Garoñako zentral nuklear zaharkituta behin betiko ateak itxiko dituelako Araba zoriondu ostean, EH Bilduk epe laburreko etorkizunari begira zentralaren berehalako eraispena exijitu du. Horrela dago jasota herrialdeko instituzio nagusietan aurkeztu duen mozio batean. Bertan, Espainiar Gobernuari zein zentral nuklearraren enpresa jabeei exijitzen die besterik gabe eta inolako luzamendurik gabe abiarazi dezatela zentral nuklearra eraisteko prozedura burokratiko eta teknikoa. Izan ere, hamar urtez luzatu daiteke prozedura hori.

“Badira lau urte zentrala ez dagoela funtzionamenduan eta horregatik, gure ustez, eraispen prozedura ezin da denboran luzatu. Bere garaian guk aurkeztutako ekimen bat babes oso zabala izan zuen instituzioetan eta berrartzeko unea dela uste dugu. Bertan, prozesua berme guztiekin egiten dela ziurtatuko duen instituzio arteko batzorde bat martxan jartzea eskatzen zen. Batzorde hori osatzeko unea heldu da, berehala, egoera gainditu ahal izateko”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak, Kike Fdez de Pinedok.

2013an onartu zen ekimen hori eta nazioarteko segurtasunezko nuklearraren adituen partehartzea ere planteatzen zen. Itxiera eta eraispena ez ezik, zonaldearen berraktibazio ekonomikorako horrelako esperientziak partekatzea ere ezinbestekoa ikusten zen. Era berean, EH Bilduren ustez, batzorde horrek prozesuaren fase guztietan informazio nahikoa izan behar du segurtasuna bermatzeko asmoz. Halaber, osasuna, segurtasuna, polizia, komunikazio, ingurumen edo hezkuntza arloko ekimenak koordinatzeko balio izan behar du batzorde horrek.

Azkenik, EH Bilduko bozeramaileak Arabar gizartea zoriondu nahi izan du urte luzeotan, batzuetan bateko eta besteko instituzio nagusien utzikeriaren gainetik, Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko borrokan erakutsitako adoreagatik eta egindako lan eredugarriagatik. Hainbat eta hainbat eragilek, gizarte mugimenduk, toki erakundek eta herritar xumek garatutako dinamika zabal eta etengabe barik ez baitzen lortuko Garoñako zentral nuklearra ixtea.

ZORIONAK.GAROÑA

EH Bilduk argitaratutako kartela.