- 14 Urria 2016
2016ko irailari dagozkion azken langabezia datuak kaleratu ziren pasa den astean eta oraingoan ere ez dira datu positiboak izan Amasa-Villabonan, 2016ko ekainetik sei pertsona gehiago baitaude langabezian (langabezia tasak %0,2 egin du gora). Gure herrian guztira 369 pertsona daude langabezian baina kontuan izan behar dugu kopuru hori "erregistratutako langabezia" dela hau da, Lanbiden izena emanda dauden pertsonen kopurua soilik jasotzen duena. Beraz, zihurtasun osoz esan dezakegu langabeziaren datu errealak hortik gorakoak direla, asko baitira arazoi ezberdinak medio, Lanbiden izena ematen ez duten pertsona langabeak. Amasa Villabonako langabezia tasa %12,23koa da egun, eta Gipuzkoako (%11,5) eta Tolosaldeako (%12) tasen gainetik jarraitzen du. Dena den, 2015eko datuekin konparaketa eginez gero, enpleguari dagokionez 2016 urtea ez da txarra izaten ari, 2015eko irailean langabezia tasa %14,8koa baitzen eta beraz, errekuperaketa kontuan hartzekoa izan da.

Amasa Villabonako EH Bildutik, beti kezkaz ikusten ditugu langabezia datuak eta gure gizarteko lan esparruan aldaketak egitea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Ezin gara konformatu espainiako lurralde atzeratuenetan baino langabezia tasa txikiagoa izatearekin, gure herrian bizi diren pertsona guztiek lan egiteko eskubidea dute eta langabezia zero (edo langabezia "teknikoa" deiturikoa) izatera iristea izan behar da helburua. Zentzu honetan Lanbide erakundeak egiten duen lana ez da nahikoa izaten ari, langabezian dauden pertsonei lan merkatuan sartzeko laguntza askoz hobea eskaini behar zaie, laguntzak integrala izan behar du, formakuntza aukera pertsonalizatuak etab. eskainiko dituena eta arlo horretan asko dago hobetzeko Lanbiden. Arazo hauei aurre egiteko EH Bildu koaliziotik proposamen berriak aurkeztuko dira datozen hilabeteetan.
Azkenik, langabeziari aurre egiteko hilabete honetan Tolosaldea Garatzen erakundeak martxan jarriko duen "Enplegunea" egitasmoari ongi etorria eman nahi diogu. Tolosaldean langabezia egoeran dauden pertsonek enplegua aurkitu dezaten egitasmo oso interesgarria da eta datorren urriaren 26 eta 27an izango dira saioak Tolosako Lehiberri zentroan. Guztira 60 lan eskaintza baino gehiago izango dira bertan.
Hemen duzue Tolosaldea Garatzen-ek argitaratu duen informazio kartela:


