- 24 Urria 2016
Pasa den ekainean Giltzarria adierazpena plazaratu zuten Tolosaldeko hainbat aurpegi ezagunek eta Tolosaldea osoan hautetsontziak zabaltzeko eguna iragarri zen: 2017ko martxoaren 19a. Bada, bost hilabeteren faltan, erabakiaren motorra piztu dute jada eskualdean, eta motor horixe aurkeztu dute, Tolosako Topic zentroan.
Guztira, 38 gizon-emakumek osatuko dute herri-galdeketaren prozesua sustatzeko batzordea, eta haiek izango dira bizilagunen ahots eta belarri. Batetik, 28 herrietako bakoitzak ordezkari bana izango du batzorde sustatzailean eta, horrez gain, Gure Esku Dago koordinakundeko lau dinamizatzaile ariko dira, eskuz esku, eurekin. Azkenik, Tolosaldeko herritarrek erreferentziazko sei izen eta aurpegi izango dituzte, erabakiaren aroari ekiteko: talde motorreko kideak.
"Tolosaldeko biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena, eta gure parte-hartzerik gabe prozesuak ez du zentzurik", azaldu dute Oihana Iguaran eta Iker Ariznabarreta talde-motorreko kideek. Eurekin batera, seikotea osatuko dute Periko Peñagarikanok, Marijo Esnaolak, Mikel Artolak eta Ioseba Mateosek, eta martxora bitarteko bidean eman beharreko pausoak iragarriko dizkiote eskualdeko gizarteari.

Tolosaldeko Giltzarria aurkezteko ekainaren4an Tolosan egindako agerraldi jendetsua
"Guztion artean handia egitera goaz!", halaxe nabarmendu dute. Eta, horretarako, batzorde sustatzaileko 38 kideek bi eginkizun nagusi izango dituzte esku artean:
Tolosaldeko herritarren sinadurak biltzea izango da lehena, horrek bermatuko baitu, datorren martxoaren 19an galdeketa antolatu eta egin ahal izatea: "Galdeketa baldintza egokietan eta berme osoz aurrera eramatea da gure eginkizuna, eta Gure Esku Dagok herri-galdeketetarako mamitutako protokoloa baliatuko dugu horretarako. Horregatik, herritarren babesa behar dugu, bestela ez baita galdeketarik izango". Giltzarriak datozen egunetan jakinaraziko du sinadura-bilketaren hasiera-data.
2014ko ekainaren 8an giza-kateak sortutako ilusio kolektibo hori Tolosaldean berpiztea izango da batzorde anitzaren jomuga, "guztiok baikara beharrezko, etorkizuna elkarrekin irudikatzeko".
Horrela, beraz, elkarlanerako dei eginez, iritzi eta pentsaera guztien garrantzia azpimarratuz biribildu dute agerraldia: "Pentsatzen duzuna pentsatzen duzula, zure iritzia garrantzitsua da. Gu gara giltzarria, gure esku dago!
Hemen duzue Tolosaldeko talde sustatzaileko kideek argitaratu duten bideoa: https://youtu.be/nFNAPhDw8rQ
Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria eman nahi diogu datorren martxoaren 19ko herri galdeketari begira abiatu den egitasmo osoari eta Tolosaldean berau garatzeko eratu den talde motorrari. Espero dugu abiatuko den sinadura bilketa kanpaina eta martxoaren 19ko herri galdeketa bera, Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bidean urrats sendoa emateko baliagarria eta eraginkorra izatea eta Amasa Villabonako ezkertiar eta independentistok ilusioz eta gogotsu helduko diogu erronka honi.
Gure etorkizuna guk geuk erabaki nahi dugu! Aurrera Tolosaldeko Giltzarria! eta martxoaren 19an denok hautestontziak betetzera!


