Albisteak
Pasa den abuztuaren 8an komunikabideetan argitaratu zen albiste baten bidez jakin dugu orain arte Foru Alduandiaren jabegoa zuten errepide batzuk udalaren eskuetara pasatzeko asmoa duela Izagirre alkateak. Hemen duzue albistea: https://ataria.eus/amasa-villabona/1502196978690-foru-aldundiaren-hainbat-errepide-udalaren-esku-geratuko-dira
Honen aurrean, EH Bildutik gure harridura adierazi nahi dugu. Beste behin, PNVren udal gobernuak udaleko organoetan aipatu ere egin ez diren kontuak prentsari jakinarazten dizkio, herritarren ordezkariak diren oposizioko taldeei ezertxo ere jakinarazi gabe. Ez da normala EH Bilduko zinegotziek komunikabideen bidez jasotzea horrelako "erabaki" baten berri. Udal gobernu honen portaera alderdikoi eta axolakabearen beste adibide bat.
Bestalde, Maite Izagirrek zuzentzen duen PNVren gobernuak komunikabideak erabiliz marketina edo propaganda merkea egiteko duen joera salatu nahi dugu. Foru Aldundiko arduradun batekin biltzea ez litzateke albiste bat izan behar, udal gobernuaren jarduna "normala" balitz, askotan bildu behar lukete Aldundiko arduradun ezberdinekin (gainera alderdi berekoak izanik errazagoa egingo zaie) baina hori ere egiten ez dutenez, behin bilera bat egin, argazkia atera, eta zerbait egiten ari direnaren itxura egiten dute. Oraingo honetan PNV-PSEko Aldundiko Aintzane Oiarbide diputatuak laguntzatxo bat eman nahi izan die Villabonako udaleko jeltzaleei, normala da, egoera gero eta ahulagoan baitaude eta herritarren aurrean zilegitasun arazo nabarmenak dituzte eta.
Albisteraren mamira sartzen bagara, EH Bilduko udal taldeko kideoi zalantza eta galdera ugari sortzen zaizkigu:
- Zergatik bereganatu nahi ditu udalak errepide horiek? Kontuan izan behar dugu errepide bat udalaren esku izateak, errepidea txukun mantentzeko gastuak udalaren bizkar egotea dakarrela, eta hori Villabonako udalak dituen muga ekonomiko handiekin, arazo bat izan daiteke. Errepide bat beti izaten da gastu iturri.
- Zertarako? udal gobernuak ba al du proiekturik errepide hauetarako? Ez dakigu zein asmo ote duen udal gobernuak. SACEM-go zubia zabaltzeaz hitz egiten da, baina etorkizunean SACEM inguruan industria berria ezartzea lortzen bada, ez al litzateke askoz ere hobea kamioiak herriaren erditik ez pasatzea eta industria gune horretarako sarrera berri bat egitea? Zubiaren zabaltzea ondo ikusten dugu, baina ez kamioiak hortik pasatzeko, gehienbat oinezkoek zubia segurtasunez igaro ahal izateko baizik.
Azkenik, Izagirre alkateak Foru Aldundiari eskerrak emateko egindako adierazpenak ekarri nahi ditugu gogora: "Herriak segurtasunean asko irabazi du; aurrez zegoen oinezkoentzako pasabide goratua kendu zenean, bertan utzi zituzten hormigoizko euskarriak. Arrisku hori kentzeak onura ekarri dio herritarren segurtasunari". Agaraitz auzoan zeuden zementuzko piloteak kendu izanaz ari da alkatea.

Agaraitz auzoan zeuden zementuzko piloteak.
Adierazpen hauek alkate honek duen maila agerian uzten dute, barregarria ere izango litzateke adierazpen hauek egin dituena gure herriko arduradun politiko nagusia ez balitz. Zementuzko pilote horiek kentzeagatik "herriak segurtasunean asko irabazi" eta "onura ekarri dio herritarren segurtasunari" esatea, ia inolako garrantzirik ez duen obratxo bat puztu edo harrotzea da dudarik gabe, berriro ere propaganda egiteko intentzio garbiarekin. Baina PNVko lagunei gauzatxo bat ahazten zaie: herritarrak ez dira inozoak eta funtsik gabeko propaganda merkeak ez ditu udal gobernu honen lotsak estaliko.
Altsasuko gazteen auzian Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak egindako zigor eskerak erabat arbuiatzen ditu EH Bilduk. Erabateko astakeria da eskaera, neurrigabekoa, eta horren atzean interes bakarra dagoela uste dugu, interes politikoa. Halaber, guzti honen oinarrian muntaia polizial, judizial eta mediatiko lotsagarri bat dago.
Normalizazioaren eta elkarbizitzaren aldeko bere apustua berresten du EH Bilduk. Zentzu horretan, kasu honi ematen ari zaion tratamendua norabide horretatik aldentzen dela salatzen dugu. Egoera oso larri eta onartezin baten aurrean gaude. Altsasuko hainbat gazteren aurka 50 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak, “terrorismoarekin” lotutako hainbat delituengatik; benetako eskubide estatu batean gertaera hauek liskar gisa hartuko lirateke, baina Espainian eta Auzitegi Nazionalean ez dago inolako eskubiderik, ezta justiziarik ere, mendeku gosea besterik ez.
Fiskaltzaren eskaera neurrigabea pairatzen ari diren pertsonei babes eta elkartasuna agertzen die EH Bilduk, eta oraindik ere espetxeratuta dauden Altsasuko hiru gazteak berehala aske uztea eta buru gainean duten mehatxu judiziala amaitzea eskatzen du.
Garoñako zentral nuklear zaharkituta behin betiko ateak itxiko dituelako Araba zoriondu ostean, EH Bilduk epe laburreko etorkizunari begira zentralaren berehalako eraispena exijitu du. Horrela dago jasota herrialdeko instituzio nagusietan aurkeztu duen mozio batean. Bertan, Espainiar Gobernuari zein zentral nuklearraren enpresa jabeei exijitzen die besterik gabe eta inolako luzamendurik gabe abiarazi dezatela zentral nuklearra eraisteko prozedura burokratiko eta teknikoa. Izan ere, hamar urtez luzatu daiteke prozedura hori.
“Badira lau urte zentrala ez dagoela funtzionamenduan eta horregatik, gure ustez, eraispen prozedura ezin da denboran luzatu. Bere garaian guk aurkeztutako ekimen bat babes oso zabala izan zuen instituzioetan eta berrartzeko unea dela uste dugu. Bertan, prozesua berme guztiekin egiten dela ziurtatuko duen instituzio arteko batzorde bat martxan jartzea eskatzen zen. Batzorde hori osatzeko unea heldu da, berehala, egoera gainditu ahal izateko”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak, Kike Fdez de Pinedok.
2013an onartu zen ekimen hori eta nazioarteko segurtasunezko nuklearraren adituen partehartzea ere planteatzen zen. Itxiera eta eraispena ez ezik, zonaldearen berraktibazio ekonomikorako horrelako esperientziak partekatzea ere ezinbestekoa ikusten zen. Era berean, EH Bilduren ustez, batzorde horrek prozesuaren fase guztietan informazio nahikoa izan behar du segurtasuna bermatzeko asmoz. Halaber, osasuna, segurtasuna, polizia, komunikazio, ingurumen edo hezkuntza arloko ekimenak koordinatzeko balio izan behar du batzorde horrek.
Azkenik, EH Bilduko bozeramaileak Arabar gizartea zoriondu nahi izan du urte luzeotan, batzuetan bateko eta besteko instituzio nagusien utzikeriaren gainetik, Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko borrokan erakutsitako adoreagatik eta egindako lan eredugarriagatik. Hainbat eta hainbat eragilek, gizarte mugimenduk, toki erakundek eta herritar xumek garatutako dinamika zabal eta etengabe barik ez baitzen lortuko Garoñako zentral nuklearra ixtea.

EH Bilduk argitaratutako kartela.
EH Bilduren ekimenez, Gasteizko Legebiltzarra gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzearen alde
PPk salbu, beste talde guztiek bat egin dute, arrazoi humanitarioak direla eta. Barne ministroari kritika egin diote gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena duten presoak soilik askatu behar direla esateagatik, horrela jokatzea legalitate eta gizatasun printzipioak urratzea litzatekeelako.
EH Bilduren legez besteko proposamen baten haritik, Legebiltzarra preso eriak kaleratzearen alde agertu da, arrazoi humanitarioek eta duintasun pertsonalak hala eskatzen dutelako. Zehazki, “eskumena duten agintariei eskatu die indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala dela eta”.
Julen Arzuagak adierazpen horren garrantzia azpimarratu du, “Gobernu espainolaren espetxe politika aldatzeko borrokan funtsezkoa delako indarrak batzea eta indar horiek gero eta anitzagoak izatea; hortaz, gaurkoa aurrerapauso handia da, PP salbu, beste talde parlamentario guztiok, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE, alegia, kapazak izan garelako ados jartzeko eta gaixorik dauden presoak aske gera daitezela elkarrekin galdegiteko”. Arzuagaren irudiko, “gizartean dagoen adostasuna politikara ere ekartzea lortzen ari gara eta norabide horretan jarraitu behar dugu lanean, denon artean PP eta Gobernu espainolaren diskurtsoa eta jarduna defendaezinak eta sostengaezinak izan daitezela lortu arte”.
PPk salbu, gainerako alderdiek adostutako proposamenak jaso bezala, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eta Espetxe Erakundeari gogorarazi die preso guztien “bizitza, segurtasun eta osasun eskubideak” babestu behar dituztela, eta, ildo horri jarraituz, eskatu du Espetxe Erakundearen Idazkaritzaren 3/2017 instrukzioa indargabetzea eta Barne ministroak adierazitako irizpidea zuzentzea. Izan ere, gehienez bi hilabeteko epean hil egingo diren presoak soilik askatzeko irizpideak “legalitate eta gizatasun printzipioak urratzen ditu eta halako erabakia ustez hartu beharko luketen medikuen printzipio deontologikoen kontra doa”.
Bukatu dira aurtengo Villabonako festak eta mezu honen bidez Amasa Villabonako EH Bildutik egiten dugun balorazio orokorraren berri eman nahi diegu herritarrei.
Urtero bezala uztailaren amaierako egun hauetan pozak, alaitasunak eta jai giroak hartu dute Villabonako herria eta zentzu horretan orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Gainera, dakigunez aurtengoan ez da inolako eraso matxistarik salatu eta hori pozgarria da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu jaietan ekimen ezberdinak antolatu dituzten herritar, eragile eta elkarte guztiei, beste behin Villabona herri bizia dela erakusteagatik eta bolondres gisa, herritik eta herriarentzat egin duten ezin ordainduzko lan izugarriagatik. Gure herrian ditugun mota guztietako elkarteetako jendeak egindako ekarpenik gabe, ez legoke Santio jairik. Beraz, eskerrik asko Oinkari dantza taldeari, Behar Zana kirol elkarteari, Zunbetz elkarteari, Santioak Kantari ekimenari, Besamotza erraldoi eta buruhandien konpartsari, Eresargi abesbatzari, Jeronimo Dultzaina taldeari, Onddo Gazte Asanbladari, Arratzain irristaketa taldeari, Loatzo musika eskolari, Denok Danena halterofilia taldeari, Futbito txapelketa antolatu dutenei, Zumba eta Cycling klaseak antolatu dituztenei, Xake joku elkarteari eta jaietan bolondres gisa (txoznan, jantokian etab.) lanean aritu diren herritar anonimo guztiei. Zorionak denei! Guztiek egindako lanari esker aurtengoan ere Santio jai dotoreak izan ditugu.
Beste alde batetik, talde politiko gisa udalaren lana baloratzea ere badagokigu, gure ustez aurtengoan jaiak ongi joan badira, aipatutako herritar, eragile eta taldeek egindako lanagatik izan da eta ez udalak egindakoagatik.
PNVren gobernuak bultzatzen dituen jaiak, ez dira ez herrikoiak eta ezta parte hartzaileak ere, eta eredu merkantilista inposatu nahi izan dute. Jaien aurretik, egitarauaren azala herritik kanpoko enpresa batek egitea erabaki zuten, beren lanak aurkeztu zituzten herritarrei "maila nahikorik ez" izatea erantzun ondoren. Jai batzordeari erabakitze ahalmena murriztu zaio, udalak egindako egitarau proposamena ia ukiezina eginez. Musika emanaldiak eta muntaketa lan guzti guztiak enpresa pribatuen bidez egin dira, herriko jendea kontratatzeari muzin eginez.
Bestalde, urtero herriko eragile batek egiten dituen jaietako zapiak boikoteatu ditu udalak, zapietatik ateratako dirua euskararen normalizazioaren aldeko mugimendura bideratuko zela jakinik ere, lehen aldiz udal gobernuak (inori jakinarazi gabe) zapiak ateratzea erabaki zuen diru publikoarekin ordaindu eta gero doan banatzeko. Gainera erraldoi eta ipotxei euskararen aldeko zapia kentzeko agindu zitzaien, mehatxuak tarteko. Ez dakigu zergatik baina portaera honekin udalak, inora ez daraman "zapien lehia" absurdo bat piztu nahi izan du.
Guzti hau gutxi balitz, Onddo Gazte Asanbladaren aurkako zentsura egin nahi izan zuen alkateak berak, gazte eguneko kontzertuen artean prestatuta zeukaten ekitaldi xumeari ahotsa kenduz. Jarrera autoritario eta zentsuratzaile hau onartezina da, soberan dago eta azalpen bat ematea eskatzen dugu.
Onddo Gazte Asanbladak uzatailaren 31an egindako protesta elkarretaratze jendetsua. Iturria: ataria.eus
Azkenik, udal gobernuak zabaldutako balantzean, alkateak jaiak politizatu nahian probokazioa eta tentsioa bilatzea leporatu dio, gutxi omen diren ez dakigu nori. Ez zaigu argi gelditu zer adierazi nahi izan duen. Alkateak "kutsu politikorik gabeko" jaiak aldarrikatzen dituenean zertaz ari da? zer eskatzen du? herri honen errealitate guztiak ahaztu eta zazpi egunez amnesia kolektibo batean murgiltzea? adibidez, dispertsio politikaren erruz herritik ehunka edo milaka kilometrora dauden bost preso daudela ahaztea? edo 2009ko uztailaren 31n presio polizialak Remi gabe utzi gintuela ere ahaztu eta omenaldirik ez egitea? hori al da eskatzen duena? Ez dugu ezer ulertzen...
Amasa Villabonan, 2017ko abuztuaren 2an.
Pasa den astean, Villabonako udalak katuei janaria ematearekin lotutako ohar bat argitaratzea eta Amasako plaza inguruko hainbat paretean itsastea erabaki zuen. Amasako herritar talde batek segituan jakinarazi zion EH Bilduri ohar horretako euskarazko testuak akats ortografiko eta gramatikal handiak zituela, eta normala denez hori onartezina eta lotsagarria zela salatu zuten.
Gai honi erantzuteko, EH Bildutik ohar hau argitaratu eta zabaltzea erabaki du:
Udalaren oharra Amasako paretetan. Onartezina.
Udalaren oharra jasotzen duen kartel bat ikusi dugu Amasan. Herritar sumindu batek gainean "Zer da hau! Amasan euskeraz! Erderaz pentsatzen baduzue, gutxienez itzultzen ikasi!" margotu du boligrafo batez. Erabat onartezina da udalak ohar bat (edo edozein testu ofizial) horrelako euskara traketsean, ortografia akats eta guzti, argitaratzea. Gainera ez da lehen aldia hauxe bera gertatu dela, urtarrilean ere euskaraz penagarri idatzitako Bando bat kaleratu baitzen. Zertarako ditu udalak euskara eta itzulpen zerbitzuak? ez erabiltzeko? PNVren alkatetzak testuak euskaraz sortzeko gaitasunik ez badu, gutxienez itzulpen egokiak egin ditzala eskatzen dugu. Badirudi udal gobernu honek ez duela udalak bere garaian onartutako euskararen erabilera plana betetzeko inolako asmorik, plan horrek bando, ohar eta jakinarazpenetan euskarari lehentasuna ematea (izkien tamainan eta lodieran) eta bandoak euskara hutsez ere kaleratzeko neurriak hartzea jasotzen zuen.
EH Bildutik gure kexa formala bideratuko dugu udaleko euskara batzordera, batzordea noizbait biltzen bada behintzat.
Aipatutako oharraren eta urtarrilako bandoaren ARGAZKIAK:


EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi dio saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen duen erresistentzia mugimenduari.
Atzo ezagutu ziren Marokok Gdeim Izik kanpalekuan parte hartzeagatik preso dauden militante sahararrei ezarritako zigor handiak. Zigor gogorrenak 7 lagunei ezarri zaizkien biziarteko kartzela-zigorrak eta beste 13ri ezarritako 20-30 urteko zigorrak dira. Bi libre gelditu dira ezarritako 6 urteko zigorra dagoeneko gaindituta dutelako. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu justiziaren erabilera errepresio politikorako erabiltzea zer den. Ez dugu urrutira joan behar, oraintxe bertan mahai gainean dugu adibidez Altsasuko gazteen aurkako eskaera fiskal neurrigabea. Horrexegatik bere eskubideen alde borrokatzen duen Sahara bezalako herri batek horrelako eraso errepresiboak jasaten dituenean, gureak egiten ditugu beraien mina eta amorrazioa.
EH Bilduk sententzia eta zigor hauen aurrean zera adierazi nahi du:
Gure elkartasuna Saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen diren militante guztiei. Zuekin gaude!
Marokok egindako epaiketa salatu nahi dugu, nazioarteko hainbat eta hainbat erakundeek egin duten bezala. Epaiketa fartsa bat izan da, sahararren erresistentziaren aurkako epaiketa politiko-errepresiboa.
Nazioarteko begiraleek esan bezala, irregulartasunez beteriko epaiketa izan da, zigor gogorrak bilatzen zuena soilik. Garbi dago saharar erresistentzia zigortzeko, ahultzeko eta txikitzeko sententzia bilatzen zutela marokoar agintariek. Gorrotoan oinarritutako eta izua zabaltzeko epaiketa bat izan da.
Epaiketan garbi gelditu da torturapean lortutako deklarazioak izan direla erabilitako froga bakarrak. Presoek ez zuten ezagutzen beraiei zegokien sumarioek zer jasotzen zuten. Metodo hau ezaguna egiten zaigu. Amnistia International, Human Rights Watch, Centro Robert F. kennedy, Acción de los Cristianos para la Abolición de la Tortura eta torturaren aurkako beste hainbat nazioarteko erakundek salatu zituzten tortura kasu argi hauek, guk gogor eta tinko salatzen ditugun moduan.
Konbentzituta gaude Saharak bere herriaren askatasuna lortuko duela, Euskal Herriak lortuko duen bezalaxe. Bidean horrelako eraso eta injustiziak sufritu beharko ditugu baina askatasun bide horretan bidelagunak izango gara, eta gure elkartasun politikoa eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu beti.
Gora Sahara askatuta! Autodeterminazioa!
Arnaldo Otegik bilera egin zuen atzo Montevideon Javier Miranda Fronte Zabaleko presidentearekin eta berau osatzen duten indar politikoetako nazioarteko gaietarako arduradunekin. Besteak beste, EH Bildu eta Fronte Zabalaren arteko harremanez jardun zuten bilera horretan.
CARIFAko arduradunek (Fronte Zabalaren nazioarteko taldea) EH Bilduko koordinatzaile nagusi aukeratu izana txalotu eta zorionak eman dizkiote Arnaldo Otegiri. Buruzagi subiranistak, bere aldetik, Euskal Herriko ezker subiranismoan irekitako eztabaida prozesua azaldu die buruzagi uruguayarrei.

EH Bilduko ordezkarien eta Uruguay-ko Fronte Zabaleko nazioarteko taldearen arteko bileraren irudia
Arnaldo Otegiren arabera, “bere ezaugarri bereziak direla eta, Uruguayko Fronte Zabala EH Bilduren erreferenteetako bat da”. Nabarmendu duenez, “komunismotik, sozialdemokraziatik eta asanblearismotik kristau demokraziara doan esparru ideologikoko hainbat alderdik osatzen duten mugimendu politikoa da Fronte Zabala, eta aldi berean, alderdietan afiliaziorik ez duten militante propioak dituena”. Ildo horretan, egunero-egunero adostasunak lortzeko Fronte Zabala osatzen duten indar politiko eta independienteek egiten duten ahalegina goraipatu du buruzagi subiranistak. “Pluraltasuna euren izaeraren ezaugarrietako bat da, EH Bildurena bezala. Mantendu behar dugun altxorra da hori”, esan du. Otegik bi mugimendu politikoen arteko harremana indartzeko EH Bilduren nahia adierazi die Fronte Zabaleko arduradunei.
Topaketa Montevideoko Euskal Etxean:
Otegi Montevideoko Euskal Etxeko kideekin bildu zen gauez. Euskal Erria-k 105 urte betetzen ditu aurten eta munduko euskal etxerik zaharrenetako bat da. “Oso topaketa hunkigarria izan da. Azken hamarkadetako errapaso historikoa egin dugu”, esan du EH Bilduko kooordinatzaile nagusiak.
Agenda bete-betea:
Arnaldo Otegi Uruguayen dago egun hauetan Movimiento de Participacion Popularraren X. kongresuan parte hartzen. Indar politiko hau Fronte Zabala osatzen duenetako bat da eta mundu mailako bere militante ezagunena Pepe Mugica Uruguayko presidenteordea da.
Gaur Javier Miranda, Fronte Zabaleko presidentearekin bilduko da Arnaldo Otegi eta ondoren mundu mailan ezkerrak egin dezakeen borrokari buruz jardungo duen nazioarteko foroan hartuko du parte. Bertan parte hartuko dutenen artean daude Gabriela Rivadeneira, Ecuadorgo Asanblea Nazionaleko diputatua, David Cochehuanca, Boliviako kantziller ohia eta egun ALBAko idazkari politikoa dena eta Vanessa Aguiar, Brasilgo MST mugimenduko zuzendaritzako kidea.
Pasa den asteleheneko Villabonako udaleko Osoko Bilkuran, Udal Legean aurreikusten den bezala, oposizioko lehenengo indarreko kide bat lanaldi erdiz liberatzea erabaki zen aho batez, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeko kide eta udaleko zinegotzia den Xabat Laborde.
Zer dela eta hartu da oposizioan dagoen EH Bilduko zinegotzia udalean lanean hasteko erabakia?
2016ko apirilaren 7an Gasteizko Legebiltzarrak "2/2016 Euskadiko Toki Erakundeen Legea" onartu zuen PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin. Lege honetako 33. artikuluak zera dio hitzez hitz:
33. artikulua.– Oposizioaren estatutua.
1.– Hamar mila biztanletik gorako udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek, gutxienez, arduraldi esklusiboa izango duela, udal-gobernua kontrolatzeko eta fiskalizatzeko lana behar bezala egin ahal izateko.
2.– Bost mila eta hamar mila biztanle arteko udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek gutxienez arduraldi partziala izango duela, aurreko paragrafoko helburu berberarekin.
3.– Edozelan ere, oposizioak duen eskubide hori hauteskunde-emaitzen arabera ordezkari-kopuru handiena duen alderdi edo koalizioari dagokio, edo, halakorik ez dagoenean, indar politiko bozkatuenari. Boto-berdinketa egonez gero, indar politiko biek txandaka baliatuko dituzte eskubide horiek, agintaldiko epe berdinetan.
Beraz, legeari jarraiki, Amasa Villabonaren kasuan udalak EH Bilduko zinegotzi batek lanaldi partzialean lan egitea bermatu behar du.
2017ko urtarrilaren 24an egin zen Amasa Villabonako EH Bilduko Herri Batzar Irekiak aho batez erabaki zuen legeak eskaintzen duen aukera hau baliatzea. PNVren udal gobernuak egiten dituen politikei jarraipen eta kontrol zorrotzagoa egin ahal izateko eta oposizio lana hobeto antolatzeko aukera zela iritzita. Batzar horretan bertan Xabat Laborde zinegotzia aukeratua izan zen ardura horretarako.
Xabat Labordek urteko 23.400 euroko soldata gordina izango du. Nola kalkulatu da soldata hau? EUDEL-en (EAEko Udalen Elkartean) adostu dira kalkulua egiteko irizpideak, eta hau da bertan zehaztu den prozedura: Udal Gobernuko alderdian lanaldi osoan dagoen eta gutxien kobratzen duen pertsonaren soldata da kontuan hartzen dena. Sondata horri %10a kentzen zaio, eta ateratzen den zifratik %50 eta %75 arteko portzentaia bat erabakitzen da.
Amasa Villabonako udalaren kasuan, udal gobernuak lanaldi osoan duen pertsona bakarra Maite Izagirre alkatea da eta 52.000 euroko soldata handia du. Beraz, aurreko formula aplikatuta eta EUDEL-ek markatutako gutxienekoa erabilita (soldata horri %10a kendu eta emaitzaren %50eko portzentaia aterata) aipatutako urtean 23.400 euro gordineko soldata ateratzen da.
EH Bilduko udal taldetik argi utzi nahi dugu soldata zehazteko EUDELen adostutako irizpideek markatzen duten aukerarik baxuena erabili dugula. Hala ere, gutxieneko kalkulua egin ondoren irteten den soldataren kopurua handiegia dela ondorioztatzen dugu, baina esan bezala, irizpideak errespetatuta eska zitekeen kopuru minimoa eskatu dugu. Kopuru hori murrizteko bide bat, alkateak bere soldata murriztea izango litzateke, automatikoki oposizioko liberatuaren soldata ere murriztuko litzatekeelarik. Baina alkateak ez du horretarako inolako asmorik. Gainera EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak benetan izango duen dedikazio edo lanordu kopuru erreala, udaleko lanaldiaren %50etik gorakoa izango da dudarik gabe.
PROFILA:
Xabat Laborde Etxabe, 32 urteko billabonatarra da eta ikasketa aldetik geografoa edo Geografian Lizentziatua da. Gaztetatik herri mugimenduko hainbat eragiletako militantea izan da eta 6 urtez, 2008tik 2014ra, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleko Gipuzkoako arduradun eta bozeramaile lanetan aritu da. Azken bi urteetan Villabonako udalean EH Bilduren ordezkaria izan da hirigintza eta zerbitzuak, euskara eta pertsonala eta barne araubideko batzordeetan.

Xabat Laborderen hitzartzea legealdi hasierako osoko bilkura batean
Ramadama musulmanen hilabete santua da eta hilabete horretan zehar 30 eguneko baraualdia egiten dute fede hori dutenek. Behin eguzkia ezkutatuta baraua utzi egiten dute eta jan-edan oparoak egiten dituzte. Pasa den ostiral iluntzean, familia musulman batzuk afari berezia egin nahi izan zuten; modu irekian eta kalean (Villabonako Berdura Plazan) egiteko urratsa eman zuten. Beren kultura eta herrialdeetako janari tipikoak ezagutu eta dastatzeko aukera izan zen bertan.
Eredu fiskal justuaren alde egiten du EH Bilduk, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta fortuna handietan pisua jarriko duena
Zerga erreformarako bere proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk pasa den uztailaren 13an Gasteizen egindako agerraldian. Bertan Leire Pinedo zerga politikarako idazkaria, Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidea, Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea eta Xabier Olano Gipuzkoako batzarkidea izan ziren. Leire Pinedok azpimarratu zuenez, “eredu fiskal justua nahi dugu, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta aberastasun handietan pisua jarriko duena. Era horretara, gure ongizatearen eta zerbitzu publikoen pisua ez da soilik gure bizkar gainean egongo, eta orain arte ia ekarpenik egiten ez duten horiek gizartearekiko duten erantzukizuna bete beharko dute”.
Pinedoren hitzetan, proposamen guztiz irekia da aurkeztutakoa. Izan ere, zerga politikaren inguruko eztabaida gardena egin nahi du EH Bilduk herri honetako eragile ezberdinekin. Hain justu, gaur aurkeztutako proposamena esku artean dute jada eragile sindikalek, sozialek, enpresarialek eta politikoek. “Alderdietako zuzendaritzek patronalarekin gela ezkutuetan egindako akordioekin amaitu behar da, eta gutako bakoitzak beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituen debate garden bat gauzatu behar da”, nabarmendu zuen Leire Pinedok.
EH Bilduren proposamenak hiru ardatz nagusiren erreforma jasotzen du: Sozietateen Zerga, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga eta iruzurraren aurkako borroka.
Sozietateen Zerga: Dagokiena ez ordaintzeko enpresa handiek eskura dituzten zulo edo dedukzioak kendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere, gaur egun enpresa handiek %2 eta %7aren artean ordaintzen dute, nahiz eta beraien tipoa %26koa izan. Era horretara, egiazko tipoa, egiten duten ekarpen erreala, ezarritako tipoetara ahalik eta gehien hurbiltzea da helburua. “Gure asmoa ez da gure ehun enpresarialari eta produktiborari kalte egitea, kontrakoa, bultzatu nahi dugu. Ez dugu exijitzen gehiago ordaintzea, baizik eta dagokiena ordaintzea, gutako bakoitzak egiten dugun moduan”, azpimarratu zuen Pinedok
Aberastasun eta Fortuna Handien Gaineko Zerga: Gipuzkoan ezarritako zergak instituzio eta Europako herri askotan goraipamenak jaso dituela esan zuen Pinedok. Zerga honek herritarren %1ari baino ez dio eragingo, hau da, aberatsenei. “Zentzuduna dela iruditzen zaigu”.
Zerga iruzurraren aurkako borroka: Hainbat neurri proposatzen ditu EH Bilduk. Besteak beste, ikuskaritzetarako baliabide gehiago jartzea eta iruzurraren eta elusioaren aurkako behatokia sortzea. Adituek diotenez, EAEn bakarrik iruzurra 2.500 milioi euro baino gehiagoko da. Iruzur hori enpresa eta fortuna handiek eragiten dute batez ere, euskal ogasunek duela astebete publiko egindako zerrendetan agerian geratu zen bezala. Iruzur horretako dirua berreskuratzeak ehunka milioiko ekarpena suposatuko luke altxortegi publikoarentzat.
PFEZ. Errenta altuenentzako bakarrik proposatzen dugu tipoa aldatzea, 49tik 50era.
EH Bilduko zerga politikorako idazkariak azpimarratu zuenez, “langile klaseari ez liokee eragingo erreforma honek. Aitzitik, gehien duten herritarrak eta irabazi handienak dituzten enpresak izango dira dagokien ekarpena egitera behartuta egongo direnak eta, era horretara, diru-bilketa nabarmen handituz”.
Amaitzeko, EAJk eta PSEk aukeratu beharko dutela adierazi zuen Pinedok. “PPrekin eta eskuineko beren politikekin bat egin huts egin duen eredu fiskala berriro ezartzeko; edota gehiengo sozialarekin, sindikalarekin eta politikoarekin eredu berri progresiboago, ekitatibo eta justua adostu”.
Ia 800 ordezkarik parte hartu zuten pasa den larunbatean Bilboko Euskalduna jauregian izandako Euskal Herria Bilduren lehen kongresuan. Amasa Villabonatik bi ordezkari izan ziren bertan. Kongresu honekin azken bi hilabeteetan luzatu den Prozesu Eratzaileari amaiera eman zitzaion eta gaurtik aurrera EH Bildu izaera propioa duen subjetu politiko berria izango da, militanteek eta izena emandako herritarrek modu demokratiko eta gardenean aukeratutako zuzendaritza eta barne organo propioekin. Arnaldo Otegi buru duen eta EH Bilduren zuzendaritza garatuko duen mahai politiko berriak, prozesu eratzaile honetan parte hartu dutenen %84ren babesa lortu du.

Kongresuan egindako bozketa batetako unea, baiezko botoak izan ziren nagusi.
Orain arte, Sortuk, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatu dute koalizioa, baina, sigla horien batuketaz harago, koalizioaren nortasun propioa sustatzea izan da EH Bilduren I. Kongresuaren helburuetako bat, eta zuzendaritza talde eraberritua hautatu dute prozesu hori gidatzeko Bilboko Euskalduna jauregian bildutako ehundaka militanteek.
Zuzendaritza talde berri honek 2.147 aldeko boto izan zituen, eta beraz, pertsona hauek osatuko dute EH Bilduren zuzendaritza: Arnaldo Otegi, Gari Mujika, Ainhoa Beola, Koldo Castañeda, Maider Karrere eta Josu Juaristi. Horrez gain, herrialdeetako arduradun politikoak ere aukeratu ziren, guztiak %85etik gorako babesa izan zuten eta hauek izango dira hurrenez hurren Hegoaldeko herrialdeetako arduradun berriak: Gipuzkoa: Unai Larreategi. Araba: Ibon San Saturnino. Bizkaia: Asier Vega. Nafarroa: Jon Garai.


«Independentzia eta eredu sozial berri bat nahi ditugu», adierazi zuen Otegik kargua hartu berritan. Abertzalea eta ezkerrekoa: hasiera-hasieratik jarri zizkion bi abizen horiek EH Bilduren proiektuari. «Guk sinesten dugu herri honek aterpe bat behar duela, eta aterpe hori estatu bat izan behar dela. Estatu aterpe bat jendearentzat, jendea zaintzeko, eta guk euskal errepublikaren aldeko apustua egiten dugu».
Hamabost minutu inguruko hitzaldia egin zuen Otegik, eta PNVren alternatibatzat aurkeztu zuen EH Bildu eraberritu eta indartu hau. «Euskal Herrian iraultza kontserbadore bat dago martxan eta guk horren aurrean, iraultza demokratikoa jarriko dugu». EH Bildu jeltzaleekin lankidetzan aritzeko prest dagoela azaldu zuen Otegik, «ardura historikoagatik», baina lankidetza horrek bere mugak ere badituela aipatu zuen jarraian. «Gauza bat da eskua luzatzea, eta beste gauza bat da ahaztea gu alternatiba bat garela herri honetan. Konplexurik gabe esaten diegu hemengo neoliberalei: Zuen politika neoliberalak inposatzen jarraitzen baduzue, gu parean edukiko gaituzue».

Analdo Otegiren hitzaldiaren momentu bat
Katalunia izan zen kongresu honetako beste erreferentzietariko bat, eta, hain zuzen ere, horri aipamen zuzena eginez amaitu zuen hitzaldia Arnaldo Otegik: «Gora Euskal Herria askatuta», oihukatu zuen lehenik, eta, «Gora Katalunia askatuta» ondoren. Izan ere, Euskal Herriko prozesuarekin guztiz lotuta dago Kataluniakoa. Gaur egun Katalunian jokatzen dena ez baita soilik «Kataluniaren askapenaren bataila», baizik eta baita Euskal Herriaren «askapenaren bataila» ere. Elkartasuna adierazi zien, horregatik, kongresura bildutako nazioarteko ordezkarien artean izan ziren Kataluniako gonbidatuei.
Kongresu honetan beste lau bozketa ere egin zituzten bertaratutakoek (kasu honetan kongresuan zuzenean parte hartu zutenek soilik zuten bozkatzeko eskubidea): Lehenik eta behin 2 txosten bozkatu ziren "Dokumentu politikoa" eta "Euskal Herria Bilduren estatutuak" eta%93ko babes zabala izan zuten. Ondoren, EH Bilduk barne mailan izango dituen bi batzordeak eta bertan parte hartuko duten kideak bozkatu ziren; Kontu Batzordea (EH Bilduren finantzak landuko dituena) eta Berme Batzordea (EH Bilduren baitan militante eta kideen eskubide eta betebeharrak errespetatuko direla bermatzeko barne-organoa). Biek ere babes zabala lortu zuten eta ondorioz, pertsona hauek osatuko dituzte bi batzordeak: Berme batzordea: Ricardo Burutaran, Aitor Zaldua, Ino Galparsoro, Aitor Ibero eta Begoña Vesga. Kontu Batzordea: Lore Agirre, Beñat Amutio eta Iñaki Ostolaza.

Kongresuan egindako bozketa ezberdinen emaitzak
Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak ere eman zuen hitzaldia eta hark eman zuen eguneko anekdota ere. Kongresura harri bat eramatekoa zela esan zuen behin baino gehiagotan kongresuaren aurretik egindako elkarrizketetan, harekin EH Bildurentzako «zimendu sendo bat» jartzeko. Metafora errealitate bilakatu nahi izan zuen, ordea, kongresuan, eta eskutan benetako harri bat hartuta hitz egin zuen oholtzatik. «Hau da etorkizuna eraikitzeko ekarri dudan harria».

Maddalen Iriartek harri bat eskuan zuela hasi zuen bere hitzartea
EH Bildu da Euskal Herriarentzako «alternatiba bakarra», Iriarteren hitzetan. «Gure proiektua da Euskal Herriaren independentziaren alde egiten duen bakarra. Bai, bakarra». Euskarari ere pisu berezia eman dio legebiltzarkideak, eta keinu egin dio aste honetan Eusko Legebiltzarrean ertzainen hizkuntza mailaren harira euskararen inguruan izan den eztabaidari. «Euskaratik eta euskaraz eraiki nahi dugun herria da hau, aitzakiarik gabe, parlamentutik botatzen bagaituzte ere; euskaraz eraiki nahi dugun herria».
Zuzendaritza berria eta aipatutako bi dokumentuez gain, EH Bilduk arloz arlo izango dituen idazkaritzetako buruak ere aukeratu dira Prozesu Eratzaile honetan. Guztira 20 idazkaritza arduradun berri aukeratu ziren.
Idazkaritza-buru postuetarako bozketen emaitza guztiak:



2015-2019 legealdiaren erdia igaro den honetan, Amasa Villabonako EH Bildutik Villabonako udalaren jarduerari dagokion balorazio hau aurkezten dugu. Jakina denez, 2015. urteko udal hauteskundeen emaitzek PNV udal gobernuan eta EH Bildu oposizioan kokatu zituzten. Hauteskunde haiek galdu genituen eta egin beharreko autokritika ariketa egin, herritarrekin partekatu eta sakon hausnartu ondoren, EH Bilduko udal taldea antolatu eta lanari ekin genion.
Legealdi erdiaren balorazio honetan, lehenik eta behin EH Bilduko udal taldearen lanaren errepaso labur bat egingo dugu eta ondoren PNVk gidatutako udal gobernuaren eta PSEko zinegotziaren jarduna baloratuko ditugu:
EH Bilduko udal taldea: Oposizio serio eta zorrotza, jarrera eraikitzailea.
Gure udal taldea sei zinegotzik osatzen dugu, billabonatarrak denak, eta bi urte hauetan udalean egon gara egunero, hutsik egin gabe. Legealdi hasieratik udal gobernuari kontrol politiko zorrotza egiten aritu gara, hori baita tokatzen zaiguna.

EH Bilduko udal taldeko kideak Amasa Villabonako hainbat lagunekin batera.
Baina ez gara soilik kontrol eta jarraipen lana egitera mugatu, gure herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea garatu dugu eta dozenaka izan dira udalean egin ditugun ekarpenak (alkatearentzat eskaerak, proposamenak, negoziazio bilerak etab.) Adibide ugari jar genitzake, hona hemen batzuk: 2016ko aurrekontuetarako 11 emendakinen proposamena, kutxazain automatikoak kalean izategatik bankuei tasa bat kobratzeko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena, Memoria eta bizikidetza batzordea sortzeko eskaera, Euskaran Ados lan mahaia berraktibatzeko eskaera, Emakumeen eguneko ekintzetarako proposamen ezberdinak etab. EH Bilduko udal taldeak herriaren ongizatearekiko konpromisoari eusten dio, alternatiba izateari uko egin gabe, baina aldi berean emaitza positiboak eman ditzaketen elkarrizketari eta akordio posibleei ateak zabalduz.
EAJ-PNVren Udal Gobernua: Geldotasuna, utzikeria eta inprobisazioa nagusi
Bi urte hauetan PNV alderdiak Villabonako udala gobernatzeko ezintasun nabarmena erakutsi du. Orokorrean, aurreko legealdian bideratuta utzitako proiektuei nolabaiteko jarraipena ematera mugatu dira eta kasu gehienetan atzerapenarekin gainera (urte terdiko atzerapena pilatu duen herri baratzen proiektua eta oraindik egin gabe dauden mendi bizikleten ibilbideak kasu). Gobernu honek iniziatiba falta izugarria utzi du agerian, ez du bere kabuz ia egitasmo edo proiektu berri bakar bat ere mahai gainean jarri eta udaletxearen gestioa aurrera eramatera mugatu da, hori ere modu nahiko traketsean.
Legealdi honetan egitekoak ziren hainbat proiektu geldiarazi dira, azpimarratzekoa da herrian espazio estali berri bat izateko aspaldiko eskaerari erantzuten zion eta herritarren bozka zuzenaren bidez aukeratua izan zen Larrea auzoko parkea estaltzeko proiektua baztertu izana.

Larreako parkea estaltzeko proiektu irabazlearen irudia.
Aipatzeko moduko egitasmo bakar bat jarri da martxan legealdi honetan: Herritarren arreta zerbitzua (HAZ) delakoa. Proiektu honen bidez, bulego berriak zabalduko dira udaletxeko behe solairuan eta horrek udalak herritarrei eskaintzen dien arreta nabarmen hobetuko duela aurreikusten da. EH Bilduk proiektu honi babesa ematea erabaki zuen, zerbitzu honek herritarrei arreta eraginkorragoa ematea ahalbidetuko duela pentsatzen dugulako. Baina beste behin, PNVren udal gobernua lan egiteko erakusten ari den geldotasunagatik egitasmo hau ere atzerapen handia pilatzen ari da. Herritarren arreta zerbitzu berria 2017 hasierarako martxan izatea zen helburua baina martxa honetan ez dirudi urtea amaitu baino lehen gauzatuko denik. Hau al da “erritmo onean” aurrera egitea?
Duela gutxi argitaratutako bere aldizkarian, besteek egindako lana beraiek egin balute bezala saldu nahi izan du PNVk. Manipulazio saiakera horren aurrean, gogorarazi behar dugu Oria ibaiaren zabaltzea, Zubimusu zubiaren eraberritzea eta Ula atzeko kalearen eraberritzea pasa den legealdian EH Bilduko udal gobernuak URA agentziarekin egindako hitzarmenari esker egindako obrak izan direla, Baratze ekologikoen parkea ere aurreko legealdian onartu eta guztiz bideratuta utzi zela, Memoria eta bizikidetza batzordea EH Bilduren eskaerei esker jarri dela martxan, Amasan egiten ari diren etxebizitzak iniziatiba pribatuarekin egin direla eta udalak lagundu baino gehiago trabak jarri dituela, Zinea kudeatzeko Elizarekin egindako hitzarmenari “esker”, orain udalak alokairu bat ordaindu behar diola elizari, lehen zinea doan kudeatzen zuenean, Oriamendi auzoko urteurren jaia bizilagun talde batek antolatu zuela, udalaren eta alderdi politikoetatik aparte eta beste hainbat adibide ere jar genitzake. Herritarrak engainatzeko asmoz, informazioa era lotsagabe horretan manipulatzeari uzteko eskatzen diogu PNVri.
Galder Azkue eta Joxe Mari Luengo (EH Bildu) Oria ibaiko proiektu osoa egiteko URArekin egindako akordioa aurkezten, 2015eko martxoan
Bestalde, utzikeria eta lan egiteko gogo gutxi ikusi ditugu PNVko hautetsien aldetik. Ingurumen batzordea desegitea erabaki zuten, ingurumen saileko gaiak hirigintzara pasaz. Erabaki horrek ingurumen saileko gaiak landu gabe eta bazter batean geratzea eragin du. Euskara, kultura, hezkuntza, gazteria eta kirola sailak ia abandonatuta utzi dituzte, ia ez da egiten sail hauetako batzorderik, dirudienez gai hauek ez dute garrantzirik Villabonako PNVrentzat. Euskara batzordearen kasua argigarria da, 2 urtean 4 euskara batzorde egin dira, aurreko legealdian batzorde hau hilero biltzen zenean. Gogorarazi nahi dugu udal batzordeak direla sail bakoitzean dauden gaiak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko udalak dituen foroak. Argi gelditzen ari da udaleko zinegotzi jeltzaleei ez zaiela herriko gai ezberdinen inguruan hitz egin eta eztabaidatzea batere gustatzen, nahiago dute erabaki ia denak alkatetza-dekretu bidez hartzea EH Bilduko zinegotziek parte hartzen duten udal batzordeetan azalpenik eman behar ez izateko. Gainera EH Bildutik egiten zaizkien galdera edo interpelazioek, gehienetan isiltasuna izaten dute erantzun gisa. Badirudi udaleko jeltzaleek eztabaida politiko irekiari beldurra diotela. Hau al da Villabonako PNVk aipatzen duen elkarrizketan oinarritutako estilo berria?
Zentzu honetan, aipatzekoa da PNVko zenbait zinegotzi (Amasa Villabonatik kanpo bizi direnak bereziki) ez direla udalera apenas agertu ere egiten, osoko bilkurara etorri eta bozka emateko ez bada.
Udal gobernu honek herritarren parte hartze aktiboa albo batera utzi du. PNVk agintean daraman bi urte hauetan, aurreko legealdian parte hartzean emandako aurrera urratsak geldiarazi nahi izan dituzte. Besteak beste, Ados! parte hartze mahaiak eta udaleko parte hartze batzordea desagerrarazi edo geldiarazi dira eta herritarrei ez zaie beren iritzi eta proposamenak bideratzeko inolako aukerarik eskaini (udalak inkestak egiteari utzi dio). PNVk ez du herritarren ahalduntzean eta parte hartze aktiboan sinesten, lau urtean behin botoa ematera mugatzen diren herritar pasiboak nahi ditu. Argi geratu zaigu jeltzaleei ezerosoa egiten zaiela herritarrek beren kabuz edo modu antolatuan proposamenak edo ideiak mahai gainean jartzea.

2014an udalaren parte hartze ordenantza egiteko prozesua. Dozenaka herritar eta eragilek parte hartu zuten.
Maria Luisa Arija PSEko zinegotzia; PNVren segidismo itsua
Azkenik, bi urte hauetan PSEko Maria Luisa Arija zinegotziak garatu duen jarduna ere baloratu nahi genuke. Orokorrean Arija andreak PNVko 7. zinegotziaren papera jokatu duela esan genezake. PSEko ordezkaria izanik, modu autonomoan aritu eta udalaren politikak baldintzatzen saiatu beharrean, udal gobernuaren muleta zintzoa izatea erabaki du. PNVri ahoz kritika zorrotzak egitea eta segidan egiten duten guztiari babes sistematikoa ematea izan da Arija andrearen jokoa. Penagarria iruditzen zaigu bere burua ezkertiar gisa aurkeztea eta aldi berean PNVren politikei itsu-itsuan babesa ematea, EH Bildutik egindako proposamenei eta ezkerreko politikak garatzeko akordio posibleei beti ateak itxiz. Behin baino gehiagotan ikusi dugu Arija andrea PNVko zinegotziei zer bozkatu behar duen galdetzen, egiten ari den "lanaren" adierazgarri.
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Hezkuntza Sailburuari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari, onartezina delako langileak horrela tratatzea eta ordezkapenak egiteko zerrenda bat-batean eta soilik bi egunetarako irekitzea.
EH Bilduk Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko gerentea Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, haurreskoletan ordezkapenak egiteko zerrendaz egiten ari diren kudeaketa “lotsagarria eta onartezina” delako, Rebeka Uberak legebiltzarkideak salatu duenez. Sindikatuen eskariei muzin eginez, Partzuergoak ordezkoen zerrenda sei urtez itxita izan du, baina astelehenean bat-batean ireki zuen, izena emateko epea bi egunera mugatuta. Gainera, lanpostuak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dituela iragarri zenez, 500 lagun inguruk pasatu behar izan zuten gaua Partzuergoaren egoitzaren aurrean, Eibarren, izena ematen lehengo postuetan izateko.

Iladak izugarriak izan ziren eta askok gaua ere bertan pasa behar izan zuten
“Gertatutakoa Partzuergoaren inprobisazioaren, aurreikuspen faltaren eta kudeaketa txarraren ondorio da”, kritikatu du Uberak. “Lotsagarria eta onartezina da langileak horrela tratatzea, begirune falta horrekin, hezkuntza sistemaren kalitatea ezin delako bermatu enpleguaren kalitatea ere bermaturik ez badago”. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du “sindikatuek Partzuergoari ordezkoen zerrendak zabaltzeko galdegin diotela behin eta berriz, ordezkapenak egiteko hautagairik gabe geratzeko arriskua bistakoa zelako, azkenean Partzuergoaren kudeaketa txarragatik gertatu izan den moduan”.
EH Bilduk elkartasuna adierazi die kudeaketa penagarri honen ondorioz, Haureskolak Partzuergoaren egoitzen kanpoaldean sekulako iladak pairatu behar izan zituzten pertsona guztiei, egoera erabat bidegabea igaro behar izatea, onartezina eta salagarria da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,7 milioi eurotan murriztuko du adinekoentzako Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua
Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) finantzatzeko udalei bideratzen zaien diru ekarpena murrizteko asmoa gauzatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehazki, 3.750.000 euro kenduko dizkie udalei hurrengo hiru urteetan. Horrela erabaki dute PNV eta PSEko ordezkariek Eudelen. EH Bilduk kontra bozkatu du. EH Bilduren ustez, egoera oso kezkagarria da, murrizketek kolokan jarriko baitute adinekoentzako hain beharrezkoa den Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuaren iraunkortasuna eta kalitatea. Murrizketak, gainera, aurten bertan hasiko dira, eta era bortitzean: 903.861 euro gutxiago jasoko dituzte udalek bapatean.
Diputazioaren hamaikagarren murrizketa soziala da hau, Foru Gobernu hau gizarte zerbitzuen sarea desegiten ari da. Oraingo honetan, Udalei inposatu dien foru finantzazioaren jaitsierak bere etxeetan bizi ahal izateko laguntza behar duten adineko pertsonei zuzenean eragingo die. PNV-PSEren Gobernuak gizarte politikarekiko adierazten duten mesprezua ikaragarria da. Administrazio publikoen betebeharra gizarte zerbitzuak indartzea eta hobetzea izan beharko luke, eta ez kontrakoa. Horregatik, berriro ere, EH Bilduk Diputazioari eskatu nahi dio murrizketak baztertzea eta ELZak behar dituen hobekuntzei buruzko eztabaida irekitzea.
Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua izaera sozialeko zerbitzu publikoa da, bere ingurunean bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburua duena. 4.800 pertsona inguru artetzen ditu urtero Gipuzkoan. Zerbitzua udalek kudeatzen badute ere, Foru Aldundiak % 70 finantzatzen du. Ondorioz, esan genezake ELZ administrazio ezberdinek parte hartzen duten gizarte baliabide garrantzitsu bat dela. Diputazioak, baina, aldebakartasunez erabaki du udalek jasoko duten finantzazioa gutxitzea: 2017an, - 903.861 euro; 2018an, - 2.321.928 euro; 2019an, - 3.750.000 euro.
Azpimarratu beharra dago ELZaren eboluzioa kezkagarria dela Gipuzkoan, zerbitzua gainbeheran doalako, poliki-poliki, baina etengabe. Horregatik, EH Bilduk herrialde mailako akordio politiko zabala eratzea proposatu du herritarrengandik gertuen dauden bi administrazio publikoen artean, alegia, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren artean. Akordio horren arabera, Aldundiak finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa hartzen du, eta udalek gehiago inbertitzeko konpromisoa hartzen dute, zerbitzua hobetzeko nahiz zabaltzeko, eta langileei baldintza duinak bermatzeko helburuarekin.
PNV-PSEren Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuak egin nahi duen murrizketa honen aurrean, Amasa Villabonako EH Bilduk mozio bat osatu eta aurkeztu du udalean, mozioa datorren uztailaren 17an, astelehena, 19:00etan izango den Villabonako udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.
Hau da hitzez hitz EH Bilduk aurkeztu duen mozioak dioena:
ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA
Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua(ELZ) izaera sozialeko zerbitzu publikoa da bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburua duena.
2015ean 4.843 pertsona artatu zituen zerbitzuak, horietatik 1.344 gizonezko eta 3.499 emakumezko; % 30 autonomoa zen eta gainontzeko % 70 mendekotasun egoeran zegoen.
Tradizionalki, familiaren barruan geratu izan da pertsonen zainketaren ardura, bereziki emakumezkoen eskuetan, generoak eragindako ezberdintasunak oraindik gehiago areagotzea ekarri duelarik.
Gure politiken ardatzean pertsona jartzen dugunez, zainketaren garrantzia modu berezian azpimarratu behar dugu, baina pentsatzen dugu zainketa hori, nagusiki, erantzukizun publikokoa izan behar dela, zainketaren esparru familiarra gutxietsi gabe.
2005ean Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu zituen lurraldeko udalekin ELZaren eskuordetze eta kudeaketa mandatuak bideratzeko mendekotasun egoeran zeuden pertsonei zerbitzua eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren 155/2001 dekretuak ezarritako eskumen banaketaren arabera (mendekoak aldundientzat, autonomoak udalentzat).
Beraz, orain arte, zerbitzua udal araudien bidez antolatu eta arautu bada ere, Foru Aldundiak finantzaketaren zatirik handiena bermatu izan du, zehazki % 70. Ondorioz, esan genezake ELZ administrazio ezberdinek parte hartzen duten gizarte baliabide garrantzitsu bat dela.
12/2008 Gizarte Zerbitzuen Legeak 155/2001 dekretuak ezarritako eskumen banaketa aldatu egin zuen. Horrela, 22. artikuluan Lehen Mailako Arreta Zerbitzutzat jotzen da ELZ; eta, aldi berean, 27. artikuluan ezartzen da Lehen Mailako Arretako zerbitzu horiek udalei dagokiela eskaintzea eta betetzea, tele-laguntza zerbitzua izan ezik.
Eskumen banaketa hori gauzatzeko epeari dagokionez, legearen bigarren xedapen iragankorrak urtebeteko epea ezartzen du. Hala ere, hirugarren xedapen iragankorrak beste bi betebehar ezartzen ditu:
- Batetik, eskumen banaketaren ondorioz beharrezko finantza doiketa egitea herri-administrazioen artean “finantzaketa nahikorik bermatzeko”.
- Bestetik, eskumen banaketa eta finantza doiketa berriak ezin duela ekarri zerbitzuaren intentsitatea eta estaldura jaistea.
Legearen aurreikustakoari jarraituz, 2015eko urrian onartu zuen Jaurlaritzak zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 dekretua. Bertan honela definitzen da ELZ:
“Laguntza eta prebentzio izaerako zerbitzu bat da, eta mendekotasun egoeran edo mendetasun arriskuan dagoen erabiltzaileari bere bizilekuan jarraitzen laguntzea, bizilekuan bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko aukera emango dion etxeko arretarako eta arreta pertsonalerako laguntza bat eskaintzea eta, era horretan, isolamendu egoerak saihestea du xede. Arreta pertsonala jasotzen dutenek edo mendetasun arriskuan daudenek soilik lortu ahal izango dute etxeko arreta.”
2016ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Toki Erakundeei buruzko 2/2016 legea onartu zuen. Udalen lege berrian etengabe honako kezka hau agertzen da: udalei eskumenen bat esleitzen edo transferitzen baldin bazaie, eskumen hori benetan egikaritu ahal izateko beharrezkoa den finantzaketarekin joan beharko dela; eta 4. zein 21. artikuluetan horrela jasotzen da.
Baina udalen legeak aurreikusten ditu ere atzera begirako egoerak. Eta honela jasotzen da lehenengo xedapen iragankorrean:
" udalerriek eutsi egingo diete lege hau indarrean sartzen denera arte indarrean dagoen legeriak eta dagokien finantziazioa daukaten eskumenak”[sic].
Eta bederatzigarren xedapen iragankorrean:
“Lege honen aurretik onartutako sektore-legeen edo foru-arauen erregalamendu bidezko garapenak berekin badakar udalerriei propiotzat esleitutako eskumenetik datozen zerbitzuak, jarduerak edo prestazioak zehaztea, finantzaketa egokia izan beharko du, nahitaez.”
Ondorioz, argi geratzen da ELZ, legezko eskumenei dagokienez, udal zerbitzua izan arren, ezin zaiela udalei transferitu, zerbitzua bermatzeak eskatzen duen finantzaketa doiketaren gainean adostasunik egon gabe.
Kezkatuta gaude Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren eboluzioarekin, datuek erakusten baitigute zerbitzua gainbeheran doala, poliki-poliki, baina etengabe.
Ikus dezagun Gipuzkoako udalek eskainitako ordu kopurua (mendekoak eta autonomoak batera) azken 5 urteetan:
| 2012 | 2013 | 2014 | 2015 | 2016 |
| 1.259.041 | 1.216.426 | 1.195.103 | 1.170.996 | 1.148.264 |
Epe horretan eskainitako ordu kopuruen galera % 8,8koa izan da.
Eboluzioa aztertzeko beste datu interesgarri bat izan daiteke Foru Aldundiak baimendutako orduetatik (mendekoentzat) zenbat erabili dituzten Gipuzkoako udalek epe horretan eta portzentaian.
2012-2016 baimendutako orduak: 1.275.010. Udalek ordu horietatik erabilitakoak:
| 2012 | 2013 | 2014 | 2015 | 2016 |
| % 78,5 | % 74,4 | % 71,8 | % 70,3 | % 68,3 |
Gainbehera begibistakoa da.
Azkenik, autonomoen eta mendekoen artean bereizten badugu, zehazkiago ikusiko dugu zein den bi profil horiei eskainitako orduen eboluzioa:
| 2012 | 2013 | 2014 | 2015 | 2016 | |
| Autonomoak | 258.028 | 267.896 | 279.525 | 274.096 | 277.440 |
| Mendekoak | 1.001.013 | 948.530 | 915.578 | 896.899 | 870.824 |
Datuek erakusten digute gainbehera mendekotasunean dagoela, azken bost urteotan orduen galera % 13koa izan baita, autonomoen kasuan, berriz, igoera % 7,5koa izan den bitartean.
Gure ustez ELZ bidegurutzean dago bi arrazoirengatik: Alde batetik, ELZk berak dituen barne arazoengatik; eta, beste alde batetik, ELZren finantzaketaren gainean dauden zalantzengatik. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak ekarpen garrantzitsuak egin dizkio gure babes sistemari, esaterako:
- Pertsona bere inguru naturalean bizitzen jarraitu ahal izatea ahalbidetzen du.
- Pertsona zaintzaileei laguntza eskeintzen die.
- Sektore feminizatu batean enplegu duina sustatzen du, erregulatu gabeko zainketaren merkatuaren aurrean.
- Presioa jeisten laguntzen du administrazio publikoarentzat garestiagoak diren beste zerbitzu batzuen gainean, hala nola, egoitza zerbitzuen gainean, itxaron zerrenda arazo larria dutenak.
- Eta garrantzitsuena, gizarte zerbitzuetara sarbide bezala funtzionatzen du, beste arazo eta problematika batzuk detektatzen laguntzen duelako.
Baina ELZk arazoak ere baditu, adibidez:
- Gaur egun soilik adineko pertsonengan zentratuta dago eta ez bestelako kasuetan, buru gaixotasunak edo desgaitasuna, kasu.
- Intentsitate, ordutegi eta zerbitzu egunei dagokienean dauden mugak.
- Kopagoa, oro har, altua da; eta, beraz, ez da lehiakorra erregulatu gabeko zerbitzu pribatuaren aurrean.
- Baliabide ezberdinen arteko lehia (ad., mendekotasun prestazioekin).
- Gipuzkoako lan hitzarmen baten falta, eta langileen lan baldintzak kopagoari lotuegi egotea.
Arestian esandako guztiarengatik, herrialde mailako akordio politiko zabala eratzea proposatzen dugu, lege ezberdinek aurreikusten duten finantza doiketa burutzen ez den bitartean. Akordio politikoa proposatzen dugu herritarrengandik gertuen dauden bi administrazio publikoen artean, alegia, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren artean. Akordioaren xedea zera da: pertsonaren zainketarako eta bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzeko hain beharrezkoa den zerbitzua indartzea eta hobetzea, konbentzituta baikaude horrek onura besterik ez diola ekarriko gizarte osoari, pertsonen zainketa hobetzeak gizarte osoaren ongizatea hobetzen duelako.
Mahai gainean jartzen dugun akordio proposamena honako bi konpromiso hauetan oinarritzen da:
1.- Foru Aldundiaren aldetik, gaur egun Aldundiak udalei baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horiei dagokien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa.
2.- Udalen aldetik, gaur egun udalek zerbitzura bideratzen duten diru ekarpena handitzeko konpromisoa.
Zerbitzuaren intentsitatea, ordutegia eta zerbitzu egunak zabalduz.
Langileei lan baldintza duinak bermatuz.
Zerbitzua beste esparru batzuetara zabaltzeko aukera aztertuz.
MOZIOA
1.- Amasa Villabonako Udalak Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua pertsonaren zaintzarako ezinbesteko zerbitzua dela aldarrikatzen du, besteak beste, pertsona bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzea laguntzen duelako.
2.- Amasa Villabonako Udalak Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren garapen zein hobekuntzaren aldeko aldarria egiten du.
3.- Amasa Villabonako Udalak Foru Aldundiari dei egiten dio udalekin ados dezala honako konpromiso bikoitza:
- Aldundiaren aldetik, udalei baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horiei dagokien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa.
- Udalen aldetik, zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko neurriak aztertu eta ezartzeko konpromisoa; halaber, langileei lan baldintza duinak bermatzekoa.
Amasa Villabonan, 2017ko ekainaren 28an
Herritar talde bat gaurtik (ekainak 14) eta ekainaren 21 bitartean GOSE GREBA egingo du erraustegiaren aurka Donostiako Easo Plazan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekimen honi bere babesa eman dio eta deitzaileek hala eskatuta, gaur arratsaldeko 19:00etarako bertara gerturatzeko deia egin du babes hori bertan adierazteko helburuarekin.
Gose greban parte hartuko duten herritarrek egitarau berezia antolatu dute:
- Ekainak 14, asteazkena: 17:00etan Easo Plaza apaintzeko deia: pankartak, banderolak…
- Ekainak 14, asteazkena: 19:00etan gose grebaren hasiera.
- Ekainak 14, asteazkena, 19:00etan hitzaldia. Hizlaria: José Luis Paulín (OEIT-GEISeko medikua). Gaia: Errausketa eta Osasuna. Hitzaldia gaztelaniaz.
- Ekainak 15, osteguna: 19:00etan hitzaldia. Hizlariak: Pello Zubiria eta Joxe Mari Irazusta. Gaia: Zubietako erraustegiaren aurkako borroka eta alternatibaren eraikuntza.
- Ekainak 17, larunbata: 12:00etan. ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA KATEA. Easo plazatik Gipuzkoako Plazara.
- Ekainak 18, igandea: 17:00etan Easo Plazan, “Munduko Dantzak” ikuskizuna. Haur, gazte, edonorentzako dantza saio parte hartzailea.
Bideo emanaldiak:
Ekainak 14, asteazkena: Ziztadak
Ekainak 15, osteguna: The Yes Men Fix the World (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 16, ostirala: La fête est finie (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 17, larunbata: Gure lurra gure etorkizuna
Ekainak 19, astelehena: Gasland (euskarazko azpidatziekin)

Erraustegiaren aurkako herri mugimendutik zabaldu duten kartela
Amasa Villabonako EH Bilduk bere babesa adierazten dio Zubietako erraustegiaren aurkako herri-ekimen berri honi. Hainbat komunikabidek estali edo isilarazi nahian ari badira ere, erraustegiaren aurkako mugimendua indartzen ari da Gipuzkoa osoan eta herri presio antolatu horrek erakutsi duen indarrarekin, oso agerian geratzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten PNV eta PSOEk kutsakorra eta osasunarentzat kaltegarria izango den erraustegia kosta hala kosta inposatu nahi dutela, Gipuzkoako herritarren gehiengoaren iritziaren kontra. Egoera honetan, mobilizazioekin tinko jarraitzea da erraustegia gelditzeko dagoen modu bakarra, eta oraindik garaiz gaudela pentsatzen dugu. Beraz, erraustegiaren aurkako herri mugimenduak egingo dituen deialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diegu gure herriko gizon emakumen guzti-guztiei. Erraustegia gelditzea ere, gure esku dago!
Marian Beitilarrangoitia EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen diputatuak adierazi duenez, Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaiaren aurkako botoa emango dute EH Bilduko bi ordezkariek. “Madrilek erabakitzen duelako zenbat zorpetu gaitezkeen, eta ez du kontuan hartzen zein den aurre egin behar diogun egoera ekonomiko eta soziala”.
Diputatu subiranistak salatu du Espainiako Gobernuak zorpetzeko gero eta aukera txikiagoa uzten diela erkidegoei eta udalei. “Eta, hain justu, erkidegoak eta udalak dira inbertsio sozial handiena egiten ari direnak, gizarte kohesioa bermatu behar dutenak, tokian tokiko ehun produktiboa bultzatu behar dutenak, langabeziari aurre egiteko jarduera ekonomikoa lagundu behar dutenak eta gehien behar dutenei lagundu behar dietenak”.
Horren guztiaren aurrean, estatuak defizit osoa bere baitan hartzen duela agertu du Beitialarrangoitiak. “Defizita ordaintzea, politika sozialen aurretik jartzen du PPk”.
Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaia azken urteetako austeritate politiken jarraitzea dela esan du EH Bilduren diputatuak. “Defizitaren kontrola lehenesten dute eta ez diete aurre egiten bizi dugun errealitate sozialari”
PNVk berriz PPren gobernuaren gastu sabaiaren aldeko bozka ematea erabaki du
Jeltzaleek "koerentzia eta arduragatik" egingo dutela azaldu dute, "Euskadirentzat positiboa" izango dela argudiatuz. 2017ko estatuko aurrekontuen bozketan gertatu zen bezala, PNVrekin batera, Madrilgo kongresuko eskuineko beste alderdiek; UPN, Ciudadanos, Foro Asturias eta Coalición Canaria-k, babestuko dute PPk ezarriko duen gastu muga. Oraingoan jeltzaleen babesarekin, Rajoyren gobernuak 2018-2020 urteetarako defizitaren eta zor publikoaren helburuak finkatuko ditu, eta azken urteetako austeritate eta murrizketen politikekin jarraitu ahal izango dute popularrek.
PNVko talde parlamentariotik azaldu dutenez, "gastu sabaiak ez du balio politikorik" eta "neurri tekniko hutsa da". Soraya Sáenz de Santamaría espainiar gobernuaren presidenteordeak positiboki baloratu du PNVren erabakia eta "aurrera urratsa" bezala definitu du, hurrengo urteko estatuko aurrekontuei begira.
Behar Zana pilota eskolan 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea zabalik da. Ekainaren 23a izango da azken eguna. Jarraian eskainiko diren modalitateak eta informazio zabalagoa:
Taldeak finkatu gabe dauden arren (matrikularen ondoren zehazten dira) egunak erabakita daude.
Eskeiniko diren modalitateak joko garbia, eskua eta pala izango dira eta Amasa eta Villabonako frontoiak erabiliko dira.
Datorren ikasturterako entrenamendu egunak honakoak izango dira:
- 4. maila bitarteko haurrak: Astelehenetan eta asteazkenetan.
- 5. eta 6. mailakoak: Astearte eta ostegunetan.
- Matrikulazioa 16 urtekoei ere irekia dago, pilotari federatuei zein palan hastapenak egin nahi dituzten emakumeei.
- Nesken pala saioak: Astearte, ostegun eta ostiraletan.
- Joko garbikoen entrenuak: Astearte eta ostegunetan.
Informazio gehiago nahi izanez gero (kuotak, egutegia, ordutegiak etab), bi bide luzatu dituzte:
-E-maila: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..
-Telefonoa: 600375352 edo 688685982.
EH Bilduk otsailean ohartarazi zion Gipuzkoako Foru Aldundiari Irurako autobus geltokiaren arriskuaz
Pasa den ostiral arratsaldean albiste txarra jaso genuen: Istripu larria izan zen Iruran dagoen Laskibarko autobus geltokian. Guztira hamazazpi pertsona zauritu ziren eta kalte handiak izan ziren. Lehenik eta behin, EH Bildutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu zaurituei eta kaltetutako pertsona guztiei. Istripu larriaren ondoren, herritarrei arreta eta babesa eskaintzeak izan behar du orain guztion lehentasuna.
Era berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu administrazio publiko ezberdinetako agintariei ardura eta berehalako neurriak hartzea eskatzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Garraio publikoko erabiltzaileen, gidarien eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko ardura erakunde publikoena da.
Zentzu honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak otsailaren 22an ohartarazi zion Foru Aldundiari Irurako autobus geltokiak sortzen zuen arriskuaz. Mugikortasuneko Departamentuari zuzendutako idatziak horrela esaten zuen: “Iruran, N-1ean, Ibaiondo bailaran dagoen autobus geltokia arriskutsua da. Autobusak bertan gelditzeak arriskuak sortzen ditu trafikoan eta Lurraldebuseko erabiltzaileengan. Bai gidariak bai erabiltzaileak eskatzen ari dira Foru Aldundiak neurriak hartu ditzala”.

Laskibarko autobus geltokia. Istripuaren ondoren ateratako argazkia.
Martxoaren 28an iritsi zen Mugikortasuneko diputatu Marison Garmendiaren erantzuna, ardura bere gainetik kenduz eta adieraziz “autobus geralekuak mantentzea eta eraikitzea ez dela Mugikortasun Departamentuari dagokion eskumena”, baizik eta bere gobernuko beste foru diputatu batena. Nolanahi ere, Marisol Garmendiak bere idatzian honako hau adierazten zuen: “Laster batean segurtasun txosten bat eskatuko diogu Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari, erakunde eskudunei beharrezko diren segurtasun arloko hobekuntzak eska diezazkien, beharrezkoa bada, behintzat”.
Hilabete hauetan, ez dugu izan segurtasun txosten horren berri eta Aldundiak ez du hartu inolako neurririk. Horregatik, azalpenak eskatuko dizkiogu Foru Gobernuari, eta presazko neurriak hartzea Irurako autobus geltokiko segurtasuna bermatzeko.
Horrekin batera, EH Bilduk gogoratu du aurreko legealdian ikerketa bat abiatu zuela Diputazioak herrialdeko markesina guztien egoera aztertzeko. Azken bi urteetan, EAJk eta PSEk azterketa hori bukatzeko eta hobekuntza plan bat martxan jartzeko eskaerak blokeatu dituzte. EH Bilduk eskatu die bere jarrera berraztertzeko herritarren segurtasuna bermatze aldera Gipuzkoako autobus geltoki guztietan.
TSSTko autobus gidariek N-1 autobidean dauden geltoki arriskutsuetan ez gelditzea erabaki dute
50 gidari inguruk (TSSTko ia guztiak) protesta elkarretaratzea egin dute gaur goizean enpresaren egoitza aurrean «Por la seguridad de los viajeros y por unas condiciones dignas para los chóferes» lema zeraman pankarta baten atzean eta bertan jakinarazi dute "geltoki arriskutsuetan" ez gelditzeko hartu duten erabakia.
Axel Aizpeolea LAB sindikatuko ordezkariak esan duenez, enpresako langileek duela 10 urte inguru aurkeztu zuten Tolosa-Donostia linearen azterketa bat eta "arrisku handiko" geltokien inguruan neurriak hartzea eskatu zuten. "Behin baino gehiagotan neurriak hartzea eskatu arren, eskaera horiei ez zaie kasurik egin, aurtengo otsailean ere gai hau mahai gainean jarri zen" esan du ordezkari sindikalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak geltoki hori (eta autobiaren beste aldean dagoena ere bai) kentzea erabaki zuen istripuaren ondoren, LAB eko ordezkariak salatu du erabaki hau TSSTko langilei eta enpresa komiteari bizkarra emanda hartu dela. Hemendik aurrera autobus gidarien eta enpresako langileen ordezkarien iritzia kontuan har dezatela eskatu dute, eta Diputazioak ezartzen dizkieten ordutegi eta denbora baldintzek, presaka ibiltzera behartzen dituela, "horrek ere arriskua handitzea dakar" salatu du LABek.
Istripuan zauritutako emakume billabonatarrak ospitalean jarraitzen du
Istrupuaren ondorioz ospitalean geratzen den pertsona bakarra 72 urteko emakume billabonatarra da, traumatismoa du buruan eta hainbat sahiets puskatuta ditu. Donostia Ospitalean aurkitzen da ingresatuta eta jakinarazi digutenez, eboluzio ona izaten ari da.
Gure Esku Dago herri dinamikak azken hiru urteetan egin bezala, ekitaldi erraldoia antolatu zuen larunbatean Bilbon. Euskadi plaza eta plaza Eliptikoaren artean galdera ikur erraldoi bat osatu zuten Gure esku dago mugimenduaren kamiseta eta globoak zituzten milaka herritarrek. “Erabakiaren aroa” amaieraraino eramateko prest konpromisoak eta aliantza berriak josten aritu dira azken hilabeteetan, 2015ean Euskal Herriko bost hiriburutan egindako ekitaldiaren ondoren.
Ordutik hona, 72 herritan egin dira herri galdeketak: Etxarri-Aranatzen, Arrankudiaga-Zollon, Ispasterren, Azpeitian, Aramaion, Bakaikun, Diman, Astigarragan, Hernanin eta Larrabetzun, eta Goierriko, Debagoienako, Oarsoaldeko eta Tolosaldeko herri guztietan. Herri guzti hauetan galderaren formulazioa egitetik galdeketaren eguneraino, desberdinen arteko elkarlana eta parte hartzea sustatu dute. Amasa Villabonan egindako herri galdeketa arrakastatsua izan zen 1452 pertsonak eman zuten botoa emateko urratsa, herriko zentsuaren %29ra iritsiz.

Larunbateko mobilizazioak utzitako irudi ikusgarria. Iturria: Argia astekaria
Larunbatean Bilbon egindako ekimen jendetsuan, hautestontzi bat eraman zen plaza batetik bestera, erabakiaren aroa hastera doala irudikatzeko. Amaieran, herritar eta eragile ezberdinekin batera adostutako “herritarren ituna” publikoki aurkeztu zen. Hemen duzue osorik:
HERRITARRON ITUNA
Itun honek esparru bat eskaini nahi du solas egiteko, konplizitateak josteko eta adostasunak ehuntzeko, erabakitzeko ariketak edo ariketek behar dituzten jarrerak, adostasunak eta tresnak elkarrekin lantzeko.
ATARIKOA. Zergatik erabaki
Demokrazian sakontzen ari gara. Herritarron ahalduntzea da demokraziaren oinarria. Egunero elkarrekin arituz, egitasmo kolektiboak sortuz eta gure erakundeekin batera kudeatuz eraikitzen da komunitate librea, duina eta demokratikoa. Kultura politiko berria pizten ari da eta herritarrok erabakien parte sentitu nahi dugu. Bizikidetza errotzeko, gai guztiak normaltasunez kudeatu behar dira. Demokrazian sakontzeko dauden oztopoak gainditu nahi ditugu.
Erabakitzeko eskubidea herritarron borondate demokratiko eta burujabearen adierazpen demokratikoa da eta bere egikaritzak egitura politikoa hautatzeko aukera ematen du, aldez aurretiko eredurik ezarri gabe eta herritarron borondate demokratikoari aurretiko mugarik jarri gabe.
Horregatik, egitasmo guztientzako orube komuna eskaintzen du eta bizikidetza osasuntsu baten giltzarria da. Autodeterminazio eskubidearen egokitzapen garaikidea da erabakitzeko eskubidea, eta burujabetza auziak era baketsuan kudeatzeko aukera ematen du. Gure herriaren aniztasuna aberastasun iturri da, eta modu demokratikoan kudeatu nahi dugu, orain arte bizikidetzan izan ditugun hormak hautsiz.
Bestalde, munduan aldaketak ari dira gertatzen, eta burujabetza auziak kudeatzeko paradigma berria indartu da. Herritarron burujabetzaren aroa zabaltzen ari da, pertsonen eta herrien eskubideak eta erabakiak ondoen bermatzen dituen tresna gisa. Euskal Herrian, euskal herritarrok osatzen dugun komunitateak baditu nortasuna eta borondatea nazioarteko legedian herriei aitortzen zaizkien eskubide kolektibo guztien jabe izateko. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan orain arte josi diren adostasunak ikusita, argi dago herritarrok borondate demokratikoa dugula gure geroa modu librean erabakitzeko. Halaber, tresna instituzionalak ditugu borondate hori bideratzeko.
Erakunde horien muga bakarra herritarron borondatea da, edozein dela ere azken hautua. Gauza guztiez erabaki nahi dugu, denon artean. Gure gizarte-garapena osoa eta jasangarria izan dadin, estatus politikoaren gaineko erabakia kokatzen dugu dinamikaren ardatzean; aldi berean aitortuz erabakitzeko eskubidea pertsonen eta herrien maila eta esparru guztietara iristen dela.
ADOSTEN, BURUJABE. Nola erabaki
Abiapuntu gisa, modu ireki eta dinamikoan osatzen joateko asmoz, Herritarron Itunarekin bat egiten dugun herritarrok, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko printzipio nagusi hauek aintzat hartzen ditugu:
1. Burujabetza: Gure herriaren etorkizuna erabakitzea euskal herritarroi dagokigu.
2. Zilegitasun demokratikoa: Galtzaile eta irabazlerik gabeko dinamikak indartuz, erabakiaren bidez demokrazian sakondu nahi dugu. Bideari eta emaitzari ematen diogu garrantzia eta zilegitasunez josten den bidearen ondorio diren erabakiak sendotzen eta bermatzen ditugu.
3. Adostasuna: Erabaki eskubidea denon topaleku da. Bizikidetza dugu xede, gizarte eta lurralde kohesioa. Adostasunak landuz egin nahi dugu bidea, konfiantza esparru zabalak eraikiz.
4. Legaltasuna: Erabakitzeko eskubidea modu adostuan gauzatzeko borondatea dugu. Edonola ere, Euskal Herriko erakundeetatik sortutako legalitateari lehentasuna emango diogu, herritarron borondate demokratikoaren adierazle gisa.
5. Parte hartzea: Behetik gora hartzen diren erabakien garrantzia azpimarratu nahi dugu, herritarrok erabakien parte sentitu nahi baitugu. Aldi berean, erakundeekin eta eragileekin elkarlana bultzatuko dugu.
6. Eraginkortasuna: Egungo estatus politikoan aurrera pausua emateko eta Etorkizuna irudikatzeko gaitasuna eskaintzen du erabakitzeko prozesuak, eta baita ere etorkizun hori mugarik gabe erabakitzeko bidea.
7. Berdintasun politikoa: Erabakitzeko ariketek bermatuko dute egitasmo guztien zilegitasuna eta maila berean gauzatzeko aukera, baldintza demokratikoak ezarrita.
8. Justizia soziala: Erabakitzeko eskubidea herritarron duintasuna, askatasuna eta berdintasuna bermatzeko tresna da.
9. Ardura: itun honi lotutako pertsonak, bizibide eta irizpide desberdinetakoak izan arren, herri honek jendarte kohesionatu eta praxi demokratikoan oinarritua behar duelakoan, helburu hori lortzeko bidean ardura pertsonal eta kolektiboa sentitzen dugu.
KONPROMISOAK
I. Erabakiari bide emateko unea iritsi da. Herritarrok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko lan egingo dugu. Gure esku hartzen dugu erabakitze prozesuak behar dituen baldintzak sortzeko eta garatzeko ardura eta, eragileekin eta erakundeekin batera, parte hartu eta ekarpenak egiteko konpromisoa, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki arte. Orain arte baino hobeto aritzeko eta izandako gabeziak gainditzeko lan egingo dugu.
II. Erabakitzeko eskubidea gauzatze aldera, gure etorkizun politikoari buruzko eztabaida publiko, plural eta gardena beharrezkotzat jotzen dugu, eta, ondorioz, gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Eztabaida hori euskal erakunde eta mota guztietako eragileen esku-hartzearen bidez bideratu beharra dago, eta bururaino eramateko, hau da, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira, azken batean, herritarrok gure estatus politikoari buruz zuzenean erabaki nahi dugulako, ezein aukerari uko egin gabe.

















