- 03 Abuztua 2017
2015-2019 legealdiaren erdia igaro den honetan, Amasa Villabonako EH Bildutik Villabonako udalaren jarduerari dagokion balorazio hau aurkezten dugu. Jakina denez, 2015. urteko udal hauteskundeen emaitzek PNV udal gobernuan eta EH Bildu oposizioan kokatu zituzten. Hauteskunde haiek galdu genituen eta egin beharreko autokritika ariketa egin, herritarrekin partekatu eta sakon hausnartu ondoren, EH Bilduko udal taldea antolatu eta lanari ekin genion.
Legealdi erdiaren balorazio honetan, lehenik eta behin EH Bilduko udal taldearen lanaren errepaso labur bat egingo dugu eta ondoren PNVk gidatutako udal gobernuaren eta PSEko zinegotziaren jarduna baloratuko ditugu:
EH Bilduko udal taldea: Oposizio serio eta zorrotza, jarrera eraikitzailea.
Gure udal taldea sei zinegotzik osatzen dugu, billabonatarrak denak, eta bi urte hauetan udalean egon gara egunero, hutsik egin gabe. Legealdi hasieratik udal gobernuari kontrol politiko zorrotza egiten aritu gara, hori baita tokatzen zaiguna.

EH Bilduko udal taldeko kideak Amasa Villabonako hainbat lagunekin batera.
Baina ez gara soilik kontrol eta jarraipen lana egitera mugatu, gure herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea garatu dugu eta dozenaka izan dira udalean egin ditugun ekarpenak (alkatearentzat eskaerak, proposamenak, negoziazio bilerak etab.) Adibide ugari jar genitzake, hona hemen batzuk: 2016ko aurrekontuetarako 11 emendakinen proposamena, kutxazain automatikoak kalean izategatik bankuei tasa bat kobratzeko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena, Memoria eta bizikidetza batzordea sortzeko eskaera, Euskaran Ados lan mahaia berraktibatzeko eskaera, Emakumeen eguneko ekintzetarako proposamen ezberdinak etab. EH Bilduko udal taldeak herriaren ongizatearekiko konpromisoari eusten dio, alternatiba izateari uko egin gabe, baina aldi berean emaitza positiboak eman ditzaketen elkarrizketari eta akordio posibleei ateak zabalduz.
EAJ-PNVren Udal Gobernua: Geldotasuna, utzikeria eta inprobisazioa nagusi
Bi urte hauetan PNV alderdiak Villabonako udala gobernatzeko ezintasun nabarmena erakutsi du. Orokorrean, aurreko legealdian bideratuta utzitako proiektuei nolabaiteko jarraipena ematera mugatu dira eta kasu gehienetan atzerapenarekin gainera (urte terdiko atzerapena pilatu duen herri baratzen proiektua eta oraindik egin gabe dauden mendi bizikleten ibilbideak kasu). Gobernu honek iniziatiba falta izugarria utzi du agerian, ez du bere kabuz ia egitasmo edo proiektu berri bakar bat ere mahai gainean jarri eta udaletxearen gestioa aurrera eramatera mugatu da, hori ere modu nahiko traketsean.
Legealdi honetan egitekoak ziren hainbat proiektu geldiarazi dira, azpimarratzekoa da herrian espazio estali berri bat izateko aspaldiko eskaerari erantzuten zion eta herritarren bozka zuzenaren bidez aukeratua izan zen Larrea auzoko parkea estaltzeko proiektua baztertu izana.

Larreako parkea estaltzeko proiektu irabazlearen irudia.
Aipatzeko moduko egitasmo bakar bat jarri da martxan legealdi honetan: Herritarren arreta zerbitzua (HAZ) delakoa. Proiektu honen bidez, bulego berriak zabalduko dira udaletxeko behe solairuan eta horrek udalak herritarrei eskaintzen dien arreta nabarmen hobetuko duela aurreikusten da. EH Bilduk proiektu honi babesa ematea erabaki zuen, zerbitzu honek herritarrei arreta eraginkorragoa ematea ahalbidetuko duela pentsatzen dugulako. Baina beste behin, PNVren udal gobernua lan egiteko erakusten ari den geldotasunagatik egitasmo hau ere atzerapen handia pilatzen ari da. Herritarren arreta zerbitzu berria 2017 hasierarako martxan izatea zen helburua baina martxa honetan ez dirudi urtea amaitu baino lehen gauzatuko denik. Hau al da “erritmo onean” aurrera egitea?
Duela gutxi argitaratutako bere aldizkarian, besteek egindako lana beraiek egin balute bezala saldu nahi izan du PNVk. Manipulazio saiakera horren aurrean, gogorarazi behar dugu Oria ibaiaren zabaltzea, Zubimusu zubiaren eraberritzea eta Ula atzeko kalearen eraberritzea pasa den legealdian EH Bilduko udal gobernuak URA agentziarekin egindako hitzarmenari esker egindako obrak izan direla, Baratze ekologikoen parkea ere aurreko legealdian onartu eta guztiz bideratuta utzi zela, Memoria eta bizikidetza batzordea EH Bilduren eskaerei esker jarri dela martxan, Amasan egiten ari diren etxebizitzak iniziatiba pribatuarekin egin direla eta udalak lagundu baino gehiago trabak jarri dituela, Zinea kudeatzeko Elizarekin egindako hitzarmenari “esker”, orain udalak alokairu bat ordaindu behar diola elizari, lehen zinea doan kudeatzen zuenean, Oriamendi auzoko urteurren jaia bizilagun talde batek antolatu zuela, udalaren eta alderdi politikoetatik aparte eta beste hainbat adibide ere jar genitzake. Herritarrak engainatzeko asmoz, informazioa era lotsagabe horretan manipulatzeari uzteko eskatzen diogu PNVri.
Galder Azkue eta Joxe Mari Luengo (EH Bildu) Oria ibaiko proiektu osoa egiteko URArekin egindako akordioa aurkezten, 2015eko martxoan
Bestalde, utzikeria eta lan egiteko gogo gutxi ikusi ditugu PNVko hautetsien aldetik. Ingurumen batzordea desegitea erabaki zuten, ingurumen saileko gaiak hirigintzara pasaz. Erabaki horrek ingurumen saileko gaiak landu gabe eta bazter batean geratzea eragin du. Euskara, kultura, hezkuntza, gazteria eta kirola sailak ia abandonatuta utzi dituzte, ia ez da egiten sail hauetako batzorderik, dirudienez gai hauek ez dute garrantzirik Villabonako PNVrentzat. Euskara batzordearen kasua argigarria da, 2 urtean 4 euskara batzorde egin dira, aurreko legealdian batzorde hau hilero biltzen zenean. Gogorarazi nahi dugu udal batzordeak direla sail bakoitzean dauden gaiak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko udalak dituen foroak. Argi gelditzen ari da udaleko zinegotzi jeltzaleei ez zaiela herriko gai ezberdinen inguruan hitz egin eta eztabaidatzea batere gustatzen, nahiago dute erabaki ia denak alkatetza-dekretu bidez hartzea EH Bilduko zinegotziek parte hartzen duten udal batzordeetan azalpenik eman behar ez izateko. Gainera EH Bildutik egiten zaizkien galdera edo interpelazioek, gehienetan isiltasuna izaten dute erantzun gisa. Badirudi udaleko jeltzaleek eztabaida politiko irekiari beldurra diotela. Hau al da Villabonako PNVk aipatzen duen elkarrizketan oinarritutako estilo berria?
Zentzu honetan, aipatzekoa da PNVko zenbait zinegotzi (Amasa Villabonatik kanpo bizi direnak bereziki) ez direla udalera apenas agertu ere egiten, osoko bilkurara etorri eta bozka emateko ez bada.
Udal gobernu honek herritarren parte hartze aktiboa albo batera utzi du. PNVk agintean daraman bi urte hauetan, aurreko legealdian parte hartzean emandako aurrera urratsak geldiarazi nahi izan dituzte. Besteak beste, Ados! parte hartze mahaiak eta udaleko parte hartze batzordea desagerrarazi edo geldiarazi dira eta herritarrei ez zaie beren iritzi eta proposamenak bideratzeko inolako aukerarik eskaini (udalak inkestak egiteari utzi dio). PNVk ez du herritarren ahalduntzean eta parte hartze aktiboan sinesten, lau urtean behin botoa ematera mugatzen diren herritar pasiboak nahi ditu. Argi geratu zaigu jeltzaleei ezerosoa egiten zaiela herritarrek beren kabuz edo modu antolatuan proposamenak edo ideiak mahai gainean jartzea.

2014an udalaren parte hartze ordenantza egiteko prozesua. Dozenaka herritar eta eragilek parte hartu zuten.
Maria Luisa Arija PSEko zinegotzia; PNVren segidismo itsua
Azkenik, bi urte hauetan PSEko Maria Luisa Arija zinegotziak garatu duen jarduna ere baloratu nahi genuke. Orokorrean Arija andreak PNVko 7. zinegotziaren papera jokatu duela esan genezake. PSEko ordezkaria izanik, modu autonomoan aritu eta udalaren politikak baldintzatzen saiatu beharrean, udal gobernuaren muleta zintzoa izatea erabaki du. PNVri ahoz kritika zorrotzak egitea eta segidan egiten duten guztiari babes sistematikoa ematea izan da Arija andrearen jokoa. Penagarria iruditzen zaigu bere burua ezkertiar gisa aurkeztea eta aldi berean PNVren politikei itsu-itsuan babesa ematea, EH Bildutik egindako proposamenei eta ezkerreko politikak garatzeko akordio posibleei beti ateak itxiz. Behin baino gehiagotan ikusi dugu Arija andrea PNVko zinegotziei zer bozkatu behar duen galdetzen, egiten ari den "lanaren" adierazgarri.


