- 12 Uztaila 2017
Marian Beitilarrangoitia EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen diputatuak adierazi duenez, Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaiaren aurkako botoa emango dute EH Bilduko bi ordezkariek. “Madrilek erabakitzen duelako zenbat zorpetu gaitezkeen, eta ez du kontuan hartzen zein den aurre egin behar diogun egoera ekonomiko eta soziala”.
Diputatu subiranistak salatu du Espainiako Gobernuak zorpetzeko gero eta aukera txikiagoa uzten diela erkidegoei eta udalei. “Eta, hain justu, erkidegoak eta udalak dira inbertsio sozial handiena egiten ari direnak, gizarte kohesioa bermatu behar dutenak, tokian tokiko ehun produktiboa bultzatu behar dutenak, langabeziari aurre egiteko jarduera ekonomikoa lagundu behar dutenak eta gehien behar dutenei lagundu behar dietenak”.
Horren guztiaren aurrean, estatuak defizit osoa bere baitan hartzen duela agertu du Beitialarrangoitiak. “Defizita ordaintzea, politika sozialen aurretik jartzen du PPk”.
Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaia azken urteetako austeritate politiken jarraitzea dela esan du EH Bilduren diputatuak. “Defizitaren kontrola lehenesten dute eta ez diete aurre egiten bizi dugun errealitate sozialari”
PNVk berriz PPren gobernuaren gastu sabaiaren aldeko bozka ematea erabaki du
Jeltzaleek "koerentzia eta arduragatik" egingo dutela azaldu dute, "Euskadirentzat positiboa" izango dela argudiatuz. 2017ko estatuko aurrekontuen bozketan gertatu zen bezala, PNVrekin batera, Madrilgo kongresuko eskuineko beste alderdiek; UPN, Ciudadanos, Foro Asturias eta Coalición Canaria-k, babestuko dute PPk ezarriko duen gastu muga. Oraingoan jeltzaleen babesarekin, Rajoyren gobernuak 2018-2020 urteetarako defizitaren eta zor publikoaren helburuak finkatuko ditu, eta azken urteetako austeritate eta murrizketen politikekin jarraitu ahal izango dute popularrek.
PNVko talde parlamentariotik azaldu dutenez, "gastu sabaiak ez du balio politikorik" eta "neurri tekniko hutsa da". Soraya Sáenz de Santamaría espainiar gobernuaren presidenteordeak positiboki baloratu du PNVren erabakia eta "aurrera urratsa" bezala definitu du, hurrengo urteko estatuko aurrekontuei begira.


