- 21 Urria 2016
Amasa-Villabonan eta inguruko herri eta auzoetan jatorri eta kultura ezberdinetako herritar ugari bizi dira. Askotan edo gehiegitan bertakoak diren herritarrek ez dute beraiengana gerturatzeko pausurik ematen, zurrumurruak eta aurreiritziak direla-eta.
Egoera horri erantzuteko Bizilagunak proiektua jarri zuten martxan duela bost urte. Bertakoak eta atzerritarrak mahaiaren inguruan biltzen dituen ekimena da. Beste herrialde batetik etorritakoen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko ezagutza sustatzeko eta aurreiritziak gainditzea da helburua. Aurten, azaroaren 13an egingo dituzte bazkariak, eta izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko. Horretarako, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidera idatzi edo 646057080 telefono zenbakira deitu beharko da.
Kirola da egitasmoaren aurtengo gaia: «Batetik, jatorri desberdinetako jendearen integrazioa bultzatzen du kirolak. Era berean, ordea, diskriminazio egoera ugari gertatzen dira alor horretan», adierazi du Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saileko teknikariak. Hori horrela, Euskal Herri osoko hainbat kirolarik bat egin dute ekimenarekin: Xabi Alonso eta Mikel Alonso, Leire Olaberria eta Iñaki Perurena, besteak beste.
Bostgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena Tolosaldean, eta urtez urte gora egin du parte hartu dutenen kopuruak. «Familia modu zabalean ulertzen dugu. Familiak ez ezik, lagun kuadrilak, pisukideak izan dira bazkarietan», azaldu du Moralesek. Tolosaldea guztiko herritarrek hartu dute parte ekimenean; iaz, 120 lagun izan ziren guztira, eta 15 bazkari egin zituzten. Bazkari horietan hainbat jatorritako familiak izan ziren: Euskal Herria, Nepal, Maroko, Afganistan eta Brasil, besteak beste. «Izugarria da familia horien artean sortzen den giroa. Bazkarira ailegatu baino lehen ez dute elkar ezagutzen, baina kimika handia sortzen da beren artean. Lagun bihurtzen dira asko, eta harremana izaten dute gerora ere», azpimarratu du Moralesek.
Bazkari horietako bakoitzean dinamizatzaile batek hartzen du parte: «Ezinbestekoa da dinamizatzailearen papera. Bi familien arteko bitartekaria da, eta bere eginkizuna da antolaketan laguntzea». Alaia Garmendia dinamizatzailea izan zen duela bi urte: «Oso esperientzia polita da, guztiz aberasgarria eta gomendagarria. Ekimenean parte hartzeko beste modu bat eskaintzen du».
Bestalde, Gipuzkoa Solidarioa, jaialdia ere antolatu da aurten Donostian:
Ekimenean parte hartzen duten familia guztiak ezagutzeko Gipuzkoa Solidarioa jaialdia antolatu dute. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da azaroaren 26an, 17:00etan. ‘Atzerritarrak kiroletan’ gaia landuko dute antzerki bidez, eta www.muga.eu webgunean do 943321811 telefonora deitu behar da izena emateko.
Amasa Villabonako EH Bildutik, bat egiten dugu Bizilagunak proiektuarekin eta kultura, hizkuntza eta izaera aniztasunaren aldeko gure jarrera berretsi nahi dugu. Gure herrian bizi diren eta jatorria Euskal Herritik kanpo duten pertsonekiko begirune osoa adierazi eta aniztasun horrek gure herria aberasten duela aldarrikatzen dugu. Arrazakeria eta bazterketa tinko gaitzesten ditugu eta kulturartekotasuna inolako arazorik gabe biziko duen herri anitza izan nahi dugu.


