Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren aurrekontuak atzera botatzeko eskatu du ez dutelako balio herritarren beharrak asetzeko. PPrekiko ituna justifikatzeko gezurretan aritzeari uzteko eskatu dio EAJri. “PP aukeratzea zuen hautu politikoa izan da; defendatu zuen erabakia, beraz, baina ez esan gezurrik”.

EH Bilduk Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektua atzera botatzeko eskatu du gaur Legebiltzarrean, EAJk PPrekin hitzartu dituen kontuak txarrak direlako kuantitatiboki, ez dutelako balio ez politika publikoak indartzeko, ez herritarren beharrizanak modu egokian asetzeko, bai eta kualitatiboki ere, EAJk gure herrian arbuio handiena eragiten duen alderdiarekin adostu dituelako ezkutuan, hemendik kanpo. Horri jarraituz, EH Bilduk herri akordioak egiteko prestasun zintzoa adierazi zuela gogora ekarri eta gero, Iker Casanovak deitoratu du EAJk Madrili eta eskuinari begiratzea erabaki izana, gehiengo sozialari begiratu beharrean, eta argi ohartarazi dio: “ez dakit zer nolako herria eraiki nahi duen EAJk PP eta PSErekin, baina Euskal Herri libre, burujabe eta justuagoa ziur ezetz, botere politiko eta ekonomiko espainolaren eskutik hori ezinezkoa delako. Edo agian EAJk ez du herria eraikitzeko inolako asmorik, bere helburu bakarra botere instituzionalari eustea baino ez delako, inolako herri ikuspegi estrategikorik gabe”.

Hori horrela, erantsi du Casanovak, “normala da EAJn urduri egotea eta argudio xelebreei heltzea PPrekiko ituna nola edo hala justifikatu nahian”, baina horrek ez du gezurra justifikatzen. “Utziozue gezurrak esateari, barregarri geratzen ari zaretelako gainera EH Bilduk ELA gaiztoaren erruz PPrekin bat egitera derrigortu zaituztela esaten duzuenean. Zuek PP aukeratu duzue, hala nahi izan duzuelako, zuen erabaki politikoa izan da. Beraz, zuzen zabiltzatela uste baduzu, defendatu argiki akordio hori, defendatu murrizketen eta ustelkeriaren alderdiaren aldeko apustu hori”.

EH Bilduko legebiltzarkideak zerga erreformaren beharra berretsi du, administrazioen diru-sarrerak handitzea ezinbestekoa delako behar sozialei erantzuteko, eta Urkulluk emandako ezezkoa kritikatu du, hori finean “errealitate hobea eraikitzeari” uko egitea delako. “Antza, Urkullu eta Confebasken errealitate paraleloan lehentasuna aberatsek zerga gehiago ez ordaintzea da”, eta hori errealismoaz janzten dute. “Jaurlaritzarena errealismoa baino etsipena da”, eta ez dio erantzuten benetako errealitateari, 140.000 langabetuei, inolako prestaziorik jasotzen ez duen %60ri, gazteen langabezia tasari (%35), enpleguaren behin-behinekotasunari, emakumezkoen diskriminazioari, lan baldintzen prekarietateari, pobrezia arriskuan dauden 440.000 lagun ingururi, gutxieneko soldatatik beherako pentsioak kobratzen dituzten 200.000 herritarrei. “Hori da dugun errealitatea, egiazkoa, eta EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuek uko egiten diote errealitate horri behar bezala aurre egiteari”.