- 21 Urria 2016
Amasa Villabonako EH Bilduk Pepe Rei Kultur elkartearekin elkarlanean, "Kazetari kanaia" ikerkuntza kazetaritza proiektuaren aurkezpena antolatu du. Aurkezpena datorren asteazkenean izango da arratsaldeko 19:30etan Gurea zineko erakusketa aretoan.
Igor Meltxor, idazle, ikerlari eta "Kazetari kanaia" edota El periodista canalla webguneko zuzendaria izango da hizlari nagusia eta ikerketa kazetaritza egitasmo honen aurkezpen publikoa egingo du. Bertaratzen direnei aipatutako webgunearen nondik norakoak azaldu, eta bertan argitaratzen diren ikerketa erreportaiei buruzko hitzaldi motz bat eskeiniko die Meltxorrek eta horrekin batera Pepe Rei kultur elkarteak egiten duen lanaren berri ere emango du.
EH Bildu koaliziotik, edozein gizartetan ikerketa kazetaritzak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Demokraziak eta instituzio publikoek behar bezala funtziona dezaten, ezinbestekoa da kazetari eta ikerlari independienteak egotea eta hauek botere politikoak garatzen duen jarduna etengabe kontrolatzea. Horrela soilik bermatu daiteke korrupzio kasuak eta erakunde publikoen gestio politiko ustelak argitara ateratzea. Ikerketa kazetariak izan dira historikoki ustelkeria eta korrupzio kasu gehienak aurkitu eta publikoki salatu dituztenak eta Euskal Herrian ere mota honetako kazetaritza egiten duten elkarteak egotea albiste oso pozgarria da dudarik gabe. EH Bilduko kideok ez dugu beldurrik, urteetan hainbat erakunde publiko garrantzitsu kudeatu ditugu eta ez da EH Bilduko kideen aldetik korrupzio kasu bakar bat ere egon (espainiar komunikabideetako kazetariek EH Bilduri jarraipen bereziki estua egin dioten arren). Guk ez ditugu erakunde publikoak gure edo gure lagunen poltsikoak betetzeko inoiz erabili eta horregatik ikerketa kazetariek gure jarduna kontrolatzeak ez digu inolako enbarazurik egiten.
Guzti horregatik, Amasa Villabonan "Kazetari kanaia" egitasmoaren aurkezpena antolatzea erabaki dugu eta gonbidapen zuzen bat egin nahi diegu Amasa Villabonako herritar guztiei asteazkenean arratsaldeko 19:00etan zineko erakusketa aretora gertura daitezen. Anima zaitezte!
Hemen duzue EH Bildutik argitaratu dugun deialdiaren kartela:



