteko asmoz. Mundu osotik etorritako komunikabideek bertatik bertara jarraitu zuten ekitaldia eta lau hizkuntzatan egin ziren adierazpenak. 

1baiona

Baionako Paul Bert plaza jendez gainezka

Ekitaldian zehar hainbat hizlarik parte hartu zuten, "bakearen artisauak", agintari politikoak, kazetariak... denek bertaratutakoen txaloak jaso zituzten eta tarteka euskal presoen eskubideen eta independentziaren aldeko ohiuak entzun ziren. Larunbatekoa bai, egun historikoa izan zen.

EH Bilduk oso positiboki balortzen du pasa den asteburuan gertatutako guztia.