- 26 Apirila 2017
Villabonako Arteca enpresak obra kontratua zuten hiru langile kaleratu ditu apirilean eta langile hauen eskubideen kontrako eraso horri erantzun bat emateko, langileek ordubeteko lanuzteak egin dituzte hiru egunez. Hiru lan txanda izaten dituzte eta hirutan egin dituzte lanuzteak. Kaleratutako langileek maiatza bitarteko obra kontratua zuten eta bukatzerakoan kaleratu dituzte, enpresako arduradunek kontratua eten egin dutela diote, ez dela kaleratzea, baina langileen ustez kaleratzeak dira. Langileek salatu dute, geroz eta aldi baterako langile gehiago hartzen dituztela enpresan eta horrek prekarietatera daramatzala. Ez dute baztertzen maiatza eta ekainean berriz ere lanuzteak egitea.
Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du langileek egiten duten salaketarekin eta burutu dituzten lanuzteekin. Bestalde, gure elkartasuna adierazi nahi diegu apirilean kaleratuak izan diren hiru langileei eta beren senideei. Arteca-ko langileek salatu duten bezala, aldi baterako kontratu gero eta gehiago egiteak, langileen prekarietatea handitzea dakar ezinbestean, eta hori ezin da besterik gabe onartu. Beraz, prekarietateari aurre egiteko langileek etorkizunean egin ditzaketen protestak ere babestuko ditugu.


