- 27 Apirila 2017
Apirilaren 26a, ikusgarritasun lesbikoaren nazioarteko egun gisa izendatua izan da eta EH Bilduk Euskal Herriko erakunde publikoetan genero eta sexu errealitate ezberdinak herritarrei ezagutaraztearen aldeko mozioak eta adierazpen instituzionalak proposatu ditu.
Amasa Villabonako EH Bilduko udal-taldeak ere, bat egin du iniziatiba instituzional honekin eta jarraian irakurri ahal izango duzuen Mozioa erregistratu du Villabonako udaleko idazkaritzan:
MOZIOA
Amasa Villabonako EH BILDU taldeak hurrengo mozioa aurkezten du, Giza Eskubideen batzordean eztabaidatua izan dadin, “Dauden genero- eta sexu-errealitate ezberdinak herritarrei ezagutarazteari buruz”.
ZIOA:
Emakundek hainbat urtetan berdintasunaren aldeko eta genero identitateagatik edo sexu-joeragatik ez baztertzeko kanpainak egin dituen arren, uste dugu beharrezkoa dela transexualitatea despatologizatzeko, ikusgarritasun lesbikorako eta bazterkeria eragiten duten elementuak (generoa, jatorria, sexu-praktikak, etab.) ikustarazteko kanpaina zehatzak sustatzea.
Aldarte Gay, Lesbiana eta Transexualen harretarako elkarteak “Lesbianak ikusgai eta eskubidedun” kanpainan hainbat gai azpimarratu zituzten, eta horien artean honakoa adierazten dute: “Esparru publikoan da bereziki nabarmena ikusgaitasun lesbikoaren urritasuna. Askozaz ikusgaiago dira lesbianak arlo pribatuan, publikoan baino; beraz, familia eta lagun artean da zabalagoa eta moldagarriagoa ikusgaitasuna, lan eta enpresa munduan, kalean, auzoan, komunikabideetan eta politikan baino. Gure herrian, jendarteak lesbianismoaz duen irudikapenaren eraikin horrek miniaturaren neurriak ditu, maketa eskalako neurriak .
Ikusgaitasunaren elikagai ditugu, besteak beste, komunikabideak, erreferente historikoak eta esparru publikokoak, sexualitateak jendartean duen onarpena eta botere politikoa, eta elementu horiek guztiak urri dituzte emakumeek.”
Honek, bi eragin nabarmen ditu lesbianen, transexualen… bizipenetan Aldarteren arabera, alde batetik gizarte baliabideak erabiltzerako garaian, hauei maila apalagoan edo baldintza okerragoetan heltzera jotzen dute. Bestea, haien identitate, sexualitatea modu aske batean ez bizitzea eragiten du.
Horren aurrean, udal/batzarkide talde honek hurrengo mozioa besteko proposamena aurkezten du:
Amasa Villabonako udalak Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatzen die transexualitatea despatologizatzeko, ikusgarritasun lesbikorako eta bazterkeria eragiten duten elementuak (generoa, jatorria, sexu-praktikak, etab.) ikustarazteko kanpaina zehatzak susta ditzala.
Mozio hau datorren astelehenean, apirilak 24, 19:00etan burutuko den Villabonako udaleko ohiko Osoko Bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatuko da.

EH Bilduk argitaratu duen kartela


