Errauste plantarik nahi duten edo ez galdetuz, herri galdeketa egin dute pasa den asteburuan Usurbilen eta Zubietan. Emaitza argia izan da, botoa eman dutenen %97,9ak ezetz erantzun du.
%43,6k hartu zuen parte Usurbilen, 2.318 lagunek; eta %64,7k Zubietan, 244 herritarrek. Eta argi hitz egin dute: ez dute nahi errausketa plantarik eraikitzerik. Eta ez beraien herrian bakarrik, orohar baizik. Izan ere, galdeketak eraikuntzagatik galdetzen zuten orokorrean, eta ez beren bizitokien inguruetan eraikitzeaz. Honela zen galdera: "Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?". Eta erantzuna garbia izan da: Usurbilen %97,9ak ezetz esan du, eta Zubietan %99,5ek.

usurbil2

Usurbilko galdeketaren irudia

Datua kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egin nahi du galdeketak antolatu duen Erraustegia Erabakia plataformak. Emaitzarekin oso pozik agertu dira plataformako kideak, eta instituzioek kontutan hartu beharko lituzketela uste dute. Horretarako bilera gaur bertan eskatuko dutela iragarri zuten atzo.

Herri ekimenez antolatu zuten galdeketa, eta egin ahal izateko sinadura bilketa ere egin zuten.


Amasa Villabonako EH Bildutik, lehenik eta behin Usurbil eta Zubietako herriak zoriondu nahi ditugu egin duten ariketa demokratiko eredugarriagatik eta Erraustegia Erabakia plataformari ere gure zorionik beroena helarazi nahi diogu, antolatutako herri galdeketa hauek izan duten arrakastagatik. Oso argi geratu da Usurbil eta Zubietako herritarren gehiengoak ezetz esaten diotela erraustegiari, eta gainera azpimarratu nahi dugu herritarrek ez dutela erraustegia ez Zubietan eta ezta beste inon ere eraikitzerik nahi. Honek, EAJ eta PSEk zuzendutako Gipuzkoako Foru Aldundiari galdera argi bat egitera bultzatzen gaitu: Erraustegia eraikitzea ez al da inposaketa?

Amasa Villabonan, EAJk behin eta berriz erabili izan du inposaketaren argudioa, pasa den legealdian EH Bilduko udal gobernuak ezarritako Atez Ateko hondakin bilketa sistemaren kontra, eta atez atekoaren kontrakoek egindako galdeketa politikoki erabili zuten inposaketaren ideia zabaltzeko. Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak autokritika ariketa sakon eta zintzoa egin zuen, eta atez atekoaren ezarpenean egindako akatsak onartu eta aitortu zituen. Herritar kopuru esanguratsu batek egindako eskaerari muzin egin zitzaion eta horregatik amasa-billabonatar askok inposaketa izan zela ondorioztatu zuten. Hori horrela izanda, Zubietan herritarren gehiengoaren iritzi eta erabakiaren kontra, erraustegi planta eraikitzea ez al da inposaketa? Gure ustez argi dago baietz. Gipuzkoak ez du erraustegirik behar eta gainera herritarrek ez dute nahi. Asko izan dira azken hilabeteetan erraustegia eraikitzearen kontra garatutako ekimenak: Erraustegiak herritarren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak salatzeko sortu diren mediku taldeak, beren seme alaben osasunak arduratuta ehunka gurasok sortu duten GuraSOS plataformaren ekimenak, erraustegiaren aurkako mugimenduak egindako dozenaka mobilizazio, Gipuzkoa Zutik bezalako fenomenoen sorrera, akanpadak, giza-kate jendetsuak... Guzti honi ez al zaio kasurik ere egin behar? hondakinen kudeaketan, EAJ eta PSEk herritarren hitza kontuan izan behar zela aldarrikatzen zuten Gipuzkoako Aldundian EH Bilduk gobernatzen zuenean, eta orain zer? EH Bilduk Aldunditik egindako planak inposaketa ziren, eta orain berriz "kudeaketa" hutsa? Herri galdeketak EAJ eta PSEri interesatzen zaienean soilik errespetatu behar al dira? 

EAJ eta PSEri herritarren hitza kontuan har dezatela exijitzen diegu. Zubietako erraustegiaren proiektua momentuz behintzat bertan behera utzi, eta Gipuzkoa osoan eztabaida publiko eta zabal bat abiatzea eskatzen dugu. Hondakinen kudeaketarena arazo teknikoa da neurri oso handi batean, eta interes politiko jakin batzuk direla medio, gaia politizatu eta aurkari politikoa higatzeko erabili izan da. Gure ustez, inora ez garamatzan liskar politiko-mediatiko honekin bukatu behar da, gaiari serioski helduz eta zentzuzko eztabaida bat garatuz. Gu konbentzituta gaude birziklatzean aurrera egiten dugun neurrian, Gipuzkoak ez duela erraustegirik beharko, eta hondakinen bestelako hainbat tratamendurekin arazoari irtenbide integral bat aurkitzea posible dela pentsatzen jarraitzen dugu.