Albisteak
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, aste honetan Villabonako udalean izan den osoko bilkuraren kronika bat osatzea erabaki dugu. Bilkura honetan hainbat gai jorratu baziren ere, herritarrei interesatzen zaiela jakitun garenez, alkateak bere buruari ezarritako soldataren gaia azpimarratuko dugu.
Oraingoan bai, EAJko zinegotzi guztiak osoko bilkurara etorri zirenez, Maite Izagirre alkate berriak bere buruarentzat ezarri nahi zuen 52.000 euroko soldata onartzea lortu du. Gai hau osoko bilkurako 3. puntuan jorratu zen eta kontu honek herritarren artean kezka edo ezinegona sortu duela frogatu zen, hainbat herritar pleno aretora gerturatu baitziren bereziki puntu honetan zer gertatuko zen zuzenean ikustera.
Lehenik, PSOEko Maria Luisa Arija andreak hartu zuen hitza eta soldata hori justua iruditzen zaiola eta alkatearen soldata zenbatekoa izango den EAJk erabaki behar duela defendatu zuen. Hala ere, denen harridurarako, bere bozka aldatu eta oraingoan abstenitu egingo zela azaldu zuen, Hauek izan ziren Arijaren hitzak: "Me voy a abstener, no por nada, estando de acuerdo con el sueldo, si no por que la actitud vuestra (EAJko kideei zuzenduaz) cuando hay una presión fuerte como pasó con las subvenciones, derrepente se cede... yo ya me quedo en la abstención".
EH Bildu koalizioko Nora Urbizuk eman zion jarraipena eztabaidari, bere hitzetan, errespetu falta izugarria izan zen udal gobernuak osoko bilkurara ekarritako gai bat mahai gainean uztea. Aurreko plenoan, EAJko hainbat zinegotziren ezinetorria zela eta, ezin izango baitzuten puntu hau onartutzat eman. Urbizuk, bilkura honetarako soldataren kopurua txikiagoa ekarriko zutenaren "itxaropen" apur bat bazutela aipatu zuen. Baina, hori horrela ez zela ikusirik, gobernu honen estrategia lehenik poltsikoa izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen. Urbizuk, puntualizazio bat egin nahi izan zuen gai honek herrian sortu duen ezinegonaren harira. Bere hitzetan herrian giro txarra ez du sortu egi bat publiko egin edo salatzeak. Giro txar hori sortu duena egia hori atrebentzia horrekin hartzea izan da.
Soldata honen gehiegizkotasuna azpimarratu zuen EH Bilduko bozeramaleak. Urteak 52 aste dituela jakinda, asteko 1000€ko soldata proposatzen zutela aipatu zion Urbizuk Izagirre alkateari. Horrelako erabaki bat hartu aurretik, herriaren egoera sozio-ekonomikoa errepasatzea gomendatu zion herritarren zati handi batek, lan handiak baititu 1000 euro irabazteko gaur egun. "Errealitateak beste zenbaki batzuk aipatzen dizkigu gure herrian, esaterako Gizarte Larrialdi Laguntzetarako udalak jartzen duen diru kopurua ez dela nahikoa izango, ekainerako %65a bideratu den garaiean, ura eta zaborren tasak ordaintzeko ematen den laguntza eskaera sekula baino herritar gehiagok egin duela. Datu kezkagarriak dira inondik inora". Bere hitzartzea amaitzeko, Urbizuk soldata igoera honek, ideal horietatik gure gizartea gehiago urruntzen duela aipatu zuen, ezberdintasun sozial-ekonomikoak are eta gehiago nabarmenduz, eta modu publikoan gainera, herritarrongandik gertuen dagoen administrazio publikoan. EH Bilduk soldata duina eskubide gisa ulertzen duela azpimarratu zeun, ez besteen bizkar lortutakoa.
EH Bildutik egindako kritikei Ibon Ariznabarreta EAJko zinegotziak erantzun zien, Maite Izagirre alkateari zuzendutako aipamen ugari egin baziren ere, alkateak ez zuen hitzik ere esan eta isil-isilik egotea erabaki zuen, bere soldataren defentsa Ariznabarreta jaunaren eskuetan utziz.
Ibon Ariznabarreta EAJ-PNVko zinegotzia
Zinegotzi jeltzaleak alkateak dituen ardura handiak azpimarratu zituen eta horregatik alkateak udalean gehien kobratzen duen langilearen pare kobratzeko eskubide osoa duela aldarrikatu zuen. Bestalde, alkateak udaletik kanpo zuen lanean kobratzen zuenak, alkate bezala kobratu beharrekoarekin zer ikusirik ez duela izan behar aipatu zuen. Ondoren, EH Bilduren jarrera kritikatu zuen, koalizio abertzaleko kideak "demagogia" egiten ari direla salatuz eta Zizurkil eta Usurbilgo EH Bilduko alkateen soldatak aipatu zituen, gaia desbideratzeko eta hika-mika pizteko asmo garbiarekin. EAJ-PNVk arduradun politikoek kalitatezko soldatak izan behar dituztela defendatzen duela azpimarratu zuen, alderdi jeltzaleak inoiz ez duela beste alkateen soldata kritikatu eta gainera zenbat kobratzen duten berdin berdin zaiela edo ez zaiela axola ere esan zuen.
Jarraian, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza eta EAJk aurreko astean publiko egin eta herriko etxe guztietara banatutako gutunari buruzko irakurketa politikoa egin nahi izan zuen. Gutun hori "penagarria" eta "iruzurtia" zela salatu zuen Labordek eta hori baieztatzeko hainbat arrazoi aurkeztu zituen. Testuaren hasieran, Gasteizko legebiltzarrean EAJ eta EH Bilduren babesarekin onartutako udal legea aipatzearekin, herritarrak nahasteko borondate garbia zutela leporatu zien EAJko zinegotziei. Izan ere, ez da lege hori alkatearen 52.000 euroko soldata baimentzen duena, 2015eko irailean EAJ-PNVk PSOE eta PPren babesarekin Gipuzkoako Diputazioan onartutako Foru Dekretua baizik. Labordek Foru Dekretu hori espreski EAJko alkateek beren buruari soldata igotzeko egin zela salatu zuen eta Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak dekretu horren eztabaidan botatako hitzak gogora ekarri zituen: "Krisi ekonomikoa bizi dugun garai honetan, EAJko politikariek beren buruari soldatak igotzeko legeak egiten aritzea, diruzale hutsa izatea da, diru-gosea izatea".
EH Bilduko zinegotziak galdera zuzena bota zien EAJko udal taldeko kideei: "alkateak ardura edo respontsabilitate handia duela aipatzen duzue behin eta berriz, baina hori badakigu, ez da ezer berria, orain arte alkate postua bete dutenek ere ardura berdinak izan dituzte, orain Maitek ardura handiagoak al ditu lehen Iban Agirrek zituenak baino? Jeltzaleek ez zuten erantzun nahi izan. Bestalde, "gure herriko jendea inozoa edo tontoa balitz bezala tratatzea" leporatu zion Labordek EAJri, gutunean soldata gordina (bruto) eta garbia (neto) berdinak ez direla azpimarratzen zela argudiatuta, "herritarrak badakite hori bereizten, horrelako azalpenek ez dute zentzurik".
Ondoren, jeltzaleek EH Bilduri egindako kritikei erantzun zien Labordek: "gu talde klasista bat garela esatera ere ausartu zarete, kasta sistema etab... PNVkoek guri hori loporatzea txiste bat dela dirudi, baina ez, zuek gainera lotsarik gabe publikoki zabaldu eta buzoneatu ere egin duzue". Hau esan ondoren herri honetan norbait klasista bada, hori EAJ-PNV alderdia dela esan zuen EH Bilduko ordezkariak: "EAJ da Gipuzkoako aberatsei, diru gehien dutenei zergak kentzen dizkiena, RGIa kobratzeko baldintzak gogortu dituena, gure gizarteko behartsuenei Gizarte Larrialdi Laguntzak kendu nahi dizkiena, gure herriari ezertxo ere ekarriko ez dion AHTan milaka miloi euro xahutzen dituena krisi garaian, beti Adegi eta Confevasc-ekin eskutik emanda doana langileen ordezkariak diren gehiengo sindikalarekin beti gatazkan eta bronkan dabilen bitartean, bi etxebizitza edo gehiago dituztenei zergak jeisten diena... hori da PNVk egiten duena, kase altuenen defentsan beti, aberatsenen, enpresari handien eta burgesiaren interesak defendatuz!".
Eztabaida amaitu ondoren, bozketa egiteko garaia iritsi zen eta alkatearen soldata berriak EAJ-PNV alderdiko 6 zinegotzien aldeko bozkak jaso zituen, PSOEko ordezkaria abstenitu egin zen eta EH Bilduko 6 zinegotziek kontra bozkatu zuten. Beraz, berdinketa egon zen bozketan. Berdinketa ematen denean, alkateak "kalitatezko bozka" emateko aukera izaten du eta kasu honetan bozka hori baliatu zuen Maite Izagirrek bere buruari ezarriko dion soldata onartzeko. Modu horretan "kalitatezko bozkarekin, kalitatezko soldata" ezarri du alkateak.
Prentsan irakurri ahal izan dugunez (gure udalean ez da aspaldian ingurumen batzorderik egiten eta EH Bilduko zinegotziei ez zaie informatzen) azkenean Amasaren magalean dauden herri baratza ekologikoen zozketa datorren asteartean izango da, 13:00etan udaleko pleno aretoan. Guztira 34 partzela zozketatuko dira eta 49 herritarrek eman dute izena.
Gogorarazi nahi dugu herri baratza ekologikoen proiektua pasa den legealdian diseinatuta, onartuta eta presupuestatuta geratu zela eta oraingo honetan ere, beste behin, EAJren udal gobernua egitasmo hau martxan jartzeko garaian oso motel eta sekulako atzerapenarekin aritu dela. Gauzak behar bezala egingo balira, utzikerik gabe eta ingurumen sailean murrizketarik egin gabe, zozketa honek aspaldi eginda egon behar luke eta gaur egun baratzeak martxan egongo lirateke.

Iban Agirre eta Eneko Urdangarin baratzeak dauden lekuan, apirilean.
Hala ere, EAJkoak artistak dira zerbait egiten dutenaren irudia saltzen, eta pasa den apirilean Iban Agirre alkateak eta Eneko Urdangarin ingurumen zinegotziak agerraldia egin zuten baratzeak dauden tokian bertan, herritarrei proiektu hau EAJko udalak egin zuela ulertarazi nahian. Baina esan dugun bezala, proiektu hau aspalditik dator, guztiz bideratuta zegoen eta EAJkoei azken urratsa ematea tokatu zaie. Urte oso bat behar izan dute zerrendak zabaldu eta zozketaren data jartzeko! zer nolako efizientzia!
Baina tira, berandu eta gaizki egin arren, EH Bilduko kideak benetan poztu gara behingoz zozketa egingo dela jakin dugunean, prentsan irakurrita enteratu behar izanda ere.
Izena eman duzuen herritarrei, zorte on!
Pasa den asteko ostegunean Istanbuleko aireportuan izandako atentatua zela eta, Villabonako udalak bando bat kaleratu zuen 40 hildakotik gora eragin zituen atentatu odoltsu hori gaitzetsiz eta udaletxe aurrean kontzentrazio bat deituz. Esan beharra daukagu, deialdi hori sorpresaz hartu genuela, zoritxarrez azken urteetan pertsona zibilak helburu dituzten eta hildako errugabe ugari sortzen dituzten atentatu ankerrak, ohiko albiste bilakatu baitira. Hala ere, nola ez, bat egiten dugu bandoaren mezuarekin eta EH Bildutik oso garbi utzi nahi dugu: Istanbulen izandako atentatu bidegabe hori gogor salatzen dugu eta eragindako biktimen familia eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu.
Estatu Islamikoa eta beste hainbat talde terrorista internazionalek herritar zibilak helburu dituzten atentatu kanpaina gogor bat martxan duten honetan, eta Irak, Afganistan, Pakistan, Siria eta gatazka latzak bizi dituzten beste hainbat herrialdeetan gertatzen diren sarraskiak, eguneroko ogi bilakatu zaizkigu tamalez.
Aste honetan bertan, Bagdad-en jendez gainezka zegoen kale batean, gidari suizida batek lehergaiz betetako kamioi bat leherrarazi eta gutxienez 200 pertsona hil eta beste hainbeste zauritu ditu. Oraingoan ordea, Villabonako udalak ez du kontzentraziorik deitu. Zein irizpide erabiltzen du gure udal gobernuak kontzentrazio bat noiz deitu behar den eta noiz ez erabakitzeko?
Legealdi honetan gisa honetako bi kontzentrazio antolatu ditu Villabonako udalak, bata 2015eko abenduan Parisen izandako erasoen ostean, eta bigarrena pasa den astean Istanbuleko atentatuaren ondoren. Martxoan Bruselan izandako erasoei erantzuteko ordea, Adierazpen Instituzional bat kaleratu zen. Honek hainbat kezka sortzen dizkigu; Atentatu bat larriagoa al da Europan gertatzen denean? Lehen eta bigarren mailako biktimak al daude? Biktimen artean mendebaldeko herritarrak (europar edo estatu batuarrak) daudenean soilik egin behar al da zerbait? Damasko, Sudan, Faluya edo Islamabad-eko hildako errugabeak ez al dira Paris, Brusela edo Istanbulekoak bezalakoak?
Galdera hauek airean gera ez daitezen, horrelako gertakari tragikoen aurrean udalak zein neurri hartuko dituen zehaztuko duten irizpideak eduki behar ditu.
EH Bilduko hautagaiak Adunan izan dira gaur lan gatazketan dauden hainbat enpresetako langileen ordezkariekin, tartean Adunako Unipapel enpresakoekin. Bileran Josu Amilibia Adunako alkatea ere izan da. Aitzol Cajaravillek (EH Bilduko hautagaia, LAB sindikatuko ordezkaria eta Arcelor Zumarragako enpresa batzordeko kidea) azaldu duenez, "egunero argi eta garbi uzten digute multinazionalek Euskal Herriko langileak eta bere familiak kolokan uzten dituztela. Tamalez Madrildik eta Eusko Jaurlaritzatik beste aldera begiratzen dute, eta ez dute soluziorik ematen kasu honetan".
Marian Beitialarrangoitia eta Josu Amilia Adunako alkatea (EH Bildu) industriako langileen ordezkariekin Adunan.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko zerrendaburuak esan duenez, "gogora ekarri nahi dugu gaur langile bat hil dela Abanton, eta horrek erakusten du egiten ez den politikaren ondoriorik latzenak, kasu guztietan, langilegoak pairatzen dituela. Batzuetan bere lanpostuak galduz, beste batzuetan bere bizitza jokoan jarriz, eta gaurko kasuan bezala, bidean bizitza utziz". Beitialarrangoitiak gaineratu duenez, "langilegoaren alde asko dago egiteko, beraiek direlako herri honetan aberastasuna sortzen dutenak. Baina tamalez aberastasuna beste batzuk eramaten dute".
EH Bilduko hautagaiak esan duenez, "industriaren aldeko eta etorkizunerako apustu sendorik ez dago ez Madrilen eta ez Gasteizen". Bere ustez, "tamalez agintari politiko batzuek beste era bateko etorkizunean eta beste parametro batzuetan jartzen dute indarra: zerbitzuetan, eraikuntzan, obra handietan...". Pasaiako Portuari buruzko azken albistea ere ekarri du gogora: "Pasaian ikusten ari garenez, sobrekostu handiekin egin da politika hori: batzuk sobreekin geratzen dira eta beste batzuk kostuekin geratzen gara. Egoera hori irauli egin behar da eta beste politika batzuk egin behar dira".
Amasa Villabonako EH Bildu: EAJk, PSEk eta PPk erraustegiak pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak aztertzeari uko egitea, arduragabekeria galanta da.
EAJk eta PSEk, beste hainbatetan bezala PPren laguntzarekin, gehiengo osoa erabili dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, erraustegiak gipuzkoarren osasunean eragin ditzakeen kalteak aztertzeko batzordearen sorrera blokeatzeko. EH Bilduren ustez, onartezina da Gobernuaren jarrera, argi baitago gai honek herritarrengan ezinegona sortzen duela eta Zubietako erraustegiaren proiektuak erantzun sozial izugarria ekarri duela, erraustea gaixotasunekin lotzen duten hainbat ikerketa daudelako. “Errealitate honen aurrean Diputazioak belarriak itxi eta ezikusiarena egitea arduragabekeria da”, adierazi du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak.
EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek hondakinen erraustegi batek pertsonen osasunean izan ditzakeen arriskuak eta kalteak ebaluatzeko azterketa-batzorde bat eratzeko eskatu dute Batzar Nagusietan, eta batzorde horren ondorioak Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko. EAJ-PSEk eta PPk, ordea, bertan behera utzi dute ekimena eta azterketa hori aurrera eramateko aukera blokeatu egin dute.
Iban Asenjok azpimarratu duenez, Markel Olanoren gobernuak errauskailu bat eraikitzeko asmoa berriz erakutsi zuenetik, gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da eta biderkatu egin dira azpiegitura horren kontrako mugimenduak. Besteak beste, aipatu ditu Gipuzkoa Zutik ekimena, GuraSOS elkartea, medikuen plataforma, edo milaka pertsonak osatu zuten Onkologikoa eta Diputazioa batzen zuen giza katea.
EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, “Administrazio publiko orok osasuna babesteko lehentasuna izan beharko luke. Azken urteotan burututako nazioarteko hainbat ikerketa zientifikok, baina, argi ondorioztatzen dute erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten dela eta hilkortasuna handitzen dela. Hortaz, hondakinak errausteak gizon-emakume guztiok inguru osasungarri batean bizitzeko dugun oinarrizko eskubidea urratzen du”. Gainera, Asenjok foru agintariei leporatu die “herritarrak frogak egiteko akuri moduan erabiltzea”.
Beraz, EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, “argi dago gai honek herritarrengan sortzen duen ezinegona, argi dago Zubietako erraustegia erantzun sozial izugarria jasotzen ari dela eta argi dago erraustea gaixotasunekin lotzen duten ikerketa zientifiko ugari daudela. Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiari berriro ere eskatzen diogu errausteak osasunean sortu ditzaken kalteen inguruko hausnarketa sakona egitea eta planta eraikitzeko tramite guztiak bertan bera uztea ondorioak jakin arte. Eztabaidaren beharra aldarrikatzen dugu, zalantzak argitu eta prebentzio-printzipioa ezarri. Gure interes bakarra osasuna da, gurea, gure bizilagunena eta gure seme-alabena. Oraindik garaiz gaude; gero berandu izan daiteke”.

Rajoy, Sanchez, Rivera eta Iglesias hautagaiak atzoko debatean
Atzo espainiar telebistan izandako estatuko lau indar politiko nagusien hautagaien -laurak gizonak portzierto- arteko debatean, denek oinarrizko printzipio nagusi bat konpartitzen dutela argi ikusi zen: Espainaren batasuna, edo beraiek dioten bezala "la unidad de España". Horretan ados daude, eta normala da, espainiarrak dira eta beren herrialdea maite dute, batzuei "patriotak" direla esatea ere gustatzen zaie. Beraz, beraien esparrua estatua da, hein handi batean Madril eta bere instituzioak. Euskal Herriaren eta euskal herritarron arazoak, "asunto periferikoak" dira beraientzat.
EH Bilduren lehentasuna ordea, Euskal Herrian dago eta hemen lan eta bizi garenon bizitza da gehien axola zaiguna. Madrildik murrizketa sozialak, gure nortasunaren kontrako neurriak, erreforma laboral inposatuak, eskubide politikoen urraketak... solik etorri zaizkigu eta guk ez dugu euskal herritarrontzat hori nahi.
Hala ere ez nahastu, estatuan benetako aldaketa politiko eta soziala emateko aukera sortzen bada, gu hortxe egongo gara gure hondar alea jartzeko, internazionalistak gara eta espainiar herriarentzat ere, hoberena nahi dugu.
Baina aldi berean garbi diogu: Madrilera joango gara, egunen batean berriro ez joateko aukerak zabaltzera. Askori gustatuko ez zaion arren, eta kanpoan edo beraien etxean jokatu arren, euskal herritarren interesak defendatzen entzun beharko gaituzte. Gure ahotsa ozenago entzuteko, garrantzitsua da EH Bildu indartsu agertzea, horregatik eskatzen dugu ekainaren 26an zure botoa EH Bildu koalizioari ematea, aukerak zabaltzeko, Madrilen gure ahotsa entzunarazteko eta laster bueltatu beharrik ez izateko.
Pasa den asteartean LAB sindikatuko gipuzkoako metalgintza sektoreko langileek batzarra egin zuten Villabonako Gurea zineman. Ondoren, berdura plazako eskilaratan kontzentrazioa ere egin zuten, prekarietatea salatu eta lan esparruan ere erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla aldarrikatzeko.
Sindikatu abertzaleko ordezkariek gaur egun metalgintza sektoreak duen egoera izan zuten hizpide eta, besteak beste, datorren ikasturterako LAB-ek jorratuko dituen lan-ildo nagusiak onartu zituzten, Villabonan egindako batzarrean.
Prekarietateari aurre egitea izango da LAB sindikatuak metalgintzan izango duen helburu nagusia eta, Jon Ander Goñi industria arduradunak azaldu duenez, enpresaz enpresako plangintza zehatza garatuko dute: "Bada garaia ofentsibara pasatzeko, eta patronalak lapurtutako eskubide horiek guztiak berreskuratzeko". Bide horretan, Madrilen berriki sinatu duten estatuko hitzarmena salatu zuen LAB sindikatuak, eta estatu mailan dagoen egoera tamalgarria dela adieraziz: "prekarietatea dute helburu bakar gisa".
Horrenbestez, lan-harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatu zuten Villabonako plazan egindako kontzentrazioan: "Hemen sortzen den aberastasuna era justu batean banatu behar dugu". Helburu horri begira elkarlan guztiei ateak zabalik utziko dizkiote sindikatu abertzaleko kideek, baina "inoren zain" ere ez direla egongo ere garbi adierazi zuten eta aldarrikapen lerroak aktibatzeko konpromisoa hartu zuten.
Atzo arratsaldean Villabonako udaleko areto nagusian izandako ez-ohiko osoko bilkura, berezia izan zen zalantzarik gabe. Amasa Villabonako udal taldetik, atzo jorratutako bi gai azpimarratu nahi genituzke:
HERRIKO ELKARTE ETA ERAGILEEN DIRU LAGUNTZEN GAIA:
EAJko udal gobernuak Aurrekontu orokorraren exekuzioaren 38. artikulua aldatzea proposatu zuen, eta zer esan nahi du horrek? modu sinple batean azaltzeko, EAJk agintea eskuratu zuenean ezarri nahi izan zuen diru-laguntzak banatzeko planteamendu berriak porrot egin duela eta pasa den legealdiko sistemara bueltatu direla, hau da, herriko elkarteei dioru-laguntzaren %90a urte hasieran helaraztea, eta gastuak justifikatu ondoren, falta den %10a ordaintzea.
Hau da EAJren atzera-jotze honen aurrean EH Bilduko ordezkaria den Nora Urbizuk atzoko bilkuran azaldu zuen irakurketa:
"EAJko udal taldetik otsailaren 29ko osoko bilkurara ekarri zenuten gai hau. Orduko hartan EH Bilduko kideok, bai ogasun batzordean eta bai osoko bilkuran, gai honek kezka handia sortzen zigula azaldu genuen. Noski, esan beharrik ez dago guri kasu zipitzik ez diguzuela egin urte bete honetan.
Gaur berriz ere lehengora bueltatu nahi baduzue ere, gogorarazi nahi dut hasiera bateko EAJren asmoa diru laguntzen ordainketa hasieran %50a eman, eta justifikatu ondoren beste %50 ematea zela. Kanpotik etorri eta herri bateko ekimen herrikoi parte hartzaileak popatik hartzera bidalitzeko zorian egon zarete eta gure herriko ekimen kultural eta sozial garrantzitsuak kolokan jarri dituzue, herritar askoren artean ezinegona sortuz. Herri bizi batek aktibitate sozial eta kultural bizia behar du eta guk uste dugu, orain artean Villabonan, hori errealitate bat izan dela, eragileek lan asko egin dute herri honen mesedetan eta are gehiago, hauetako asko erreferentzia bihurtu dira Euskal Herrian ere. Villabonaren izena gure mugetatik haratago eramatea lortu dute. Eta uste dugu, udal gobernu hau ez dela elkarte hauek merezi duten arretarekin jokatzen ari.
Zuetako gehienek urrun duzue herri honetako errealitatea, eta ezer gutxi axola dizue ekimenak herriko elkarteek egin edo kanpotik ekarritakoek egin. Bost axola zaizue urteetako saretze lana, gazteei trasmititzen zaien jaietako parte hartzea eta herriari zerbitzua musutruk eskeintzea.
Udalak herritarrengadik gertuen dauden instituzioak dira; herritarren arazoak konpontzeko ardura dutenak eta nago azken garaiotan arazoak konpondu baino arazoak sortzen ez ote ari den udal gobernu hau. Hori sumatzen dugu guk behintzat eragileekin gaudenean.
Zuek arrazoirik eman nahi ez badiguzue ere, gaur berriz ere denborak arrazoia eman digu. Orain taktika aldaketa bat ikusiko dugu seguruenik, alkatearen dimisioa probestuko duzue orain arte hartutako erabakiak leuntzeko, goxatzeko, eragileen ondoan kokatzeko. Baina iada ez duzue inor engainatzen, ikusi dugu zuen benetako izaera. Jakitun gara zure burla tonoa eta hainbat kasutan ekintzen aurrean mehatxu mezuak ere izan direla. Ikusi zaitugu, herritarrak isildu nahian, jai batzordean esaterako, deserosoa da zuretzat Mertxe (EAJko kultura zinegotzia, lazkaotarra) herritarrei entzutea, beraiekin eztabaidatzea, noski ez da zure estiloa.
EAJren lan egiteko modua ez da serioa. Atrebentzia eta ezjakintasuna izan dira nagusi. Ez da lehen aldia EH Bilduko hautetsiok mahai honen inguruan hau dioguna, eta esango dugu publikoki behar den leku guztietan. Iazko Santioetan giroa bero izatea lortu zenuten, eta aurtengo jai aurrea ere ez doa leun."
Mertxe Garmendia EAJko kultur zinegotziak ez zuen inolako erantzunik eman nahi izan.
IBAN AGIRRE ALKATEAREN DIMISIOAREN NONDIK NORAKOAK:
Ibon Ariznabarreta eta Iban Agirre (EAJ) atzoko osoko bilkuran. Iturria: ataria.info
EH Bilduko udal taldearen izenean Xabat Laborde zinegotziak aurkeztu zuen alkatearen dimisioaren gai honetan koalizio abertzaleak egiten duen irakurketa:
"Errespetatzen dugu Ibanen dimisioa, nola ez, ez dugu horren inguruan ezer gaineratzeko. Oraingoan umil eta xume, barkamena ere eskatu duzu, eta benetan pozten naiz hori egin izanagatik, iban. Baina ezin dugu aipatu gabe utzi, ez dugu uste dimisio honen azalpena emateko modua egokia izan denik. Ardurak asumitu ordez, ardurak udal langileen bizkar uzteko atrebentzia izan duzue eta hori ez da bidezkoa. Komunikabideetatik jarraitu dugu zuen kudeaketa guzti hau, eta ikusi dugu Villabonako EAJren izenean Eneko Urdangarin zinegotziak ere bertsio berdina zabaldu duela Aiurri aldizkarian, nahiz eta gero etxe honen barruan Ibanen hitzak izan zirela esan. Ez guk eta ez herritarrek oraindik ez dugu dimisio honen azalpen logiko eta argirik jaso. Zein da agintaldia abiatu zenutenean, udal barruko lan giro "ezeroso" hori? zertaz ari zarete zehazki hori esatean? Herritarrek azalpen ulergarri eta argi bat merezi dute.
Udal bat gobernatzea oso zaila da, ondo dakigu. Baina Villabonako udala ez da Jaurlaritza. Amasa-Villabonako herria herritarrok egiten dugu, guztiok. Eta EAJko udal taldekoak hori aintzat hartu gabe aritu zarete. Eta bistan da, herria aintzat hartu gabe lan egiten denean, arazoak sortzen dira.
Gaur urte bete hartu zenuten aginte makila, eta tamalez lehen urte honetako balorazioa ezin da positiboa izan, gure ustez Amasa Villabonarentzat galdutako urtea izan da honakoa. Herri proiekturik gabe ari zarete lanean, herritarrengandik urrun, hasieran "parte hartzea, elkarrizketa, akordioa, elkarlana..." aipatzen zenuten baina ondoren argi geratu da ez duzuela horretarako inolako borondaterik eduki, oposizioaren lana oztopatzen aritu zarete, udal honetan ia ez da batzorderik egiten (batzordeak dira gai ezberdinak landu, eztabaidatu eta adosteko udalak dituen foro garrantzitsuenak) eta guzti horrek guk egin nahi ditugun ekarpenei ateak istea ekarri du.
Guk arduraz jokatzen jarraituko dugu, legealdi hasieran oposizio eraikitzailea burutu eta proposamenak egiten arituko ginela esan genuen, eta horretan aritu gara urte honetan. EH Bildutik ezkerretik herri honi alternatiba parte hartzailea eta herritarra eskainiz jarraituko dugu.
Azken eskaera bat egin nahi diogu EAJko udal taldeari: billabonatarrok alkate billabonatarra merezi dugu (horrek dakarren guztiarekin, herriaren ezagutza...), eta hala nahi dugu gainera, uste dut billabonatar gehienen nahia azaltzen dugula eskaera honekin (ez soilik EH Bildu bozkatu dutenena, konbentzituta gaude herritarren gehiengo oso handi batek eskaera berdina egiten duela). Villabonako udalak ez du inoiz herrikoa ez den alkate bat izan. Espero dugu eskaera hau haintzat hartzea hurrengo alkatearen hautaketan."
EAJko udal taldetik ez zioten erantzunik eman eskaera honi eta jaina denez, oraingoz Ibon Ariznabarreta izango da alkatea "funtzioetan". EAJtik zinegotzi eta alkate berriak nortzuk izango diren "laster" jakinaraziko dutela esan zuten eta beraz, oraindik ezin dugu ezer baieztatu.
Atzoko Villabonako udaleko osoko bilkuran Maite Izagirre Amasa Villabonako alkate berria ofizialki izendatua izan zen. Alkatea hautatzeko bozketan, EH Bilduko zinegotziek aurretik publikoki jakinarazi zuten bezala, Nora Urbizu zerrenda buruaren aldeko bozka eman zuten eta hau izan zen bozketaren emaitza: Nora Urbizu (EH Bildu) 6 bozka, Maite Izagirre (EAJ-PNV) 5 bozka. Alkatea aukeratzeko lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten da (Villabonako kasuan 7 zinegotziren bozka) eta alkategaietako inork zifra hori lortu ez zuenez, automatikoki udal hauteskundeetan bozka gehien lortu zituen alderdiaren hautagaia izendatzen da alkate. Beraz, Maite Izagirre da Amasa Villabonako alkate berria. Gure ustez, nahiko tristea eta paradoxikoa da alkate berriak, oposizioko zerrenda buruak baino aldeko bozka gutxiago izatea, ez dirudi hasteko modurik onena denik. Maite Izagirrek bota zuen diskurtsoan, EH Bildurekiko mespretsu hitzak jaurti zituen, aurreko legealdian izandako "inposaketaren eredua" aipatuz. Diskurtsoa entzun ondoren Nora Urbizuk hitza hartu nahi izan zuen baina Izagirre andreak hitza ukatu nahi izan zion; udal idazkariak gogorarazi behar izan zion alkate berriari, oposizioko alderdiek hitz egiteko eskubidea dutela. Izagirrek gogo txarrez hitza hartzeko baimena eman behar izan zion EH Bilduko ordezkariari. Nora Urbizuk hitza hartu zuen: "Azken urtebetean absurdo erabatekoa bizi izan dugu udalean, eta ahultzearen adibide gehiago ditugu, kudeaketa onarenak baino. Etengabeko inprobisazioan aritu zarete". EAJko udal gobernuak "dena ezkutuan" egin izan duela salatu zuen oposizio-buruak, baliabideak herrian utziko dituen alkate bat eskatuz: "Eta ez alkatetza hartu aurretik poltsikoak bete nahi dituena". Pleno aretoan bildutako hainbat herritarrek, txalotu egin zituzten Nora Urbizuren hitzak.
Maite Izagirre alkate berria, Villabonako udaleko aginte makila hartu zuen unean
Osoko Bilkurako gai ordena jarraituz, bigarren puntuan aurreko osoko bilkuretako Aktak onartu ziren aho batez.
Ondoren iritsi zen alkate berriaren soldata bozkatzeko puntua. Gai hau zen pleno aretora gerturatu ziren hainbat herritarri kezka sortzen ziena, gogoratu behar dugu puntu horretan Izagirre andreak urtean 52.000 euroko soldata ezartzea proposatzen zuela eta normala denez, horrek herritar askori ezinegona eta haserrea sortu zien. Denen harridurarako ordea, Izagirre andreak puntu hau bertan behera uztea erabaki zuen. Alkate berriak hartutako erabaki horrek, harridura ekarri zuen pleno aretoan zeuden pertsona guztiengana eta EH Bilduko zinegotziek udal idazkariari galdetu zioten ea hori egitea posible ote zen. Osoko bilkura bateko gai ordenean dagoen puntu bat bertan behera uzteko ahalmena alkatearen eskumenetako bat da, beraz legalki egin daiteke. EH Bilduko Nora Urbizuk, erabaki horren zergatia azaltzeko eskatu zion Izagirreri, eta alkatea "arrazoi pertsonalak" esatera mugatu zen. Berriz galdetu ondoren, bere bigarren erantzuna askoz argigarriagoa izan zen: "EAJko zinegotzi bat ez da etorri, arrazoi pertsonalengatik". Beraz, guztien aurrean argi geratu zen bilkura honetan soldataren gaia ez jorratzearen arrazoia EAJko bi eserleku hutsik egotea zela. Puntu honen balizko bozketan, alkatearen soldata proposamenak bozka gehiago izango zituzkeen kontra, alde baino, eta bozketa galdu eta bere asmoa momentuz bertan behera utzi behar izatea baino, Izagirre andreak nahiago izan zuen puntua gai ordenetik ezabatu. Gure ustez, erabaki hau erabat lotsagarria eta salagarria da, gainera horrek, puntu hau dela eta pleno aretora hurbildu ziren herritarrei errespetu falta handia erakusten du. Gainera errespetu falta hori areagotu egin zuen Izagirrek, hainbat herritarren protestei, irrifarre ironiko batekin erantzun zienean.
Galdera eta erreguen puntura arte itxaron behar izan zuen oposizioak alkatearen soldataren gaia berriz ere mahai gainean jartzeko, Nora Urbizuk hitza hartu zuelarik. Bere hitzak oso argiak izan ziren: "Euskal Herrian gutxieneko soldata 9.172,80 eurokoa da, eta zuk Izagirre andrea, gutxieneko soldata 5,6 aldiz biderkatua eskatu duzu. Billabonatar asko hilero 1.000 eurora iritsi ezinik dabiltzan bitartean, zuk, urtean 52.000 euro irabazi nahi dituzu eta gainera, alkate izan aurretik hartu duzu erabakia. Politikari profesionala ez zarela aipatu duzu Maite, baina soldata profesionala ezarri nahi diozu zure buruari. Lotsa eman beharko lizuke, eta guri auzo-lotsa eta haserrea besterik ez digu pizten. Beharrezko den guztietan salatuko dugu, hau guztia lotsagarria delako". Beriz ere txaloak jaso zituen Nora Urbizuren hitzek.
Aipamen berezia merezi du PSEko ordezkaria den Maria Luisa Arija andreak izan zuen portaerak. Arijak, Maite Izagirreren aldeko bozka eman zuen, hau erabat ulergarria da PSEk eta EAJk euskal intituzioetan duten ituna dela eta, baina bere interbentzioa benetan harrigarria izan zen. Maite Izagirrerengan erabateko konfidantza duela adierazi zuen, alkate ezin hobea izango dela zalantzarik gabe, etab. EAJkoek bota ez zizkioten "loreak" PSEko ordezkariak bota zizkion alkate berriari. Ikusteko dago Izagirre andreak bere buruari ezarri nahi dion soldata galaktikoaren aurrean zein izango den bere erabakia, baina EH Bildutik gogorarazi nahi dugu, Arijak bere eskuetan duela soldata lotsagarri hori geldiaraztea eta Villabonako udalari diru kopuru esanguratsu bat aurreztea.
EH BILDUko Udal Taldea.
Amasa Villabonan, 2016ko ekainaren 28an.
Atzo Orlandon izandako eraso odoltsua guztiz onartezina da eta gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Gainera historikoki baztertua eta diskriminatua izan den eta oraindik beren eskubideengatik borrokatzera behartuta dagoen homosexualen komunitatea izan da erasoa jasan duena. 50 hildako! a ze astakeria!
EH Bildutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu eraso honetan hilik edo zauriturik suertatu direnen familia eta lagunei, eta gogor salatzen dugu ekintza lotsagarri hau burutu duen edo dutenen jarduna.
Lehenik eta behin, hauteskunde kanpainan zehar lanean aritu diren EH Bilduko kide eta jarraitzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, kartelak jartzen edo eskuorriak banatzen aritu direnei, kanpainako ekimentetan parte hartu dutenei, pintxoak egin dituztenet, bere autoarekin kotxe karabanan parte hartu dutenei eta nola ez, EH Bilduri bozka ematea erabaki duten herritar guztiei. Eskerrik asko!
Hauteskunde hauetan ere EH Bildu koalizioak emaitza kaskarrak izan dituela esan behar dugu, zalantzarik gabe. Amasa Villabonan 774 botorekin lehen indarra izaten jarraitzen badugu ere, abenduan baino 116 boto gutxiago izan ditugu eta beraz, gure herrian ere emaitza txarra izan dela aitortzen dugu. Ez dira espero genituen emaitzak izan. Datozen egun eta asteetan azterketa sakonagoa eta beharrezkoa den hausnarketa egin, eta herritarrekin konpartituko dugu. Garbi dugu hobetzeko, herritarrei entzuten jarraitu behar dugula.
Bestalde, zorionak eman nahi dizkiogu Unidos-Podemos koalizioari, Gipuzkoan eta Euskal Herrian hauteskundeak irabazteagatik.
Azkenik, sorpresaz eta atsekabez ikusi dugu espainiar estatuan PPk izandako garaipena. Zorionez beste behin Euskal Herria (eta Kataluina) ezbedina dela agerian geratu da eta era berean argi ikusi da Espainian aldaketa sakona ematea ezinezkoa dela, eta horrek erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko lanean tinko jarraitzeko arrazoi gehiago ematen dizkigu. #EHxit
Asteburu honetan dispertsioak eragindako beste istripu bat izan da. Oraingoan Aitor Agirrebarrena lizartzarraren senideei tokatu zaie. Aitor Cadiz-eko probintziako Puerto III espetxean aurkitzen da, Lizartzatik 1025 kilometrora. Aski da! Dispertsioarekin amaitu behar da!
EH Bildutik bat egiten dugu gaur arratsaldeko 20:00etan Lizartzan eta Euskal Herriko hiriburuetan deitu diren elkarretaratzeekin.
Maite Izagirre da Villabonako EAJk aukeratu duen alkategaia eta dagoeneko hartu du lehen erabakia, bere soldata 52.000 euroraino igotzea.

Maite Izagirre (EAJ-PNV) Iturria: ataria.info
Datorrean astelehenean, ekainaren 27an, 19:00etan izango da alkate berria aukeratzeko osoko bilkura Vilabonako udaleko pleno aretoan. Osoko bilkurako lehen puntua alkategaien bozketa izango da eta ondoren, aurreko bilkurako akta onartuko da. 3. puntuan jorratuko da alkate berriaren soldataren gaia.
EH Bilduko kideak zur eta lur geratu gara EAJk Maite Izagirrerentzat proposatu duen soldata ikusi dugunean, 52.000 euro alajaina! Gure ustez, kopuru hau erabat onartezina da, eta are gehiago krisi ekonomiko larri bat bizi dugun garai honetan. Herritar askok bizirauteko eta hilabete bukaerara iristeko arazo handiak dituzten honetan, alkatearen soldata %35a igotzea, herritarrei aurpegira burla egitea dela pentsatzen dugu. Gogorarazi nahi dugu kopuru hori gutxieneko soldata (9.172,80€) 5,6 aldiz biderkatua dela.
Bistan denez, EAJk egin duen soldata proposamen lotsagarri honen aurrean, EH Bilduko hautetsiek kontrako bozka emango dute eta bide batez, PSEko ordezkariari dei egiten diogu bere bozkaren bitartez proposamen bidegabe hau geldi dezan, bere eskuetan dauka.
Azkenik, EH Bildutik herritar guztiei gogorarazi nahi diuegu osoko bilkura hau herritarrei irekia dela eta herritarrek ere hitza eskatu eta har dezaketela, beraz, edonork bere ezinegona dierazi nahi badu, udaleko pleno aretoko ateak irekita izango ditu.
Gaur goizean Asteasuko plazan egindako agerraldian aurkeztu dute senideek, lagunek eta hainbat eragilek osatzen duten Nekane Libre herri plataforma.
Nekanek bizi duen egoeraren inguruko kezka agertu, bere askatasuna eskatu eta estradizio eskaerari "ezetz" esan diote argi eta garbi.
Arantxa Asurmendi izan da hitza hartzen lehena eta Suitzako espetxe batean preso dagoen asteasuarrak honaino heldu arte izan duen egoerari errepasoa egin dio. Izan ere, Txapartegi, 1999an atxilotu zuten, "Baltasar Garzon instrukzio epaileak sortutako Todo es ETA tesia jarraituz". Atxiloketa hura euskal independentisten aurka azken hamarkadetan izan den "estrategia berri horren hastapena" izan zela, eta independentismoa lortzen ari zen bultzada "errotik moztea" helburu zuela salatu du.
Horretarako, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera "pertsona bat susmopean" jarri zuten, eta atxiloketa burutu zuten Asurmendiren esanetan. Gainera, Txapartegiri inkomunikazioa "inpunitate guztiarekin" burutu eta komunikabidek "justifikazio lana" egin zutela gaineratu du. Auto-inkulpazioa lortzeko, berriz, "torturaren beharra eta erabilera" egon zela ere salatu dute: "Nahiz eta tortura egon dela salatu, ez judikaturatik, ez eta botere politikotik ere inork ez du salaketa larri horien aurrean bere erantzukizuna erakusten". Halaber, 19/98 sumarioan, Txapartegi epaitua izan zenean, "juridikoa gutxi eta politiko asko duen epaiketa" burutu zela azaldu dute, eta gogoratu bertan 62 euskal militante independentista epaitu zituztela, 16 hilabetez, Madrilen. bertan fiskalak eskatutakoa baino zigor "altuagoa" ezarri ziotela salatu dute, hasiera batean Auzitegi Nazionaleko epaileek 11 urtekoa, eta ondoren Auzitegi Gorenak 6 urte eta 9 hilabetekoa.
EMAKUME MILITANTEA
Mikel Egibar, plataformako kideak, Txapartegi "gure herriaren eskubideen defentsan borrokatzea erabaki zuen emakumea" dela adierazi du; "torturak eta espetxea" ezagutu ondoren, "bederatzi" urtez erbestea ezagutu duena, eta tartean ama izan dena.
Orain bere alabarengandik "banandu" eta Suitzako espetxe batean "giltzaturik" daukatela salatu dute, "Suitzako epaileek estradizioa ebatsiko duten zain". Eta egoera horren aurrean, Txapartegik "berak nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin (bere alabarekin bereziki) bizitzeko eskubidea" aldarrikatzen duela jakinarazi dute. Gainera, egoera honetan espainiar estatuak erabiltzen dituen argudioak "erabat arbitrarioak" direla eta egun "Ezker Abertzaletik garatzen ari den estrategiatik urrun" daudela azpimarratu dute. Honela, garai berri horri "aukerak eteteko" helburua dutela salatu dute.
Aldiz, euskaldunek "askatasunean eta bakean" bizi nahi dutela, eta "geure buruaren jabe" izan nahi dutela aldarrikatu dute.
Honenbestez, plataformatik hiru eskaera nagusi helarazi nahi izan dituzte:
1. Txapartegi "ez estraditatzeko" eskatu diote Suitzako Gobernuari. Izan ere, espainiar estatuan "ez dago oinarrizko eskubideen errespeturako bermerik" euren esanetan, "alderantziz, salbuespen legedi eta epaitegiak" daude, eta egoera horretan "inor ezin dela epaitu" uste dute. Estraditazioari aurre egiteko sinadura bilketa zabala abiatu dute.
2. Txapartegiren senideei egoera honek sortzen dizkien gastu ekonomikoei aurre egiteko, "sostengu ekonomikoa eskaintzeko elkartasun bideak" landuko dituztela jakinarazi dute.
3. Txapartegik libre egon behar duela aldarrikatu dute: "Euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen egoerarekin amaitu!".
Mezu hau "Aiztondo bailara osoan zein Euskal Herrian" zabaltzen saiatuko direla jakinarazi dute, eta "eskerrak" eman nahi izan dizkie ·laguntza eta babesa" eman dieten pertsonei. Bestalde, lagundu nahi duten herritarrak plataforman "ongi etorriak" izango direla jakinarazi dute.TXAPARTEGIK SUITZATIK BIDALITAKO AGURRA
Asteasuarrak ere bere mezua helarazi nahi izan du, bere askatasunaren aldeko plataformaren aurkezpenean eta Joseba Txapartegik, anaiak, irakurri du Suitzatik helarazitako gutuna:
«Lehenik eta behin agur bero bat bidali nahi dizuet hor bildu zareten guztioi Europako bihotzean espetxeratua eta isolatua banaukate ere, jakin esazue gaur zuekin hor naizela. Duela 9 urte ihes egitea erabaki nuen, nire konpromiso sozial eta politikoengatik espetxeratu, torturatu eta makroprozesu politiko batean kondenatu ondoren. Urte hauek alabarekin libre bizi nahian eta Euskal Herriaren aldeko askatasun borrokari loturik eman ditut. Beti gehiago egin nahian laster zuekin batera Euskal herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko etxeratzeko gogoz. Egun, suitzako herritarekin batera, berriro ere solidaritateak mugarik ez duela argi utziz, estatu espainiarraren aurpegi errepresiboa agerian uzten ari gara eta torturaren aurkako garrasiak entzun arazten. Hor ere, urteotan alboratua egon den preso eta iheslarien borroka agenda politikora elkartzen ari da eta bide horretan jarraitu behar da denok etxeratu arte. Bide horretan, bailaran gaur aurkeztuko duzuen plataforma. Jarrai dezagun bada zuek hortik eta guk hemendik borrokan lehenbailehen Euskal Herria aske batean elkar gaitezen. Bukatzeko eskerrak eman ni eta etxekoak jasotzen ari garen laguntza eta babesagatik. Jtk.»
Hauteskunde kanpainaren amaiera dela eta, ostiral honetarako ekimenak antolatu ditu Amasa Villabonako EH Bilduk.
19:00etan Kalejira eta poteoa: Iratzar tabernan hasi eta herriko kaleetan barrena.
20:00etan hilabeteko azken ostirala izanik, Etxerat-ek antolatutako kontzentrazioarekin bat egin eta bertan parte hartuko dugu.
Ondoren, 20:30ak pasatxo direnean, Berdura plazan afari-merienda herrikoia izango dugu, sagardo frexkoa eta EH Bilduko kideek prestatutako pintxo goxoak dastatzeko aukera izango delarik, dena musikaz girotuta.
Modu honetan emango dio amaiera Amasa Villabonako EH Bilduk hauteskunde hauetako kanpainari, eta ez ahaztu, igandean denok EH Bildu bozkatzera! Aukerak zabaltzera goaz eta!
Gaur Villabonako kaleetan independentzia eguna ospatzen ari diren gazte independentistek, datzozen hautsekundeetan EH Bilduren aldeko bozka emango dutela adierazi dute argazki honen bidez. Aupa zuek!
EH Bilduk Euskal gazteria errebeldearen ahotsa Madrilera eramango du, espainiar agintariei aurpegira "gu bagoaz!" ozen eta garbi esatera goaz.
Euskal gazte ezkertiar eta errebelden ordezkari izatea plazerra izango da EH Bilduko hautagaitza osatzen dugunontzat.
Beste behin, milaka gipuzkoar elkartu ziren atzokoan erraustegia gelditu behar dela aldarrikatzeko. Oraingoan GuraSOS elkarteak deituta, Kontxako pasealekua jendez bete zen, Gipuzkoako EAJ eta PSEko agintariek diotenaren aurrean, gipuzkoar asko erraustegiak izango dituen eraginengatik benetan kezkatuta daudela argi erakutsiz.
Amasa Villabonako EH Bilduko kideak ere gure seme alaben etorkizunagatik kezkatuta gaude eta erabat babesten dugu GuraSOS taldearen ekimena. Horregatik EAJ eta PSEko agintariei erraustegiaren proiektua gelditu eta hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida zabala sustatu dezaten exijitzen diegu. Baina zoritxarrez argi ikusten dugu Diputazioaren aldetik ez dagoela eztabaida tekniko eta herritarra bultzatzeko inolako borondate politikorik, erraustegia inposatu nahi digute kosta hala kosta. EH Bilduk alternatiba erreal eta egingarria aurkezten du, merkeagoa, ekologikoagoa, herritarren osasuna babesten duena eta etorkizunerako eredu izan daitekeena. Lan horretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu eta horretan jarraituko dugu.
Beste behin lapostuen defentsan kalera irten dira Adunako Unipapel lantegiko langileak, gaurkoan Tolosan manifestazioa egin dute "Unipapel ez itxi! langileok borrokan" lemapean.
Ekainaren 1etik daude Adunako Unipapeleko langileak greban. Orduan, Aurora Berasategik, ELAko ordezkariak, eta LABeko Pello De la Cruzek adierazi zuten, "zentzugabekeria" zen lanean jarraitzea. Asteartera bitarte gutxienez greban jarraituko dute langileek. Izan ere, datorren astearterako deitu du enpresa jabeak hurrengo bilera.
EH Bildutik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu lanpostuaren defentsan borrokatzen ari diren langile guztiei, eta Unipapel enpresako jabea den Springwater-eko arduradunei lanpostuak ez suntsitzeko behar den guztia egin dezaten exijitzen diegu.
Gaur arratsaldean Villabonako udaletxearen atarian, prentsa agerraldia egin dute Amasa Villabonako EH Biduko hainbat kidek (tartean zinegotziak, pasa den legealdiko hautetsiak eta EH Bilduko herrigintza taldeko kideak).
Hau da prentsaurreko honetan Nora Urbizu, Xabat Laborde eta Beatriz Unzuek irakurri duten agiria:
"Gaurkoan, legealdia hasi zenetik urte bete igaro den honetan, EH Bilduko hainbat kide eta zinegotzi gure udalaren atarian elkartu gara Amasa Villabonako EH Bildutik legealdi honetako lehen urte honi dagokion balorazioa publikoki aurkezteko. Pasa den urteko udal hauteskundeen emaitzek oposizioan kokatu gintuzten eta egin beharreko autokritika ariketa egin, herritarrekin partekatu eta sakon hausnartu ondoren udal honetan egin beharreko lana antolatu genuen.
Lehen urte honetako balorazioa bi zatitan banatuko dugu, lehenik eta behin EH Bilduko udal taldearen lanaren errepaso labur bat egingo dugu eta ondoren EAJk gidatutako Udal Gobernuaren jarduna baloratuko dugu:

Gaurko prentsaurrekoaren argazkia
EH Bilduko udal taldea: Oposizio lan serio eta zorrotza, baina aldi berean eraikitzailea.
Gure udal taldea sei zinegotzik osatzen dugu, billabonatarrak denak, eta egunero udalean egon gara, herritarrei eta herriko elkarteei entzuteko prest, batzorde informatiboetan parte hartzen, udal langile eta teknikariekin egon, galdetu eta udal gobernuaren lanaren kontrol politiko zorrotza egiten. Baina legealdi hasieran esan genuen bezala, ez gara soilik kontrol lana egitera mugatu, gure herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea egiten aritu gara eta dozenaka izan dira udalean egin ditugun alkatearentzat eskaerak, proposamenak, negoziazio bilerak, aurrekontuei zuzenketak, proposamenak etab. Gehienetan ordea, EAJren Gobernuak ez gaitu kontuan hartu eta alde batera utzi ditu gure proposamen eta ideiak.
EAJren Udal Gobernua: Gaitasun eza, geldotasuna, utzikeria eta inprobisazioa nagusi.
Urte honetan EAJ-PNV alderdiak Villabonako udala gobernatzeko ezintasun nabarmena erakutsi du. Orokorrean, aurreko legealdian osatu, onartu eta bideratuta utzitako proiektuei nolabaiteko jarraipena ematera mugatu dira eta kasu gehienetan atzerapenarekin gainera, udaberrirako martxan behar lukeen herri baratzen proiektua, oraindik egin gabe dauden mendi bizikleten ibilbideak, Arratzaingo futbol zelaiko obrak edo Arroako plazaren konponketa kasu. Gobernu honek iniziatiba falta izugarria utzi du agerian, ez du bere kabuz ia egitasmo edo proiektu berri bakar bat ere mahai gainean jarri eta gestioa aurrera eramatera mugatu da, eta hori ere modu traketsean (udalak dituen lan egiteko prozedurak jarraitu gabe etab.) Bestalde, egitekoak ziren hainbat proiektu paralizatu dira, kasu honetan aipatzekoa da herritarren bozka bidez aukeratua izan zen Larrea auzoko parkea estaltzeko proiektua. Aurrekontuei dagokionez, udal gobernu honek 2016rako aurkeztu zuen inbertsio nagusia Amasako Lizarragako bidearen konponketa izan zen, baina gaur gaurkoz proiektua geldirik dago eta dagoeneko ez dirudi 2016an egin ahalko denik. Beraz, inbertsio alorrean ere paralisia nagusi izan da.
Bestalde, utzikeria eta lan egiteko gogo gutxi ikusi ditugu EAJ-PNVko udal taldearen aldetik. Gai zehatz batzuk kenduta, udal honetan ez da apenas batzorderik egiten, euskara, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta ingurumen sailak ia abandonatuta eduki dituzte, ezertxo ere egin gabe, dirudienez sail hauek ez dute garrantzirik EAJ-PNVrentzat. Gogorarazi nahi dugu batzorde hauek direla sail bakoitzean dauden gaiak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko udalak dituen foroak. Beraz, utzikeria eta alferkeria puntu bat ere antzeman dugu eta zentzu honetan aipatzekoa da EAJ-PNVko zenbait zinegotzi ez direla ia udal honetatik pasa ere egiten, osoko bilkurara etorri eta bozkatzeko ez bada.
Azkenik, aipatzekoa da udal honek herritarren parte hartze aktiboa ere albo batera utzi izana, pasa den legealdian egindako aurrera urratsak bertan behera geratu direlarik. Besteak beste, Ados! parte hartze mahaiak desagerrarazi dira eta aurrekontuak osatzeko garaian ere, aurtengoan ez da ez inkestarik ez eta aurkezpen publikorik ere egin.
Alkate berriaren hautaketarako Osoko Bilkuraren aurrean:
Dakizuenez, Iban Agirre alkateak bere ardura politiko guztiak utzi ditu, dimisio hau pasa den asteleheneko Osoko Bilkuran ofizialki onartu zelarik. Hurrengo urratsa beste Osoko Bilkura bat deitu, eta bertan EAJ-PNVko zinegotzi kargua hartuko duen pertsona izendatu, eta alkate berria nor izango den aukeratuko da bozka bidez. Gaur gaurkoz Villabonako EAJ-PNVk ez digu hartu beharreko erabaki hauen inguruko ezertxo ere jakinarazi.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, aipatutako hurrengo osoko bilkuran, esan eta egingo duguna publikoki azaldu nahi dugu:
EH Bilduko udal taldeak, alkatea aukeratzeko bozketan Nora Urbizu EH Bilduko zerrenda buruaren aldeko bozka emango du.
Amasa Villabonako EH Bilduk proiektu sendo bat du gure herriarentzat, proiektu herritarra, Amasa Villabonan sortua, Amasa Villabonarentzat egina. Pasa den urtean herri-programa zabala osatu genuen eta konbentzituta gaude gure herriarentzat eta herritarren ongizatearentzat programa honetan biltzen diren egitasmoak garatzea dela egin dezakegun ekarpenik onena.
Villabonako EAJ-PNVk erakutsi duen inkonpetentziaren aurrean, guk lan-talde sendoa dugu, herria ezagutzen duena, lanerako gogotsu dagoena eta gure udala behar bezala gobernatzeko gaitasuna duena. EH Bilduk ezkerreko altenatiba herritar eta parte hartzailea eskaintzen dio herri honi, eta guk alternatiba hori mahai gainean jarriko dugu alkate berria aukeratzeko egingo den hurrengo osoko bilkuran.
Amasa Villabonan, 2016ko ekainaren 16an
Gaur hasi da datorren ekainaren 26an izango diren hauteskunde orokorretako hauteskunde kanpaina. Ohiturari jarraituz, goizaldeko 00:00etan Amasa Villabonako EH Bilduko 10 laguneko kuadrila elkartu da herrian zehar hauteskundeetako kartel eta pankartak jartzeko.
Hauteskunde kanpaina honetan, Amasa Villabonako EH Bilduk lehentasuna eman dio herritarrekin egon, entzun eta hauteskunde hauetan bozkatzeak duen garrantziari buruz hitz egiteari. Beraz, datozen egunetan kalean aurkituko gaituzue, eskuorriak banatzen, EH Bilduren eskaintza politikoa azaltzen etab. Datozen bi asteetarako kotxe karabanak, kalejira, eskuorri banaketak, gazteen argazkia etab. antolatu ditugu.

Ekainaren 26an bozkatu EH Bildu!
Aukerak zabaltzera goaz.













