- 28 Ekaina 2017
Pasa den astean, Villabonako udalak katuei janaria ematearekin lotutako ohar bat argitaratzea eta Amasako plaza inguruko hainbat paretean itsastea erabaki zuen. Amasako herritar talde batek segituan jakinarazi zion EH Bilduri ohar horretako euskarazko testuak akats ortografiko eta gramatikal handiak zituela, eta normala denez hori onartezina eta lotsagarria zela salatu zuten.
Gai honi erantzuteko, EH Bildutik ohar hau argitaratu eta zabaltzea erabaki du:
Udalaren oharra Amasako paretetan. Onartezina.
Udalaren oharra jasotzen duen kartel bat ikusi dugu Amasan. Herritar sumindu batek gainean "Zer da hau! Amasan euskeraz! Erderaz pentsatzen baduzue, gutxienez itzultzen ikasi!" margotu du boligrafo batez. Erabat onartezina da udalak ohar bat (edo edozein testu ofizial) horrelako euskara traketsean, ortografia akats eta guzti, argitaratzea. Gainera ez da lehen aldia hauxe bera gertatu dela, urtarrilean ere euskaraz penagarri idatzitako Bando bat kaleratu baitzen. Zertarako ditu udalak euskara eta itzulpen zerbitzuak? ez erabiltzeko? PNVren alkatetzak testuak euskaraz sortzeko gaitasunik ez badu, gutxienez itzulpen egokiak egin ditzala eskatzen dugu. Badirudi udal gobernu honek ez duela udalak bere garaian onartutako euskararen erabilera plana betetzeko inolako asmorik, plan horrek bando, ohar eta jakinarazpenetan euskarari lehentasuna ematea (izkien tamainan eta lodieran) eta bandoak euskara hutsez ere kaleratzeko neurriak hartzea jasotzen zuen.
EH Bildutik gure kexa formala bideratuko dugu udaleko euskara batzordera, batzordea noizbait biltzen bada behintzat.
Aipatutako oharraren eta urtarrilako bandoaren ARGAZKIAK:




