Albisteak
EAJ-PSEren Foru Gobernuak gaur aurkeztu duen 2018ko Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da Gipuzkoarako, bereziki Herrialdeak 104 milioi euro gehiago eman beharko dizkiolako Espainiako Gobernuari, PNVk eta PPk Kupoaren inguruan hartutako akordioaren ondorioz. Aldundiak aurten jaso dituen 4.868 milioi eurotik, 351 milioiko ekarpena egin beharko dio Estatuari, iaz baino % 42,2 gehiago. Igoera hori oso kezkagarria da eta oso kaltegarria herritarron interesetarako, milioi horiek politika sozialetan edota Gipuzkoaren ekonomia sustapenean inbertitu beharrean, Madrilek eramango dituelako Urkullu eta Rajoyren arteko akordioari esker.
EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, sakonki aztertu behar da gaur Foru Gobernuak aurkeztu duen Aurrekontu Proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daude. Lehenik eta behin, PNV eta PPren arteko Kupoaren akordioak Gipuzkoako herritarrengan izango dituen ondorio kaltegarriez ohartarazi du. Izan ere, 2017ko datuekin alderatuta, aurrekontu propioa %2 igo da, Udalen Fondoa % 4, Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpena %6 eta, aldiz, Estatuari ematen zaion Kupoa %42,2ko igoera desproportzionatua izan du.
“Kupoaren akordioak Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana ontzat ematen du. Eta gainera, kostea gero eta handiagoa da herritarrentzat. PNVk erabaki beharko du zer nahi duen: Edo akordioak egin hemengo herritarren kontra aritzen diren eta 155. Artikulua babesten duten alderdiekin (PP eta PSE) edo erabakitze eskubidearen aldeko aurrekontu sozialak eta demokratikoak adostu EH Bildurekin. Estatuari Kupoa %42 igoz nekez bultza daiteke erabakitze eskubidea”, azpimarratu du Xabier Olanok.
Kupoaren zifra larriaz gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du diru-bilketaren inguruko datuak ere kezkagarriak direla. Izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (% 36) eta Balio Erantziaren Gaineko Zerga (% 41) dira diru-bilketaren zutabe nagusiak. Aldiz, Sozietateen Zergak % 6,24 besterik ez du jasotzen, eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergak % 1,48, iaz baino 7 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du zama langileen bizkar areagotzen dela, aberatsenen ekarpena arinduz.
PNVk eta PSEk behin eta berriro erakutsi dute Gizarte Politika ez dela bere lehentasuna eta, oraingo honetan, berretsi egin dute. Ez da egia Gizarte Politikako Departamentuak inoiz baino pisu handiagoa duela aurrekontuetan, diputatu nagusiak esan duen bezala. Kudeaketarako aurrekontuaren % 47,48 bideratuko zaio aurten, hau da, 2012an (% 47,56), 2013an (% 48,10), 2014ean (% 48,76%) eta 2015ean (% 48,02) baino gutxiago. Datuek erakusten dute ongizate sistema indarra eta pisu erlatiboa galtzen ari dela Gipuzkoan PNV-PSEren politikei esker. Horrekin batera, azpimarratzekoa da ekonomia sustapenera bideratzen diren inbertsioak izoztuta daudela, % 0,19 besterik ez baitira igotzen.
Beraz, EH Bilduren ustez, PNV-PSEk 2018rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten. Bide horretatik, Estatuari ordaintzen diogun Kupoa nabarmen igoz, nekez aurreratu dezakegu erabakitzen eskubidearen garapenean.
Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera okertu egin dela salatu dute Kalera Kalera ekimeneko kideek Tolosako epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean: "Azken azterketa medikuaren bidez jakin dugu Ibon hilzorian dagoela, eta edozein gorabeherak heriotza eragin diezaiokeela".
Era berean, Auzitegi Nazionaleko forentse medikuaren eta epailearen jarrera salatu dute: "Epaileak Alcala espetxeko medikuaren gainean jartzen du Ibon askatzeko ardura, eta epaileak ez du bere erantzukizuna betetzen. Badakite Ibon azkeneko egunak bizitzen ari dela, baina hala ere, ez dute har dezaketen erabaki zuzen eta gizalegezko bakarra hartzen: gizatasun printzipioa aplikatuz, Ibon kaleratzea". Azkenik, besarkada "sentikor" bana bidali diete bere senitartekoei, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Elkarretaratze amaieran Ibon Iparragirre askatzearen aldeko manifestua irakurri zen. Iturria: ataria.eus
Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago
Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».
Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera (irailaren 15ekoak) hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...»
EH Bilduk proposamen berri bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak euskal kirol federazioei babes osoa eman diezaien nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko egin beharreko gestioak burutzeko.
Euskal kirol selekzioen ofizialtasunari bultzada eman nahian, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du kirol federazio guztiei babes osoa emateko nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko behar diren gestioak egiteko orduan. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri du Jaurlaritzak eskatutako txosten juridiko batek argi utzi zuela 2014an euskal selekzioak ofizialak direla eta nazioarteko txapelketetan parte har dezaketela, baldin eta nazioarteko federazioek (izaera pribatua duten heinean) onartzen badute. Hala, zegozkion tramiteak beteta, Herri Kiroletako Federazioa nazioartean aritzen da egun, eta Euskal Herriko Surf Federazioa ere ofiziala izan zen bere egunean, ondorio guztiekin.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Legebiltzarrak zein Jaurlaritzak euskal federazioen alboan egon behar dute nazioartean egin beharreko urratsak eraginkorrak izan daitezen. Hori da eskatzen duguna, baina ez da nahikoa; euskal selekzio ofizialen aldeko aldarrikapena herritarren artean ere zabaldu behar da, eta horretarako proposatu dugu Jaurlaritzak gestioak egitea 2018ko uda bukatu aurretik Estaturik gabeko nazioen arteko futbol txapelketa bat antolatzeko. Gizonezkoen futbolak duen ikusgarritasuna baliatu dezakegu euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta, zalantzarik gabe, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda edota Katalunia bezalako selekzioekin lehiatzea urrats garrantzitsua litzateke. Hori baino lehen, urtea amaitu aurretik, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapen festa antolatzea ere eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari.
Futbol Federazioko presidentearen agerraldi eskaera
Halaber, jakinda aurten gizonezkoen futbol selekzioak ez duela gabonetako ohiko partida jokatuko, Rebeka Uberak Euskadiko Federazioko presidentearen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azaltzeko zein urrats eman duen nazioartean ofizialki aritzeko. “Euskal selekzioen gaia ez da futbolari eta gizonezkoen futbolari dagokion kontu esklusiboa, baina, egiari zor, agerikoa da gizonezkoen futbolak gizartean duen oihartzuna eta eragina gainerako kirolek baino handiagoa dela; horregatik, garrantzi berezia ematen diogu Futbol Federazioak egiten duen hausnarketari”.

Ofizialtasunaren aldarria egin zuen futboleko Euskal selekzioak 2007an Venezuelan jokatutako partiduan
EAEko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako) estatus politiko berrirako proposamena erregistratu du EH Bilduko legebiltzarkide taldeak Gasteizko Legebiltzarreko egoitzan. Euska Herria Bilduk ziklo politiko berri bat abiatu nahi du proposamen honekin, azken helburua euskal estatua sortzea izanik, bide konfederal batetik. Euskal Herriko errealitate instituzional, politiko eta soziala aintzat hartuko duten eta erritmo ezberdinak izango dituzten hiru prozesu eratzaile (EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian) martxan jartzea proposatzen da, etorkizuneko Euskal Errepublika irabazi eta aldarrikatzeko asmoarekin.
EH Bilduk gaur goizean erregistratu du Eusko Legebiltzarrean EAErako duen estatus politiko berrirako proposamena bere osotasunean jasotzen duen dokumentua. Esan bezala, helburua Euskal Errepublika Konfederala sortzea da, beti ere herritarrek hala erabakitzen badute EAEko, Nafarroakoako eta Ipar Euskal Herriko herritarrek, modu berezituan. Beraz, erabakia Euskal Herria zatitzen duten eremu administratibo bakoitzari egokituko zaio halabeharrez.

Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek erregistratu dute proposamena Legebiltzarrean
Lotura honetan deskargatu dezakezue dokumentu osoa: EAE-ko ESTATUS POLITIKO BERRIRAKO PROPOSAMENA
EAEri dagokionez, hainbat oinarri eta printzipioren gainean lortu nahi du EH Bilduk estatus politiko berria. Batetik, Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza egitea ezinbestekoa da. Euskal Herriak, nazio den heinean, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea du, eta EAE nazio horren partaide izanik, bere burua antolatu eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa dela onartzen du EH Bilduk.
Herritarren borondate demokratikoak izan behar du muga bakarra Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzerakoan. Legalitatea herritarren borondatearen menpe jarri behar da eta ez alderantziz. Autoeraketa eta autoantolaketa printzipioak ere proposatu ditu EH Bilduk, hau da, prozesu eratzailean EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak beren fase eta abiadura propioak izatea. Estatu egiturak sortu eta horiek indartu eta edukiz betetzea da EH Bilduk mahai gainean jartzen duena, eta botere banaketari dagokionez, ohiko hiru botereak–legegilea, betearazalea eta judiziala– burujabetza osoaren norabidean jartzea proposatzen da.

Proposamena erregistratu ondoren, aurkezpen prentsaurrekoa eskaini dute EH Bilduko legebiltzarkideek
EAE-ko ESTATUS BERRIA LORTZEKO BIDEAN, BI FASE:
Lehen fase batean, Eusko Legebiltzarrak estatus politiko berriaren oinarriak adostu eta onartuko lituzke, eta testu hori herritarren esku jarriko litzateke kontsulta "habilitante" baten bidez. Herritarrek oniritzia emanez gero, bigarren faseari ekingo litzaoke.
Bigarren fase horretan negoziazio prozesu bat irekiko litzateke Espainiako Gobernuarekin, EAEko herritarrek erabakitakoa nola eta zein epetan gauzatuko den adosteko, beti ere Estatuari "beto eskubidea" eman gabe. Madrilek ezezkoarekin erantzungo balu, EAEko alderdi eta eragileen artean burujabetzarako bide propioa zehaztea eta adostea planteatzen du EH Bilduk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa betetzen dela ziurtatzeko.
Aurtengoan azaroaren 19an burutuko da Bizilagunak programako ekimenik ezagunena eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
"Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu Villabonako kaleetan barrena … Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian, zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunik izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko gogoa duzu" testua zabaldu dute Bizilagunak-eko bultzatzaileek.
Bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari batean biltzen dituen egitasmoa da Bizilagunak. Azaroaren 19an, ordu biak inguru, bazkari bakoitzean, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean.
2012tik Euskal Herrian milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. Aurten zuk ere bizi dezakezu esperientzia hori. Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herri edo hiriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu!.
Ekimenean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena:
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. Telf: 660792398
Gipuzkoako Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok zerga erreforma fiskal serioa abiatzea eta Ekarpen Legea gaurkotzea eskatu dizkio Markel Olano PNVko diputatu nagusiari. PNVk bi neurri horiek aspaldi agindu zituen arren, huts egin du bietan, eta ez du bete ez bata eta ez bestea. Xabier Olanok ohartarazi duenez, EAJ-PSEren Foru Gobernuak bi konpromiso horiek betetzen ez dituen bitartean, langileen gaineko presio fiskalak gora jarraitzen du eta Gipuzkoak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako fiskalitatearen batzordea
Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuen irakurketa zehatza egin du, eta diru-bilketaren azterketan, zergaz-zergako analisia egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, argi ikusten da gaur egungo ereduarekin zerga zama handiena langileen bizkar geratzen dela. Izan ere, Gipuzkoako herritarrek PFEZ bitartez egiten duten ekarpena diru-sarreren %37a suposatzen du, eta kontsumitzaileena, BEZAren bitartez, %44a. Aldiz, Sozietateen (enpresen) Irabazien gaineko Zerga diru-bilketaren % 6,5a besterik ez da. Gainera, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean PFEZ eta BEZA %2,5 eta % 7,4 igoko dira, baina Sozietateen Zerga, %0,7 besterik ez.
Beraz, EH Bilduren iritziz, horrek argi erakusten du erreforma fiskal serio bat egiten ez den bitartean, diru-bilketaren gehiengo oso handia langileen bizkar jarraituko dutela kargatzen; zama gero eta handiagoa izango da langileentzat eta arinagoa, enpresentzat. Gipuzkoa orekatuagoa nahi badugu, etekinak lortzen dituzten enpresek ekarpen handiagoa egin behar diote gizarteari. Horregatik, EH Bilduk zerga sistema aldatu beharra dagoela azpimarratzen du, progresibitatea, justizia eta ekitatearen pritzipioetan oinarritutako erreforma integral bat.
Horretaz gain, Ekarpen Legea ere aipatu eta jorratu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gogoratu behar da, Markel Olanok berak agindu zuela Ekarpen Legea gaurkotzeko konpromisoa. Joan den urteko abendurako jarri zuen epemuga, baina ez du hitza bete eta egoerak berdin-berdin jarraitzen du. Horrek, kalte ekonomiko handia suposatzen du Gipuzkoarako, izan ere, koefiziente horizontalak berdin jarraitzen duen bitartean, gure Herrialdeak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.
Pasa den astelehenean Amasa Villabonako udaleko osoko bilkurak Kataluniar Errepublikaren aitortza ofiziala egin zuen. EH Bildu eta EAJ-PNV-k ebazpen bateratua aurkeztu zuten udalbatzan eta gehiengo osoz onartua izan zen, aldeko 12 bozka eta kontrako bakarrarekin (PSEko zinegotzia izan zen aurka bozkatu zuen bakarra eta ez zuen azalpenik eman nahi izan).
Honako hau da udaleko bi alderdi nagusiek adostutako ebazpena:

Amasa Villabonako EH Bildutik, EAJ-PNVrekin ebazpen hau adostu eta onartu izana oso positiboki baloratzen dugu eta testu honek jasotzen dituen hainbat elementurekin, erabakitzeko eskubidearekin batez ere, etorkizunean ere adostasunak lantzeko erabateko prestutasuna dugula adieraztzen dugu. Bada garaia Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aitortzen dugunon artean akordioak lortzeko eta hemen ere, inoren zain egon gabe, herri gisa dagokigun eskubide hori errealitate izan dadin aurrera pausuak emateko.
Garrantzitsua iruditzen zaigu gure herriko erakunde nagusia den udalak, urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumari eta urriaren 27an Parlament-ak egindako Errepublikaren adierazpenari atxikimendua eta babesa adieraztea eta harro gaude errepublikaren aitortza ofiziala egin duen lehenengoetako erakundea Amasa Villabonako udala izateaz. Espainiar estatuaren errepresio antidemokratiko basatiari aurre egin eta ibilbide oparoa izan dezala opa diogu Kataluniar Errepublikari, laster Nazio Batuen Erakundean munduko beste estatuen artean berdintasunean, elkar ikusiko gara!
Visca la República Catalana!
EH Bilduk argi du Kataluniako autonomia bertan behera uztea eskatzea bateraezina dela Jaurlaritzan goi kargua izatearekin.
EH Bilduren iritziz, oso larria da gaur goizean Euskadi Irratian Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzaluk egin dituen adierazpenak, Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen alde eta, beraz, hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu baita. Bere hitzak hain larriak izanik, EH Bilduk Unzalu berehala kargutik ken dezatela exijitzen die Urkullu lehendakariari eta Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuari. Unai Urruzunok adierazi duenez, Unzalu bera da kargu hori betetzeko moduan ez dagoela erakutsi duena.
EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Jaurlaritzako goi mailako kargu batek ezin du 155. artikuluaren aplikazioa eskatu, hori bateraezina delako Lakuako Gobernuak Kataluniarekiko erakutsi behar duen posizio politikoarekin. Ondorioz, lehenik eta behin lehendakariari, eta gero Retortillo sailburuari, dagokie Unzalu kargutik kentzea. Erabaki automatikoa izan behar da, eta horixe da Legebiltzarrean eskatuko dieguna”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak "Tolosa, N1, Buruntzaldea eta Donostia bidaiarien garraio erregular zerbitzu publikoari dagokion kontzesioa" egiteko aurreproiektua aurkeztu zuen irailean. Bertan autobus zerbitzuen murrizketa ugari jasotzen dira eta EH Bilduko kideok aurreproiektu erabat onartezina dela pentsatzen dugu. Zentzu horretan, Amasa Villabonako udalak autobusaren erabiltzaileak diren herritarren interesen defentsan jardutea, aurreproiektu hau publikoki baztertzea eta Foru Aldundiari geldiarazteko eskaera egitea garrantzitsua dela uste dugu.
Horregatik, Amasa Villabonako EH Bilduk ondoren irakur dezakezuen mozioa aurkeztu zuen pasa den astelehenean egin zen udaleko osoko bilkuran:
Mozio proposamena Tolosa, N1, Buruntzaldea eta Donostia bidaiarien garraio erregular zerbitzu publikoari buruzkoa, Amasa Villabonako udaleko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin.
ZIOA eta/edo AURREKARIAK
Foru Aldundiak 2017ko irailaren 7an argitaratu zuen Gipuzkoako Adizkiri ofizialean Tolosa, N1, Buruntzaldea eta Donostia bidaiarien garraio erregular zerbitzu publikoari dagokion kontzesioa egiteko aurreproiektua.
Hurrengo asteetan, aurkeztu diren milaka alegazioak erantzun beharko ditu Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman baino lehen.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2017ko irailaren 7an, bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbi¬tzu publikoa (Tolosa, N-I, Burun¬tzal¬dea eta Donostiako loturak izenekoa) argitaratu zuen Aldundiak.
Agerikoa da zerbitzu honen esleipena ez dela egin herritarrei zor diogun errespetua kontuan edukita, eta ez dela konpontzen zuzenketa batzuen onarpenarekin. Kontzesioa berriro atera behar dela ondorioztatzen dugu, aldez aurretik eragileen iritziak kontuan edukita. Hau da, udalerriei, sindikatuei eta erabiltzaileak diren herritarrei entzunda.
Foru Aldundiak ez ditu kontuan hartu herritarrek 2013an egin zituzten ekarpenak. Beraz, onespena ez da oinarritu ez herritarren ekarpenetan eta ezta udalerrietako agintarien iritzietan ere. Gainera, Aldundiak aurreproiektua behin betiko onartuko balu, egungo garraio-zerbitzuak murrizketa nabarmena jasango luke. Zer esanik ez 2015eko ekainean lizitazioan jarritako egitasmoarekin alderatzen badugu.
Amasa Villabonako kasuan, Donostia - Tolosa - Donostia autobus zerbitzuan, astelehenetik ostiralera herrietatik (Andoain eta Lasartetik batez ere) igarotzen diren autobusen erdiak ezabatuko dira, hau da, %50eko murrizketa izango da. Gainera murrizketak askoz ere zabalagoak dira Buruntzaldea eskualdeko herrietan, hala nola, Hernani, Usurbil, Lasarte edota Andoainen. Murrizketa hauek guztiz onartezinak direla deritzogu.
MOZIOA
Amasa Villabonako udalak Foru Aldundiari eskatzen dio ez dezala onartu, behin betiko izaeraz, bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbi¬tzu publikoaren (Tolosa, N-I, Buruntzaldea eta Donostiako loturak izenekoa) aurreproiektu murriztaile hau.
Amasa Villabonako udalak gai hau landuko duen mahai iraunkor bat sortu dezala eskatzen dio Foru Aldundiari. Mahai horretan eragindako udalen, sindikatuen eta erabiltzaileen parte hartzea bermatuko da eta helburu nagusia aurreproiektu egokiago bat adostu eta onartzea izango da.
EH BILDU AMASA VILLABONA
Asteleheneko osoko bilkuran, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak aurkeztu zuen EH Bilduren mozio hau eta Villabonako udalak autobusen murrizketen aurrean erantzun sendo bat ematea defendatu zuen. Zentzu horretan, udalak alegazioak aurkezteaz gain, mozio honen bidez Udalbatzaren (udaleko organo gorenaren) iritzia argi adieraztea garrantzitsua zela aldarrikatu zuen. "Udalak argi eta garbi adierazi behar dio Foru Aldundiari, murrizketaz jositako aurreproiektu hau onartezina dela, bertan behera uztea eskatzen dugula, eta murrizketarik gabeko aurreproiektu berri bat osatu behar dela, udalen, sindikatuen eta autobus erabiltzaileen artean hitz egin eta adostuta".
Udal gobernueran izenean, Eneko Urdangarin jeltzaleak hartu zuen hitza eta udalak aurreproiektuari egindako alegazioa defendatu zuen, alderdikeriak alde batera utzi eta herritarren interesak defendatzen dituztela esanez. Villabonako PNVren ustez, murrizketen aurka EH Bilduk aurkeztutako mozioak ez du inolako ibilbiderik eta ondorioz, kontrako bozka ematea erabaki zutela azaldu zuen Urdangarinek.
Ondorioz, EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez zen onartua izan, aldeko 6 bozka (EH Bilduren 6 zinegotziena) eta kontrako 7 (PNVko 6 eta PSEko bat) izan baitzituen. PSEko ordezkaria den Arija andreak ez zuen azalpen garbirik eman, autobusa asko erabiltzen duela eta berari zuzenean eragiten diola esatera mugatu zen, autobus zerbitzuetako murrizketa latz hauek mahai gainean jarri dituena PSEko mugikortasun kontseilaria dela ahaztuta.
Amasa Villabonako EH Bildutik, ez dugu PNVren udal gobernueren jarrera ulertzen. Udalaren izenean aurreproiektuari egindako alegazioan murrizketak ezabatzea eskatzen dute, eta aldi berean gauza bera aldarrikatzen duen mozio baten kontra bozkatzen dute plenoan. Gure ustez honako honek inkoerentzia handia isladatzen du. EH Bildutik udalak aurkeztutako alegazioak babesten ditugula adierazi genuen, murrizketen kontrako jarreran herriko bi alderdi nagusiak ados egotea balorean jarriz, baina badirudi jeltzaleek ez dutela berdin pentsatzen. Gure ustez, udal gobernuko jeltzaleei ezerosoa egiten zaie EH Bilduren edozein iniziatibari babesa ematea eta hori da beren ezezko botoaren arrazoi nagusia. Baina ezezko boto horrekin, Amasa Villabonako udalbatza autobus zerbitzuaren murrizketen kontra posizionatzea galarazi dute, hori da lortu dutena. Gure ustez penagarria da herritar askori kaltea eragingo dion zerbaiten aurrean, PNVren erreparo alderdikoiengatik, udalbatzak mozio hau onartu ez izana.
Amasa Villabonako EH Bilduk funtsezko zerbitzu publiko honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi dituen murrizketak salatzeko kanpaina publiko bat abiatu du eta datozen asteetan ekimenak egingo ditu murrizketen aurka. Honi begira, honako kartel informatzailea argitaratu eta herriko autobus geltokietan pegatu dute EH Bilduko kideek:

Mugikortasun Iraunkorraren Astea zela eta, Eguzki talde ekologistak joan den hilean salatu zuen Irun eta Brinkola bitarteko tren-zerbitzua gero eta kaxkarragoa zela. Horren adibide garbia da Renfe-k azkenaldian behin eta berriz tren-zerbitzuak murriztu izana. Gainera zerbitzu murrizketa horiek sarritan erabiltzaileei aldez aurretik abisatu gabe egin dituzte eta ondoren Renfe-ko arduradunek ez dute inolako azalpenik eman nahi izan.
Joan den larunbatean argitaratu zen informazio batean, Renfeko langileek salaketa hori baieztatu zuten. Egun berean zazpi tren-zerbitzu murriztera ere iritsi direla nabarmendu zuten, zergatik eta nahikoa makinistarik ez dagoelako. Informazio horretan bertan, Renfeko Euskadiko Aldiriko Gerentziak “desajuste” batzuk izan direla aitortu zuen, baina zera segurtatzen zuen: Enpresa Komitearekin adostasunera iritsi ondoren egin zirela murrizketak eta ez zela berriro gertatuko.
Bada, urriaren 9an (astelehena) adierazpen horiek argitaratu eta lehen lanegunean, Renfek bost tren-zebitzu murriztu zituen. Hona hemen Groseko geltokian ikus zitekeen oharra:

Gauzak horrela, nola sinetsi Renfe-ko Gerentziari esaten duenean ez duela aukera aprobetxatuko hainbat zerbitzu behin betiko ezabatzeko?
Urteak daramatza Renfek segurtasun eta irisgarritasun alorretan, europar arauei eta Arartekoaren salaketei kasu zipitzik ere ez egiten. Orain, tren-zerbitzuak murriztea baino ez genuen falta.
Eguzki talde ekologistak bere salaketa berresten du: hemen etengabe ari dira famatzen AHTak (edo Metroak) egingo omen dituen milagroak, etengabe ari dira aldarrikatzen garraio publiko iraunkorrean mugitu beharra dugula, baina, praktikan, inbertsioak hutsaren hurrengoak dira herritar gehienek egunero erabiltzen duten trenean. Kontua ez da zerbitzua hobetzeko nahiko inbertsiorik ez dela egiten, baizik eta askotan zerbitzua bere horretan mantentzeko adina inbertsiorik ere ez dagoela.
Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Eguzki-k egindako irakurketarekin eta Renfe egiten ari den zerbitzu murrizketa onartezina dela salatzen dugu. Renfeko arduradunei, aldirietako tren zerbitzuetan inolako murrizketarik ez egitea exijitzen diegu eta Eusko Jaurlaritzako edota Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei, gai honi arreta jartzea eta beste alde batera ez begiratzea eskatzen diegu. Makinista nahikorik ez izatea ez da aitzaikia nahikoa horrelako murrizketak egiteko eta treneko erabiltzaileei zerbitzuan ezarritako aldaketak aurretik ez jakinaraztea lotsagarria iruditzen zaigu. Badakigu Renfe-ren portaera honek herriko jende ugariri kalteak eragin dizkiola (lanera berandu iristea...) eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu enpresaren murrizketek eta informazio faltak kaltetu dituen pertsona guztiei.
Renfeko aldiriko tren zerbitzua oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu eta ez dugu inolaz ere murrizketarik onartuko egunero Amasa Villabonako herritar ugarik erabiltzen duen funtsezko zerbitzu publiko honetan.
Erraustegia gelditzeagatik auzitara eraman nahi ditu PNV-PSEk kontrolatutako egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, aurreko legegintzaldian hondakinen kudeaketan ardura nagusia izan zuten ordezkari politikoak; GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin. GHK-ko arduradunek haien aurkako salaketa jarriko zutela iragarri zuten duela astebete. Erraustegia eraikitzeko kontratua eten eta enpresa eraikitzaileei kalteordainetan emandako dirua itzultzea eskatzen diete.
Egoera honen aurrean, babes zabala jasotzen ari dira Intxaurrandieta eta Errazkin eta aurreko legealdian EH Bilduko eta Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide izandakoek prentsaurreko baten bidez adierazi diete beren babesa. Guztiek Intxaurrandieta eta Errazkinen aurka GHK-k abiatzekoak dituen ekimen juridikoak gogor salatu eta babes osoa adierazi zieten Intxaurrandieta eta Errazkini.

Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundian jardun zuten EH Bilduko kudeen agerraldia
EH Bilduko kideek harrotasuna adierazi zuten hondakinen kudeaketan egindako lanagatik eta bere momentuan hartutako erabakiengatik eta emandako urratsengatik. “Mandatu argia eman zitzaigun: erraustegia geldiaraztea, eta zaborrak kudeatzeko alternatiba bat aurkeztea”, zioen Ahaldun Nagusi ohi Martin Garitanok. Ekimen juridiko hauekin PNV eta PSOEk aukera politiko bati bidea ixteko nahia eta beren hitza betez erraustegia geldiarazi zutenen kontrako mendeku gosea baino ez dutela gaineratu zuten.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: “Herritarren hautua bete zenuten”
Auzitara eraman asmo ditutzen ordezkari politikoei elkartasuna adierazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. “Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik”.
Gertaera hau tarteko, “herritarrak deitzen ditugu indar eta adore haundiagoz II. Barraskilo Operazioan parte hartzera, baita etorkizunean etorriko diren mobilizazioetan ere”. Urriaren 26rako 2. Barraskilo Operazioa deitu dute. 18:00etan Belartzatik, Decathloneko errotondatik abiatuko den autokarana ekimena.
Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten
Gure ustez, GHK-k astelehenean hartutako erabakiarekin PNV eta PSE alderdiek zuzentzen duten foru gobernuak bide oso larria hartu du, gehiengo demokratikoetan oinarritzen diren erabakiak errespetatu ez dituelako eta konfrontazioaren bidean sakontzen ari delako.
Horren aurrean, akordioa eta elkarrizketaren alde egitea eskatzen dugu, aurreko legealdian erraustegia gelditzea erabaki zuten agintariei babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera.
Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan. Legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez. Horregatik, EH Bilduren babes osoa dute, egindako lana ondo egin zutelako, arduraz, gardentasunez, legitimitate osoarekin eta legearen barruan.
Eta gainera dirua aurreztea lortu zen orduan. Horregatik salaketak ez du oinarririk. PNV-PSOE Mendeku politikoa eta interes elektorala bilatzen ari dira. Erakunde publikoak herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko daude eta horixe egin zuten Errazkin eta Intxaurrandietak, momentu hartan zituzten ardura instituzionaletatik. Agintariak gehiengoak eta gutxiengoak errespetatu eta defendatzeko daude eta ez euren karguak bestelako helburuetarako erabiltzeko.
Zerga ereduaren inguruan akordiorik ez izatea eta indar politiko, sindikal eta sozialen artean elkarrizketarik ere ez abiatu izana salatu du EH Bilduk. Egoera larria dela adierazi du Leire Pinedo legebiltzarkideak eta zerga politikarako EH Bilduren idazkariak. “EAJk eta PSEk egin duten kudeaketa negargarriaren eta gaitasun faltaren ondorioa da egoera hau. Herritarrek ez dute zertan ordaindu behar alderdi hauek dituzten barne lehiak ez eta akordiorako daukaten gaitasun eza ere”.
Duela 5 hilabete, eztabaida publikoa irekitzea proposatu zuen EH Bilduk eta eskaera hori bera egin du beste behin Leire Pinedok. Bakoitzak bere proposamenak aurkeztu ahal izatea eta guztiok jendaurrean bere burua definitzea ziren proposamen horien helburu nagusiak. “Gure proposamena eragile sindikalei, sozialei eta politikoei bidali genien, eztabaida irekitzeko asmoarekin. Eztabaida irekitzeko keinu txikiena ere ez dugu jaso EAJtik eta PSEtik”, agertu du.
Pinedoren hitzetan, hiru herrialdeetako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak, eta gobernu horiek sustengatzen dituztenek, porrot egin dute. Era berean, elkarrizketarako eta akordioak lotzeko EH Bilduren prestutasuna azaldu du. “Eztabaidarako eta akordioak lotzeko prest gaude, baldin eta gehiengo sozialaren eta langileen onurarako bada, enpresei dagokien ekarpena egitea eskatzen bazaie eta, era horretara, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea laguntzen badugu. Itxura batean EAJk egin nahi duen eran enpresei zergak jaitsi nahi bazaizkie herritarrok gehiago ordaindu behar izateko, EH Bilduk ez dio inolaz ere horri babesik emango”.
Euskal Finantzen Kontseilua
Euskal Finantzen Kontseiluaren inguruan izan diren irregulartasunak aipatu ditu Eneko Maioz EUDELeko zuzendaritzako kideak, eta EAJk eta PSEk gune partekatuak beren intereserako erabiltzen dituztela salatu du. Azaldu duenez, astelehenean jaso zuen asteazken arratsaldeko bilerarako gai-ordena eta ez dago batere argi zerga ereduaz eztabaidatuko duten edo ez. Gainera, EH Bilduko ordezkariari ez zaio dokumentazio osagarririk bideratu.
“Finantzen Euskal Kontseilua de facto bertan behera geratu dela uste dugu. Aspiazu sailburuak eta EAJk egindako kudeaketa negargarria, partidista eta irregularra salatu beharrean gara. EUDELen bidez ordezkatzen ditugun udalak babes faltan daude, eta egoera hau ezin dugu ontzat eman”, adierazi du Maiozek.
EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioaren bilera deitu dezala, udalen ekarpenak jaso ahal izateko 2018ko aurrekontuei begira. Diputazioak hilabete honetan aurrekontuaren aurreproiektua Batzar Nagusietan erregistratu behar duen arren, herriek ez dute oraindik diru-laguntzei buruzko asmoen berririk ere izan. EH Bilduk bere kezka adierazi du, are gehiago kontutan izanda udalek jasotzen dituzten diru-laguntzek %60tik gorako murrizketa jaso dutela azken bi urteetan.
Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak garatu beharreko jardueren artean, 2017ko urtarrilaren 17ko Foru Dekretuan zehazten denez, honako hau dugu: “Herritarren partaidetzaren alorrean Foru Aldundiak onartu nahi dituen eta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen oinarrizko ildoak ezagutzea eta horien berri ematea”. Hau horrela izanik, eta Aldundiak 2018ko aurrekontuak aurkeztear dagoen arren, Espazioan parte hartzen duten udalek, oraindik, ez dute aurrekontuaren berririk izan, ezta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen partidei buruzko asmoen berririk ere. Urteko Foru Araurik garrantzitsuena den aurrekontuen proiektuan, beraz, Aldundiak ez du udalen parte hartzea ahalbideratu, horretarako sortutako markoa ofizialki egon arren.
Gabezia horri gehitu behar diogu Aldundiak ez duela “2018. urteko aurrekontu irekiak” proiektua Erakunde arteko Espaziora eraman; beraz, udalek partaidetza sustatzeko eratutako erakunde honek ezin izan du dinamika parte-hartzaile honetan inongo proposamenik egin.
Hori dela eta, EH Bilduk Espazio orokorra presaz deitzeko eskaera egin dio Foru Aldundiari. Orereta eta Zeraingo udaletako ordezkariek, Espazio exekutiboko kide gisa, eskaera hori erregistratu dute gaur ofizialki Gipuzkoako Diputazioan.
Kataluniako prozesu independentistak Espainian ireki duen lurralde krisi nabarmena ikusita, Euskal Herriari iritsi zaio ordua Espainiako Estatuarekin duen harreman eredua kolokan jarri eta euskal estatu independiente eta konfederal bat sortzeko prozesua abiatzeko; proposamen hori egiten dio EH Bilduk euskal gizarteari, militanteen gehiengo ia erabatekoaren oniritziarekin.
Pasa den larunbatean Konferentzia politikoa egin zuen EH Bilduk Gasteizko Europa kongresu jauregian, eta bertan "Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena" onartua izan zen militanteen %98aren aldeko bozkarekin. Burujabetzarako euskal bidea proposatzen du EH Bilduk dokumentu honen bidez, Euskal Herriko errealitate instituzionala, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzaileetatik abiatuta. Euskal errepublika helburu izanda, estrategia eta ibilbidea konfederala izatea proposatzen du EH Bilduk; hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu batean biltzea erritmo eta bide propioekin, hirurek batera euskal errepublika konfederala osatzeko.

Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaielak egin zuen Konferentziako sarrera hitzaldia.
Euskal Herria gurutze bide batean dago, eta ezinbestekoa da euskal herritarrek euren bidea diseinatu eta martxan jartzea, independentzia lortzeko helburu garbiarekin. Espainiar Estatuarekiko harreman eredua errotik aldatu eta berdinetik berdinera garatzen diren harremanak beharrezkoak ditugu, borondatean eta norberaren subiranotasunean oinarritutakoak. Helburua hori izanik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan burujabetza osoa eskuratzeko prozesu demokratikoak abiatzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk.
Nafarroari dagokionez, estatu izaera duen estatus politikoa lortzea da helburua. Hartarako, Nafarroako Parlamentuan eta gizartean eztabaida sustatzea proposatzen du Euskal Herria Bilduk. EAEri dagokionez, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean kokatzen da egin beharreko proposamena eta lana, bi fasetan: lehenik, legebiltzarrak onartutako testu artikulatua herritarren esku jarriko litzateke, galdeketa lotesle batean; eta ondoren, Madrilekin negoziatuko litzateke testua.
Ibilbide hau garatzen bada, Espainiar estatuaren aldetik bi jarrera edo erantzun ezberdin aurreikusten ditugu EH Bildun. Batetik, Espainiako Gobernuak EAEko herritarren eta erakundeen erabakia errespetatzea. Hala balitz, EAEko estatus politiko berria martxan jartzeko prozesua abiatuko litzateke, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozedura eta egutegia barne. Ostera, Madrilek erabakitakoa onartuko ez balu (gaur egun EH Bilduk beste aukerarik ez du ikusten) EAEko eragile politiko eta sozialen artean burujabetza eskuratzeko aldebakarreko ibilbide orri propioa adostu beharko litzateke erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politiko, sozial eta sindikalekin.
Ideia horretan sakondu zuen Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, militanteen aurrean eskeini zuen hitzaldian. "Euskal Herriko indar politikoei, sozialei eta sindikalei esaten diegu amaitu dela Espainiako Estatuarekin dugun dependentzia harremana. Egungoa garai historikoa da, eta ezker independentistak egoerak eskatzen duen mailan egon behar du. Indarrak biltzera eta lidergoak partekatzera deitzen ditugu eragile guztiak, estatu duin eta demokratikoago bat eratzeko. Ez dago inor sobran; herri honetako indar demokratiko guztiek ados jarri behar dugu".

Arnaldo Otegi EH Bilduko Idazkari Nagusiaren interbentzioaren unea
Kataluniako egoera gogoan harturik, estatuak bere izaera antidemokratikoa agerian utzi duela salatu zuen Arnaldo Otegik: "Estatuak ez du inolako eskaintza politikorik estaturik gabeko nazioentzat, eta soilik indarra eta mehatxua jartzen ditu mahai gainean". Iñigo Urkullu lehendakariari ere mezu argia bidali zion: "Kataluniak ez du bitartekaririk behar estatuan, laguntza eskainiko dioten konplizeak eta aliatuak baizik". EH Bilduko ordezkari eta militanteek txalo zaparrada batekin erantzun zituzten Arnaldo Otegik Urkullu lehendakariari zuzendu zizkion hitzak. Azkenik, Konfenetzia Politikoan parte hartutako 350 kideek aho batez onartu zuten Kataluniako prozesu independentistari babes osoa agertzeko proposatu zen ebazpena. Ebazpena Josu Juaristi EH Bilduk Europar parlamentuan duen ordezkariak eta Bakartxo Ruiz, Nafarroako parlamentuko kideak irakurri zuten eta esan bezala militanteen erabateko babesa lortu zuen.
Pasa den ekainaren 17ko Kongresuan militanteen bozka zuzenaren bidez aukeratuak izan zirenetik, EH Bilduko idazkari sektorial guztiak lehen aldiz elkartu dira. Hurrengo hilabete eta urteetan EH Bilduk egingo dituen politika sektorialak zehazten hastea izan da bilkura honen helburua.
Urriaren 7an Gasteizen izandako EH Bilduren Konferentzia Politikoan aurkeztu zen bezala, EH Bilduk Euskal Errepublika eratzearen aldeko lana abiatu du iada. Errepublika horrek herritarren gehiengoaren beharrei erantzungo dien gizarte ongizate sistema sortzeko helburua izango du. Horrenbestez, errepublika sozial eta demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen dugu, bertan bizi direnak zaintzeko gai izango dena.
Gaurtik hasita, errepublika horren zutabeak izango diren proiektuak lantzen hasiko dira 20 idazkaritzak. Gaur egungo markuetatik egingarriak eta errealistak izango diren proposamen zehatzak eginez joango dira idazkaritzak helburu horiek gauzatzen eta, jakina, herritarren bizitza kalitatea hobetzea eta herri eta gizarte bezala nahi dugun etorkizun duina eraikitzea izango dute helburu.
Era berean, EH Bilduk Euskal Errepublikaren oinarriak izango diren oinarrizko tresna eta egiturak definitzeko prozesua abian jarri duela iragartzen du. Gure eredu sozialaren oinarriak izango diren tresnen izaera zehazteko lan mardulari ekin diogu.
Gizarte segurtasuneko sistema publikoaz ari gara. Arreta berezia jarriko diogu pentsioen sistemari, finantza sistema propioari, gizarte babesari, lan harremanen esparru propioari, administrazio publikoari eta etorkizuneko osasun eta hezkuntza sistemei. Horiek guztiak sakon aztertu behar ditugu, aldaketak praktikan ezarri behar izango direnean prestatuak egon gaitezen.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Aiztondoko udalek elkarlanean ekimen ugari antolatu ditute Minbiziaren aurkako martxaren baitan; Hitzaldiak, gastronomiari buruzko saioak, tailerrak... Pasa den larunbat goizean eman zitzaion amaiera martxa honi, Zizurkil eta Villabona artean garatu zen kalejira eta ekitaldiarekin. Aiztondoko herrietatik abiatu ziren ibilaldiek bat egin zuten Zizurkilen eta ondoren Villabonako Errebote plazan ekitaldia egin zen. Bertan Zarauzko herriari hurrengo urterako testigua pasatu zitzaion, 2018ko "martxan" ekimena bertan antolatu dezaten.

Zizurkil eta Villabona arteko kalejira "berdea"
Goizean Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorako umeentzat kirol ekintzak izan ziren eta ondoren Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil Gora eta Adunatik abiatutako ibilaldiek bat egin zuten Joxe Arregi plazan. Handik Zizurkil eta Villabonako buruhandi eta erraldoiekin batera Villabonako Errebote plazarako bidea egin zen kalejiran. Ekitaldiaren ostean, zumba saioa izan zen plazan bertan eta spinning saioa Olaederra kiroldegian. Gainera, Topic-ek txotxongilo tailerra eskaini zien bertaratu ziren haurrei.

Zizurkilgo Joxe Arregi plazan ateratako familia-argazkia
Pasa den irailaren 25ean izandako udaletxeko plenoan berriro ere alkatearen soldataren inguruko tira-birak izan ziren eta beste behin EH Bildutik soldata kopuru normalagoetara itzultzeko egindako proposamenari ezezko argia erantzun zion alkate andreak. Hori gutxi balitz, pleno hartan bertan, alkateak bere soldata beste %1ean igotzea erabaki zuen.
Bestalde, plenoan liberazio politikoen kostu ekonomikoaz ere hitz egin zen. PNVk Diario Vascon salatu zuen EH Bilduk aurreko legealdian 4 liberatu izatea, hori bai, inolako zifrarik aipatu gabe. Horri erantzuteko, EH Bilduk zenbaki zehatzak ekarri zituen gogora:
- Aurreko legealdian 4 liberazio izan ziren urtea kontutan hartuta ere, 2014a, soldaten kostua 97.031 eurokoa izan zen.
- PNVren gobernuarekin, 2 liberazio politikorekin (alkatea eta bere konfiantzazko postua): 107.380 euro.
Egun hartan gai honekin zuzenean lotutako kontu bat ezkutatzen zuen PNVk:
Irailaren 25eko goizean, aipatutako plenoaren egun berean, Maite Izagirrek sinatutako dekretu baten bidez, udalean bere konfiantzazko 2. lanpostua sortu eta kontratatzea erabaki zuen.
Urte beteko kontratua, urtean ia 20.000 euroko soldatarekin
PNVko udal gobernuak urte beteko kontratua egin dio beren konfiantzazko lagun bati, kasu honetan 2015eko hauteskundeetan Ordiziako PNVko zerrendan aurkeztu zen (eta zinegotzia izatea lortu ez zuen) Arantzazu Garin jeltzale goierritarrari. Guztira 19.624 euro ordainduko dizkio udalak, komunikazio politika egiteagatik. Izagirre alkateak sinatutako dekretuan jasotzen denez, udaleko Amavi aldizkaria, webgunea eta sare sozialetako kontuak kudeatuko ditu langile berri honek.
Beraz, PNVren liberazioek (alkateak eta konfiantzazko 2 postuek) udalean sortuko duten gastua gutxienez urtean 127.000 eurokoa izango da aurrerantzean, Villabonako udaleko gobernu batek inoiz izan duen kopururik handiena.
Europako Parlamentuan presoen urruntzearen gaia jorratu da eta gehiengoak urruntzzea salatzea erabaki du «haien senitartekoei ezarritako zigor gehigarria» delako. Gainera, Europar Batasuneko kide diren estatuei eskatu die gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan «haien zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko».
Europako estatuen kartzelen egoera eta baldintzen inguruko Bergeron txostena izenekoa onartu du parlamentuak, eta han, EH Bilduk proposaturik, agertzen dira presoen urruntzeari eta larriki gaixo diren presoei buruzko aipamenak. EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik «oso albiste ontzat» jo du bozketaren emaitza. Onartutakoa ez da txosten legegilea, eta, hortaz, ez da estatuek derrigorrean bete beharrekoa, baina lehenengo urratsa da Europan presoen giza eskubideak arautzeko bidean. Txostena alde handiz onartu da Estrasburgoko parlamentuan egin den bozketan: 474 boto alde, eta soilik 109 aurka.
Pasa den asteartean, Amasa Villabonako EH Bilduren deialdiari erantzunez, 100 herritar inguru mobilizatu ziren Villabonako kaleetan "Katalunia beti aurrera! Sànchez eta Cuixart askatu!" lelopean. Ibilbidean zehar "errepresiorik ez", "Katalunia aurrera" edota "Jordiak askatu" oihuak bota zituzten manifestariek.
Astelehen iluntzean Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart, ANC (Kataluniako biltzar nazionala) eta Omnium Cultural (independentziaren aldeko gizarte mugimendua) erakundeetako buruzagien kontrako baldintzarik gabeko kartzelaratzea ezarri zuen espainiar Auzitegi Nazionaleko Lamela epaileak. Berehala protesta deialdiak antolatu ziren hurrengo egunerako eta Amasa Villabonako EH Bilduko kideok mobilizazioa deitzea erabaki genuen. Sánchez eta Cuixart-ek zuzendutako erakunde independentistek sekulako mobilizazio ahalmena erakutsi dute azken urteetan (Diada egunetako manifestazio erraldoiak adibide garbia dira) eta beti modu baketsu eta zibikoan egin dituzte beren aldarrikapen ekimenak. Horregatik sartu dituzte preso, beraiek eta beren erakundeak osatzen dituzten milaka militante eta kideen lanak, min handia ematen diolako espainiar estatu antidemokratiko eta autoritarioari. Argi dago beraz, Sànchez eta Cuixart preso politikoak direla.

Mobilizazioa Malkar plazatik abiatu zen eta Berdura plazan amaitu.
Estatuak errepresio basatiaren bidea aukeratu du kataluniar herriaren gehiengoa eta demokratikoki aukeratutako Generalitat-a zapaltzeko. Bide errepresibo horretan berdin zaie ze tresna erabili, polizia eta guardia zibila baketsuki mobilizatzen den jendea egurtzeko eta epaitegiak (euskaldunok oso ondo ezagutzen dugun Auzitegi Nazionala) politika egiten ari diren pertsonak zigortu eta kartzelaratzeko.
Honen aurrean Euskal Herrian ere elkartasun mobilizazioak beharrezkoak direla pentsatzen dugu, kataluniar herriari babesa erakusteko eta estatuaren errepresioaren aurrean gure samina eta amorrua adierazteko. Ez hori bakarrik, kataluniako prozesu independentista demokratikoa babesteaz gain, Euskal Herrian ere espainiar estatuari bigarren frente subiranista zabaltzea da gure apustua. Zentzu horretan erabakitzeko eskubidearen aldeko indar sozial, sindikal eta politiko ezberdinen artean hitz egiten hasteko eta gure eskubide demokratikoak lortzeko bide orri bat adosteko urratsak ematea ezinbestekoa da, EH Bilduk lehentasuna ematen dio bide hori egiten hasteari.
EH Bilduk Gipuzkoako Garraio Agintaritzari eskatuko dio aurrera pausuak eman ditzala MUGI txartela hobetzeko. Koalizioak beharrezkoa ikusten du 2018rako tarifetan neurri batzuk hartzea garraio publikoaren sarea erakargarriagoa egiteko. Horregatik, hainbat proposamen eramango ditu Agintaritzaren hurrengo bilerara. Hobekuntzen artean, adibidez, doakotasuna eskatzen da 6 urte arteko umeentzat; hilabetean 51 bidai baino gehiago egiten dutenentzat eta ibilgailu-aldaketak egin behar dituzten erabiltzaileentzat. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen desoreka orekatzea eskatu du EH Bilduk.

Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak aurkeztu zuen Mugi txartela hobertzeko proposamena
Gipuzkoan, 2013an, Garraio Agintaritza osatzen duten administrazio publikoek Mugi txartela sortu zuten, garraio publikoari bultzada emateko helburuarekin. Aurtengo legealdian, baina, Foru Aldundiak ez du aurrera pausorik eman, eta ez du neurririk hartu garraio publikoaren erabilera handitzeko. Izan ere, tarifa laua Foru Gobernuaren programan neurri izar bezala agertu arren, ez dute horri buruz hitzik esan. Eta ez hori bakarrik, Diputazioaren kudeaketa kaxkarraren ondorioz, gaur egun, MUGI txartel anonimoa duten gipuzkoarrek beste lurraldeetako erabiltzaileek baino gehiago ordaindu behar dute Gipuzkoan.
Horregatik, EH Bilduko ordezkariek proposamen bat eramango dute Garraio Agintaritzaren hurrengo bilerara, ondoko proposamenekin:
- Doako ibilgailu-aldaketak: Gaur egun, MUGIko erabiltzaileek, garraiobide merkeenaren tarifaren % 25 ordaintzen dute ibilgailu-aldaketetan. Hori lortzea aurrerapausoa izan zela aitortuta ere, 2018an ibilgailu-aldaketak debaldekoak izatea lortu beharko genuke.
- Doako garraio publikoa, 6 urte bete arte: Euskotrenek, 2017an, erabaki zuen umeek -6 urte baino gutxiagokoek- tarifarik ez ordaintzea; Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren barruan dauden gainerako garraioek (Lurraldebus eta udal autobusek), ordea, ebatzi zuten 5 urte baino gutxiagokoek soilik ez ordaintzea. Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Agintaritzako garraio guztiek baldintza berberak ipintzea lortu behar dugu.
- Azkeneko bidaiaren doakotasuna: Zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta tarifa merkeagoa ordaintzea da Mugi txartelaren ezaugarrietako bat. Hori horrela, baldin eta bidaiariak, hilean, 51 bidaia egiten baditu, % 90eko hobaria izan dezake. Aldiz, guk %100eko hobaria proposatzen dugu.
- Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen arteko desoreka kentzea: Mugi txartel anonimoa erabiltzen duten gipuzkoarrek bizkaitar eta arabarrek baino prezio garestiagoa ordaintzen dute Gipuzkoan autobusa eta trena erabiltzeagatik. Hori ez da onargarria.



















