1957an, gerraosteko frankismoaren lehen urte gogor haietan sortu zen Oriamendi auzoa, hasiera batean "Tercio Oriamendi" Frankoren alde borrokatu ziren rekete karlisten izena eman zitzaion auzoari, eta auzoaren arkitektura ere izaera faxistakoa da (arkitektura aldetik oso antzekoak diren auzo ugari daude espainiar estatu osoan zehar barreiatuta). Frankismoa amaitu ondoren, bizilagunen artean egindako galdeketa bat medio, izaera antidemokratikoa zuen izen hori aldatu, eta Oriamendi izenarekin geratu zen Villabonako auzo berezi hau.

1957an etxebizitza eraikinak amaitu bezain pronto, ia ehun familia jarri ziren bizitzen Oriamendi auzoan. Garai hartan herriaren erdigunean bizi zen herritarren gehiengoa. Errealitate hori ordea, aldatzen joan zen, herritar asko sortu berria zen Oriamendi auzora bizitzera etorri zelako; batzuk, ezkon berritan, eta beste asko haur txikiekin. Bizitza aurrera ateratzeko SACEM, Salbadora eta Subijana lantegietan lan egiten zuten. Beraz, Oriamendi langile klasearen auzoa izan dela esan dezakegu.

ORIAMENDI

Oriamendiko urteurren jaiaren antolaketan aritu diren bizilagun batzuk

Familia handiak, etxe txikiak:
Bada 1957tik Oriamendin bizi den auzotarrik. Teodoro Mujika eta Maria Teresa Goya senar-emazteen kasua da horietako bat: “1957ko maiatzaren 19an ezkondu, eta handik hiru egunera etorri ginen Oriamendira bizitzera”. Bertan hazi eta hezi dituzte beren seme-alabak. Beste adibide bat dugu Josefa Ortizena. 10 hilabeteko alaba eta senarrarekin jarri zen bizitzen Oriamendin. 25 urtez Sacemeko bulegoak garbitzen egin zuen lan, eta bere senarrak ere 14 urte zituenetik egin du lan enpresa berean.
Familia horiek pixkanaka ugaritzen joan ziren, eta ondorioz, etxeak txiki geratu ziren. 

Langile auzoa:
Juan Ignazio Sarasola bizilagunak berezitzat du bere auzoa. Gerra osteko egoeratik ateratzeko irtenbide izan zela azaldu du. Familia ugariak ziren ia denak, eta etxeak txikiak ziren: “Nahiko meritu izan zuten guraso haiek hainbeste seme-alaba horrelako etxebizitza txikian aurrera ateratzen”.
Langile auzoko etxe horiek “Casas baratas” izenez ere ezagutzen dira. Lehenengo urtea doan eman zieten etxea Oriamendiko auzotarrei, baina urtea pasa ostean etorri ziren komeriak. Horrelaxe kontatu du Josefa Ortizek: “Urtea pasa ostean 400 pezetatik gora ordaintzen genuen hilabetean”. Hogei urtez bertan bizitzen pasa eta gero, etxea erosi zuten 67.000 pezetaren truke.

Ordutik hona giroa izugarri aldatu da Oriamendi auzoan. Lehen haurrez betetako auzoa zen, gaur egun oso ezberdin da auzoa: “Dagoeneko haurrak ez dira jaisten auzoko plazara jolastera”, azaldu du Maria Dolores Perez auzotarrak. Gaueko ordu txikiak arte ibiltzen ziren neska-mutilak kalean jolasten bulean, kaniketan nahiz futbolean, gehitu du Isidoro Gonzalezek. Eskolatik irten eta askaria hartu orduko jolasera joaten ziren gaztetxo guztiak. “Amak, haurrak..., denak gazteak ginen. Gauero ibiltzen ginen jolasean. Ederra zen hura,” gogorarazi nahi izan du Josefa Ortiz auzotarrak. Gainera, auzotar guztiak bat etorri dira elkarren artean giro oso ona zegoela esatean.

Aspaldiko Oroitzapenak:
Oriamendi auzoan hazi direnek oroitzapen oso politak dituzte beren haurtzaroaz eta gaztaroaz. Isidoro Gonzalez jaiotzez andoaindarra izan arren, 3 urterekin etorri zen Oriamendira. Bere haurtzaroko oroitzapen ugariz mintzatu da auzotarrekin izandako solasaldian: “Etxeko atari bakoitzean harrizko banku bat zegoen, eta ama asko puntua egiten egoten ziren haurrak jolasten genbiltzan bitartean”, gogoratu du. Edota euria ari bazuen txiste liburuak irakurtzen zituztela etxeko eskaileretan.
Garai hartan ere bazen barrabaskeriak egiten ibiltzen zen haurrik, adibidez, Anton Sanz. Errege kabalgata antolatu zuten, eta Sanzek antortxak eta koronak egin zituen. Gainera, etxetik hiru ohe-estalki ere hartu zituen kabalgatarako. “Kabalgatan atzera begiratu eta aita nire atzetik zetorrela ikustean korrika hasi ginen denok”, azaldu du barrezka Sanzek. Bere aita ez zen beren atzetik korrika aritzen zen bakarra. “Auzoan bizi zen basozaina, Juan Mentxaka, errosarioa entzuten egon ohi zen. Gu bere inguruan hasten ginen jolasten eta gure atzetik etortzen zen korrika, baina ez zuen sekula lortu gu harrapatzea”, gogoratu dute barreari eutsi ezinik Pello Eizmendi eta Isidoro Gonzalezek. Eizmendik Otsabitik goitiberan jaisten zirela ere gogoan du.
Urte haietan haur ugari zirela azaldu du Margari Olano auzotarrak: “Antonen eta Pelloren etxeko blokean berrogei haur bizi ziren”. Auzoak herriari aberastasun handia ekarri diolakoan dago Arantxa Lopez; Villabonaren zabaltze prozesuan lagungarri izan delako.

OSPAKIZUNA MAIATZAREN 1EAN:
Lauzpabost urte dira antolatzaileei ospakizunaren ideia bururatu zitzaiela, izan ere 50. urteurrenean ez baitzuten ospakizunik egin. Hilabeteetako antolaketa lana amaitzera doa, ospakizuna hastearekin batera. Maiatzaren 1ean, hain zuzen.

Oriamendi60 egitaraua