Albisteak

Estatuen blokeo estrategiaren aurrean gizarte zibila izan behar da protagonista bake eta konponbideari atea irekitzeko.

Arnaldo Otegik bi estatuen estrategia errepresiboa integral baten baitan kokatu du sarekada, Euskal Herrian bake eskenatokiak lehertzeko helburuarekin.

“Oraingo honetan gizarte sektore zabalen aurkako operazioa egin dute eta bi estatuen blokeo nahia agerian geratu da operatibo honekin. Berez, herri honen, gizarte honen, aurkako operazio larria izan da” esan du Otegik.

“Estatuen blokeo estrategiaren aurrean, gizarte zibilak arduraz jokatzea erabaki du konponbideari eta bakeari bidea irekitzeko. Armagabetze prozesua bideratzeko eta egiaztatzeko erabakia hartu du. Baina borondate eta asmo horri bizkarra emanez, bi estatuek hori galarazi nahi izan dute” jarraitu du EH Bilduko bozeramaleak.

Atzo Baionan gertatu zena aipatuz, eta Ipar Euskal Herrian lortu den batasun politiko eta soziala azpimarratuz, blokeoa gainditzeko kalera ateratzeko beharra planteatu du. “Kaleak aldarriz betez, kaleak bete behar dira bakea eta bake eskenatokiak defendatzeko” jarraitu du Otegik.

“Estatu espainolak eta frantsesak "garaile-garaitu" eskeman kokatu nahi dute bere estrategia. Horren ondotik ezarri du erabateko blokeoa eta horren ondorioz iristen da horrelako egoera absurdo batera: orain 5 urte armak behin betiko utzi dituen erakunde baten armagabetzea gauzatzen ari ziren pertsona ezagunen aurka jotzen dute, aurretik nazioarteko ikuskarien aurka egin zuten bezala” salatu du Arnaldo Otegik.

Bukatzeko, ausardiz eta arduraosoz jokatzeko unea dela azpimarratu du bozeramaleak, eta atxilotutakoen konpromisoa goraipatuz blokeo egoera gainditzeko filosofia eta ereedu hori jaraitzeko deia egin du. “Gizarte zibila, euskal herritar oro norabide hortan kokatu behar dugu, soluziobide osoak lortze bidean ezinbesteko konpromiso eta sujetu bilakatuz.”

Honako hau da Etxerat elkarteak, "Etxerat Lagun" sostengu kanpaina aurkezteko argitaratu duen oharra:

"Etxerat Elkartea 2002.urtean sortu zen, hainbat senide eta lagunen lan, gogo eta elkartasunari esker. Azken finean, horixe baita elkartasuna, sinisten den zerbaiten alde lan egiteko gogoa. Etxeraten, euskal preso eta iheslari politikoei ahotsa ematen diegu eta ezkutatu nahi duten errealitate hori argiztatu eta zabaldu.

Gure jardun nagusiak asistentzia eta sostengua eskaintzea, izaten diren urraketa etengabeak salatzea, bisitak eskatzea eta beste modu batean bidaiatzeko aukerarik izango ez luketen pertsona eta familia ezberdinentzat furgonetak eta autobusak antolatzea dira. Jardun horretan gogor eta etenik gabe jarraitzeko, ordea, zure laguntza beharrezkoa zaigu. Bide horretan jaio da Etxerat Lagun.

Etxerat Lagun ekimena Etxeratekiko elkartasun sentimenduak dituzten norbanako eta eragileak bilduko dituen ekimena da. Elkartea lagundu nahi duen edonor izango da Etxerat Lagun. Era asko daude laguntzeko: ekarpen ekonomiko batekin, baliabide edo ezagutzen bitartez, ekimenetan lagunduz…

Oraingoz, Etxeraten jarduna ziurtatzeko, helburu nagusia dirua batzea da, kuotakideak lortuz, eta horretara zuzentzen ari gara gure kanpaina. Hainbat bide dituzu Etxeratekin ekonomikoki kolaboratzeko. Eskuorria on-line betez, berau inprimatu eta posta arruntaz bidaliz, edota This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. emailean zein 646 02 88 84 telefonoan gurekin harremanetan jarriz. Lotu elkartasunari! Etxean eta bizirik nahi ditugulako!"


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu sostengu kanpaina honekin eta gure koalizio politikoa "Etxerat lagun" egingo dela jakinarazten dugu. Izan ere, euskal presoen senideen kolektiboa da momentu honetan Euskal Herrian giza eskubideen urraketa onartezinak pairatzen dituen kolektibo nagusia. Espainiar eta Frantziar estatuek, euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerari kasu zipitzik egin gabe, Dispertsio politika indarrean mantentzen dute. Kartzela politika erabat bihozgabe honen ondorioz, milaka pertsona dira beren senidea edo laguna ikusteko ehunka edo milaka kilometro egitera behartuak direnak eta esan bezala, egoera hau guztiz onartezina da. 

Azkenik, Amasa Villabonako herritarrei "Etxerat lagun" egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu, horretarako albistean agertzen diren helbide elektroniko edo telefono mugikorra erabili dezakezue, edo bestela Villabonako Iratzar tabernara jo, eta bertan emango dizuten papera bete dezakezue.

Goierri Birzirik plataformak deituta egin dute protesta, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Milaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Ormaiztegin Goierri Birzirik plataformak egindako deiari erantzunez. Berdez jantzita gerturatu dira herritarrak herriko plazara, handik baitzen ateratzekoa martxa, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Jai giroan egin dute herriko kaleetatik Lurpe zabortegirainoko ibilbidea. Eurekin zituzten erraldoiak ere.
Cespa enpresak kudeatzen du Lurpe isurtegia. Orain arte hondakin industrial geldoak besterik ez dute jaso hor, Goierri Birzirik-ek jakinarazi duenez, ez hiri hondakin solido edo zaborrik. Mutiloako Udalak salatu du horrek udalaren hiri plangintzako arau subsidiarioak eta zabortegia ustiatzeko hitzarmena urratuko lituzkeela; gainera, jarduera baimen berria beharko luke isurtegiak hiri hondakinak jasotzekotan.

Datorren ostiralean abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Amasa Villabonako hezkuntza zentroetan. Hainbat ekintza antolatu dira beti ere gure hizkuntzaren alde.

 

FLEMING IKASTETXEA:

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arratzain eta Arroako eskoletan: 

ARROAN, ostegunean, goizeko 11:30ean irratsaio berezia izango da gurasoen partaidetzarekin. Ostiral goizean, gaztaina jana eta Euskararen txantxangorria-ren horma-irudia egingo dira Arroako plazan eta arratsaldean, Euskal Jokuak.
ARRATZAINEN, ostiral goizean eskola apainduko da eta arratsaldean, ikasleen irrintzi saioa, txiste kontakizunak eta Euskal Karaokea izango dira. 

 

ZUBIMUSU IKASTOLA:

Haur Hezkuntzan:

Goizean. Euskara gaitzat hartuta marrazki bat egin.

11:00. Argitxoren urtebetze eguna dela ospatuko dugu ikastolako ganbaran. Haurrek Argitxori adireazpen saio bat eskainiko diote eta bukaeran Argitxoren abestia abestuko dute. Hamaiketakoa egingo dute eta Argitxok arratsaldean filma bat ikusteko gonbidapenak banatuko dizkie.

16:00. Zine emanaldia.

Lehen Hezkuntzan:

09:00. Txupinazoa eta pregoia botako dira ikastolako balkoitik.

09:30 - 11:30. Taldetan banatuta, jolasak eta euskara gaitzat hartuta marrazkiak, euskararen aldeko esaldiak idatzi, gela bakoitzak lelo bat asmatuko du eta horma irudi bat egingo dute elkarrekin.

15:30. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleek mailaka abesti bana eskainiko dute eta bukatzeko Behin Betiko abestia kantatuko dute denek batera.

16:00. Txokolatada eta erromeria.

DBHn:

09:00 - 09:45. Hizka-mizka

09:45 - 10:15. Euskararen misterioa dokumentala.

10:15 - 10:30. Euskararen lelo esanguratsuak asmatu.

10:30 -10:45. Geletako lelo hobenaren bozka.

10:45 - 11:15. Gurasoek eskainitako hamaiketakoa.

11:15 - 12:45. Malkar edo Behar Zana frontoian herri kirola

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak bat egiten du preso politiko ohien iniziatibaz sortu den Kalera Kalera ekimenak, datozen egun eta asteetan antolatu dituen deialdiekin eta parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei. Kalera Kalera ekimenaren helburuen artean egungo espetxe politikarekin amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea daude, beti ere gatazkaren ondorioak gainditzeko eta konponbidearen eremura eramateko asmoarekin. EH Bildutik aldarrikapen eta helburu horiek erabat konpartitzen ditugu eta aurrera urratsak lortzeko beharrezkoa ikusten dugu herritarren aktibazioa eta inplikazioa. Euskal Herriko herri eta auzo askotan bezalaxe, Amasa Villabonan ere, Kalera Kalera ekimena antolatu dute hainbat preso politiko ohiek, mobilizazio eta ekiemen ugari antolatu dituztelarik.

Hemen duzue Amasa Villabonako deialdien zerrenda:

- Abenduko ostiraletan (abenduak 16, 23 eta 30) Kalera Kalera ekimenaren ikur izango diren kandelak eskuan hartu, eta giza-kate ibiltariak egingo dira Villabonako kaleetan.

- Abenduaren 24an, 19:30etan Iru Aldetatik abiatuta, Giza-Katea.

kartela villabona kalera

Abenduak 24 KALERA

 

 

 

 

 

 

 

 

Bosgarren urtez, Behar Zana pilota elkarteak antolatuta, gazte nahiz nagusi mailako eskuz binakako Antton Pebet memoriala jokatuko da Villabonako Bearzana pilotalekuan. Aurtengoan ere afizionatu mailako pelotari onenetakoen parte hartzea izango du txapelketak.

Egutegia eta jokalariak, jarraian:

FINAL LAURDENAK
Abenduak 9, ostirala 19:00etan
1.- GARCIA-ARANGUREN & SALABERRIA-RUIZ
2.- ESPINAL-GORROTXATEGI & E.LABAKA-SANTXEZ


Abenduak 10 , LARUNBATA 11:00tan
1.- ANSO-AIZPURU & P.ETXEBERRIA-IBARLOZA
2.- PRADO-ETCHEGOIN & ERRANDONEA-MURGIONDO


Abenduak 16, OSTIRALA 19:00etan
1.- ZUBIZARRETA-MARIEZKURRENA & EXPOSITO-ZEZEAGA
2.- SANTXO-GARMENDIA & A.ETXEBARRIA-KASTILLO


Abenduak 17, LARUNBATA 19:00etan

1.- ALBERDI-ESKIROZ & ELOLA-GASKUE
2.- P. LABAKA-TELLETXEA & ARRIETA-AIZPITARTE

FINAL ERDIAK

Abenduak 30, OSTIRALA 11:00tan
Abenduak 31, LARUNBATA 11:00tan


FINALA
Urtarrilak 7 , LARUNBATA 17:30etan
1.- GAZTEAK
2.- NAGUSIAK

 

Pebet kartela

Haurren hazkuntza eta hezkuntzan, bitarteko naturala da jolasa. Jolasen bidez sozializatzen dira, ikasten dute taldean aritzen eta norbanako izaera osatzen joaten zaie. Jolasteko ordea, jostailuak erabiltzen dira, eta hauek haurren nortasunaren garapenerako ezinbestekoak dira. Jostailuekin jolastuz, haurra norbere identitatea eraikitzen astearekin batera, besteekiko pertzepzioa, harremantze-modua eta jendarteratzea lantzen da.

Horregatik da garrantzitsua oso, jolasaren hautaketa, jakinda haurraren interesa, kanpoko eraginak eta gure asmoak, guztiak kontuan hartu behar ditugula. Ez dago jolas onik edo txarrik, jolasaren erabilerak baitira onak edo txarrak, izatekotan. Era berean, ez dago neska edo mutikoentzat den jolasik, izatekotan, jolas jakinak neskei edo mutikoei eskaintzen baitizkiegu; eta kasu hauetan, maiz asko generoei esleitutako rolak eta aurreiritziak indartzen ditugu.

Horregatik estereotipoak eta rolak gaindituz, umeak berdintasunean, askatasunean, solidaritate eta elkartasun baloreetan hazi eta hezi ditzagun, opariak ere irizpide horiei eutsita erosteko proposamena egiten dugu EH Bildutik.

EH Bildutik hausnarketa sustatu nahi dugu gure herrietan, eta udalerriei urte osoko lanketa proposatuko diegu, herriko guraso elkarte, ikastetxe, merkatari elkarte, aisialdi talde eta herri mailako lanketa kolektiboa bultzatzeko hausnarketa eta lanketa partekatuaren bidez, beste kontsumo eredu batzuk bultzatu eta sustatu ditzagun, gure umeekin ere.

 

 

Ehunka familia eta milaka herritar elkartu ziren pasa den larunbat arratsaldean Donostian, hotz hezeari aurre eginez, «gaur Gipuzkoa gehiago dela» aldarrikatzeko. «Gehiago da, osasunaren eta adostasunaren alde batu garelako», adierazi zuten Estitxu Fernandez eta Joxe Mari Izetak GuraSOSen izenean.

Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi dituztela aldarrikatu zuten. Segurtasun gehiago eta babesa nahi dituztela erran dute, batez ere beren seme-alabentzat.

Ehun haur joan ziren 'Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable' leloa izan zuen martxaren buruan. Eurak izan ziren erritmoa markatu zutenak. Hala, txuriz jantzita, bi lerrotan kokatu, eta poliki-poliki egin zuten Araba Parketik Alderdi Ederrerako bidea, megafoniatik etengabe GuraSOSen manifestua aditzen zen bitartean. 15.000 lagunen babesa lortu du dagoeneko testu honek, eta atxikimenduak biltzen segitzen dute.

«Zer jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehigo jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi dugu», eskatu zuten. Instituzioetako ordezkariei boto paper bat baino gehiago direla eta dagokien gauzetan parte hartu nahi dutela eta hartuko dutela ere azaldu zieten.

gurasos mani 2

Larunbateko manifestazio buruaren irudia

Lehenik eta behin, erraustegia eta Mutiloako lizitazioak gelditu behar direla erran zuten, hondakinen plan orokorra legeztatzearekin batera. GuraSOSek mahai gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan aditu, jendarte eragile, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Gaur guztiei dei egin diete konponbidea lortzeko osasunaren eta adostasunaren bideari hel diezaioten.

Eta ordubete pasatxoko bidea pazientziaz burutu eta agertokiaren aitzinean bihotz bat osatu zuten txikiei zuzendu zitzaien bukatzeko. «Entzun haurrak: ikusten dituzue milaka eta milaka pertsona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogu denen artean, posible delako, gizartea eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jartzen bagara, denok batera lortuko dugu, oraindik garaiz gaudelako».


Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, erabat babesten dugu GuraSOS elkartea egiten ari den lana eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten EAJ eta PSE alderdiei, gipuzkoako milaka herritarrek diotena edo dioguna entzun dezaten eskatzen diegu. Ezin dugu onartu gipuzkoarren gehiengoaren iritziaren kontra eta milaka herritarren osasuna arriskuan jarriko duen Zubietako erraustegiaren inposaketa. Azkenik, GuraSOS elkarteak egin duen bezala, guk ere hondakinen kudeaketaren aferari buruzko eztabaida eta analisi serio eta publiko bat egiteko fase bat zabal dezala eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gai honi buruz espezialistek eta teknikari kualifikatuek diotena entzun behar da eta erabaki arrazionalak hartu, beti ere herritarren osasuna lehentasunezkotzat hartuz.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute gaur EH Bilduk Foru Gobernuaren 2017ko Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako Osoko Zuzenketa. Xabier Olanoren hitzetan, “Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokienean, eta gipuzkoarren beharrak asetzeko tresna eraginkorra izan beharko lukeen Aurrekontu Proiektuak ez ditu konpontzen herritarron arazo larrienak. Ezta urrunetik ere”. Koalizioak proiektua hobetzeko borondatea adierazi arren, EAJ-PSEren erantzuna ezezkoa izan da, ez baitago prest murrizketa sozialak bertan behera uzteko; ez enplegu duina sustatzeko, ezta zerga-erreforma progresiboa egiteko. Aldiz, Foru Gobernuak PPrekin adostu omen ditu 17 zuzenketa. “Eskuin espainolak eta eskuin abertzaleak interes berdinak defendatzen dituzte”, adierazi du Xabier Olanok.

XabierOlanoAurrekontuak

Xabier Olano, EH Bilduren osoko zuzenketa aurkezten Batzar Nagusietan

2017ko Aurrekontuek argi uzten dute Gizarte Politika ez dela lehentasuna Foru Gobernuarentzat. Hala izan balitz Departamentu horren pisu erlatiboa ez litzateke bigarren urtez jarraian gutxituko (%48tik gora mantendu zen aurreko legealdian. 2017an, aldiz, %46,6ra jaitsiko da). “Gero eta zaharragoa den jendartean eta gauden krisi garaian, dugunari eustea ez da nahikoa, ongizate sistema gero eta indartsuagoa behar dugu gipuzkoarron beharrei aurre egiteko”, azpimarratu du Xabier Olanok.

Bestetik, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina oso motz gelditzen da (% 0,41 gutxitzen da Ekonomia Sustapenerako Departamentuaren aurrekontua). Gainera, proiektuak ez dio erantzuten ehun produktiboak dituen arazo estrukturalei. Enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainek dituzten zailtasunak ez dira behar bezala kontuan hartzen. Tokiko garapenaren aldeko apustu sendorik ez da egiten. Eta ekintzailetza ez da behar bezala sustatzen.

Eredu fiskalari dagokionez, Xabier Olanok ohartarazi du desoreka handiak agertzen dituela Foru Gobernuaren proiektuak: “Desoreka larria ez da egun batetik bestera gertatzen. Azken 16 urteetako zerga-bilketa datuak oso kezkagarriak dira Gipuzkoan. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bilketa garbia azken 16 urtetan % 184 igo da. Aldiz, Sozietateen zergak kontrako norabidea erakutsiko digu: Erdira jaitsi da azken 10 urteetan (% 57,5 -) eta azken 16 urteetako diru bilketarik baxuena izango du aurten. Eboluzio hau ez da kasualitatea. Zerga araudiak eskuzabaltasunez jasotzen ditu ordainketari ihes egiteko aukera ugariak”.

Beraz, EAJk PSE eta PPrekin onartuko ditu inolako aurrera urratsik ekarriko ez dituzten Aurrekontuak. EH Bilduk, aldiz, aurrera jarraituko du aurkeztutako proposamenekin, eskatuz, besteak beste, zerga erreforma progresiboa; 13 milioi gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara; 6,8 milioi gehitzea enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainentzako programa bereziak egiteko eta tokiko garapena sustatzeko.

 

 

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Gobernuari bidali zion 2017ko Aurrekontuak negoziatzeko lehentasunak jasotzen dituen dokumentua, negoziaketa fasearen lehenengo bileran adostu bezala. Bertan, koalizioak proposatu du 13 milioi gehiago inbertitzea gizarte zerbitzuetan (adinekoen egoitzetako itxaron zerrendarekin bukatzeko eta egindako murrizketak ezabatzeko) eta 4,5 milioi gehiago bideratzea ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko. Horietaz gain, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko, elikadura burujabetza bultzatzeko edo bidegorriak eta konpost planta berriak eraikitzeko diru-partidak ere aurreikusten dira. Guztira, 62 milioi euroko hobekuntzak proposatu dizkio EH Bilduk EAJ-PSEri. Horien barruan, Sozietateen Irabazien Gaineko zergaren bidez Diru-sarrerak 21,4 milioietan handitzea proposatu du.

EH Bilduk Foru Gobernuaren ordezkariekin bildu zen abenduaren 17an aurrekontuen negoziaketa fasea abiatzeko, eta Aldundiarekin adostasuna bilatzeko borondatea adierazteaz gain, EAJ-PSEri bere ekarpen nagusienak abenduaren 25erako bidaltzeko konpromisoa hartu zuen. Hortaz, EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, diputatu nagusiari zuzendu zion ostiralean idatzi bat koalizioaren lehentasunak azaltzeko. Era berean, eskatu zion EAJ-PSEren erantzuna astelehenean jasotzea, asteartean Osoko Zuzenketak aurkezteko epea bukatzen baita:

EH Bilduren ekarpen nagusiak Gipuzkoa 2017 aurrekontuak hobetzeko:

Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokionean. Gipuzkoarren beharrak era egokian asetu nahi izateak erantzukizunez jokatzea exijitzen du eta, ahal bada, akordioa lortzea. Hori dela eta, 2017rako Aurrekontuen lanketan Aldundiarekin adostasuna bilatzeko prest gaude, bi baldintza nagusi betetzen badira: batetik, murrizketa sozialak bertan behera uzten badira, eta, bestetik, enplegu duina sustatzeko neurri zehatzak bultzatzen badira. Horretarako, diru-sarrerak eta aberastasunaren birbanaketa politikek garrantzia estrategikoa dute. Diru-sarrerak handitzeak bidea irekiko du inbertsioak egiteko enpleguaren sorreran, eta babes soziala eta zerbitzu publikoak hobetzeko politiketan.

Gipuzkoako 2017ko Aurrekontu Proiektua hobetzeko helburuarekin ezinbestekoa da, gure ustez, jarraian azaltzen ditugun aldaketa sakonak onartzea:

1. Gizarte politikak benetako lehentasuna izateko neurri zehatzak onartu behar dira. Horregatik proposatzen dugu 13 milioi euro gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara, Departamentu honek berreskura dezan aurreko legealdian zuen inbertsio maila, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 48. Gehikuntza horri esker, finantzatu ahal izango dira hainbat hobekuntza, adibidez, aparteko txoke plana zahar egoitza zerbitzuetan dagoen itxoite zerrenda luzea murrizteko, 2017an sortu behar diren plazei 100 plaza gehitzeko helburuaz eta horretarako 1.800.000 euro ezarriz. Eta bestetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzari kentzen zaion dirua gizarteratzera bideratua izan dadin, 4 miloi euro Gizarteratzeko prozesuetarako Laguntza ekonomiko berria sortuz, eta 1.000.000 euro gizarteratzeko bizilekuen programa indartzeko.
2. Ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 3 neurri jotzen ditugu ezinbesteko: ekintzailetasun programak indartu behar dira, 2 milioi gehiagoz, Gipuzkoako industria eraldatzeko programan enpresa txiki eta ertainen osasun egoera aztertzeko eta onbideratzeko programa abiarazteko milioi 1 euro eta tokiko garapenean eskualde mailako proiektu estrategikoak garatzeko partida, 1,5 milioi eurokin. Guztira, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 4,5 milioi gehiago.
3. Elikadura burujabetza bidean, tokiko proiektu estrategikoak sustatzeko programa. Landaola fundazioaren bidez, Landa Garapen Elkarteek kudeatzeko partida, 800.000 euroz hornitu behar da.
4. Europako zuzentarauak eta hondakinen kudeaketaren hierarkiak agindutakoa betez, konpost planta berrietan 6 milioi inbertitu behar ditu Foru Aldundiak, GHKren egoera larria estaltzeko transferentzia egin beharrean.
5. Antzuola-Bergara bide zatia BIDEGIk egoki burutu dezan, inbertsio horren gastua eta kapital sarrera berdinak izan behar dute, biak 17.072.235€. Beraz Bide azpiegituretatik Bidegiri egiten zaion finantza aktiboa 4.657.118€tan gutxitu behar da.
6. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu eraginkorra bultzatuz, bidegorriak eraikitzen jarraitu behar da, horretarako 5 milioi gehiago jarriz eta lehentasuna duen Donibane eta Lezo arteko bidegorria eraikiz.
7. Zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar dira eta Lan Eskaintza Publikoa berehala martxan jarri. Horretarako 975.000 €.
8. Diru-sarreren handitzea Sozietateen irabazien gaineko zergatik etorri behar du, zerga itunduek bataz beste izan duten neurri berean igoz, hau da 21.392.000€.

 

Gure ekarpen nagusienei buruz hitz egiteko prest gaude eta ahal bada adosteko ere bai. Aldiz, erantzun positiborik ez balute jasoko, Osoko zuzenketa aurkeztera behartuak egongo ginateke. Horrexegatik erantzuna eskatzen dugu azaroaren 28rako.

Tolosako gazte auziperatuen gurasoen plataformaren lehen helburua plataforma ezagutaraztea eta ahalik eta guraso gehien gerturatzea da. Beren seme-alaben "eskubideen eta etorkizunaren defentsan, eta guztien erabateko askatasuna lortu arte" egingo dute lan.Garden guraso plataformako Manu Ayerza, Ana Belen Santos, Izaskun Sukia, Txema Solano eta Mentxu Julaia kideek aurkeztu dute plataforma Tolosako Kultur-Etxean. “Hainbat arrazoiengatik zigor larriak jaso ditzaketen Tolosako ia 50 gazteen guraso eta senideak gara”, aurkeztu dute beren burua.

Tolosako hainbat gazteri jarritako zigor eskaerak gogoratu dituzte lehenengo: hiru gaztek bost eta sei urte arteko zigor eskaerei egin behar diete aurre. “Altsasun gertatu den moduan, hemen ere muntaia polizial baten aurrean gaude; hiru gazte horiek ez zuten parte hartu istilu horietan”, azpimarratu dute. Era berean, Ezpala gaztetxearen aldeko eserialdi "baketsu" batean parte hartzeagatik ia hiru urtetako espetxe eskaera egin diete bi gazteri, eta 40 bat gaztek 600 eurorainoko isunak jaso dituzte.

"Gardentasun osoa" eskatzen dutelako jarri diote Garden izena plataformari. “Oso kezkatuta” agertu dira guraso horiek, eta “neurrigabetzat” jo dituzte zigor horiek: “Denak libre eta neurririk gabe kalean nahi ditugu. 50 gazte horiek egin duten delitu bakarra beren ametsen alde borrokatzea izan da”, nabarmendu dute.

Horregatik, guraso horiek bildu eta plataforma bat sortzea erabaki dute: “Gazte horiekin egin nahi duten injustiziaren aurreak ez gara isilik geratuko, eta gure seme-alaben eskubideen eta etorkizunaren defentsan lan egingo dugu”, azpimarratu dute.

Egoera berean dauden gurasoei deia luzatu diete plataforma horretan parte hartzeko, baita Tolosako herritar guztiei ere: “Oraingoan guri tokatu zaigu, baina bihar beste guraso batzuek gertatuko zaie zerbait egin ezean", adierazi dute.

Kultur Etxean elkartuko dira eta harremanetarako hainbat bide dituzte: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbide elektronikoa, 640137065 telefono zenbakia eta gardengurasoplataforma Facebook orrialdea.


Amasa Villabonako EH Bildutik gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu plataforma honen baitan antolatu diren gurasoei. Auzipetuta dauden gazte tolosarrei ezarri nahi dizkieten zigorrak erabat neurrigabeak dira eta injustizia hutsa suposatzen dute. Beraz, gure aldetik babes osoa eskaini nahi diegu eta auzipetutako gazteak libre! behar dutela aldarrikatzen dugu ozen.

Mozioa datorren astelehenean 19.00etan Udaletxeko areto nagusian izango den Osoko Bilkuran aurkeztuko du koalizio abertzaleak eta bertan eztabaidatu eta bozkatuko da. Azken asteetan Altsasuk bizi izan duen presio polizial eta mediatikoak eta batez ere herriko hainbat gazteren inputazioak, Auzitegi Nazionalaren esku hartzeak, "Terrorismo" delitua leporatzeak, gazteek deklaratzeko asmoa agertu ondoren egindako operazio polizialak, atxiloketak eta zazpi gazteren espetxeratzeak, kezka eta ezinegon handia sortu dute euskal gizartearen sektore zabaletan eta Amasa Villabonan ere jende asko benetan haserre dago Nafarroako herri horretan bizi duten egoera tamalgarri honekin. Kezka horri erantzun bat emateko eta Villabonako Udalak erakunde publiko gisa bere posizioa edo iritzia plazaratzeko beharra ikusi du EH Bilduk eta hori izan da mozioa aurkeztearen arrazoia.

 

Hau da hitzez-hitz EH Bilduk Villabonako udalean aurkeztutako mozioak dioena:

"Nafarroako Altsasu herrian azken asteetan jazo diren gertakariak direla eta, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak honako mozio hau aurkezten du, Villabonako udalbatzan eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.

ARRAZOIKETA

Pasa den urriaren 15ean Altsasuko jaietan, gaueko ordu txikietan taberna batean hainbat herritarrek eta lan orduetatik kanpo zeuden bi guardia zibil eta beren emazteek eduki zuten liskarrak sekulako oihartzuna izan du. Egia da pertsona hauek hainbat lesio izan dituztela baina oraingoz horixe da auzi honetan ziur baieztatu daitekeen gauza bakarra. Batzuek kontakizun bat eta bakarra egin nahi izan dute, pertsona askoren artean eta aurrez pentsatuta, guardia zibilen eta bere emazteen kontrako eraso bortitzaren teoria, Guardia Zibilak berak osatutako kontakizuna inolako zalantzarik gabe ontzat emanez. Baina errealitatea bestelakoa da eta gaur gaurkoz ezin da jakin gau hartan zehazki zer gertatu zen, bertsio kontrajarriak entzun ahal izan ditugularik. Hala ere, indarkeriaren erabilera oro salatzen dugu inolako aitzakiarik gabe.

Hainbat komunikabide eta politikarik, zoritxarreko gertakari hau baliatu nahi izan dute Euskal Herrian eta konkretuki Altsasun bizi den errealitatea desitxuratzeko eta gaur egun guztiz faltsua den indarkeria eta beldurrezko eszenatoki bat irudikatzeko. Bide batez, Euskal Herrian guardia zibilaren presentziaren eta egiten duten lanaren apologia egin nahi izan dute askok, intentzio politiko argiarekin.

Kanpaina politiko eta mediatiko honek ordea, ondorio oso larriak ekarri dizkie Altsasuko hainbat familiari. Gertakari hau Nafarroako Auzitegiak epaitu behar lukeen arren, Auzitegi Nazionala tartean sartu da eta erabat ulertezina bada ere, "terrorismo" delitua egotzi die Altsasuko bederatzi gazteri.

Gazte hauek beren izen abizenak ikusi eta irakurri behar izan dituzte espainiar komunikabide garrantzitsuenetan, eta hasieratik deklaratzera agertzeko asmoa adierazi bazuten ere, bestelako garaietan egiten ziren moduko polizia operazio ikusgarri baten bidez atxilotuak izan ziren. Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak gazte hauetatik zazpiren kartzelaratzea agindu du eta momentuz espetxean aurkitzen dira inolako baldintzarik gabe. Gure ustez honako hau sekulako zentzugabekeria juridiko eta politikoa da.

Hau guztia gutxi balitz, operazio polizial, juridiko eta mediatiko honek asmo politiko nabarmenak dituela salatzen dugu. Konkretuki, Guardia Zibilak Euskal Herrian duen presentzia zalantzan jartzen duten eta gure herriaren desmilitarizazioa eskatzen duten kolektiboak kriminalizatzea da bilatzen den helburua.

Altsasuko herria ematen ari den erantzun zabal eta anitza eredugarria izaten ari da. Herriak bizi duen egoera larriaren aurrean (gazteen espetxeratzea, neurriz kanpoko akusazioak, herriaren kontrako manipulazioa, etab) herritarrek modu baketsu eta oso masiboan erantzun dute eta hori azpimarratu beharrekoa da. 

 

MOZIOA

1 - Amasa Villabonako udalbatzak bere elkartasun eta babes osoa adierazten die auzi honetan "terrorismo" delituagatik inputatuak izan diren pertsonei eta baita beren familia eta lagunei ere.

2 - Amasa Villabonako udalbatza, gertakari honi dagokion delituaren kalifikazioa "terrorismoa" izatearen kontra agertzen da eta Auzitegi Nazionaletik hartu diren kautelazko neurriak eta atxiloketak gaitzesten ditu.

3 - Amasa Villabonako udalbatzak momentu honetan kartzelan eta dispertsatuta aurkitzen diren zazpi pertsonen berehalako askatasuna eskatzen du.

4 - Udalbatzak gehiengo osoz mozio hau babesten badu, Amasa Villabonako udalak, mozio honen edukia bidaliko dio Altsasuko udalari eta Auzitegi Nazionalari. Bestalde, mozio hau publiko egingo du eskualdeko zein Gipuzkoako komunikabideetan.

 

Amasa Villabonan, 2016ko azaroaren 24an"

 

Ehunka preso ohien ekimenez "Kalera Kalera" mobilizazio zikloa abiatu dute Usurbilen eta ekimenak jarraipena izango du urtarrilaren 8ra bitartean. Presoen auzia jendarteratzea eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea izango ditu helburu. Hamarnaka preso ohi eta herritar elkartu ziren pasa den abenduaren 10ean Usurbilgo plazan Kalera Kalera ekimenari hasiera emateko. Bertan egongo da kokatua gune zentrala, plazan jarritako karpa batean, eta bertan egingo du lo egunero preso ohiek osatutako talde batek. Hasiera ekitaldian Maitane Sagastume eta Juanjo Legorburu preso ohiek azaldu zutenez, «euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gunea» izango da Usurbilgoa.

Ekimena Euskal Herri osora zabalduko dute gainera, herri ezberdinetan izango diren mobilizazioekin. Horrez gain, eragile ezberdinekin biltzeko asmoa dute. Aipatu dutenez, EPPK-k abiatzear daukan eztabaida sozializatzeko esparrua izan nahi du, eta horrekin batera, gatazkaren ondorioen konponbidearen arloko behar politiko eta humanoen inguruko mobilizazioa sustatzea hu helburu».

Eguzki talde ekologistak pasa den astelehenean jakinarazi eta salatu zuen Amasa Villabonan mirotz zuri bat tiroz jota agertu izana eta Gipuzkoako Fiskaltzan salatu zuen gertaera hau. 

Mirotz zuria, gurean oso gutxi ikusten den animalia da eta mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "interes bereziko" gisa dago sailkatua. Kategoria horretan sailkatzen dituzte, "balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edo berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espezieak".

Eguzki talde ekologistak salatu duenez, mirotz zuri bat tiroz bota dute eta hori Villabonan gertatu da. Bestalde, talde ekologistako kideek antzeko beste hainbat gertaera eman direla ere gogoratu dute: "ez da, ezta hurrik eman ere, ehiza-aldia hasi zenetik legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra". Dagoeneko zazpi kasu salatu dituzte eta kasu hauek "izozmendiaren tontorra baino ez dira", Eguzkiren esanetan. "Guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu dira". Villabonako mirotz zuriarekin batera, bi belatz handi bota dituzte Donostian eta Jaizkibelen, zapelatz bat Beizaman, lertxun hauskara bat Urretxun, belatz gorri bat Zegaman eta gabirai bat Zumarragan.

MIROTZA2

Mirotz Zuria

Mirotz zuria bota izana Gipuzkoako Fiskaltzan salatzeaz gainera, Foru Aldundiaren ehiza politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko "aukera handiak" ematen dituela berretsi du talde ekologistak. "Horrelakoetan tiro egiten dutenek, oso gutxitan identifikatzen dituzte hegaztiak. Horregatik, oinarrizko neurriak hartzeko eskatzen diote Foru Aldundiari. Foru Aldundiak ordea, ez ditu neurri horiek hartzen, Eguzkiren ustez, "ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola diolako". Taldeak publiko egin duen oharrean gogoratu du babestutako espezie bat botatzea delitua izan daitekeela, "jende askok ez badaki ere, kartzelarekin zigortzeko moduko delitua da".


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Eguzki talde ekologistak egiten duen salaketarekin eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu dizkioten eskaerekin ere. Gure herrian izandako mirotz zuriaren tioketa lotsagarria eta Gipuzkoan eman diren antzeko gertaerak, legearen kontrakoak izateaz gain, erabat onartezinak eta gogor zigortu beharrekoak dira. Gure lurraldeko animaliak (eta bereziki mehatxatutako espezie bezala katalogatuta daudenak) modu eraginkorrago batean zaindu eta babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu, eta zentzu honetan konpetentziak dituzten erakundeei beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen diegu.

 

Hiru egunetan egin dituzte mobilizazioak eta gaur izan da horietako azkena. Laida Zubillaga LABeko kideak azaldu duenez, mobilizazioen "balantze positiboa egiten dugu, eta seguru gaude goizago edo beranduago herrialdeko hitzarmen bat lortuko dela".
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta egin dituzte greba eta manifestazioak. Zubillagak azaldu duenez, "hiru greba egunen balantze oso positiboa egin dugu. Aurreko bietan bezala, enpresen %80 inguru itxita dago. Egia esan oso positibotzat hartzen dugu. Emaitza horrekin argi eta garbi geratzen da grafikagintzako langileek herrialdeko hitzarmen baten aldeko apustua egiten dutela". Azaroaren 16an eta 30ean izan ziren beste bi mobilizazio egunak. Tolosaldean, aurreko grebetan izandako antzeko emaitzak lortu direla azaldu du Zubillagak. SAM, Borobil, Cicarsa, Corenso eta Arrosi enpresak, "sektoreko enpresa esanguratsuak", geratu egin direla esan du.

Enpresen eta Adegiren aldetik ez dagoela erantzunik dio Zubillagak. "Ez dute mahai baterako deialdirik egiten. Guk beste egunetan eta gaur ere exijitzen diegu behingoz proposamen zentzudun bat ekarri dezatela negoziaketa mahaira, eta proposamena zentzuduna den bitartean, irekita gaudela negoziatzera".

Hitzarmen berrirako puntu garrantzitsuena soldatak direla azaldu du LABeko ordezkariak. "2015ean soldatak izoztuta izan zituzten langileek, eta Adegik mahai gainean egin digun planteamenduarekin 2016ko soldatak izoztea suposatuko luke, eta ez gaude hori inondik inora onartzeko prest. 2016ko soldatak ukitu beharra daude, eta 2017koak eta 2018koak ere bai". Horrez gain, beste hainbat puntu daudela esan du Zubillagak, baina negoziaketa epeen ingurukoa nabarmendu du: "Hitzarmen bat negoziatzen hasten denean, urtebeteko epea izaten da negoziatzeko, bestela, herrialdeko hitzarmena utzi eta estataleko hitzarmenera joateko aukera dute enpresek. Epe hori aldatu beharra dago eta ezin da beti negoziatu ezpata batekin. Hitzarmen berri bat sinatu bitartean iruditzen zaigu aurrekoak indarrean jarraitu behar duela".

Epea abenduaren 31n bukatzen da, eta enpresek estatalera jotzeko aukera izango lukete. "Sindikatuen artean balantze orokor bat egitekotan gaude", esan du Zubillagak. "Emaitzak onak dira, eta seguru gaude goizago edo beranduago herrialdeko hitzarmen bat lortuko dela. Azkenean abenduaren 31 hor edukitzea ez da positiboa inorentzako, eta sindikatuen artean baloratu beharko dugu eta aztertu zein den hurrengo pausoa".

Hogeigarren aldira iritsiko da Korrika datorren urtean, eta Korrika sortu zutenak omenduko dituzte aurten. "Euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia" bihurtu den egitasmoa sortzeagatik omenduko dituzte.
Bizkaian hasiko da oraingo Korrika, zehazki Otxandion. Martxoaren 30ean hasiko da, ostegunarekin, eta apirilaren 9an amaituko Iruñean, igandearekin.

'Batzuk' leloa izango du hogeigarrenak; 'bat' eta 'zuk' hitzak batu dituzte. Azalpena, Asier Amondok eman du, Korrikaren zuzendariak: "Hizkuntza, kultura, mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntz aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".


Amasa Villabonako EH Bilduk, nola ez, bat egiten du Korrika egitasmoarekin eta oso adi egongo gara Korrikako antolakuntzatik zabalduko diren albisteei begira, izan ere, hasiera eta amaiera data eta lekuak ezagutarazi badira ere, oraindik ibilbidearen nondik norakoak ez dira argitaratu. Irrikitan gaude 20. Korrika hau Amasa Villabonatik noiz igaroko den jakiteko, eta aurtengoan ere gure Kilometroa erosi, eta lekukoa eramango dugu. 

Korrika 15 NORA LAURA

19. Korrikan EH Bilduko Nora Urbizu eta Laura Santos lekukoari helduta

 

 

Turkian eta Ipar Kurdistanen azken egun hauetan gertatzen ari direnekin oso kezkatuta dago EH Bildu: Istanbulen gertatutako atentatu odoltsuarekin eta HDP alderdiko ehunetik gorako kideen atxiloketa indiskriminatuekin.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazten dio EH Bilduk Istanbulen hildako guztien familiartekoei eta bat egiten du beraien doluarekin. Halaber, gertaera bortitz horren aurrean EH Bilduk bat egiten du HDPk eginiko irakurketarekin eta gaitzespenarekin. Bigarrenik, salatu egiten dugu Turkiako gobernuak ekainetik hona areagotu duen jite errepresiboa eta, zehazki, igandean gertatutako HDPko ehunetik gorako kideen atxiloketa indiskriminatuak. Elkartasuna ere atxilotutakoen familiari eta lagunarteari. Giza eskubideek eta libertate demokratikoek hutsaren hurrengo balioa dute gaur egun Turkian.

Eskatu egiten diogu nazioarteko komunitateari, eta bereziki Europako Batasunari, Turkiako egoera eta gatazka modu demokratikoak bideratzen ahalegina egin dezan egoera okerragora egin aurretik.

Azken hilabeteotan gertatutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak salatzeko eta herri kurduari elkartasuna adierazteko dei egiten diegu euskal herritarrei joan daitezela datorren abenduaren 17an, larunbatarekin, Kurdistanen aldeko eta giza-eskubideekiko errespetua aldarrikatzeko Bilbon egingo den manifestaziora. Plaza Eliptikoan ekingo diogu manifestazioari 12:30ean 'Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan' lelopean.

Gora herrien arteko elkartasuna!

 

Kurdistan manifa bilbo

Larunbateko manifestazioaren deialdi kartela

Urtero bezala, Aiztondoko preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna ospatuko da, eta aurtengoan Asteasun izango da, azaroaren 19an. Herri kirolak, bertso-poteoa, afaria, bertso saioa eta musika izango dira. Eguerdian, 12:30ean, ekitaldi instituzionala egingo da eta bailarako udalek dispertsio politikarekin amaitzeko testua babestuko dute bertan. Aiztondora eguneko egitarau zabala 17:30ean hasiko da Xiba herri kirol jaialdiarekin. Ondoren, 18:30ean ekitaldia izango da eta hori bukatuta, Haritz Mujika, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazurekin bertsopoteoa.

Afaria Asteasuko frontoian egingo dute eta bertara joateko txartelak salgai dira Asteasuko Iturri-Ondo eta Patxinen, Adunako Uztartzan, Amasa-Villabonako Iratzarren eta Zizurkilgo Iriarte eta Egarrin. Afalostean, bertsolariak arituko dira eta ondoren Xabi Solano eta DZ Zigorrekin kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

AIZTONDORA EGUNA2016

Aurtengo Aiztondora Egunaren egitaraua jasotzen duen kartela


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Aiztondora egunarekin eta baita egun horretan aldarrikatuko den mezuarekin ere. Bada garaia behingoz, presoen senide eta lagunak zigortzen dituen dispertsio politika ankerrarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko. Aiztondora eguna, egun seinalatua da guretzat, eta fisikoki gure herritik ehunka edo milaka kilometrora aurkitzen badira ere, Manex, Oskar, Iñigo, Emilio eta Karlos gogoan izango ditugu. Aurtengoan elkartasun egun hau Asteasun egitea ez da kasualitatea eta horrek Nekane Txapartegi asteasuarraren egoerarekin du zerikusia. Momentu honetan Suitzan espetxeraturik dago Nekane eta estradizio eskaera egina du espainiar estatuak. Egoera honen aurrean "Nekane libre!" plataforma sortu zen pasa den urtean eta guk gure babes osoa eskaini nahi diegu plataforma horren baitan lanean ari diren pertsona guztiei. Estradizio eskaerari ez! esaten diogu, berriz ere espainiar indar polizialen eskuetan torturatua izateko arriskua hor dagoelako. Zentzu horretan, Nekanek eta bere senide eta lagunek Suitzan jasotako elkartasuna eta Bernan egindako mobilizazio ahaztezina ekarri nahi ditugu gogora, izugarria izan zen.

Azkenik, Amasa Villabonako eta Aiztondo bailara osoko herritarrei, Aiztondora egun honetan izango diren ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Anima zaitezte!  

Maddalen Iriartek adierazi duenez, “euskara euskal herritarron batasuna sinbolizatzen duen ikur nagusia izanik, Euskararen Eguna, abenduak 3, datarik egokiena da Euskadiren Eguna jai ofizial gisa ospatzeko”.

Pasa den legealdian egindako proposamenari berriz heldu eta Euskararen Eguna, bihar bertan ospatuko dena, alegia, Euskadiren Eguna izendatzea proposatu du EH Bilduk Legebiltzarrean. Maddalen Iriartek sinatutako lege proposamenak dioenez, “euskara da euskal herritar guzti-guztion ondare kultural nagusia, belaunaldiz belaunaldi jaso duguna, euskal herritar guzti-guztiok batzen gaituena eta herri gisa bereizten gaituena”. Hori horrela, euskara “euskal herritarron batasuna sinbolizatzen duen ikur nagusia” izanik, Iriartek uste du Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3an ospatzen dena, datarik egokiena dela “Euskadiren Eguna jai ofizial gisa ospatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarron batasuna eta kohesioa adierazteko”.

maddalen parlamentun

Maddalen Iriartek defendatu du EH Bilduren proposamena legebiltzarrean

EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du “EAEk ez duela jai ofizial bat bere eguna ospatzeko orain arte zilegi diren ikuspegi eta iritzi politiko ezberdinek ezinezko egin dutelako Euskadiren Eguna izango dena adostea”. Hala ere, “horrek ez du esan nahi euskal jendartea bera zatiturik dagoenik” eta, hortaz, “euskal herritar guztien arteko integrazioa eta kohesioa indartze aldera, jendartean egon badagoen batasunak egutegian ere isla izan behar du. Gogoeta hori da EH Bilduren lege proposamenaren oinarrian dagoena, Euskararen Eguna, Euskadiren Eguna izendatuta, jai ofizial gisa ospatu dadin ondorio guztietarako, bai eta lanekoetarako ere”.

Eusko Jaurlaritzak azaroaren 10a "Memoriaren eguna" izendatu du eta aurtengoan udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordean akordio historikoa lortu dute Villabonako udalean ordezkaritza duten EAJ-k, PSE-k eta EH Bildu-k. Hiru alderdiek testu bat adostu dute eta azaroaren 10ean, 19:00etan, 15 minutuko elkarretaratze bateratua izango da Errebote plazan "Giza eskubideen eta elkarbizitzaren alde" lelopean.  

Hau da Amasa Vilabonan EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk adostu eta gaur udalak argitaratu duen mezua:

Amasa Villabonako EAJ, EH Bildu eta PSEk udal ordezkariok aho batez adostutako adierazpen hau gizarteratu nahi dugu:
Amasa Villabonako udaleko ordezkariok, jakitun gara urteetan bizi izandako indarkeriak herritarren bizikidetzan eragindako kaltea oso handia izan dela eta samin edo sufrimendu ugari eragin duela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin dira. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.
Villabonako Udalak, bide honetan bere alea jarri nahi du, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu honetan, indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiteko Memoria eta Bizikidetza Batzorde berezi bat eratu dugu udal talde politiko ezberdinen ordezkaritzarekin. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko eta inork ez du esan erraza izango denik. Guk ordea, horren aldeko apustua egiteak merezi duela uste dugu eta bakearen kultura sustatzeko eta Giza Eskubideen defentsan lanean jarraitzeko borondate osoa agertzen dugu.

Bukatzeko zera adierazi nahi dizuegu: Batzorde honetatik bat egiten dugu azaroak 10eko Memoria Egunarekin. Egun honetan indarkeriaren biktima guztiak gogoratuko ditugu eta amasa-billabonatar guztiei “Giza eskubideen eta bizikidetzaren alde” lelopean,arratsaldeko 19:00tan Errebote plazan eta udaletxearen aurrean,burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan adierazpen bateratu bat irakurriko dugu udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak.

Hau da elkarretaratzeko deialdia zabaltzeko Villabonako udalak plazaratu duen kartelaren irudia:

Kartel proposamena

 


EH BILDU-REN IRAKURKETA

Lehenik eta behin, Amasa Villabonan bizikidetza eta memoria arloan lehen aldiz udalean ordezkaritza duten alderdien arteko adostasuna lortu izana oso positiboki baloratzen dugu. Zalantzarik gabe, akordio historikoa da. Hala ere, uste dugu honako hau abiapuntu bat izan behar dela eta ez dugu ikusi behar lortutako helburu bezala soilik. Akordio hau gutxieneko eta oinarrizko akordioa da, giza eskubideen errespetuaren alde eta elkarbizitzan aurrera egiteko alderdi guztiek dugun borondatea azaltzen duena, eta oraingoz ez besterik.

Gure herrian memoria eta bizikidetzan asko dago egiteko, herritarren artean eguneroko elkarbizitza ia erabat normalizatu bada ere, herri honetan bizi izan dugun gatazka politikoak utzitako ondorio ugarik konpondu gabe jarraitzen dute eta gaur egun oraindik giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrak ditugu gurean. Ezinbestekoa da presoen senideek pairatzen duten dispertsio politikarekin amaitzea, hori baita momentu honetan gure herriko pertsona ugarik bizi duten eskubide urraketa nabarmenena. Bestalde, biktima guztien, guzti-guztien aitortzan ere ezinbesteko pausuak eman behar dira, oraindik inolako onarpen ofizialik ez duten hainbat biktima baitaude Amasa Villabonan. Azkenik, torturak gure herrian utzi duen itzal luzea ere aipatu behar dugu, bildutako datuen arabera gutxienez 88 tortura kasu pairatu dituzte amasa-billabonatarrek eta zoritxarrez errealitate hau ere ez da administrazio publikoaren aldetik behar bezala aitortua izan. Aipatutako hauek izango dira etorkizunerako ditugun erronka nagusiak. Funtsezkoa izango da gure herrian eman diren alde guztietako eskubide urraketa ezberdin ahalik eta gehien biltzea, biktima guztien aitortzan, justizian eta erreparazioan urratsak ematea eta etorkizunean urraketa horiek berriz gertatuko ez direla bermatzea. EH Bildutik udalean martxan den memoria eta bizikidetza batzordearen baitan, zintzotasunez baina aldi berean tinko lan egiten jarraitzeko borondate osoa agertu nahi dugu.   

2015eko azaroan ezin izan zen adostasunik lortu eta EH Bilduk udalak deitutako elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki zuen. Orduan, gai honetan presaka eta beharrezkoa den lanketarik gabe aritzea leportau genion EAJko udal gobernuari eta memoria eta bizikidetza behar bezala landu eta elkarbizitzan aurrera urrats sendoak emateko, batzorde berezi bat sortzea proposatu genuen. Ikusten duzuenez, batzorde hori eratu da eta ibilbide labur baina oparoa izan du, lehen oinarrizko akordio hau lortu ahal izan delarik. Beraz, aurrera goazela esan dezakegu eta hori pozgarria da dudarik gabe.

Guzti honegatik, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, herritar guztiei dei egiten diegu ostegun honetan 19:00etan Errebote plazan izango den elkarretaratzean parte har dezaten, gure ustez garrantzitsua baita lehen aldiz modu bateratuan egindako deialdi honetara herritar ugari biltzea.

 

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: