Gipuzkoa Zutik mugimenduko bi kide legez kanpo atxilotzea egotzita, hiru ertzainen aurkako ikerketa abiatu du Donostiako Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak. Ekainaren 2an izan ziren atxiloketak, Donostiako Gipuzkoa plazan, errausketaren aurkako ekintzaileek bertan egindako bosgarren egunean: Ertzaintza plazan agertu zen goizez, eta identifikatzeko eskatu zien han zeudenei, baina protestaren partaideek uko egin zutela ikusita, bi lagun eraman zituzten poliziek, indarkeria erabiliz, ingurukoek orduan salatu zutenez. Kereila aurkeztu zuten atxilotuek, eta tramitera onartu du epaileak. Gipuzkoa Zutik-eko kideek salaketan deskribatutako ekintzak delitu izan daitezkeela adierazi du epaileak txostenean. Identifikatuta dauden hiru ertzainen jarduna ikertzeko diligentziak abian dira. Azaroaren 2an epaitegira agertu beharko dute poliziek. 

21 egunez plazan. Maiatzaren 29an hartu zuten mugimenduko kideek Gipuzkoa plaza, aldundiak Zubietan egin nahi duen errauste plantaren aurkako mobilizazio baten ostean. Azpiegitura hori sinbolo gisa hartuta, sistema ekonomiko eta politiko osoaren kritika egitea zuen xede mugimenduak. Protestak iraun zuen 21 egunetan tentsio une ugari izan zituzten poliziekin: ia egunero agertu ziren ertzainak zein udaltzainak kanpalekuan, protestariak identifikatzeko hasieran, eta plazatik edo Bulebarretik botatzeko gero.

 

Amasa Villabonako EH Bildutik, pasa den ekainean Gipuzkoa Zutik mugimenduaren baitan modu erabat baketsuan parte hartu zuten pertsonen kontra, Ertzaintzak (eta baita Donostiako Udaltzaingoak ere) izandako jokabidea salatu genuen eta beraz, ikerketa judiziala burutu izana berri pozgarria dela pentsatzen dugu. Ertzaintzaren jokabide bortitz eta oldarkorra guztiz ulergaitza izan zen eta bistan geratu denez, baliteke atxiloketa ilegalak ere egin izana. Bada garaia herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten EAEko polizia autonomikoaren jokabide antidemokratiko eta bortitzekin bukatzeko.