Albisteak
Lan honek torturaren kronika ilunari argia jartzea du helburu. Aurkezpen ekitaldia, ekainaren 14ean, asteartea, 19:30tik aurrera izango da Villabonako Subijana etxean.
Hau da Aritza Kultur Elkartetik plazaratu duten oharra:
Torturaren biktima izan diren herritar guztiei eskainiko diegu lan hau. Haien mina euren bakardadean eraman behar izan dutenei. Min horiek arintzeko asmoz eginda da lan hau, eta noski, salaketa ere bada. Memoria osoa eta bateratzailea izan dadin, hau ere kontatu egin behar baita.
Gonbidatuen artean, liburuko protagonistak izango ditugu, euren biziplenak lehen pertsonan kontatuko dizkigute, denen argitan haien sufrikarioaren neurria agerian jarriz. Modu berean, gurekin izango ditugu Mikel Egibar eta Lorea Bilbao, tortura kasuak Europako epaitegietan defendatzen ari dena. Berriki, Suitzan egon dira biak torturaren errealitatea eta Nekane Txapartegiren kasua Europan azaltzen.
Lander Etxeberria herritarra ere izango da gure artean, tortura jasan duen azken billabonatarra da bera. Eta nola ez, Joxe Arregiren lekukotza izango dugu. Bere gorputz ubelduak herri honen historia politikoaren kronikarik ilunena gordetzen du. Nekez ahaztuko ditugu irudi haiek.
Guretzat atsegin handia litzateke zu gurekin izatea.
"Hobetzeko entzuten" zikloa:
EH Bildu jardun politikoa hobetzeko asmoarekin, azken hilabeteetan, bilera erronda zabala egiten ari gara herri honetako eragile sozial, sindikal eta ekonomikoekin. Arnaldo Otegik duela gutxi EH Bilduko lehendakarigai aukeratuak ere, iragarri zuen aste batzuk hartuko zituela herritarrak eta eragileak entzun eta herri honen errealitatea lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin.
Ideia horrekin, eta herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak zuzen-zuzenean entzuteko helburuarekin, ‘Hobetzeko entzuten’ ekitaldi zikloa eginten ari da EH Bildu. Ekitaldi horietan EH Bilduko beste ordezkariak herritarrekin harreman zuzenean jarriko dira, eta haien galderak eta kezkak erantzungo dituzte. XXI. mendeko asanblada eredua irudikatzen ari gara eta herritarrekin elkarrizketa zuzenak izango ditugu.
- Amasa Villabonan ere "Hobetzeko entzuten" ziklo honen baitako ekitaldia antolatu dugu:
Ekainaren 6an 19:30etan Malkar plazan izango da eta Marian Beitialarrangoita EH Bilduren Gipuzkoako zerrenda-burua Kongresurako eta Aitzol Cajaraville Zumarragako Arcelor-eko langilea eta EH Bilduko hautagaia izango dira herritarrei entzun eta galdera edo kezkei erantzuteko prest.
Amasa Villabonako EH Bildutik deialdi berezia egin nahi diegu herritarrei, ekitaldi honetara gerturatu eta beren galdera, proposamena edota hausnarketa gurekin eta aipatutako EH Bilduko hautagaiekin elkarbanatu dezaten. Guk herritarrei entzun eta herritarrekin batera lan egin nahi dugulako.
Villabonako Udalean EAJko Udal Gobernuak paralisi egoera batean, geldirik, blokeatuta eta inolako ekinbide politikorik gabe jarraitzen duen bitartean, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak lanean jarraitzen du. Aste honetan ere (alkatearen dimisioaren ondorengo astea izanik, udalean giro nahasia dagoen honetan) bi proposamen osatu eta udalean erregistratu ditu EH Bilduk.
Hau da Udalean erregistratu diren proposamenen dokumentuek diotena:
1. Udaleko Osoko Bilkurak grabatzeko eta bertan esandako guztiak aktan objetiboki jasotzeko proposamena:

Villabonako udaleko apirileko Osoko Bilkurako irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Villabonako udaleko Osoko Bilkuren ondoren jasotzen ditugun Akta dokumentuetan, ez dira bilkuran egindako adierazpen guztiak jasotzen. Aktetan orokorrean osoko bilkuran esandakoak biltzen badira ere, uste dugu aktak bilkuran egindako adierazpen guzti guztiak bildu beharko lituzkeela modu zehatz batean. Horretarako neurri zehatzak hartzea proposatuko dugu.
Osoko bilkurak erabat publikoak direla kontuan izanik, bertan esandakoak Akta ofizialean modu zehatz eta objektibo batean biltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta udalak gaur egun horretarako erabiltzen dituen bitartekoak ez dira nahikoak zeregin hau behar bezala egiten dela ziurtatzeko.
Bestalde, udalak duen erabaki organo gorena den osoko bilkura, gizarteratu, herritarrengana gerturatu eta gardentasunean aurrera urrats bat emateko, modu egokia izan daiteke Bilkura hauek grabatzea eta publiko egitea.
Hau kontuan izanda, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko udal-taldetik honako eskaera hauek egiten ditugu:
1. Villabonako udalak, Osoko Bilkuretan esandakoak bilduko dituen audioa grabatzeko beharrezko bitartekoak (tekniko eta humanoak) jar ditzala.
2. Audio edo grabazio horiek publiko egitea.
3. Idatzizko akta osatzean transkripzio literalen bidez egitea, bilkuran esandakoak modu objektibo batean jasoz.
4. Osoko Bilkurak bideoz grabatzeko eta ondoren bideo horiek argitaratzeko dauden aukerak aztertzea.
2. Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, Villabonako udalak ere tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzeko proposamena:

"Elkartasuna eta itxaropena" elkarteko kideak tapoiak biltzeko edukiontzia aurkeztu zuteneko irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, "Elkartasuna eta Itxaropena" elkartearen bidez Gipuzkoako hainbat herritan egiten den moduan, Amasa Villabonan ere akordioa sinatzea eta tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzea proposatzen dugu.
Gure ustez, tapoi bilketa guneak herriko supermerkatu handietan, eta udal eraikinetan egin daiteke inolako arazorik gabe.
Aipatutako elkartearekin harremanetan jartzeko posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia helaraziko dizkizuegu.
Amasa Villabonako EH Bilduko kideok bat egiten dugu, Kontseiluak antolatuta larunbat honetan 17:30etan Iruñeako Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioarekin.
Nafarroan aldaketa politikoa eman da, baina oraindik oztopo nabarmenak daude euskarak behar dituen aldaketa guztiak egin ahal izateko. Aldaketa euskaratik eta euskaraz egin ahal izateko, garrantzitsua da euskalgintzak eta nafar euskaltzaleak indarra egitea eta zentzu horretan manifestazio hau mugarri izatea espero dugu.
Azkenik, Amasa Villabonako herritarrei manifestazio honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu. Euskaraz bizi nahi dugu!
Amasa Villabonako EH Bildutik, azken egunetan Donostian Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolatutako mobilizazio herritar eta baketsuen kontra, Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erakutsi duten jarrera bortitz eta oldarkorra salatu nahi dugu. Gipuzkoa Zutik, mugimendu herritarra da, espontaneoa, alaia, irudimentsua eta aldarrikapenak egiteko modu baketsua erabiltzen duena.

Mugimendu honen sorrera, Gipuzkoan EAJ eta PSEk inposatu nahi diguten erraustegiak gizartearen sektore zabaletan sortzen duen kezkaren islada garbia da, eta horrek ezinegon nabarmena sortu du Donostian eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintean dauden alderdi politikoetako arduradunen artean.
Baina ezinegon politiko horren ondorioz Udaltzaingoak eta Ertzantzak jokabide bortitza izatea, ez da bidezkoa. Gure ustez indar polizial hauek herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen ari dira, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea adibidez.
Beraz, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erakutsi duten jokabide antidemokratiko eta bortitzekin behin betiko amaitu dezatela eskatzen diegu Donostiako udalari eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailari.
Amasa-Villabonako hainbat herritarrek antolatuta, aurtengo Santioetan, zehazki uztailaren 30ean SANTIOTAN KANTARI ekimena izango dugu. Herritarren parte hartzea bilatzen dute antolatzaileek eta gaur, ekainaren 1ean 20:00etan Aljibean izango da lehen entsegu-saioa. Hurrengo saioak ekainaren 15ean, 29an eta uztailaren 13an izango dira leku eta ordu berean.
EH Bilduko kideok festa herrikoi eta parte hartzaileen alde gaudenez, herritarrak animatu nahi ditugu ekintza polit honetan parte har dezaten.
Amasa Villabonako hainbat igerilari datorren uzatailaren 2 eta 3an Santurtzin izango diren Euskal Herriko txapelketarako sailkatuta daude proba ezberdinetan. Aiara Altuna, Irati Soto, Maddi Matilla eta Iraia Otegi dira sailkatu direnak. Zorionak denei!
Bestalde, pasa den larunbatean, ekainak 4, Gasteizen jokatu zen "Nuria Sanchiz" memorialean bikain aritu ziren Tolosaldea IKT taldeko igerilariak, tartean Amasa Villabonako igerilariek ere saio oso ona egin zuten. Guztira Tolosaldeko 26 gaztek igeri egin zuten eta bakoitza bere mailan, denbora oso politak egin zituzten. Igerilari gazte bakoitzak bi frogatan parte hartu zuen eta honetaz gain gehienak 25 metroko sprin sarian ere parte hartzeko aukera izan zuten. Orain arteko lanaren emaitzak jasotzen hasiak dira kirolariak eta ia gehienak euren denbora hoberenak egin zituzten.
Tolosaldea IKT taldeak eskualdeko igerilari gazte asko biltzen ditu eta kirol honi bultzada garrantzitsua ematen ari zaio gure herrian ere, Amasa Villabonako gazte ugari baitabiltza talde honetan. Segi horrela! AupaTolosaldea IKT!
Pasa den igandean Donostian erraustegiaren aurka milaka lagun mobilizatu ondoren, astelehen honetan izan den udalbatzan EH Bildutik galdera luzatu genion Udal Gobernuari: "Duela aste batzuk Usurbilgo alkateak gutuna bidali zuen Villabonako udalera, Erraustegiaren gaia udalbatzara eraman eta Villabonako udala posizionatzea eskatuz. Eskaera hori ez da bete eta PNVk ez du gaia Villabonako osoko bilkuran eztabaidatu nahi izan, zergatik?"
Agirreren erantzuna: "Guri ez digulako afektatzen eta ez delako gure konpetentzia".
Argi dago herritarren osasunaren eta ingurumenaren gainetik, Agirrek eta Villabonako PNVk Gipuzkoako Diputazioarekin eskuz esku, erraustegia inposatu nahi digutela baina ez dute inole ere publikoki erraustegiaren alde daudela esan nahi. Zergatik ote?
EH Bildu koalizioak antolatuta, atzokoan 50 lagun inguru bildu ginen Malkar plazan egin zen "Hobetzeko entzuten" ekitaldian. Herritarrek hainbat galdera egin zituzten: LOMCE, lan erreformak, osasun publikoa, enpresari txiki eta ertainak, genero berdintasuna, euskara eta beste gai batzuk izan ziren hizpide. Marian Beitialarrangoitia eta Aitzol Cajaraville EH Biduko kongresurako hautagaiek, herritarren galdera eta proposamenei erantzunak ematen aritu ziren ordu bete pasatxoan.
Amasa Villabonako EH Bildutik ekitaldi honen balorazio oso positiboa egiten dugu, herrian bertan, kalean, herritarrek galdetzea eta arduradun politikoek erantzunak ematea beti da interesgarria eta aberasgarria. EH Bilduko kideok herritarrei entzun eta jendearen kezkei irtenbidea bilatzeko bideak proposatzeko ari gara lanean.
Zentzu berean, aste honetan hasten den hauteskunde kanpainan, herritarrekin egon eta adi entzutea jarri dugu lehentasun gisa eta hainbat egunetan kalean izango gara EH Bilduk egiten dituen proposamenak azaltzeko eta hauteskunde hauetan herritarrei beren konfidantza emateko, boto eskaera egiten. Datozen egunetan aurkeztuko dugu hauteskunde kanpainarako prestatu dugun ekintza-plana.
Amasa Villabonako EH Bildutik ere, beste hainbat eragile eta sindikaturekin batera, datorren igandean, maiatzak 29, osasunaren alde eta erraustegiaren kontra Onkologiko eta Diputazio bitartean egingo den giza-katea osatzeko deialdiarekin bat egiten dugu.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu du ekimena eta mugimendu honek herritarrei deia zabalu die izena lehenbailehen eman dezaten, igandea bitartean antolakuntza-lanak ahalik eta txukunen burutu ahal izateko.
Ibilbidea 9 gunetan banatua dago, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzari zati bat egokitu zaio. Izena aldez aurretik emateko helburua da parte-hartzaileak ibilbidean zehar era orekatuan banatua egotea. Informazio guztia, erraustuez.org webgunean aurkitu daiteke.
Amasa-Villabonako herritarrek 11:00etatik 11:30etara Anoeta estadioaren aurrealdean dugu hitzordua, ibilbideko 4. zonaldean kokatuko garelarik.
Giza-katean izena emateko bi aukera daude:
– Gipuzkoako herri gehienetan badago lantalde bat tiketak banatzen ari dena. Gainea, Zubieta inguruko herrietan mahaiak kalean jartzen ari dira tiketak eskuratzea errazteko.
– Interneten bidez ere izena eman daiteke, erraustuez.org webgunean sartuta.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak zabaldu duen oharrak dio amaitzeko: “Igandean Gipuzkoan ikusiko da zein den Zubietako erraustegiak eragiten dituen samina eta kontrakotasuna. Erraustegiaren eraikuntza kosta hala kosta aurrera eraman nahi duenak entzun beharko gaitu. Igandean erraustegiaren aurka gaudenok ezinbesteko hitzordua dugu, atera gaitezen kalera!”
Gaur argitaratu duten oharrean, Villabonako udaleko langileek Iban Agirre alkateak dimisioa aurkeztu ondoren emandako azalpenek ezinegona sortu diela adierazi dute eta bestalde, EAJko udal ordezkari batek dimisioaren hurrengo egunean langileei emandako hitza ez duela bete salatu dute.
Hemen duzue udal langileek argitaratu duten gutuna:
Joan den ostegunean Villabonako alkateak egindako adierazpenen aurrean, gaur goizean udal langileek asanbladan onartutako oharra:
Joan den ostegunean harriduraz jakin genuen oraindik Villabonako alkatea den Iban Aguirrek idatzia aurkeztu zuela karguari uko eginez, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Gure harridura handiagoa izan zen, ordea, komunikabide batzuetan, alkateak bere kargu uztea –nahiz eta modu anbiguoan izan– Udalean zegoen lan giro txarrari eragotzi zionean.
Hurrengo egunean, EAJ-PNV-ko udal taldeko kide batekin elkartu ginen alkatearen aipamenengatik gure ezinegona helarazteko, eta eskatzeko bere udal taldeak publikoki argitu zezala egia ote zen lan giro txarra zegoela, udal langileei zegokienez behintzat. Jaso genuen erantzuna izan zen alkatearen adierazpenek bere iritzi pertsonala isladatzen zutela, eta alderdiak adierazpen hori publiko ez egitea eskatu ziola. Gure eskaera ulergarria eta zentzuzkoa zela esan zitzaigun, eta ostiral arratsaldean publiko egin behar zuten prentsa oharrean saiatuko zirela hori jasotzen; hala ere, azkenean argitaratutako prentsa oharrak ez zion inolako erreferentziarik egiten ez langileei, ez lan giroari.
Kezkagarria iruditzen zaigu udal langileak erruduntzat jo nahi izatea, lan giro txarraren kulpa botaz, gure ustez lan giro txar hori ez dagoenean. Era berean, tristea iruditzen zaigu alkatearen udal taldea komunikabideetan kezkatua agertzea talde barruan egon daitezkeen barne tentsioei buruzko zalantzak uxatzen, eta ez udal langileen lana defenditzen.
Azkenik, udal langileok argi utzi nahi dugu villabonatarrei zerbitzua emateko dugun konpromisoa, haientzako lan egiten baitugu, eta, bide batez, hurrengo alkateari eskua luzatu nahi diogu gure udalerriaren alde elkarlanean aritzeko, betiere elkarrekiko konfiantzan eta errespetuan oinarrituz".
Amasa Villabonako EH Bildutik, udal langileen kezka eta ezinegona guztiz ulertzen dugula adierazi nahi dugu. Pasa den astean alkatearen dimisioaren ondoren publiko egin genuen oharrean ere esan genuen: "Ez da bidezkoa Agirrek eta EAJko udal taldeak Villabonako udala gobernatzeko erakutsi duen ezintasuna, langileen jarrerari leporatzea."
Bakartxo Tejeria presidentea buru duen Gasteizko legebiltzarreko mahaiaren erabaki hau gogor gaitzesten dugu. PPren eta PSEren euskararekiko errespetu faltak ez gaitu harritzen, ez da berria, baina oso larria da EAJk ere euskararen eta euskaldunon aurkako eraso horri babesa ematea. EH Bilduko legebiltzarkide taldeak kexa formala ezarri du erabaki lotsagarri honi aurre egiteko. Nahikoa da! Euskaraz bizi nahi dugu!
Hemen duzue EH Bilduk zabaldu duen albistea: http://ehbildu.eus/eu/instituzioak/gasteizko-legebiltzarra/9732
Pasa den larunbatean Tolosan, Giltzarria adierazpenaren aurkezpen publikoa egin zen herritar ugari eta anitzek lagunduta eta bertan jakinarazi zuten albistea: "Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu; herriari galdetzera goaz".
Tolosaldeko herritarrek egindako agerraldia. Iturria: ataria.info
GILTZARRIA ADIERAZPENA
Erabakiaren aroa abiatu da Euskal Herrian, eta erabakiaren aroa abiatzera goaz Tolosaldean. Adierazpenak dira bide horretan lehen geltokia, gaur, hemen, argitara ematen dugun adierazpena. Gure Esku Dagok, baita Tolosaldean ere, hausnarketa sakona egin du. Berau oinarri hartuz, hemen bildu garenok errealitate dugun Giltzarria adierazpena aurkezten dugu. Erabakia gaur eta hemen errealitate bihurtu nahi dugulako. Erabaki historikoak tarteko Tolosaldea 28 herrik osatzen dugu, batzuk herri izatea erabaki zutelako, herri izan nahi zutelako. Orain, herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinisten baitugu, eta horretarako, herriari entzuteko tenorea iritsi dela deritzogu. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritze bidean, Tolosaldean egingo dugun ekarpena da honakoa. Nolako Euskal Herria nahi dugun erabaki nahi dugu, eta hori, euskal herritarroi dagokigu. Erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena da, bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria.
Gurea erabaki nahia da; demokrazia ariketa sinplea, baina konplexutasunez betea. Horregatik, hemen bildu garenok ondorengoa adierazi nahi dugu:
1- Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela.
2- Erabakitze eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak sortu ditugula eskualdean, abiatuko dugun bidea zilegitzen duena.
3- Erabakitze eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula; herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua.
4- Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula.
Horretarako, herritar ororen parte hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa hau aurrera era- mateko. Guztiok gara giltzarria. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria. Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, 2017ko udaberrian hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu, herriari galdetzera goaz. Horretarako, Tolosaldeko herritar anitzek osatutako batzordeak gidatuko du galdeketa bitarteko prozesua. Herritarroi berau sostengatzea dagokigu hurrengo hilabeteetan bultzatuko den sinadura bilketaren bidez. Gaurkoa, lortu dugun adostasunaren adierazle da. Gurekin bat egin dezazun eskatu nahi dizugu, hori baita demokrazia ariketa honi zilegitasuna emateko bidea.
Adierazpen honen bidez jakinarazi du Tolosaldeko Gure Esku Dagok datorren urtean galdeketak egingo direla eskualde osoan. Eskualdeko 200 eragile eta pertsona esanguratsu baino gehiagoren babesa jaso du dinamikak ondutako adierazpenak, tartean Amasa Villabonako herritar asko; beraiek izan ziren protagonistak, Tolosako Aranburu Jauregiaren alboko Euskal Pizkunde plazan egindako aurkezpen ekitaldian.
Datorren urteko olatura beste 28 herri batu dira, beraz —50.000 biztanle inguru—: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania- Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu- Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, eta Zizurkil. ERABAKITZERA GOAZ!
Amasa Vilabonako EH Bildun pozez eta ilusioz hartu dugu albiste hau, atzo Goierrin, Debagoienan, Azpeitian etab. egindako ariketa demokratiko zoragarria, Amasa Vilabonan egingo dugu laster, eta hori oso albiste pozgarria da erabakitzeko eskubidea eta independentzia lortu nahi dugunontzat.
Amasa Villabonako EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu Adunako Unipapel-eko langile guztiei, eta bereziki oraingoan kaleratuak izan diren 17 langileei eta beren familiei.
Kaleratze lotsagarri hauen aurrean gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude. Lanpostuen defentsarako borrokan, langileek ondoan izango gaituzte.
Hau al da PNVk behin eta berriz errepikatzen duen "errekuperazio ekonomikoa"? EH Bildutik, gure industria babesteko emergentzia plana eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
Hemen duzue duela ordu batzuk Ataria.info-k argitaratu duen albistea: Hamazazpi langile kaleratuko dituzte Unipapeletik, Atatia.info
Billabona Kirol Elkarteko futboleko infantil mailako gaztetxoen taldeak Gipuzkoako Kopa irabazi du Zumaiako F.T. taldeari irabazita. Orion jokatutako finalean herrikide asko izan dira (autobusa ere antolatu da) eta partidua berdinduta bukatu ondoren, penalti jaurtiketetan irabazi du talde billabonatarrak. Zorionak! eta jarraitu jolasten, ondo pasatzen, lagunak egiten eta gozatzen! Aupa Billabona!
EH Bilduko oinarriek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri eta auzoetan egindako batzarretan Arnaldo Otegi aukeratu dute beren lehendakarigai, udazkenean egingo diren hauteskundeetarako.
Bihar, asteazkena, hilaren 25a, 'Hobetzeko entzuten' ekitaldi zikoko bigarren hitzaldia egingo da Bilboko Euskalduna jauregiko erakusketa aretoan (joan den larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan egindakoa izan zen lehendabizikoa). Arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldi ireki hori izango da Otegiren lehen agerpen publikoa lehendakarigai gisa. XXI. mendeko asanblada eredua irudikatzen da ekitaldi horietan, eta herritarrek aukera zuzena daukate Otegiri eta EH Bilduko beste ordezkari batzuei galderak eta proposamenean modu zuzenean bideratzeko.
Asteburu honetan Behar-Zana elkarteak bere 70. urteurrena ospatuko du. Urtero bezala, urteurreneko ekitaldietan ez dira afariak, tanborrada eta pilota faltako. Larunbat arratsaldean 16:30etatik aurrera pilota jaialdi dotorea izango da Behar-Zana frontoian eta ondoren izango dira afaria eta tanborrada.
Amasa-Villabonako EH Bilduko kideon partetik, ZORIONAK BEHAR-ZANA! eta jarrai dezala elkarteak eta pilotak beste horrenbeste urtetan gutxienez!
Beste urte batez, Aiztondo bailara eta El Salvador herrialdeko Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea ospatzeko SENIDETZE EGUNA izango dugu, aurtengoan Asteasun izango dugu zita.
Egitarau zabala izango da:
- 12:00etan Harrera instituzionala Udaletxean.
- 13:00etan Harrera herrikoia plazan: Bertsolariak, kantua, trikitilariak, aurreskua...
- 14:00etan Kalejira txistulari eta trikitilariekin.
- 14:30ean Bazkari herrikoia. Bazkarirako txartelak Iratzar tabernan eta Amasa okindegian daude salgai.
- 16:30ean Erromeria eta Toka txapelketa.
Aurtengoan Zizurkilekin senidetuta dagoen Kataluniako LLadó-ko herritarren bixita izango dugu eta bazkari herrikoia beraiek prestatuko dute.
Amasa Villabonako EH Bildutik, herritarrei ekimen hauetan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu. Anima zaitezte!
Lehenik eta behin, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak Iban Agirrek hartutako erabakia guztiz errespetatzen duela adierazi nahi du.
Era berean, EAJ alderditik eman diren azalpenetan udaleko langileei egiten zaien kritika, onartezina dela iruditzen zaigu. Ez da bidezkoa Agirrek eta EAJko udal taldeak Villabonako udala gobernatzeko izan duen ezintasuna, langileen jarrerari leporatzea.
Gaur 20:00etan Kale Nagusiko 59. zenbakian dugun egoitzan, dimisio honen nondik norakoak eta udalean izango dituen ondorioak azaltzeko, batzar informatiboa egingo dugu.
Tolosaldeko EH Bilduko hainbat alkatek eta TOPA (Tolosaldea Osasun Puplikoaren Alde) plataformak Gasteizko Legebiltzarrean hitza hartu ahal izan dute gaur. Osasungintza arloko konbenioa eta Asunción klinikaren egoera zorrotz azaldu ditu TOPAko ordezkariak eta aurkeztutako datu objetiboek argi erakusten dute Osasungintza Publikoak Tolosaldean dituen hutsune eta gabezia onartezinak.
EH Bildutik, Tolosaldean osasun zentro edo klinika guztiz publiko baten aldeko apustua berresten dugu eta gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude gure eskualdean osasun zerbitzu guztiak publiko eta unibertsalak izan daitezen, Asunción klinikaren publifikazioa barne.
.

















