Pasa den abuztuaren 8an komunikabideetan argitaratu zen albiste baten bidez jakin dugu orain arte Foru Alduandiaren jabegoa zuten errepide batzuk udalaren eskuetara pasatzeko asmoa duela Izagirre alkateak. Hemen duzue albistea: https://ataria.eus/amasa-villabona/1502196978690-foru-aldundiaren-hainbat-errepide-udalaren-esku-geratuko-dira 

Honen aurrean, EH Bildutik gure harridura adierazi nahi dugu. Beste behin, PNVren udal gobernuak udaleko organoetan aipatu ere egin ez diren kontuak prentsari jakinarazten dizkio, herritarren ordezkariak diren oposizioko taldeei ezertxo ere jakinarazi gabe. Ez da normala EH Bilduko zinegotziek komunikabideen bidez jasotzea horrelako "erabaki" baten berri. Udal gobernu honen portaera alderdikoi eta axolakabearen beste adibide bat.

Bestalde, Maite Izagirrek zuzentzen duen PNVren gobernuak komunikabideak erabiliz marketina edo propaganda merkea egiteko duen joera salatu nahi dugu. Foru Aldundiko arduradun batekin biltzea ez litzateke albiste bat izan behar, udal gobernuaren jarduna "normala" balitz, askotan bildu behar lukete Aldundiko arduradun ezberdinekin (gainera alderdi berekoak izanik errazagoa egingo zaie) baina hori ere egiten ez dutenez, behin bilera bat egin, argazkia atera, eta zerbait egiten ari direnaren itxura egiten dute. Oraingo honetan PNV-PSEko Aldundiko Aintzane Oiarbide diputatuak laguntzatxo bat eman nahi izan die Villabonako udaleko jeltzaleei, normala da, egoera gero eta ahulagoan baitaude eta herritarren aurrean zilegitasun arazo nabarmenak dituzte eta.

Albisteraren mamira sartzen bagara, EH Bilduko udal taldeko kideoi zalantza eta galdera ugari sortzen zaizkigu:

- Zergatik bereganatu nahi ditu udalak errepide horiek? Kontuan izan behar dugu errepide bat udalaren esku izateak, errepidea txukun mantentzeko gastuak udalaren bizkar egotea dakarrela, eta hori Villabonako udalak dituen muga ekonomiko handiekin, arazo bat izan daiteke. Errepide bat beti izaten da gastu iturri.

- Zertarako? udal gobernuak ba al du proiekturik errepide hauetarako? Ez dakigu zein asmo ote duen udal gobernuak. SACEM-go zubia zabaltzeaz hitz egiten da, baina etorkizunean SACEM inguruan industria berria ezartzea lortzen bada, ez al litzateke askoz ere hobea kamioiak herriaren erditik ez pasatzea eta industria gune horretarako sarrera berri bat egitea? Zubiaren zabaltzea ondo ikusten dugu, baina ez kamioiak hortik pasatzeko, gehienbat oinezkoek zubia segurtasunez igaro ahal izateko baizik. 

Azkenik, Izagirre alkateak Foru Aldundiari eskerrak emateko egindako adierazpenak ekarri nahi ditugu gogora: "Herriak segurtasunean asko irabazi du; aurrez zegoen oinezkoentzako pasabide goratua kendu zenean, bertan utzi zituzten hormigoizko euskarriak. Arrisku hori kentzeak onura ekarri dio herritarren segurtasunari". Agaraitz auzoan zeuden zementuzko piloteak kendu izanaz ari da alkatea.

20170821 133438

Agaraitz auzoan zeuden zementuzko piloteak.

Adierazpen hauek alkate honek duen maila agerian uzten dute, barregarria ere izango litzateke adierazpen hauek egin dituena gure herriko arduradun politiko nagusia ez balitz. Zementuzko pilote horiek kentzeagatik "herriak segurtasunean asko irabazi" eta "onura ekarri dio herritarren segurtasunari" esatea, ia inolako garrantzirik ez duen obratxo bat puztu edo harrotzea da dudarik gabe, berriro ere propaganda egiteko intentzio garbiarekin. Baina PNVko lagunei gauzatxo bat ahazten zaie: herritarrak ez dira inozoak eta funtsik gabeko propaganda merkeak ez ditu udal gobernu honen lotsak estaliko.