Albisteak

Jakina denez, pasa den abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren Madrilen inbestidura akordiorik lortu ez eta datorren ekainaren 26an hauteskunde orokorrak izango ditugu berriz ere. EH Bilduk abenduaren 20ko emaitza kaskarren ondoren, azken hilabeteetan hausnarketa eta autokritika ariketa sakon eta zintzoa burutu du, akatsetatik ikasi eta berriz ere Euskal Herriko gizon-emakumeentzat erakargarria den eskaintza osatu eta aurkeztea da helburua. Horretan ari gara.

Amasa Villabonako EH Bildutik ere, hauteskunde hauek gure proiektu politikoa indartzen eta zabaltzen jarraitzeko aukera bezala ikusten ditugu eta herritarrekin batera prestatu eta landu nahi dugu kanpaina.

Beraz, EH Bilduk egiten duen eskaintza politikoa aurkeztu eta elkarbanatzeko eta hauteskunde kanpainan zer egin eztabaidatu eta erabakitzeko Herri Batzar Irekia antolatzea erabaki dugu. Kanpaina honetan zer eta nola egin, ahalik eta jende gehienarekin batera erabaki nahi dugu, ez EH Bilduko kideon arteko bilera soil batean. Beraz, ineteresa izan, bere iritzia eman, ekarpena egin, edo EH Bilduren mezua ezagutu nahi duen edonork Hauteskunde Batzar honetako ateak zabalik izango ditu.

Deialdia: Maiatzaren 31ean, 19:30etan Gurea zineko erakusketa gelan.


Bestalde, pasa den asteburuan EH Bildu koalizioak Euskal Herri osoko bere hautagaiak aurkeztu zituen, hemen duzue EH Bilduk argitaratutako albistea: 

EH Bildu lanera joango da Madrilera, euskal herritarren interes politiko eta sozialak defendatzera

 Ekainaren 26ko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zerrendak aurkeztu ditu, gaur goizean, EH Bilduk, Hernaniko Orona eraikinean egindako ekitaldian. “Hauteskunde hauek aukera eta erronka paregabea dira”, esan du Bakartxo Ruiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak. “Hauteskunde hauek aukera paregabea dira gure goranzko tendentzia erakusteko eta gauzak beste modu batera egin nahi ditugula erakusteko”, gaineratu du.

Madrilen ez bezala, Euskal Herrian aldaketa gauzatzeko gehiengo politiko eta soziala badagoela esan du Ruizek, eta Nafarroako adibidea jarri du mahai gainean. “Duela urtebete, aldaketa nafar erara egiten hasi ginen; hau da, aldaketaren indarren artean akordioak bilatu, zailtasunak zailtasun; eta PSOEren zentralitaterik gabe”. Era horretara, PSN edo PSOE ez direla fidagarriak Nafarroan ondo baino hobeto dakitela zehaztu du.

Era horretara, ekainaren 26an EH Bilduren botoak “balio bikoitza” izango duela azpimarratu du. “Madrilen aldaketa egin ahal bada guk ere posible egingo dugu, baina berriro ere ez denez gehiengo politiko nahikorik osatuko, EH Bilduren botoak balioko du herri honek nahi eta behar dituen aldaketa politiko eta sozialari bultzada berri bat emateko”.
Marian Beitialarrangoitia Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak, bere aldetik, azpimarratu du azken 5 hilabeteetan “argazki eta titular asko, baina eduki gutxi” ikusi dituela Madrilen. “Ezer gutxi hitz egin da jendearen kezka eta arazoez, eta horren ondorioak euskal herritarrok ordaintzen ari gara”, esan du.

Zentzu horretan, EH Bilduk Madrilen presentzia “indartsua” izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du, “Madrilen erabakitzen diren gauza askok Euskal Herrian eta euskal herritarrengan eragin handia dutelako”. “Gaur hemen bildu garenak, EH Bilduko ekipoa, lanera doa Madrilera, lan zehatz bat egitera, euskal herritarren interes sozial eta politikoak defendatzera”, nabarmendu du Beitilarrangoitiak.

 

marian

 

Hain justu, azken hilabeteetan EH Bilduk erakutsi du zer den euskal herritarren interesak defendatzea Madrilen, eta hori herri ikuspegi batetik egitea. Hala, Madrilen egin dituen hilabete gutxian egin duena gogoratu du: pentsio duinak eskatzea, Garoñaren behin betirako itxiera eta desmantelamendua exijitzea, frackingari bidea ixtea, altzairuaren sektorea defendatzea, Espainiako Gobernuak azken urteetan Nafarroan onartutako 17 legeen aurkako errekurtsoak bertan behera uztea modu bateratuan adieraztea.

“Horixe izan da Madrilen egindakoaren ardatz nagusia eta baita egin nahi dugun lanaren helburu nagusia ere: euskal herritarren agenda, euskal herritarren interesak babesteko neurriak hemen adostu eta modu bateratuan, herri gisa, Madrilera eraman eta bertan defendatu. Erakutsi dugu posible dela, lan horrek emaitzak ematen dituela”, adierazi du.

 

Hauteskundeei buruzko informazio osoa: EH Bildu, Aukerak Zabaltzera Goaz! 

Gure elkartasuna ta babesa adierazi nahi diegu lan-hitzarmen duin baten alde borrokan ari diren Asuncion Klinikako langileei. 6 urte daramatzate hitzarmenik gabe eta soldatak izoztuta!
Irtenbidea: Publifikazioa. Tolosaldeak guztiz publikoa izango den klinika behar du!

EH Bilduko buruzagiak agur esan dio Legebiltzarrari, inhabilitazioa dela eta. “Giza eskubideen errespetua oinarri, guztiontzako herri bat eraiki nahi dugu”.

Hasier Arraizek harreman politikoak normalizatzeko deia egin du gaur Legebiltzarrean, EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritako inhabilitazioa dela eta bere azken osoko bilkura izan denean. EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du berak bezala berarekin batera epaituak izan diren kideek ere lagundu dutela “guztiontzako hobea den egungo eszenatoki politikoa eraikitzen”, lan horren ondorioz “espetxera joango ginatekeela genekien arren”.

Arraizen hitzetan, “egiazkoak izan daitezen bakea eta bizikidetza guztiontzakoak izan behar dira, eta deitoratzen dut benetan gaur hemen pertsona asko, gehiegi, falta direla indarkeria ezberdinen ondorioz; oso argi dut pertsona horiei guztiei memoria, aitortza eta erreparazioa zor diegula eta gure jardun politikoak, ahal den neurrian, senitartekoak eta lagunak galdu dituztenen sufrimendua arintzeko balio behar du”. Halaber, azpimarratu duenez, “bakea eta bizikidetza guztiontzat izan daitezen, euskal presoek ere hemen egon beharko lukete, espero dut batzuok epaitegietan eman dugun urratsak balio dezala espetxeetako ateak lehenbailehen irekitzeko”.

Iraganeko “eszenatoki politiko hark izan zuen okerrena –erantsi du– izan zen aurkariari gizatasuna kendu geniola, haren giza eskubideek ezinbestekoak izateari utzi zioten, eta modu horretan gu geu ere deshumanizatu ginen. Hori ezin da berriz gertatu; pertsona guztien giza eskubideen errespetua oinarri hartuta, guztiontzako herri bat eraiki nahi dugu. Hori da Euskal Estatua eraikitzeko oinarria”.

Horri jarraituz, harreman politikoak normalizatzeko deia egin du Arraizek, eta “EH Bildu eta EAJren arteko harreman berria” sortzearen alde agertu da, “gai askotan iritzi kontrajarriak ditugun arren, herri akordioetara ez iristea arduragabekeria litzatekeelako”. Halaber, PSErekiko harremana normalizatzeko unea delakoan dago Arraiz, “kalean jada normala denak politikan ere normala izan behar duelako”.

Gaur Europako eguna da. EH Bilduko kideok errefuxiatuen egoera salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dugu. Europar agintarien jarrerak lotsatu egiten gaitu. Beste Europa justu eta solidario bat posible da!

Koalizio subiranistak bi indar politiko independentistekin bilerak egin ditu Katalunia eta Euskal Herriko egoera politikoak aztertu eta hausnarketak konpartitzeko.

Kataluniako prozesua izan da bilera horietako gai nagusia baina Hego Euskal Herrian beste prozesu independentista bat nola jarri martxan ere aztertu dute.

Arnaldo Otegik “oso positibotzat” jo ditu bi bilerak eta duela gutxi arte “aurrez aurre” zeuden sektore ezberdinak “helburu beraren” inguruan batzea lortu duen prozesu “baketsu eta demokratikoarekiko” bere “miresmena” agertu du.

Otegiren arabera oso garrantzitsua da Espainiako estatuaren demokratizazioa posible dela uste duten sektore ezkertiar estatalistak ez ezik, autonomismoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duten nazionalismo historikoko sektoreak ere erakarriko dituen bide orri independentista “erakargarria” diseinatzea.

ERRAUSTEGIA: 2051. urterarte, urtero 31,5 milioi euro!
Erraustegiaren eraikuntza: 212 milioi €

Gehiago irakurri...

Azken 2 urteetan Villabonako udalak, Amasa Villabonan nazioarteko hainbat gai jorratu eta herritarrei lehen eskuko informazioa eskaintzeko helburuarekin antolatu izan du elkartasun astea. Gogoan dugu Kolonbiako egoerari buruzko pasa den urteko saio arrakastatsua.
Aurtengoan ordea, udalak ezer ez antolatzea erabaki du. 

‪#‎AtzerakaGoaz

 

elkartasun amavi 1 content

2015eko Elkartasun asteko egitaraua. 

EVEk Energiaren Euskal Erakundeak, eskertza publikoa egin dio Villabonako udalari. EAJk albistea zabaldu du, eskertza oraingo udal gobernuak egindako lanagatik izan dela ulertarazi edo saldu nahian.
Gogorarazten dizuegu, EVEk 2011-2015 legealdian udalak energia eraginkortasuna hobetzeko egindako ekintzak (kaleko argien energia kontsumoa gutxitzea, biomasa kaldera jartzea...) saritu dituela.

Gehiago irakurri...

Manifestu bat argitaratu eta atxikimenduak biltzeko kanpaina bat abiatu dute, anima zaitezte eta izenpetu manifestua webgune honetan: gurasos.org

Manifestuaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=5P0sZ0Aaeug&feature=youtu.be

Amasa Villabonako EH BILDUko kideok bat egiten dugu GuraSOS-en helburu eta ekimenekin. Erraustegiak seme-alaben osasunean izango dituen ondorioek kezka sortzen dien  Amasa Villabonako gurasoei elkarte honekin bat egiteko deia zabaldu nahi diegu. 

 

Nora Urbizu eta Leire Olasagasti Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotziek artikulu hau argitaratu dute.
Bertan, Agirre alkateak pasa den Osoko Bilkuran egindako adierazpenei erantzuten zaie. Agirrek ezbaian jarri zituen Nekane Txapartegik Auzitegi Nazionalean egin zituen tortura eta bortxaketa salaketak. "Ez dago frogatuta" esan zuen.

Gehiago irakurri...

Etiopia Utopia fundazioak antolatuta, "Afrikako begiradak" erakusketa ikusgai dago Gurea zineko erakusketa gelan. Tarte bat hartu, bertatik igaro eta argazki erakusketa zoragarri hau ikusteak benetan merezi du. Maiatzaren 21ean amaituko da erakusketa.
Bestalde, ostegunean 19:00etan "Proiektua kainaberak" hitzaldia eskainiko du Iosu Jauregi billabonatarrak udaletxeko balio anitzeko gelan.

Anima zaitezte.

TTIP-ren iruzurra agerian.
‪#‎TTIPLeaks‬-en bidez,Greenpeacek ezagutarazi du TTIParen atzean zer dagoen. Multinazionalen eta Estatu Batuen morroi izatera kontenatu nahi gaituzte!

Gehiago irakurri...

Gaur maiatzaren 17a, Homofobiaren aurkako eguna da.
HomoLesboBiTransfobiak egunerokotasunean bizi ditugu oraindik ere. Gure esku dago hauekin amaitzea.
‪#‎HomofobiarikEZ‬

Arnaldo Otegiren hitzak Bruselan, Europako ezkerrari buruzko konferentzian.
Merezi du tarte bat hartu eta bideoa ikusteak.

Gehiago irakurri...

Gogorarazi nahi dugu honako obra hau ere, aurreko legealdian EH Bilduko udal gobernuak onartu, eta aurrekontuetan konponketa lan hauek egiteko beharrezkoa zen dirua jarri zuela. Espero dugu urte luzez plaza honetan inolako arazorik ez izatea eta haur eta gazteek jolaserako gustora erabiltzea.

Amasa Villabonako EH Bilduko kideok bat egiten dugu SARE Herritarrak euskal presoen eskubideen alde martxan jarri duen ‪#‎HartuTrena‬ ekimenarekin.
Bihar 20:30etan Olaederra kiroldegian izango den kultur ekitaldira bertaratzeko deia zabaldu nahi diegu herritarrei. Gogoratu oraindik sarrerak salgai daudela Amasa Kafetegian.

Gehiago irakurri...

Egin itzazue erosketak herriko dendetan eta anima zaitezte Parisera bidaiko zozketan parte hartzera.
EH Bilduko kideok merkataritza txikiaren eta kontsumo eredu arduratsu eta justu baten aldeko apustu sendoa egiten dugu.

EH Bildu koalizioak batzar irekia egingo du larunbat honetan, apirilak 30, Villabonako Gurea zineko erakusketa gelan 11:00tatik aurrera. Batzar bereziki garrantzitsua izango da, bertan EH Bilduren eraberritzean eman diren urratsak publikoki aurkeztuko baitira eta EH Bilduko Herrigintza talde berriaren aurkezpen ekitaldia izango baita

Gehiago irakurri...

Gipuzkoako indar eraldatzaileok erraustegiaren aurkako eta hondakinen kudeaketan beste alternatiben aldeko akordioa lortu dugu. EH Bildu, Podemos, Ezker-Anitza eta Equo alderdiek sinatu dugu akordioa. Murrizketa, berrerabilketa eta berziklapenari BAI. Erraustegia EZ.

Pasa den igandea, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna izan zen, hori dela eta Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak preso politikoen aldeko mozio bat osatu eta udalean sarrera ematea erabaki du. Mozio honen bidez, Villabonako udalak munduan zehar dauden milaka preso politikoen existentzia bera, eta bere eskubideak erabiltzeagatik (adierazpen askatasuna, askatasun politikoa…) herritar askeen aurka zenbait estatuk erabiltzen duten errepresio politikoa salatzea da helburua.

Read More

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: