EH Bilduk otsailean ohartarazi zion Gipuzkoako Foru Aldundiari Irurako autobus geltokiaren arriskuaz
- 11 Uztaila 2017
Pasa den ostiral arratsaldean albiste txarra jaso genuen: Istripu larria izan zen Iruran dagoen Laskibarko autobus geltokian. Guztira hamazazpi pertsona zauritu ziren eta kalte handiak izan ziren. Lehenik eta behin, EH Bildutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu zaurituei eta kaltetutako pertsona guztiei. Istripu larriaren ondoren, herritarrei arreta eta babesa eskaintzeak izan behar du orain guztion lehentasuna.
Era berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu administrazio publiko ezberdinetako agintariei ardura eta berehalako neurriak hartzea eskatzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Garraio publikoko erabiltzaileen, gidarien eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko ardura erakunde publikoena da.
Zentzu honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak otsailaren 22an ohartarazi zion Foru Aldundiari Irurako autobus geltokiak sortzen zuen arriskuaz. Mugikortasuneko Departamentuari zuzendutako idatziak horrela esaten zuen: “Iruran, N-1ean, Ibaiondo bailaran dagoen autobus geltokia arriskutsua da. Autobusak bertan gelditzeak arriskuak sortzen ditu trafikoan eta Lurraldebuseko erabiltzaileengan. Bai gidariak bai erabiltzaileak eskatzen ari dira Foru Aldundiak neurriak hartu ditzala”.

Laskibarko autobus geltokia. Istripuaren ondoren ateratako argazkia.
Martxoaren 28an iritsi zen Mugikortasuneko diputatu Marison Garmendiaren erantzuna, ardura bere gainetik kenduz eta adieraziz “autobus geralekuak mantentzea eta eraikitzea ez dela Mugikortasun Departamentuari dagokion eskumena”, baizik eta bere gobernuko beste foru diputatu batena. Nolanahi ere, Marisol Garmendiak bere idatzian honako hau adierazten zuen: “Laster batean segurtasun txosten bat eskatuko diogu Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari, erakunde eskudunei beharrezko diren segurtasun arloko hobekuntzak eska diezazkien, beharrezkoa bada, behintzat”.
Hilabete hauetan, ez dugu izan segurtasun txosten horren berri eta Aldundiak ez du hartu inolako neurririk. Horregatik, azalpenak eskatuko dizkiogu Foru Gobernuari, eta presazko neurriak hartzea Irurako autobus geltokiko segurtasuna bermatzeko.
Horrekin batera, EH Bilduk gogoratu du aurreko legealdian ikerketa bat abiatu zuela Diputazioak herrialdeko markesina guztien egoera aztertzeko. Azken bi urteetan, EAJk eta PSEk azterketa hori bukatzeko eta hobekuntza plan bat martxan jartzeko eskaerak blokeatu dituzte. EH Bilduk eskatu die bere jarrera berraztertzeko herritarren segurtasuna bermatze aldera Gipuzkoako autobus geltoki guztietan.
TSSTko autobus gidariek N-1 autobidean dauden geltoki arriskutsuetan ez gelditzea erabaki dute
50 gidari inguruk (TSSTko ia guztiak) protesta elkarretaratzea egin dute gaur goizean enpresaren egoitza aurrean «Por la seguridad de los viajeros y por unas condiciones dignas para los chóferes» lema zeraman pankarta baten atzean eta bertan jakinarazi dute "geltoki arriskutsuetan" ez gelditzeko hartu duten erabakia.
Axel Aizpeolea LAB sindikatuko ordezkariak esan duenez, enpresako langileek duela 10 urte inguru aurkeztu zuten Tolosa-Donostia linearen azterketa bat eta "arrisku handiko" geltokien inguruan neurriak hartzea eskatu zuten. "Behin baino gehiagotan neurriak hartzea eskatu arren, eskaera horiei ez zaie kasurik egin, aurtengo otsailean ere gai hau mahai gainean jarri zen" esan du ordezkari sindikalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak geltoki hori (eta autobiaren beste aldean dagoena ere bai) kentzea erabaki zuen istripuaren ondoren, LAB eko ordezkariak salatu du erabaki hau TSSTko langilei eta enpresa komiteari bizkarra emanda hartu dela. Hemendik aurrera autobus gidarien eta enpresako langileen ordezkarien iritzia kontuan har dezatela eskatu dute, eta Diputazioak ezartzen dizkieten ordutegi eta denbora baldintzek, presaka ibiltzera behartzen dituela, "horrek ere arriskua handitzea dakar" salatu du LABek.
Istripuan zauritutako emakume billabonatarrak ospitalean jarraitzen du
Istrupuaren ondorioz ospitalean geratzen den pertsona bakarra 72 urteko emakume billabonatarra da, traumatismoa du buruan eta hainbat sahiets puskatuta ditu. Donostia Ospitalean aurkitzen da ingresatuta eta jakinarazi digutenez, eboluzio ona izaten ari da.


