Hego Euskal Herrian, ELA eta Steilas sindikatuek mobilizaziorako deia egin dute “Euskal Herrian gure hezkuntza! LOMCEri ez! Heziberriri ez! Errebalidei ez! Murrizketei ez!” lelopean. EHIGE guraso elkarteak bat egin du deialdi horrekin. LAB sindikatuak ez du deialdiarekin bat egin eta Sortzen elkarteak, Ikastolek eta Kristau Eskolek ere ezezkoa adierazi dute. Hezkuntza Plataformen Topaguneak ez du nazio mailako posturarik hartu honekiko hezkuntza eragileen artean iritzi bateraturik ez dagoela argudiatuta.

EH Bilduren jarrera argia eta tinkoa da LOMCE eta Heziberriren kontra. Hau esanik, berresten gara, orain inoiz baino gehiago, Euskal Herrian oinarrizko Hezkuntza Akordio zabal baten beharra dugula. Izan ere, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko agenda propio, adostu eta bateratua behar beharrezkoa dugu.

Hau horrela, duela 3 ikasturte urriaren 12an hezkuntza eragile guztiek deitutako “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!” lelopean burututako mobilizazioaren ildoaren aldeko nahia azaldu nahi dugu gaurkoan. Elkarrizketa, elkarlana eta adostasuna. Beraz, EH Bildun gure borondatea aurkezten dugu berriz ere hezkuntza sietema propio, euskaldun, unibertsal, hezkidetzaile, inklusibo, parte hartzaile, anitz eta publiko berri bat eraikitzeren alde eta horretarako jarraituko dugun agenda eta bidea adostasunean hezkuntza mugimenduarekin partekatzeko. Hau adierazita, arestian aipatu euskal eragileek deitutako mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk.