- 06 Apirila 2017
Asteartean goizeko 9:10ak aldera heldu zen 20. Korrika Amasa Villabonara eta ordurako herriko errepide bazterrak jendez gainezka zeuden korrikan parte hartzeko edo gutxienez pasatzen ikusteko asmoz denak. Haurrak, nerabeak, gazteak, helduak eta adinekoak guztiak Korrikaren zain. Azkenik Korrika heldu zen eta emozioek gainezka egin zuten, jendetza handia hasi zen AEKko furgonetaren atzetik korrika. Bereziki polita izan zen Korrika Villabonako Kale Nagusian sartu zen unea, lehen aldiz gure herriko kale zaharrena zehazkatu zuen euskararen aldeko lasterketak. Lekukoa eramateko aukera izan zuten herriko eragile edo elkarte ezberdinetan parte hartzen dutenek eta denak irrifartsu eta alai eraman zuten eskuz esku Otxandiotik Iruñearako bidea egingo duen lekukoa; Amasako Uxo tokikoak eta gazteak, Behar-Zanako emakume eta haur pilotariak, Zubimusu ikastolako ikasleak, Oria merkatari elkarteko dendari ezagunak, Irrintziko kideak, Villabonako udalean EAJ-PNVko zinegotzi diren Andoaingo eta Orioko bi lagunek, herriko preso politikoen senideak, Onddo gazte asanbladako gazte errebeldeak, Fleming eta Erniobeako ikastetxeetako ikasleak, EH Bilduko kide diren Arantza Lopez eta Leire Olasagasti zinegotziak eta Santio egoitzako adinduak (gurpildun aulki elektrikoan eraman zuen lekukoa Xabierrek) izan ziren lekukoari heldu ziotenak.
Leire Olasagasti eta Arantza Lopez EH Bilduko kideak lekukoari helduta
20 bat minutuz giro zoragarria izan zen gure herriko kaleetan eta jendetza handiak bat egin zuen euskararen aldeko ekimen erraldoi honekin.
EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkiegu kilometroa erosi duten elkarte guztiei, AEKko antolatzaileei, Korrika batzordean lanean aritu diren lagunei, Korrika diruz lagundu duten dendari eta tabernariei eta Korrikan parte hartu duten herritar guztiei, aupa zuek! eta gora Korrika!


