Albisteak
Euskara ikasten ari eta euskaraz hitz egiteko norbait topatu nahi duen jendearentzat edo euskaldun zaharra izan eta euskara ikasi nahi duenari lagundu nahi izanez gero, Mintzalagun proiektua jarri dute martxan Amasa-Villabonan eta Zizurkilen.
Mintzakideak eta mintzalagunak behar dituzte horretarako; hau da, euskaldun zaharrak eta euskara ikasten ari direnak. Hiru laguneko taldeak osatzen dira (bi euskara ikasle eta laguntzaile euskaldun bat), eta talde hauetako kideek konpromisoa hartzen dute astean behin, ordubetez-edo gutxienez, euskaraz aritzeko elkarrekin, kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean:
Izena eman nahi izanez gero, Villabonako udaletxean dagoen euskara zerbitzura jo daiteke edo 943 69 35 01 telefonora deitu. Zizurkilen ere izena eman daiteke, Ernio Bidea 9A behea helbidean dauden Zizurkilgo Udalaren bulegoetan, edo bestela 943 69 24 95 telefono zenbakira deituta.
Interesa duten pertsonen datuak jaso ostean, antzeko zaletasun eta ordutegia duten taldeak osatzen saiatuko dira, mintzakide batekin eta bi mintzalagunekin.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik egitasmo hau erabat babesten dugu eta euskara ikasleak eta euskaldun "zaharrak" animatu nahi ditugu bertan parte har dezaten. Euskaraz hitz egiteko gai izateko oso lagungarria da eta baita harreman berriak (euskaraz) egiteko ere. Beraz, anima zaitezte!
Hemen duzue Villabona eta Zizurkilgo udalek elkarlanean argitaratu duten kartela:

Amasa Villabonako EH Bilduk larunbat honetan Bilboko Miribilan izango den hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusira joateko autobusa antolatu du.
Izen ematea zabalik dago dagoeneko eta Villabonako Erreka, Iru Aldeta eta Iratzar tabernetan daude apuntatzeko zerrendak. Autobusa 15:30etan irtengo da Olaederra kiroldegiko autobus geltokitik. Ekitaldira joan-etorria 10 euro kostako da eta gutxi gora behera 20:30etarako Villabonara iristea espero dugu.
Anima zaitezte! ikustekoa izango da eta!

EH Bilduren ustez, EAJk eta PSEk sinatutako Gobernu ituna oztopo bat da Gipuzkoarentzat, lurraldeak aurrera egitea eragotzi egiten duelako. Gipuzkoako Batzar Nagusietan adibide argia ikusi da gaur Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Gobernuak akordio gutxi batzuk sinatu ditu oposizioarekin bai, baina ez da ausartu jauzi garrantzitsuak ematera sakoneko gaietan, adibidez, bizikidetzan, burujabetzan eta justizia sozialean. “Askoz aurrera pauso handiagoak eman zitezkeen, baina EAJk eta PSEk ez dute nahi izan, eta rodillo oso gogorra aplikatu dute. Horregatik, gure sentsazioa gazi-gozoa da”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.
Gipuzkoako EH Bildu taldeak 61 mozio aurkeztu ditu bilkuran. Horietatik, 11 onartu dira beste taldeen babesarekin, eta beste 6 aurrera atera dira beste taldeekin erdibideko akordioetara iritsi ondoren. Adibidez, indarkeria matxistari aurre egiteko plan bat onartu da, Gizarte Zerbitzuen Mapak aurreikusten dituen lehentasunezko plaza berriak irekitzea eta esku hartze sozialeko lan hitzarmena desblokeatzeko konpromisoa. Era berean, Udal zergak ikuskatzeko aukera publikoa eskaintzea erabaki da EH Bilduren ekimenez. Lortu diren adostasunak garrantzitsuak izan arren, Xabier Olanok akordio zabaletarako marko eta zutabe diren hiru proposamen azpimarratu ditu: Bizikidetzarako akordioak sustatzeko mozioa, erabakitze eskubidearen aldeko mozioa eta Gipuzkoa murrizketa sozialik gabeko lurraldea izan dadin akordio zabal bat sustatzeari buruzko mozioa.
“Gipuzkoako herritarren gehiengoa ordezkari politikoen herri akordio zabalak eskatzen ari dira herri honek aurrera egin dezan arlo nazionalean eta sozialean. Tamalez, EAJ-PSEren gobernuak ez du pauso handirik eman nahi izan aurrera egiteko”, esan du EH Bilduko bozeramaileak.
Adibide bezala, Xabier Olanok azpimarratu du EAJk ez duela babestu nahi izan burujabetzaren aldeko mozio bat, non Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zitzaion “erabakitze eskubidearen aldeko dinamika guztiak babes eta lagun ditzala, eta Gure Esku Dagok abiatutako dinamika zoriontzeaz gainera, lankidetzan eta elkarlanean aritzea”.
Aste honetan zehar Villabonako udaleko eta Tolosaldeko mankomunitateko teknikari eta langileek, organikoa eta errefuxaren edukiontziak zabaltzeko beharrezkoa izango den txip-a herritarrei banatzen arituko dira. Gaur hasi da banaketa eta hemen dituzue banaketa egingo den lekuak eta orduak:
-Irailak 12, astelehena: Olaederra kiroldegia, 10:00-14:00.
-Irailak 13, asteartea: Berdura plaza, 10:00-14:00.
-Irailak 14, asteazkena: Txermingo jubilatuen egoitza, 10:00-14:00.
-Irailak 15, osteguna: Olaederra kiroldegia, 16:00-20:00.
-Irailak 16, ostirala: Berdura plaza, 10:00- 14:00.
Amasa Villabonako EH Bildutik EAJko udal gobernuak eman dituen hainbat urratsekin eta EAJk erakutsi duen portaerarekin oso kritiko izan bagara ere, mezu argi bat plazaratu nahi diegu herritar guztiei:
Jarraitu dezagun gauzak ondo egiten, izan gaitezen arduratsuak, gure etxeetan hondakinak ondo bereizten segi behar dugu eta erabil dezagun ondo bilketa sistema berri hau ere. Amasa Villabonan %80 inguruko birziklatze datu eredugarriak emateko gai garela frogatu dugu, eta eredu izaten jarraitu behar dugu. Ez dezagun inoiz ahaztu zein den helburua: Ahalik eta gehien birziklatzea eta Amasa Villabonan lortu ditugun birziklatze datuak gutxienez mantentzea. Txukun birziklatzen jarraitzea da batzuk inposatu nahi diguten erraustegia gelditzeko mudu eraginkorrena, horrela agerian utziko dugu erraustegiak ez duela inolako zentzurik, ez dagoela kutsakorra, garestia eta herritarren osasunarentzat kaltegarria den Zubietako erraustegia egiteko inolako aitzakiarik.
EH Bildutik sistema berriaren ezarpena bera eta ezarri ondoren jasoko diren datuak zorrotz aztertuko ditugu eta guri esker (eta kostata) udalak hartutako gutxienez %70eko birziklatze tasa lortzeko konpromisoa bete dadin lan egingo dugu.
EH Bilduk, ezkerreko soberanisten koalizioak, Kolonbian urriaren 2an buruturiko erreferendumean izandako ezezkoaren garaipena onartzen du. Aldi berean EH Bildu emandako emaitza estua deitoratu beharrean dago, akordioaren aurrean, bakearen etsaiek zabaldutako gorrotoaren tesiak gailentzea lortu duelako eta bereziki azpimarragarria delako, ezezkoaren garaipena zonalde urbano eta herri handienetan eman izana eta baiezkoak aldiz gatazka zuzenean pairatu duten landa-eremuetan gehiengoa lortzea.
Bake prozesuetan zailtasunak agertzea albiste txarra da beti, Kolonbian eta edozein tokitan. Honakoa hausnarketarako unea da, ezetza bultzatu dutenen arrazoiak ondo aztertzeko eta ondorioak ateratzeko, beti ere bakearen bidea irekita mantentzeari begira.
Akordioa eta egindako bidea balorean jarri behar dira; emaitzak ez du irekitako bidea itxi behar, kontrakoa, ahaleginak biderkatzeko unea da, batez ere ezetzean kokatu direnekin.
Agertoki honetan bereziki azpimarratu behar da Kolonbian akordioak bultzatzeko beharra eta nazioarteko bitartekarien lanaren garrantzia hemendik aurrera ere.
Azpimarratzekoa da ere, FARC-EPek berehala adierazi duela bake bidea mantentzeko borondate osoa. Norabide horretan EH Bilduk bere babes osoa ematen dio FARC-EP eta Santosen gobernuaren artean bakea lortzeko bultzatutako prozesuari.
EH Bilduk deia luzatu nahi die FARC-EPri, Kolonbiako Gobernuari eta Santos Presidenteari, negoziazio prozesu osoan zehar egin duten bezala konponbideak bilatzen jarraitu dezaten, horixe izango baita bidean agertu diren zailtasunak gainditu eta egoera bideratzeko modurik egokiena.
EH Bilduk prozesua bultzatzeko eta bakea gailentzeko gure esku dagoen guztia egiteko borondatea azaldu nahi du beste behin ere, akordioan parte diren alde guztiei, bakea lortzeko saiakeran jarraitu dezaten animatuz.
Pasa den asteartean PNVko hiru zinegotzik prentsaurrekoa eman zuten Villabonako udalean. Bertan hautetsi jeltzaleek hondakinen bilketa sistemaren aldaketaren nondik norakoak azaldu zituzten. PNVk emandako urrats berri honen aurrean, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik gure irakurketa plazaratu nahi izan dugu:
Lehenik eta behin, argi eta garbi adierazi nahi dugu gai honen inguruan azken hilabeteetan udalak emandako urratsak, besteak beste, edukiontzien erosketa, Amasako frontoia edukiontzi horien biltegi bezala erabili eta itxita edukitzea, sistema noiz eta nola aldatuko den erabakitzea, herritarrei banatu beharreko eskuorriak diseinatzea, txip-en banaketa nola egingo den erabakitzea... PNVk aldebakartasunez eta bere kabuz hartutako erabakiak izan direla. Argi gera dadila, EH Bildutik ez dugu esan nahi hartu diren erabaki guztiak txarrak izan direnik, erabaki horiek hartzeko udal gobernuak jarraitutako prozedura da kritikagarria iruditzen zaiguna.
Jakina den bezala, otsailean hondakinen bilketa sistema aldatu eta edukiontzien sistema ezartzeko PNV, EH Bildu eta PSE arteko akordioa sinatu zen. Akordioa izenpetu zen garaian, Ivan Aguirre alkateak eta PNVk hainbat konpromiso hartu zituzten EH Bildu eta PSErekin eta horien artean, aldaketa egiteko prozedura eta sistema berriaren inplantazioa hiru alderdien arteko elkarlan eta adostasunaren bidez egitea zegoen. Horretarako, udaleko Ingurumen Batzordea ezarri zen elkarrizketa, eztabaida eta akordioak lortzeko foro gisa. Hau da, Ingurumen batzordean erabaki behar genuen sistema aldaketa noiz eta nola egin behar zen. Bere momentuan EH Bilduk ontzat eman zuen prozedura hau.
Sinestezina dirudien arren, otsailaren 29an egindako osoko bilkuran akordioa ofizialki onartu zenetik ez da Ingurumen Batzorderik egon, azken batzordea urtarrilaren 16an egin baitzen. Hori horrela izanda, EH Bilduko udal taldea osatzen duten zinegotziak pasa den irailaren 1ean komunikabideetan irakurrita jakin zuten zein egunetan eta zein prozeduraren bidez emango zen sistema aldaketa. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu PNVk informazio hori komunikabideei lehenago jakinaraztea, udaleko organoetan baino. Baina kontua ez da hor bukatzen, albistea irakurri eta bezain pronto, irailaren 1ean bertan, EH Bildutik Ingurumen Batzordea berehala biltzeko eskaera egin genion alkateari eta egun batzuetara emandako erantzunean, batzordea deitzeko arazo teknikoak zeudela argudiatuz, udal gobernuak iadanik prestatuta zuen bilera batera agertzeko gonbidapena egin zigun. Erantzun horretan besteak beste "azken bileratik ez da aldaketa handiegirik egon" zioen PNVko ordezkariak, lotsa gutxi behar du hori esateko.
Ondoren lehen aipatu dugun astearteko prentsaurrekoa etorri zen, bertan PNVko hiru zinegotzik aldaketaren nondik norakoak aurkeztu zituzten, hau ere udaleko beste alderdiei ezertxo ere jakinarazi gabe. Gainera, prentsaurreko horretan emandako zenbait datu ez dira behar bezala azaltzen. PNVk sistema hau 50.000 eta 55.000 euro "merkeagoa" dela dio baina hori ez da guztiz egia, diru hori aurreztuko da bai, baina bilketan soilik eta besteak beste, hainbat lanposturen galera dela medio. Bilketa merkeagoa da baina ondoren ikusi beharko da hondakinen kudeaketa osoa merkeagoa izango den edo ez. Balantze ekonomikoak gora behera nabarmenak izan ditzake sistemak emango dituen emaitzen arabera, hau da, bilduko den organiko eta errefusa tonen arabera, tonako udalak ordaindu beharreko tasak direla eta. Beraz gaur gaurkoz publikoki "sistema merkeagoa" dela esatea ez da zuzena eta esan dezakegu PNV ez dela egia guztia esaten ari, are gehiago, gure ustez herritarrei mezu nahasgarriak nahita ematen ari dira intentzio alderdikoiaekin. Guztiz bestelakoa izan da Andoainen ikusi dugun argazkia, bertan organikoa biltzen hasteko urratsa eman dute eta aurkezpen prentsaurrekoan EH Bilduko alkatea, PNV, PSE eta Irabazi-ko ordezkariekin batera agertu da, zalantzarik gabe adostasuna isladatzen duen argazkia. Zergatik ez du gauza bera egin Villabonako PNVk? sistemak ongi funtziona dezan, ez al da askoz hobea alderdi guztiak modu bateratuan aurkeztea?

Andoaingo EH Bildu, PNV, PSE eta Irabaziko ordezkariak, organikoaren bilketa aurkezten
Aipatutako guztiaren ondorioz, gai honetan PNVk izan duen jokabidea tinko salatu behar dugu. Gure ustez, orain Villabonako udalean agintzen dutenek, legealdi hasieran Ivan Aguirre alkateak ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatu eta akordioak lortzeko erakutsi zuen borondatea alde batera utzi dute eta hori baino larriagoa dena, PNVk gai honetan lortu zen akordioaren baitan hartutako konpromisoak zapuztu ditu. Estilo aldaketa oso nabarmena izan da, gure udalean alderdi ezberdinetako pertsonen arteko gertutasuna izan eta elkarrizketa eremu naturalak egotetik, erabateko inkomunikaziora pasa gara. Tamalez, udal gobernuko jeltzaleak nagusikeriazko jarrera kasik autoritarioa izatera pasa dira "hemen guk agintzen dugu eta punto" esatera. Nola definitu bestela, oposizio politikoari ezertxo ere ez jakinaraztea, azalpenak eman behar ez izateko sail ezberdinetako udal-batzorderik ia ez egitea, dena alkate-dekretu bidez erabakitzea, alkatearen "kalitatezko botoa" erabiltzeko inolako arazorik ez izatea etab.?
Gure ustez gai hau joko alderdikoietatik kanpo utzi beharrekoa da, azken batean gu guztiok sortzen ditugun hondakinen kudeaketaz ari gara. Hondakinak behar bezala nola banatu eta azken urteetan lortutako birziklatze tasa handiak gutxienez mantentzeko bideak errazteaz hitz egin behar genuke, herritarrei lagungarri izango zaizkien mezuak plazaratu, pedagogia egin, jarraibideak eman, gu geu eredugarri izan... eta ez alderdi bakoitzak bere interes propioen arabera jokatu. Guk interes komunak defendatzen ditugu, gure lehentasunak herritarren osasuna eta ingurumenaren babesa dira eta oso argi dugu zein den helburua, ahalik eta gehien birziklatzea. Horixe da helburu nagusia eta horretarako zein bilketa sistema erabiltzen dugun, gutxienekoa dela iruditzen zaigu. Horrexegatik ontzat eman genuen bilketa sistema aldatzea eta akordioa sinatzea erabaki genuen, akordio horretan kostata bada ere, udalak birziklatze tasa %70etik ez jaisteko konpromisoa hartzea lortu genuelako. Guk datozen egunetan ezarriko den sistemaren emaitzen jarraipen zorrotza egingo dugu eta Amasa Villabonan birziklatzean atzera urratsik egon ez dadin lan egiteko konpromisoa berresten dugu.
Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioko UDAL-TALDEA.
2016ko irailaren 8an
Echesa-Gamesa Aiztondo bailarako enpresa handienetakoa da 200 langilerekin, eta hauetako asko Amasa-Villabonako herritarrak dira. Lan hitzarmen berria sinatzeko akordiorik ezean, langileek mobilizazioei ekitea erabaki dute. Aste honetan hasita, 2 orduz lan egiten ari dira eta beste 2 orduz greba. Egunero, beraz, 4 orduko greba.
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Asteasuko Gamesako langileek egin duten lan hitzarmen duin baten eskaerarekin. Lan hitzarmena ezinbesteko tresna da langileen lan-baldintzak eta lan-eskubideak bermatzeko. Aldi berean, enpresako arduradunei dei egiten diegu ahalik eta azkarren langileen ordezkariekin hitz egin dezaten eta langileen eskubideak errespetatuko dituen hitzarmena sinatu dezatela eskatzen diegu. Irtenbiderik ematen ez den bitartean langileek hartutako erabakiak, mobilizazio eta protestak barne, errespetatu eta babestuko ditugu.
Urtero bezala Villabonako Udaleko kultura sailak ikasturte osoko eta udazkeneko ikastaroak antolatu ditu eta EH Bildutik ere, ikastaroetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dizuegu. Izena emateko Udalean dagoen kultur saileko bulegora joan beharko da, irailaren 12tik 23ra (09:00-12:00)
Ikasturte osoko ikastaroak:
-Egur lanketa:
Sacemgo tailerrean. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 14:30-17:30 // 17:30-20:30. 232€ (Villabonan erroldatuentzat), 327€ (kanpokoentzat).
-Pintura haurrentzat:
30 orduko ikastaroa, Larrea 20an. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 17:15-18:15 (4-7 urte). Astelehenetan 18:15-19:15 (8-11 urte). Ostegunetan 18:00-19:00 (8-11 urte). 91€ (Villabonan erroldatuentzat), 120€ (kanpokoentzat).
-Pintura helduentzat:
60 orduko ikastaroa, Larrea 20an. Hasiera, urriak 5. Asteazkenetan 17:00-19:00. 131€ (Villabonan erroldatuentzat), 199€ (kanpokoentzat).
-Zaharberritzea eta arte aplikatuak:
90 orduko ikastaroa, Sacemgo tailerrean. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 17:00-20:00. 196 (Villabonan erroldatuentzat), 307€ (kanpokoentzat).
Udazkeneko kultur ikastaroak:
-Ondo jan eguberrietan:
Irakasleak: Javi Rivero eta Eneko Amondarain. Eguberrietako menu oso bat egiten ikasiko da lau saiotan. 12 orduko ikastaroa. Azaroaren 10etik abenduaren 1era. Ostegunetan, 19:00-22:00. 32€ (Villabonan erroldatuentzat), 42€ (kanpokoentzat).
-Bitxigintza:
Irakaslea: Leyre Martin. Alanbre, abalorio eta birziklatutako hainbat elementaren bitartez(botilen tapak, CDak, arropa, botoiak, kafe kapsulak…) bitxigintza pieza errazak egiten ikasiko da. 30orduko ikastaroa. Urriaren 6tik otsailaren 9ra. Ostegunetan, 16:00-18:00. 95€ (Villabonan erroldatuentzat), 115€ (kanpokoentzat).
-Argazkigintza digitala:
Irakaslea: Asier Larraza. Irudi fotografikoaren oinarriak ikasiko dira. Ikasle bakoitzak bere Kimera digitala eraman beharko du. 26 orduko ikastaroa. Hasiera, urriak 4. Astearte eta ostegunetan, 19:00-21:00. 75€ (Villabonan erroldatuentzat), 90€ (kanpokoentzat).
-Serigrafia:
Irakaslea: Virginia Ameztoy. Norberaren irudiak eta diseinuak (argazkiak, marrazkiak…) serigrafiatzen ikasiko da, euskarri ezberdinetan: oihala, papera, egurra… 12 orduko ikastaroa. Azaroaren 8tik 29ra. Asteartetan 18:30-21:30. 35€ (Villabonan erroldatuentzat), 40€ (kanpokoentzat).
-Tapizgintza:
Irakaslea: Leyre Martin. Tapizatzeko oinarrizko teknikak azalduko dira eta ikastaroan zehar, ikasleak eramandako aulki erraz bat tapizatuko da. 12 orduko ikastaroa. Urriaren 5etik urtarrilaren 19ra. Asteazkenetan, 18:30-21:30. 95€ (Villabonan erroldatuentzat), 115€ (kanpokoentzat).
Astelehen honetako Osoko Bilkuran Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez onartu zuen etxegabetzeak saihesteko jarduera protokoloa. EAJko udal gobernuak duela sei hilabete, martxoan, ekin zion Amasa Villabonan etxegabetzeak edo etxe kaleratzeak saihesteko protokoloa osatzeari. EH Bilduko udal taldeak begi onez ikusi zuen asmo hori eta protokoloa osatu eta hobetzeko asmoz hainbat ekarpen egin zizkion hasiera batean udalak aurkeztu zuen txostenari.
EH Bilduko udal taldea harremanetan jarri zen "Stop Desahucios" gizarte eragilearekin eta protokoloa sakon aztertu ondoren, udaleko gizarte zerbitzuen batzordean Aratza Lopez eta Leire Olasagasti EH Bilduko zinegotziek hainbat proposamen egin zituzten. Besteak beste, protokoloak zorraren ordez etxea onartzeko aukera (dación en pago) jasotzea eta EAEn onartutako etxebizitza legeak (Madrilek indargabetuta dauka) gai honi buruz dioena kontuan izatea eskatu zuten EH Bilduko hautetsiek eta bestalde udalak Stop desahucios eragilearekin elkarlanean aritzea (juridikoki jendeari laguntzeko eta bankari presioa eragiteko) ere proposatu zuten. Oraingo honetan, beste gai askotan ez bezala, EAJko gobernuak akordiorako jarrera irekia erakutsi zuen eta EH Bilduk eginiko proposamenak protokoloan jasotzea onartu zuen. PSEko ordezkariak ere bat egin zuen erabaki horrekin.
Oraingo honetan ere, EH Bildu koalizioko udal taldeak oposizio arduratsu eta eraikitzailea egin du eta lan horri esker Amasa Villabonan etxe kaleratzerik egon ez dadin protokolo egoki bat onartu du udalak. Hala ere aipamen kritiko batzuk ere egin nahi ditu EH Bilduk, lehenik eta behin, EAJko udal gobernuak gai honetan ere, erakutsi duen lan egiteko geldotasuna, udal gobernuak berak markatutako epeen arabera protokoloa maiatzeko osoko bilkuran onartu behar zen eta azkenik irailean eta gai-ordenetik kanpo onartu da. Bestalde, udalak martxoan komunikabideetara bidalitako albistean, protokolo hau herriko eragilei aurkeztu eta jendearen ekarpenak jasoko zirela esan zuen, eta zentzu honetan ez da nahikoa lan egin. Batzar ireki soil bat egitea ez da nahikoa, protokoloa herriko eragileei aurkeztu eta beren ekarpenak jaso direla esateko.
Azkenik, EH Bildutik Amasa-Villabonan etxe kaleratze kasu bakar bat ere ez gertatzeko lan egingo dugula adierazi nahi dugu. Espero dugu protokolo hau martxan jartzeko beharrik ez egotea, baina kasuren bat gertatuko balitz, udalak protokolo hau berehala eta bere indar guztiarekin aplikatzea exijituko dugu. Ez dugu inolaz ere onartuko gure herrian banku batek norbait bere etxetik botatzea eta protokoloa behar bezala aplikatu dadin lan egiteaz gain, etxe kaleratzeak sahiesteko helburuarekin, kalean ere behar den guztia egiteko prest gaude.
Ostegun honetan, hauteskunde kanpaina hasteko bezperan, Amasa Villabonako EH Bilduk festa antolatu du Villabonako Kale Nagusian (Iratzar elkartearen kanpoaldean).
Bertan EH Bilduko kide eta laguntzaileek prestatutako pintxoak, sagardoa, musika etab. izango dira eta pantaila erraldoi baten bidez, Bilbon EH Bilduk egingo duen ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango da. Ekitaldi hau berezia izango da, bertan jakingo baita Arnaldo Otegi gure lehendakarigaiari aurkezten utziko dioten edo ez. Duela 5 urte bezala, Bilboko Arenalean milaka lagun egongo dira albistearen zain, eta guk ere Villabonako kale nagusitik adi-adi jarraituko dugu Bilbon gertatzen dena.
Ondoren, gaueko 00:00etan, hauteskunde kanpainako lehen kartel pegaketa egingo dugu, jai-giroan eta modu herrikoi batean. Beraz, kartelak pegatzen lagundu nahi baduzue, gusto handiz hartuko dugu zure parte hartzea.
HEMEN ETA ORAIN, EH BILDUREKIN DENON HERRIA ERAIKITZERA GOAZ!

Irailaren 25ek EAEko hauteskundeetako emaitzak Amasa-Villabonan:

| Amasa-Villabona Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak |
%100
|
||||
| Urtea | 2012 | 2016 | |||
|---|---|---|---|---|---|
| Errolda | 4.397 | 4.368 | |||
| Zuriak | 49 (%1,74) | 17 (%0,63) | |||
| Baliogabeak | 14 (%0,50) | 7 (%0,26) | |||
| Abstentzioa | 1.581 (%35,96) | 1.670 (%38,23) | |||
| Alderdiak | Botoak | H | Botoak | H | |
| EH Bildu | 1.224 | 0 | 1.064 | 0 | |
| EAJ | 917 | 0 | 957 | 0 | |
| Elkarrekin Podemos | - | - | 311 | 0 | |
| PSE-EE | 338 | 0 | 180 | 0 | |
| PP | 113 | 0 | 102 | 0 | |
| C's | - | - | 31 | 0 | |
| ATTKA | 8 | 0 | 11 | 0 | |
| Zero Murrizketa | - | - | 6 | 0 | |
| Ganemos | - | - | 5 | 0 | |
| PFYV | - | - | 5 | 0 | |
| LN | - | - | 2 | 0 | |
| Ezker Anitza | 69 | 0 | - | - | |
| Ezker Batua | 28 | 0 | - | - | |
| Aulki Zuriak | 21 | 0 | - | - | |
| UPD | 17 | 0 | - | - | |
| Equo | 8 | 0 | - | - | |
| PH | 4 | 0 | - | - | |
| PUM+J | 3 | 0 | - | - | |
| UCE | 3 | 0 | - | - | |
Gaur Tolosaldeko Atariaren webgunean albiste hau irakurri zitekeen: Hemen da bosgarren edukiontzia eta EH Bilduko udal taldea osatzen duten hautetsiak zur eta lur geratu dira. Hau izan da gai honen inguruan azken hilabeteetan jaso duten albiste bakarra, komunikabideen bidez. Beste behin, EAJren lan egiteko modua salatu beharrean gaude, udal gobernu eta alkatetza honek, sekretismoz eta ezkutuan egin du lan, oposizioari ezertxo ere jakinazi gabe eta batzorderik ere egiten ez denez, inolako azalpen politikorik eman gabe. Egoera honen aurrean, EH Bilduko udal taldeak gai hau lantzeko presazko Ingurumen Batzorde bat egitea eskatu dio EAJko Maite Izagirre alkateari. Izan ere, hondakinen bilketa sistema aldatzeko EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko akordioa sinatu zenean, akordio honen garapenari jarraipena egiteko eta aldaketaren inplantazioan eman beharreko urratsak adosteko foroa, Ingurumen Batzordea izango zela onartu zen. Hilabeteak dira Ingurumen batzordea biltzen ez dela.
Amasa Villabonako EH Bildutik, udal gobernuak eskaera honi modu positiboan erantzutea espero dugu eta Ingurumen Batzordean gai honi buruzko xehetasunak modu eraikitzailean landu, adostasunak lortu eta elkarlanean aritzeko borondate guztia dugula adierazi nahi dugu. Era berean, oso argi dugu Amasa Villabonan orain arte lortutako birziklatze tasak mantendu edo igotzea izan behar dugula helburutzat, eta udalean sinatutako akordioan jasotzen den bezala, ez dugu inolaz ere birziklatze tasa %70etik behera jaistea onartuko.
Hemen duzue gaur udalean EH Bilduk ofizialki erregistratu duen eskaera orria. Eskaera mezu hau zuzenean Maite Izagirre alkateari eta bere idazkari pertsonalari bidali zaie e-posta bidez.

Atzo arratsaldean Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak hauteskunde kanpainako ekitaldi edo mitina antolatu zuen Villabonako Berdura plazan. 100 herritar inguru bertaratu ziren eta jarrita zeuden aulki guztiak bete zirenez, jende ugarik zutik ikusi behar izan zuen ekitaldia.
Iriarte aita semeak, herriko txalapartari bikainak, eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren Oihana Iguaran amasar bestsolariak herritarrek gogoz txalotu zituzten hiru bertso dotore bota zituen. Besteak beste Arnaldo Otegiren inabilitazio zigorra, Pili Zabalaren hitz polemikoak eta EH Bilduren eskaintzak duen garrantzia aipatu zituen Oihanak bere bertsoetan.
Ondoren Larraitz Ugarte EH Bilduko zerrendakideak hartu zuen hitza eta EH Bilduk EAJ eta Podemos alderdiei egindako akordio eskaintza azaldu zuen. Eskaintza horrek hiru ardatz nagusi ditu, lehena, "erreskate soziala" hau da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan murrizketa sozialik ez egotea eta eskubide sozialen urraketekin bukatzea, bigarren ardatza erabakitzeko eskubidea da, herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatu behar da, eta azkenik "bake osoa" lortzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, biktima guztien aitortza, armagabetze ordenatua etab. Bestalde, Larraitz Ugarte oso kritiko agertu zen EAJrekin eta Urkullu lendakarigaiarekin, beti Espainiara begira egotea leporatu zien jeltzaleei eta Euskal Herriak Andaluziara edo Extremadurara begiratu eta lurralde hauekin konparatu baino, Europako herrialde aurreratuenei begiratu behar diela aldarrikatu zuen. Hauteskunde kanpaina honetan EAJ zabaltzen ari den mezua ere salatu zuen "hemen pobreziarik eta gaizki pasatzen duen jenderik ez dagoela saldu nahi digute baina hori ez da egia, hemen oso gaizki pasatzen ari den jende ugari dago, gazteak sekulako langabezia tasa dute eta kanpora jo behar dute lan bila, hipotekea ordaindu ezinik dauden familiak milaka dira, bankuek (Ertzaintzaren laguntzarekin) jendea etxetik botatzen jarraitzen dute... hau ez da oasi bat". Elkarrekin Podemos alderdiaren jokabidea ere kritikatu zuen Ugartek eta alderdi honek erakutsitako argitasun falta eta mezu kontrajarriak aipatu zituen, podemosek Espainiaren batasuna defendatzen duela gogorarazi zuen eta horretan EH Bilduk kontrako posizioa duela nabarmendu zuen. Azkenik, Gasteizko parlamentuan ezker independentista indartsu egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen eta inguruko herritarrekin hitz egin, igandean EH Bildu bozkatzeak duen garrantzia azaldu, eta jendea konbentzitzeko deia egin zien ekitaldira gerturatu zirenei.
Ekitaldiaren ondoren, Amasa Villabonako EH Bilduko kideek prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izan zuen jendeak eta lagun arteko giroan, pintxoa eta tragoa eskuan, amaitu zen ekitaldia.
ARGAZKI GALERIA:





Datorren asteazkenean abuztuak 31, Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioak Herri Batzar irekia egingo du Villabonako Kale Nagusiko 59. zenbakian dagoen egoitzan.
Batzar honen helburu nagusia, datorren irailaren 25ean izango diren EAEko hauteskunde autonomikoei begira Amasa Villabonan egin beharreko lana antolatzea izango da. Batzarraren lehen zatian hauteskunde hauetarako EH Bilduk egiten duen eskaintza politikoaren (programa) berri emango da eta herritarrei zabaldu beharreko mezuei buruz ere hitz egin edo eztabaidatu ahal izango da.
Ondoren, hauteskunde kanpainarako EH Bilduk eskaintzen dituen tresna eta bitartekoak azalduko dira eta Gipuzkoa mailan aurreikusten diren ekimen edo ekitaldi nagusien egutegia ere aurkeztuko da. Hau kontuan izanik, Amasa Villabonan EH Bilduk egin beharreko lana zehaztuko da batzarrean parte hartzen dutenen artean. Zein ekimen egin behar ditu EH Bilduk Amasa Villabonan? nola iritsi gaitezke herritarrengana? zein tresna behar ditugu horretarako?...
Galdera hauei erantzunak aurkitzen saiatuko gara eta denon artean ekimen zerrenda bat osatu eta egutegi bat adostuko dugu, irailaren 9an hasten den hauteskunde kanpainan zehar egingo dena finkatuz.
Anima zaitezte eta parte hartu!
"Herri berri baterantz, Gazteok EH Bildu" dio atzo iluntzean Amasa Villabonako hainbat gaztek Villabonako Maiatzaren lehena plazan margotu zuten mural dotore honek.
EH Bildutik garrantzi berezia ematen diogu gure herriko gazteriari eta badakigu gazteen egoera ez dela batere erraza, langabezia, lan guztiz prekarioak, etxebizitza lortzeko ezintasuna... herri honek sekula izan duen gazte belaunaldirik prestatuena dauka, ikasketa maila altukoa, formakuntza handiarekin, baina aldi berean ia %40ko langabezia tasa sufritzen duena eta ondorioz, milaka gazte euskaldunek atzerrira joan behar izan dute lan duin bat lortu ahal izateko. Egoera hau erabat onartezina da, eta beraz, konforme ez dagoen gazteria kritiko, errebelde eta borrokalaria behar dugu, beren eskubideengatik borrokatuko duena.
Amasa Villabonako gazte independentista eta ezkertiarrek argi dute, igandean EH Bildu bozkatzera!
Muralaren argazkiak:


Pasa den uztailean (santio jaien aurretik) Amasako frontoia zabor edukiontziz beteta zegoela jakin genuen. Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi. Beraz, EAJ-PNVko Udal Gobernuak bapatean eta unilateralki frontoia biltegi batean bilakatu eta isteko erabakia hartu du.
Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan. Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat, guztiz itxita biltegi soil bat bezala erabiltzeko. Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat da eta horrexegatik EH Bilduko kideok egunero irekita egon behar duela pentsatzen dugu. Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio? Gure ustez egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu.
Azkenik eta gaiarekin erlazioa duenez, aipamen bat egin nahi genuke; dakizuen bezala Villabonako udalean EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEren arteko akordio zabala sinatu zen hondakinen bilketa sistema berri bat martxan jartzeko, baina orduz geroztik ematen ari diren urratsak ez dira inoiz jakinarazten. Gai honetan ere, udal gobernuaren aldetik sekretismo edo ilunkeria da nagusi. Gai hau lantzeko gunea Ingurumen batzordea zela adostu genuen, baina hilabete ugari dira batzorderik egiten ez dela. Iban Agirre alkate ohiak gai honi buruzko xehetasunak oposizioarekin batera landu eta adosteko borondatea agertu zuen, baina bistan denez hori guztia borondate hutsean geratu da. Noiz jarriko da martxan edukiontzien sistema? eta garrantzitsuagoa dena, nola egingo da aldaketa hori? EH Bildutik galdera hauek funtsezkoak direla uste dugu baina oraingoz ez dugu erantzun garbirik eta tristea bada ere, komunikabideetan irakurri ahal izan duguna dakigu soilik.
Ostegun honetan hauteskunde kanpainako ekitaldi edo mitina izango dugu 19:30etan Villabonako Berdura plazan. Aiztondo bailarako ekitaldia izango da eta bertan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakide den Larraitz Ugarte izango da hizlari nagusia. Larraitz Ugarte oñatiarra da, zuzenbidean doktoratua eta soziologia juridiko zein mediazio familiarreko diplomatua, aski ezaguna egin zen pasa den legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izan zenean eta baina horrez gain, mugimendu feministan ere ibilbide luzea egin duen emakumea da. Bestalde, pintxoak, musika, bertsoak eta beste hainbat sorpresa ere izango ditugu Berdura plazan.
Anima zaitezte! eta igandean Bozkatu EH Bildu.
#HemenEtaOrain #DenonHerria

Azken asteetan herritar ugarik Zubimusu zubiaren itxurari buruz egin dizkiguten galderei erantzunak bilatu nahian, gaur udaletxean izan gara zubia zehazki nola geratuko den jakiteko asmoz. Hirigintza sailean eta Alkatetzan informazioa eskatu dugu eta udalak informazio hori ez daukala izan da erantzuna. Eskatuko dutela.
EAJko Udal Gobernuak obra amaitzean Zubimusu zubiak zein itxura izango duen jakin behar lukeela uste dugu, eta are gehiago azken aldian herritarren artean sortu den kezka ikusita. Obra honen gaineko jarraipen zorrotzik ez egiteak eta zer egingo den ere zehazki ez jakiteak, gure udala gobernatzen dutenen axolagabekeria agerian uzten du.
Pasa den astean eskualdeko Aiurri eta Ataria komunikabideetan, Villabonako udaleko web orri ofizialean eta Amavi udal aldizkarian honako albiste hau irakurri genuen:
Amasa – Villabonako Udalak eta Zubimusu Ikastolak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondorioz, Txermin eraikinean ebakuazio proiektua aurrera eraman da.

Albistea irakurri ondoren, EH Bilduko udal taldeko kideek udalaren eta Zubimusu ikastolaren arteko "lankidetza hitzarmen" hori eskuratu eta aztertu nahi izan dute, baina albistean aipatzen den hitzarmen horren berririk ez dago udalean. Gaur gaurkoz, udalak ez du Zubimusu Ikastolarekin obra hau egiteko inolako hitzarmen ofizialik sinatu. Txermingo eraikineko ebakuazio eskilararen obra horri buruz udalean onartuta dagoen gauza bakarra, 2016ko aurrekontuetan udalak obra horretarako 10.000 euro bideratu dituela da. Beraz udalak zabaldutako prentsa ohar horretako titularra ez da egia. Obra hori ez da hitzarmen bati esker egin, sinpleki esanda, hitzarmenik ez dagoelako.
Amasa Villabonako EH Bildutik, kasu berri honek EAJko udal gobernuak duen funtzionatzeko modua eta estiloa oso ondo erakusten duela pentsatzen dugu. Udal Gobernu zentzudun batek ez du komunikabideetara egia ez den albisterik bidaltzen. Bestalde abistean agitaratu denaren arabera, udalak obra honetan egingo duen gastua izugarri haziko litzateke: 2016ko aurrekontuetan onartuta dauden 10.000 eurotatik, 76.493 eurotara. Gure ustez, hitzarmen bat sinatzeko asmoa badago eta horrek tamaina horretako gastu publikoa eragingo badu, lehendik udaleko organoetan (batzordeetan) gaia aurkeztu, aztertu, eztabaidatu eta azkenik bozkatu egin beharko litzateke. Udal gobernu serio edo arduratsu batek hori egingo luke, baina zoritxarrez Villabonako udaleko EAJko gobernuaren jokabidea eta lan egiteko moduak ez dira batere serioak. Hau ondo isladatzen duen datu bat emango dugu, legealdia hasi zenetik (2015eko ekaina) ez da hezkuntzari buruzko gairik landu udaleko batzorde batean.
Udal batek, admisistrazio publiko batek, egiak ez diren albisteak komunikabideetan zabaldu eta argitaratzea erabat onartezina da eta horrexegatik, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik azalpenak ematea eskatzen diogu EAJko udal gobernuari.

2016ko Santio jai hauetan parte hartzen dugun guztiok, emakume zein gizon, haur, gazte zein helduek, alaitasunez, libreki, erabakitzen dugun moduan eta seguru gozatzeko bermea izan dezagun.


















