- 31 Martxoa 2017
Hitzarmen berria ondo aztertu eta gero, TOPA koordinakundeak informazio batzarra iragarriko du, Aste Santu ondoren.
Aurrekoak bezala, aldarrikapen eta protesta urtea izan zen 2016a TOPArentzat. Aurreko urteek baino garrantzi handiagoa zuen, ordea, iazkoak: Osasun Sailaren eta Asuncion klinikaren arteko hitzarmena bukatzen zen, eta koordinakundeak aukera bat ikusi zuen Tolosaldeko osasun zerbitzua bestelako baldintza batzuetan kudeatzen hasteko.
Urtea amaitzearekin batera ordea,Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, Osasun erakunde publikoak Asunción enpresa pribatuarekin hitzarmena berritu zuela jakin zuen. Horren aurrean, Osasun Sailak hitzarmena berrikusi eta ebaluatzeko txostenik ez egin izana salatu izan du TOPAk azken hilabeteetan. Bide beretik,bereziki gaitzetsi dute TOPAk, herritarrek, alderdi politikoek, elkarteek eta sindikatuek osatuko luketen eskualdeko Osasun Mahaiari uko egin izana; foro horretan Asuncion klinika publiko egiteko aukerak aztertu nahi zituzten.
TOPAko kideek beren eskaerei entzungor egin dietela azpimarratu dute, eta duela gutxi jaso dutela hitzarmenaren nondik norakoa: "Urte amaieran hitzarmena berritu zuten, baina hilabete eta erdirako, eta pentsatu genuen EAEko gobernu berria osatu bitarteko epea bete nahiko zutela".
Epe labur hori pasatuta ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berritu egin du Tolosako Asuncion klinikarekin zuen hitzarmena eta, azaldu dutenez, urtero-urtero luzapenak egiteko aukerarekin, gehienez ere 5 urte pasatu bitarte.
Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena eskuratzeko zailtasunak ere salatu nahi izan ditu TOPAk, "modu ofizialean eskatu eta ukatu" egin dietela azalduz. Ondorioz, hitzarmena sakonago irakurri eta mamitu nahi dute, eskualdeko herritarrei beren irudipen eta aldarrien berri eman aurretik. Iragarri dute, ordea, Aste Santuen ondoren egingo dutela informazio batzarra, hitzarmenaz eta horren aurrean antolatuko dutenaz aritzeko.


