Eredu fiskal justuaren alde egiten du EH Bilduk, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta fortuna handietan pisua jarriko duena

Zerga erreformarako bere proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk pasa den uztailaren 13an Gasteizen egindako agerraldian. Bertan Leire Pinedo zerga politikarako idazkaria, Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidea, Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea eta Xabier Olano Gipuzkoako batzarkidea izan ziren. Leire Pinedok azpimarratu zuenez, “eredu fiskal justua nahi dugu, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta aberastasun handietan pisua jarriko duena. Era horretara, gure ongizatearen eta zerbitzu publikoen pisua ez da soilik gure bizkar gainean egongo, eta orain arte ia ekarpenik egiten ez duten horiek gizartearekiko duten erantzukizuna bete beharko dute”.

Pinedoren hitzetan, proposamen guztiz irekia da aurkeztutakoa. Izan ere, zerga politikaren inguruko eztabaida gardena egin nahi du EH Bilduk herri honetako eragile ezberdinekin. Hain justu, gaur aurkeztutako proposamena esku artean dute jada eragile sindikalek, sozialek, enpresarialek eta politikoek. “Alderdietako zuzendaritzek patronalarekin gela ezkutuetan egindako akordioekin amaitu behar da, eta gutako bakoitzak beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituen debate garden bat gauzatu behar da”, nabarmendu zuen Leire Pinedok.

EH Bilduren proposamenak hiru ardatz nagusiren erreforma jasotzen du: Sozietateen Zerga, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga eta iruzurraren aurkako borroka.

Sozietateen Zerga: Dagokiena ez ordaintzeko enpresa handiek eskura dituzten zulo edo dedukzioak kendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere, gaur egun enpresa handiek %2 eta %7aren artean ordaintzen dute, nahiz eta beraien tipoa %26koa izan. Era horretara, egiazko tipoa, egiten duten ekarpen erreala, ezarritako tipoetara ahalik eta gehien hurbiltzea da helburua. “Gure asmoa ez da gure ehun enpresarialari eta produktiborari kalte egitea, kontrakoa, bultzatu nahi dugu. Ez dugu exijitzen gehiago ordaintzea, baizik eta dagokiena ordaintzea, gutako bakoitzak egiten dugun moduan”, azpimarratu zuen Pinedok
Aberastasun eta Fortuna Handien Gaineko Zerga: Gipuzkoan ezarritako zergak instituzio eta Europako herri askotan goraipamenak jaso dituela esan zuen Pinedok. Zerga honek herritarren %1ari baino ez dio eragingo, hau da, aberatsenei. “Zentzuduna dela iruditzen zaigu”.
Zerga iruzurraren aurkako borroka: Hainbat neurri proposatzen ditu EH Bilduk. Besteak beste, ikuskaritzetarako baliabide gehiago jartzea eta iruzurraren eta elusioaren aurkako behatokia sortzea. Adituek diotenez, EAEn bakarrik iruzurra 2.500 milioi euro baino gehiagoko da. Iruzur hori enpresa eta fortuna handiek eragiten dute batez ere, euskal ogasunek duela astebete publiko egindako zerrendetan agerian geratu zen bezala. Iruzur horretako dirua berreskuratzeak ehunka milioiko ekarpena suposatuko luke altxortegi publikoarentzat.
PFEZ. Errenta altuenentzako bakarrik proposatzen dugu tipoa aldatzea, 49tik 50era.

EH Bilduko zerga politikorako idazkariak azpimarratu zuenez, “langile klaseari ez liokee eragingo erreforma honek. Aitzitik, gehien duten herritarrak eta irabazi handienak dituzten enpresak izango dira dagokien ekarpena egitera behartuta egongo direnak eta, era horretara, diru-bilketa nabarmen handituz”.

Amaitzeko, EAJk eta PSEk aukeratu beharko dutela adierazi zuen Pinedok. “PPrekin eta eskuineko beren politikekin bat egin huts egin duen eredu fiskala berriro ezartzeko; edota gehiengo sozialarekin, sindikalarekin eta politikoarekin eredu berri progresiboago, ekitatibo eta justua adostu”.