- 17 Urria 2016
Testuinguru politiko berrian estrategia eta hausnarketak aktibatzea eta proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea dira helburu nagusiak.
Oihane Zabaletak eta Marian Beitialarrangoitiak iragarri dute datorren larunbatean goizeko 10:00etan Batzar irekia izango dela Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan bi helburu nagusirekin:
- Testuinguru politikoa kontuan hartuta, EH Bilduk egun mahai gainean dituen gaien inguruan eztabaidatu eta EHbildukide guztiekin batera erabakiak hartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
- Hilabete hauetan guztietan, bai kanpainaren aurretik, kanpainan zehar eta ondoren ere martxan jarritako estrategia eta hausnarketak operatibizitatu eta aktibatzea eta, ildo horretatik, gure proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea.
Zabaletaren hitzetan, “gure proiektua zentralitate politikoan kokatzeko eta herri honen egoeraren aurrean anbizio eta ausardiaz eragiteko eta ekarpenak bideratzeko.”

Batzarrean lau gai jarriko dira eztabaidagai:
1. Egoera politikoaren gaineko azterketa eta kokapena.
2. EAEko legegintzaldirako helburuak eta bide orria, tartean PNV eta Podemosekin izandako bileren berri eman eta EH Bilduren proposamenaren nondik norakoak konpartitzea eta zehaztea.
3. Lehendakarigaia aurkeztearen eztabaida egin eta erabakia hartu, eta horrela erabakiko balitz Lehendakarigaiaren hautaketa
4. EH Bildu etorkizunari begirako norabidean markatutako erronkei buruzko eztabaida.
Oihane Zabaletak EH Bildu lehen lerroko protagonista izango dela baieztatu du, “horretarako jaio ginen eta arrazoi horregatik hain zuzen gure proiektua zentralitate politikoan jartzera goaz. Azken finean, herri honek behar dituen akordio nagusiak erdiesteko EH Bildurekin kontatu beharko da bai edo bai.”
“Eta hauek ez dira hitz hutsalak, ez diogu harrokeriz ziur baikaude herri urrats sendoak emateko, ekarpenak plazaratzeko eta konpromisoak hartzeko nahitaezkoa dela borondatea izatea eta are gehiago hori ekintza bihurtu eta operatibizatzeko aukera historikoa azpimarratu eta insistentziaz gainontzeko alderdi eta gizarte eragileekin adostea. Azken finean, helburua herri hau beste agertoki batera eramatea da, menpekotasun harremanei amaiera jarriz eta gure etorkizuna gizartearen erabakien arabera eraikiz. Eta horretarako alderdi zehatzen interesen gainetik egindako akordio zabalak behar dira. Kontrakoa iruzur politikoa litzateke”, amaitu du Zabaletak.
Jarraian Marian Beitialarrangoitiak hartu du hitza testuinguru politikoaren inguruan aipamen batzuk egiteko. Bere interbentzioan estatuan dagoen egoera eta aldaketarako ezintasuna eta Euskal Herrian zabaldu diren aukerak jarri ditu mahai gainean, horren aurrean urratsak egiteko aukera eta beharra azpimarratuz.
“Nafarroan ikusten ari den bezala -esan du diputatuak- hemen eta orain aukera paregabeak daude jausi kualitatibo bat emateko eta etorkizunari begira agertoki berri bat irekitzeko, Euskal Herritik Euskal Herrira. Hortik dator EH Bilduk bai PNVri, bai Podemosi bai eragile sozial eta sindikalei egiten dien ekarpena eta proposamena.”
“Erabakiak hartzeko ordua da, ezkutatu gabe, aitzakiak bilatu gabe,... Herri honek akordio zabalak, integralak, anbizioz beterikoak behar ditu. Europara begira kokatu behar gara eta ez Madrilek eskaintzen digun irtenbiderik gabeko agertokira. Baldintzak daude, baliabideak daude, indar korrelazioa dago... Bakarrik falta da azaltzea horretarako borondaterik dagoen”, esan du Beitialarrangoitiak.
EH Bilduk ezagunak diren hiru ardatzen inguruan akordio zabalak, etorkizun akordioak errazteko borondatea berretsi du, eta hiru ardatz horiek zehazten dute bere posizioa alderdien artean dauden elkarrizketetan eta horren gainean zehaztuko du aurkeztuko duen proposamen sakonago bat, beti ere urratsak egiteko atal sozialean zein ekonomikoan, hiritarren burujabetzan, bakea eta elkarbizitzan, gobernantzan eta etorkizuna eraikitzeko eta bermatzeko kontuetan.
Amaitzeko, adibide bezala, fiskalitatearen gaia jarri du. “Akordio zabalak lortzearen premiaz ari garelarik, atzoko egunez Euskal Finantza Kontseiluak emandako informazioa adibide garbitzat har dezakegu: zerga bidezko diru-bilketaren emaitza oso txarra izan da, %7ko aurreikuspena izatetik %3ra, hau da erdira baino ez baita iritsi, aurreikusitakoa baino 473milioi euro gutxiago jasoko dira. Honek eskatzen du sakoneko erreforma fiskal bat adostea, urgentea justua, progresiboa eta ekitatiboa, herritar guztien ongizate gizartea bermatzeko finantziazio eta iraunkortasun ereduaren baitakoa” amaitu du Marian Beitialarrangoitiak.


