- 14 Ekaina 2017
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Hezkuntza Sailburuari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari, onartezina delako langileak horrela tratatzea eta ordezkapenak egiteko zerrenda bat-batean eta soilik bi egunetarako irekitzea.
EH Bilduk Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko gerentea Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, haurreskoletan ordezkapenak egiteko zerrendaz egiten ari diren kudeaketa “lotsagarria eta onartezina” delako, Rebeka Uberak legebiltzarkideak salatu duenez. Sindikatuen eskariei muzin eginez, Partzuergoak ordezkoen zerrenda sei urtez itxita izan du, baina astelehenean bat-batean ireki zuen, izena emateko epea bi egunera mugatuta. Gainera, lanpostuak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dituela iragarri zenez, 500 lagun inguruk pasatu behar izan zuten gaua Partzuergoaren egoitzaren aurrean, Eibarren, izena ematen lehengo postuetan izateko.

Iladak izugarriak izan ziren eta askok gaua ere bertan pasa behar izan zuten
“Gertatutakoa Partzuergoaren inprobisazioaren, aurreikuspen faltaren eta kudeaketa txarraren ondorio da”, kritikatu du Uberak. “Lotsagarria eta onartezina da langileak horrela tratatzea, begirune falta horrekin, hezkuntza sistemaren kalitatea ezin delako bermatu enpleguaren kalitatea ere bermaturik ez badago”. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du “sindikatuek Partzuergoari ordezkoen zerrendak zabaltzeko galdegin diotela behin eta berriz, ordezkapenak egiteko hautagairik gabe geratzeko arriskua bistakoa zelako, azkenean Partzuergoaren kudeaketa txarragatik gertatu izan den moduan”.
EH Bilduk elkartasuna adierazi die kudeaketa penagarri honen ondorioz, Haureskolak Partzuergoaren egoitzen kanpoaldean sekulako iladak pairatu behar izan zituzten pertsona guztiei, egoera erabat bidegabea igaro behar izatea, onartezina eta salagarria da.


