Hilabete honetan, 2011n Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Asunción klinikak sinatutako hitzarmena amaituko da eta beraz, funtsezko momentu batean gaudela adierazi dute TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) erakundeko ordezkariek Tolosan egindako prentsaurrekoan: "Oso une garrantzitsuan gaude, jokoan baitago guk eta gure familiek jaso behar dugun osasun arreta eredua".

TOPA-ko ordezkarien agerraldia Tolosan, mobilizazioak iragartzeko.

Azaroaren 10ean ezarri dute TOPA-koek lehen hitzordua: Tolosako Euskal Herria plazan, Asunción klinikak antolatutako jardunaldi bat izango da eta bertan, goizeko 8:30etan elkarretaratzea izango da "Osasun publikoa defenda dezagun!" lelopean. TOPA-ren iritziz Kontraesan hutsa da jardunaldia, gainerako eskualdeekin konparatuta Tolosaldeak sekulako desabantailak dituela kontuan izanda.    

Azaroaren 12an, 12:00etan Informazio Batzarra Tolosako kultur etxean. Bertan besteak beste, azken bost urteetan Jaurlaritza eta Asunción klinikaren arteko hitzarmenak eman duena baloratuko da eta Tolosaldeko ESI zerbitzuko kudeatzailearekin izandako bileraren berri emango zaie bertaratzen diren herritarrei.

Azkenik, azaroaren 26ean Bizikleta martxa bat antolatuko du TOPA-k eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote Tolosaldean bizi diren herritar guztiei: "Pedalak mugituz osasun publikoa aldarrikatuko dugu".


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak egin dituen deialdi hauekin eta beste behin, Tolosaldeak ospitale erabat publikoa behar duela aldarrikatzen dugu. Tolosaldeko herritarrok etorkizunean jasoko dugun osasun arreta definitzeko momentu erabakigarrian gaude eta zentzu horretan, herritarrak parte aktibo izan behar dugula pentsatzen dugu. Publifikazioaren aldeko mobilizazio eta presio herritarra artikulatzea beharrezkoa dugu eta zeregin horretan TOPA-k egiten duen lana goraipatu nahi genuke. Ondorioz, TOPA-tik antolatu diren deialdi hauetan parte hartzeko deia luzatzen diegu Amasa Villabonako herritarrei.