Albisteak
2018rako Udal-Aurrekontuen proiektua sakon aztertu ondoren, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak hainbat zuzenketa edo hobekuntza aurkeztea erabaki du. Zuzenketa proposamen hauek udaleko Ogasun Batzordean azaldu zitzaizkien udaleko beste alderdi politikoei eta zuzenketen azalpen zehatzak biltzen dituen dokumentua asteazkenean aurkeztu zuen ofizialki EH Bilduko udal-taldeak. 2018ko udal aurrekontuak, datorren urtarrilaren 29an, astelehena, 19:00etan izango den Udaleko osoko bilkuran jorratuko dira eta EH Bilduk egindako zuzenketa proposamenak ere bilkura horretan eztabaidatu eta bozkatuko lirateke.
Zehazki 16 zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk eta jarraian hauen azalpen orokor bat egingo dugu:
Larreako parke estaliaren proiektua 2018an gauzatzea
Ikuspuntu ekonomikotik hau da egindako proposamenik garrantzitsuena, izan ere, proiektu hau behingoz egikaritzeko 201.000 euroko aurrekontua jarri du mahai gainean EH Bilduk. Zuzenketa honekin, borondatea izanez gero, parte hartze prozesu baten ondoren herritarrek zuzenean aukeratu zuten eta herriko espazio bat estaltzeko eskaera historikoari erantzuten dion proiektu hau, aurten egin daitekeela frogatzen da. Orain arte PNVk diru falta jarri du proiektu hau ez gauzatzeko aitzakia gisa, baina EH Bilduk erakutsi du hirigintza saileko beste hainbat inbertsio txiki murriztearekin nahikoa litzatekeela, zalantzarik gabe herritarrentzat lehentasunezkoa den obra hau egin ahal izateko. PSEko ordezkariak duela gutxi Larreako parkea estaltzea defendatu zuen publikoki eta orain aukera paregabea du proiektu hau errealitate bilakatu dadin, horregatik EH Bilduk zuzenketa hau aurrera ateratzeko interpelazio zuzena egiten dio PSEko zinegotziari.
Etxebizitza hutsen diagnostikoa eta beharren azterketa
Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldearen iritziz, funtsezkoa da udalak Amasa Villabonako etxebizitzen egoera ondo ezagutzea. Ondorioz, etxebizitza hutsak identifikatu eta gaur egun duten egoera ezagutzeko azterketa bat gauzatzea da zuzenketa honen bidez proposatzen dena. Honen helburua gaur egun hutsik dauden etxebizitza ahalik eta gehien merkatura ateratzea (bai salmenta eta baita alokairuen merkatura) bultzatzea da.
Honekin batera gaur egun Amasa Villabonan zein etxebizitza behar objektibo dagoen jakiteko azterketa bat egitea planteatzen du EH Bilduk. Etorkizun hurbilean etxebizitzak eraiki behar badira, funtsezkoa izango baita amasa billabonatarren artean zein etxebizitza behar erreal dagoen jakitea.
Udalak diagnostiko eta azterketa hauek egin ahal izateko, 15.000 euroko diru-partida bat sortzea eskatu du EH Bilduk.
Euskara: Euskaltzaleen aktibazioa. Herri dinamikak laguntzea
2018. urtea, euskaltzaleak aktibatu eta euskararen erabilera indartuko duten dinamika herritarrak pizteko urte emankorra izan daitekeela dio EH Bilduk. Galtzaundi euskara elkarteak eskualdetze prozesu bat abiatu du Tolosaldean herriz herri euskaltzaleak biltzeko helburuarekin. Bestalde, 2018ko azaro eta abenduan "Euskaraldia" ekimena izango da, 11 egunez euskaraz jardunez, Euskal Herriko txoko guztietan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. EH Bilduk, aukera hauek baliatu behar direla defendatzen du, Amasa Villabonan ere euskaltzaleak bildu eta martxan jartzeko helburuarekin. Zentzu honetan, Udalak ere bere ekarpena egitea proposatu du EH Bilduk,euskararen aldeko herri dinamikak laguntzeko sortuko litzatekeen 3.000 euroko diru partida berri baten bidez.
Hezkuntza eta Merkataritza Batzordeetarako finantziazioa
PNVk osatutako 2018ko aurrekontuan, aurten sortzekoak diren bi batzorde berri hauei atxikitako diru partidarik ez egotea ulertezina dela salatu du EH Bilduk. Beraz, batzorde hauetako bakoitzari 3.000 euroko partida bana lotzea proposatu du bi zuzenketen bidez.
Oriamendiko udal etxebizitza. Berrikuntzarako azterketa
Oriamendi auzoko 6. zenbakian dagoen udal jabetzako etxebizitza egoera penagarrian aurkitzen dela azaldu du EH Bilduk, bizitoki bezala erabiltzea ezinezkoa delarik. Pisu hori egoera horretan uztea zentzugabekeria litzatekela eta udal gobernuak etxebizitza horren inguruko erabakirik hartu gabe beste urte bat pasatzen utzi nahi duela salatu dute.
Etxebizitza publiko hori berriro ere Gizarte Zerbitzuen mesedetara jartzea eskatzen du EH Bilduk eta gizarte larrialdietarako, pertsonen gizarteratzerako, edo beste gizarte-programa baten baitan erabili ahal izateko urratsak ematen hastea. Horretarako etxebizitzaren berrikuntza burutzeko beharrezkoa den azterketa edo proiektua egitea planteatu du koalizio abertzaleak, helburu horretarako 6.000 euroko diru partida bat sortzeko eskatuz. EH Bilduk azaldu du erreforma proiektu bat edukita, udalak beste erakunde publikoetara (Gipuzkoako Foru Aldundira edota Eusko Jaurlaritzara) jo ahal izango duela berrikuntza obra osoa egiteko finantziazio bila.
Desfibriladore bat erostea
EH Bilduk Arratzaingo eskoletan kokatzeko desfibriladore bat erostea proposatu du, hezkuntza zentroetako haur eta nerabe kopuru handiagatik eta bertan egiten diren kirol ekintza ugariengatik. Gainera desfibriladorea Futbol zelaiarekin konpartitzea eta eskoletako irakasleei zein futbol taldeko monitoreei desfibriladorea erabiltzeko kurtso bat eskaintzea ere planteatzen da. Honetarako 2.000€ proposatzen dira,
"Aljibe Gauak" emanaldiak eta kultura aniztasunaren aldeko ekintzak
Kultura sailerako ere egin ditu proposamenak EH Bilduk. Alde batetik, 2014 eta 2015. urteetan herriko eragileekin elkarlanean antolatzen ziren ostiral gauetako Aljibeko emanaldiak berreskuratzea eta horretarako 4.000 euroko partida bat sortzea proposatzen da. Eta beste alde batetik, Amasa Villabonako kultur eta jatorri aniztasunaren aldeko ekimenak (beste herrialdeetako gastronomia ezagutzeko azokak, kultura ezberdinetako folklore emanaldiak, beste kulturak ezagutzeko topaketak...) antolatzeko planteamendua legoke, herrian bizi diren eta jatorri zein kultura ezberdina duten pertsonen arteko elkar ezagutza, errespetua eta elkarbizitza bultzatzeko asmoz. Horretarako 3.000 euroko diru-partida sortzea proposatu du EH Bilduk.

Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotziak, udalean egindako agerraldian
Diru laguntza berriak sortzea
Diru laguntzen atalean, bi diru laguntzen partida ekonomikoak handitzea, eta PNVk egindako aurrekontuetan jasotzen ez diren lau diru laguntza berri sortzea proposatu du EH Bilduko udal taldeak.
Gehikuntzak:
- Euskara ikasteko laguntzak: Atal honetan 3.000 euroko gehikuntza proposatzen da, euskara ikasteko urratsa ematen duten eta baldintzak (klaseetara asistentzia, euskaltegiek egindako txostena etab.) betetzen dituzten pertsonek euskara doan ikasi ahal izan dezaten. Euskara bertako hizkuntza ofiziala izanik, euskara jakitea eskubidea dela defendatzen du EH Bilduk eta eskubidea den neurrian, horretarako ordaindu behar izatea ez dela bidezkoa adierazten du.
- Harituz bertso elkarteak egindako diru laguntza eskaera betetzeko, 1.000 euroko gehikuntza. Izan ere, Harituz bertso elkarteak, bertsolaritza eta bertsozaletasuna lantzen ditu eta aurten lau bertso eskola talde ditu Amasa Villabonan. Udalean 4.000 euroko diru laguntza eskatu zuten proiektu bat aurkeztuz eta PNVk egindako aurrekontuetan soilik 3.000 euroko laguntza ematea jasotzen da. Beraz, EH Bilduk, elkarte honek egindako eskaera bere osotasunean betetzea proposatu du.
Diru laguntza berriak:
- Seaska haur eskolako matrikulazioetarako: Amasa Villabonako haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea da proposatzen dena. EH Bilduk gogoratu du udala haur eskola honetako partaide dela eta Seaska haur eskolaren biziraupena bera dagoela jokoan. Matrikulazio kopuruari dagokionez dauden arriskuak saihestea da diru laguntza honen helburua eta horretarako sistema oso bat proposatzen da; gurasoek jasoko luketen laguntza ekonomikoa errenta aitorpenaren eta haurrek haur eskolan igarotzen dituzten ordu kopuruaren arabera kalkulatuz. Honetarako 10.500 euro bideratzea proposatzen da.
- Euskal Herrian jarduten duten zenbait erakunde diruz laguntzea: Zehazki Udalbiltza erakundea, Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) eta Euskal Memoria Fundazioa bultzatzea proposatu du EH Bilduk, erakunde hauetako bakoitzari 1.500 euroko ekarpena eginez.
Zuzenketa hauekin guztira 260.500 euro aldatuko lirateke, aurrekontu osoaren %4,02a
Hemen irakurri eta deskargatu dezakezue EH Bilduko udal taldeak aurkeztutako zuzenketak biltzen dituen dokumentu osoa: https://issuu.com/villabonaehbildu/docs/2018ko_aurrekontua_ehbilduren_zuzen
Hitz egin, eztabaidatu eta akordioak bilatzeko eskaera udal gobernuari eta PSEri
EH Bilduko udal taldeak, udaleko gainontzeko alderdi politikoekin biltzeko, eta zuzenketa hauen inguruko azalpenak emateko prest agertu da. Ez hori bakarrik, aurkeztutako zuzenketekin negoziazio fase bat zabaltzeko prestutasuna adierazi die udaleko beste bi alderdi politikoei. EH Bilduren arabera, proposatzen diren zuzenketen finantziazioa nondik lortuko den, bigarren mailako kontua da eta hor aldaketak egiteko guztiz prest agertu da koalizio abertzalea. Beraz, astelehenera bitartean (asteburua barne) PNV eta PSErekin bildu, eztabaidatu eta adostasunak bilatzea izan da hasieratik, EH Bilduko zinegotzi taldearen nahia.
PNVk ez du EH Bilduko zinegotziekin behin ere bildu nahi izan
EH Bilduk egindako elkarrizketa eskariari ezezkoa erantzun dio PNVko udal gobernuak eta jeltzaleak "errespetuagatik" bere erabakiak asteleheneko osoko bilkura baino lehen jakinarazioko dituela esatera mugatu dira. Beraz, beste behin agerian geratu da oraingo honetan ere PNVk ez duela oposizioarekin akordioetara iristeko inolako borondaterik eduki. Maite Izagirre alkateak publikoki behin eta berriro errepikatzen du bere gobernatzeko estiloa, etengabeko elkarrizketan eta akordio zabalak bilatzean oinarritzen dela, baina hitz horiek erabat faltsuak direla frogatu da. Era berean, aipatu beharrekoa da EH Bilduko zinegotziek pasa den urtarrilaren 10era arte ez zutela2018ko aurrekontu proposamenaren inguruko informaziorik, eta horrek aurrekontuak aztertu eta proposamenak egiteko oso denbora gutxi izatea ekarri duela. Hala ere, EH Bilduk bere lana egin du eta aipatutako zuzenketak egin eta epearen barruan aurkeztea lortu du. Ikusteko dago datorren asteleheneko osoko bilkuran PNV eta PSEk zein jarrera hartuko duten proposamen zehatz hauen aurrean.
2017. urtean Gipuzkoan, Tolosaldean eta Amasa Villabonan langabeziak behera egin badu ere, ezagutu ditugun azken datuen arabera (207ko azaroa eta abendua) Amasa Villabonan langabezia zertxobait igo egin dela ikusi dugu. Azaroan langabezia tasa %10,9an zegoen eta abenduko datuetan %11,56ra igo da. Ez da igoera izugarria izan, baina azken hilabeteetako beherako tendentziarekin amaitzen du eta hori kezkagarria da.
Tolosaldea eta Gipuzkoako bataz bestekotik gora
Gure eskualdeko eta Gipuzkoako langabezia tasak %9,7 eta %9,8an daude hurrenez hurren eta beraz, Amasa Villabonako tasa (%11,56) hauen gainetik kokatzen da. Honakoa ere ez da datu positiboa. Gainera langabezia datu errealak aipatutakoako baina handiagoak izaten dira beti, lanik gabe dauden pertsona ugarik ez baitute Lanbiden izenik ematen.
Lanpostu berrien kalitate eskasa
Azken urteetako joera orokorrari jarraituz, nabarmena da egun sortzen diren lanpostu berrietan tenporalitatea dela nagusi eta lanpostu finkoak gero eta gutxiago izaten direla. Sindikatuak urteak daramatzate egoera hau salatzen. Horrek langileen artean ziurgabetasun handia sortzen du, aldi baterako lanpostuekin etorkizuna planifikatu ahal izatea eragotziz. Honekin lotuta, lan baldintzak ere okerrera doazela ikusten ari gara; gero eta gehiago dira hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreak eta lanpostuak, orokorrean soldatak ere ez dira prezioen maila berean igotzen (jendearen eroste-halamena murriztuz), lanpostu askotan lan ordu kopurua ere oso irregularra izaten da... Guzti honek lanpostu gero eta prekarioagoak izatea dakar eta honek asko arduratzen gaitu.
Tolosaldeko dozenaka hautetsi (15 herri ezbedinetako zinegotzi eta alkateak) Tolosan elkartu ziren agerraldi publikoa egiteko. Bertan, lan baldintza prekarioak pairatzen dituzten eta lan-eskubideengatik eta hitzarmen duin baten alde borrokatzen ari diren Asuncion klinikako langileei elkartasuna eta babesa adierazi zieten. Bestalde, azken urte luzetako aldarrikapenari eutsiz, irtenbidea klinikaren publifikazioa dela aldarrikatu zuten Tolosaldeko EH Bilduko hautetsiek.
Hau da atzoko prentsaurrekoan Berastegiko alkate den Amaia Azkuek eta Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak irakurri zuten oharra:
GURE OSASUNA, GURE ERABAKIA
Prentsaurreko hontan gauden eskualdeko 15 herrietako EH Bilduko ordezkariek ondokoa adierazi nahi dugu:
Asuncion klinikako langileak eta beren ordezkari sindikalek azken asteetan, aurrera eraman dituzten mobilizazioei gure babesa helarazi nahi diegu, hemen gauden EH Bilduko ordezkariok. Hauetan parte hartzeko konpromezua hartu genuen, eta bertan egon gara, langileen eskubideak defendatu ditugulako beti, eta kasu honetan ere bai.
2011. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat du Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresarekin. Orduz geroztik, Tolosaldean, eskualdeko ospitale erreferentziala enpresa pribatu bat da.
Eskualdeko alkate, hautetsi eta jendarte zabala dago, osasungintza publikoa pribatizatzeko froga piloto honen aurka. Egoera hau salatzeko mobilizazioak, asko eta asko izan dira, eta oso jendetsuak. Hemen kokatzen ditugu baita ere, Asuncion klinikakako langileen lan baldintza eskasak.
Osasungintza publikoa bezalako zerbitzu publiko ezinbesteko batean, ezin dugu onartu hartatzen gaituzten langileak horren lan baldintza prekarioetan egotea. Tolosaldeko biztanleok, osasun arreta, beste gainerako eskualdeetako baldintza berdinetan jaso behar dugu.
Tolosaldeko EH Bilduko hautesiek eskaini zuten agerraldiaren irudia
Beraz, argi diogu Asuncion klinikako langileen lan gatazka ez dela lan gatazka soil bat, osasungintza publikoaren pribatizazioaren ondorio bat baizik.
Tolosaldeak beste edozein eskualdek bezala, bere eskubidea du ospitale publiko bat eduki ahal izateko. Eredu publikoa da, osasun arreta onena jasotzeko tresnarik eraginkorrena eta berme gehiena ematen dituena. Tolosaldeak eskualderako erreferentziala izango den ospitale publiko bat behar du. Horrek, bermatuko baitu, zerbitzu onena, baliabide onenekin eta noski, bertan lan egiten duten langileak baldintza hobeagoetan egotea ere.
Honenbestez, eta eskualdeko egoerak aldaketa izan dezan, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, Asuncion Klinika publifikatzeko mahai interistituzionala osatu dezala, eragile politiko, sindikal eta sozialek ordezkaritza izango dutena.
Egoeraren larritasuna kontuan izanik, EH Bilduk, publifikazio prozesu baterako gutxieneko adostasunak lortzeko lan egingo du hurrengo aste eta hilabeteetan, ekimen desberdinak martxan jarriz. Hau da tolosaldeako herritarrekiko gure konpromezua.
Tolosaldeko EH Bildu
Tolosan, 2017ko urtarrilaren 23an
Tortura erabaki politiko baten fruitua izan dela eta torturatzaileen zigorgabetasunaz ohartarazi du. Giza eskubideen urraketan dituen ardurak hartzeari uko egitea egotzi dio EH Bilduko bozeramaileak PSE-EE alderdiari.
EH Bilduren iritziz, 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu dituen Jaurlaritzaren txostena “lan izugarria da, torturaren tragediaren ezbairik gabeko erradiografia bat”, Julen Arzuagaren esanetan. EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, txostenak ekarri beharko luke, batetik, Justizia espainolaren funtzionamendua berraztertzea eta, bestetik, ardura politikoak hartzea, baina, baita ere, biktimak aitortzeko eta erreparatzeko mekanismoak ezartzea, porrota bailitzateke hori egiteko bide bat ez aurkitzea.

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea eta Askatasun Demokratikoen idazkaria
Arzuagaren ustez, aurkeztutako txostenak agerian utzi du “zigorgabetasunaren dimentsioa”, torturatzaileak oso kasu gutxitan atera direlako kondenaturik eta, hala gertatu den apurretan, Gobernu espainolak ia beti indultatu eta sarritan saritu ere egin izan ditu. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuenez “tortura Auzitegi Nazionalak homologatutako metodoa izan da zigorrak ezartzeko, haren helburua ez zelako egia judiziala bilatzea, zigortzea baizik; txostenak, beraz, behartzen gaitu Justizia espainolaren kalitatea eta funtzionamendua berraztertzera”.
Txostena irakurrita, “tortura kasuak ez direla egitate isolatuak izan, erabaki politiko baten fruitua baizik” ondorioztatu zuen Arzuagak, eta, beraz, “txostenak tortura praktikatu duten polizien arduradun politikoak inplikatzen eta seinalatzen ditu”. Horri jarraituz, lotsagarritzat jo du PSEk emandako erantzuna, “distantzia jarri nahi izan duelako torturan dituen ardurak bere gain ez hartzeko; PSEk ez du bortizkerien eta urraketen unibertso osoa onartu nahi, horrek beren erantzukizuna onartzea ekarriko lukeelako. PSEk dena kondenatzen du inolako erantzukizunik ez hartzeko, eta kontakizuna du helburu bakarra, baina txosten honek azalarazi duen errealitateak itsusi uzten du PSEren kontakizuna”. Lakuan PSE PNVren gobernukidea dela kontuan hartuta, Arzuagak galdetu zuen ea non dagoen orain “Jaurlaritzaren zoru etikoa, PSEk torturari buruz esandakoak esanda”.
EH Bilduko Eva Blanco legebiltzarkideak eta Karlos Ibarguren osasun arloko arduradunak Holandako Hilderverg hirira eraman dute Tolosaldeko osasun arretaren kasua:
Europako ezkerrak osasun publikoaren inguruko jardunaldiak egin ditu bertan, Europako Parlamentuaren jardunaren barruan, eta EH Bilduko kideek parte hartu dute gonbidatu gisa. EH Bilduk Tolosaldeak, gure eskualdeak, bizi duen egoeraren berri eman du jardunaldietan, osasunaren pribatizazioaren adibide ikusgarri gisa erakutsiz. Karlos Ibargurenek azaldu duenez, bereziki grafikoa eta larria da Tolosaldean gertatzen dena; Tolosaldea da Gipuzkoan eskualde bakarra ospitale publikorik ez duena eta Osasun sailak hutsune hori enpresa pribatu baten bitartez betetzen baitu.

Eva Blanco eta Karlos Ibarguren EH Bilduko kideak Hilderverg (Holanda) hiriko konferentzian
Horiek horrela, enpresa pribatu batek, Invizak kasu honetan, ospitale bat kudeatzeak «ondorio nabarmenak» dituela azaldu dute. «Asuncion klinikako langileen lan baldintzek atzera egin dute, material zein osasun azpiegituretan murrizketak egiteko arazorik ez dute, hizkuntza ofizialetako batek, euskarak, ez dauka besteak duen estatus bera...», esan du EH Bilduko kideak.
Osasun publikoa defendatzeko 2011n sortutako TOPA plataformaren lanaren berri ere eman dute eta bere eskaera eraman du jardunaldietara: «Jaurlaritzak Inviza enpresari bideratzen dizkion 20 milioi euro publikoak Jaurlaritzak kudeatzea zuzenean, bitartekaritza pribaturik gabe».
Gaurko jardunaldietan beraz, osasun arreta publikoa pixkanaka pribatizatzeak izan ditzakeen arriskuez hitz egin dute hizlariek. «Euskal adibide honekin batera Europako beste hainbat herrialdetan osasun publikoa defendatzeko sortutako herri mugimenduen kasuak aztertuko dira», gaineratu du EH Bilduk.
Aurten SAREren babesarekin egin dute manifestazioaren deialdia.
Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean antolatu dute abenduaren 31rako manifestazioa Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek. Agerraldian izan dira, SAREko Ander Goikoetxeaz gain, Adunako Joxe Mari Sarasola alkateordea, Amasa-Villabonako Xabat Laborde zinegotzia, Asteasuko Pili Legarra alkatea eta Joseba Txapartegi zinegotzia, eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkatea.
Manifestaziorako deia egiteko agerraldian parte hartu duten Aiztondoko alkate eta zinegotziak, SAREko ordezkariarekin batera
Goikoetxeak azaldu duenez, "Sareren helburua da ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea presoen eskubideen alde, eta uste dugu mobilizazio honek mahai gainean jartzen duela eredu hau. Aiztondo bailarako udal guztien babesa jaso du manifestazioak". Estatuen "immobilismoaren aurka" egin daitekeena, hain justu, hori dela zehaztu du Goikoetxeak: "Herritarrak antolatzea ezberdinen arteko elkarlan batekin, mahai gainean jartzeko ematen ari diren eskubide urraketak".
Horren harira azken hilabeteetan pauso "oso positiboak" ikusi direla gaineratu du Goikoetxeak: "Bake Artisauen eskutik ETAren armagabetzea eman zen apirilean eta ondoren Parisen izan zen mobilizazioa". Bestalde, gogora ekarri du aurten Euskal Herriko erakunde nagusietan "bai preso gaixoen egoera salatzeko bai salbuespeneko politikekin bukatzeko eskaerak" onartu direla, bai Nafarroako Parlamentuan, bai Eusko Legebiltzarrean, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere.
Erakundeen parte hartze horrekin batera, "funtsezkoa" ikusten dute Saretik "gizarte zibilaren aktibazioa eskubide zapalketa hauekin bukatu ahal izateko". Goikoetxeak azaldu duenez, "salbuespeneko legedia aipatzen dugunean, aipatu behar dugu presoen urruntzea eta horrekin batera sakabanaketa. Lekuz kanpo ikusten dugun politika da". Horrekin batera "presoen senideei eta bereziki hauen haurrei" aplikatzen zaien sakabanaketa aipatu du, "ez duena uzten familia egitura bat garatzen".
Bestalde, gaixo larrien egoera aipatu du Goikoetxeak: "Ibon Iparragirre hilzorian badago ere, ez dute askatu nahi, nahiz eta erremintak izan gaur egun etxean espetxealdia bete ahal izateko. Ikusten dugu gaixotasunak erabiltzen ari direla espetxean xantaia egiteko". Egun espetxean 11 preso larri gaixo daudela zehaztu du Goikoetxeak, eta horien "berehalako askatasuna" eskatu du: "Uste dugu salbuespenezko legediarekin amaitzea pauso garrantzitsua izango litzatekeela giza eskubideen urraketekin amaitu eta konponbidea eta bakearen aldeko pausoak emateko".
Euskal presoen eskubideen egoera salatu ondoren, Aiztondo bailarako herritarrak deitu dituzte abenduaren 31n manifestazioan parte hartzera. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da 19:00etan, eta Villabonan amaituko da.
Prentsaurrekoaren bideoa Aiurriren eskutik: https://www.youtube.com/watch?v=Ksd9cTncSd0
EH Bilduk ohartarazi du kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan daudela etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe batzuetan pilatzen jarraituz gero. Arazo horren paradigma Gasteiz izanik, bertan adostutako neurriak Hezkuntza Sailaren matrikulazio dekretuan txertatzeko eskatu du.
EH Bilduk neurri sorta proposatu du gaur Legebiltzarrean eskola segregazioaren arazoa behingoz konpontze bidean jartzeko, horixe baita une honetan “hezkuntza sistemak dituen arazo handienetariko bat, etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe zehatz batzuetan pilatzeak kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan jartzen dituelako”, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek ohartarazi dutenez. “Segregazioaren fenomenoak oinarri sozioekonomikoak ditu eta oso lotuta dago immigrazioarekin, baina ez bakarrik eta ez beti, eta Wert ministro ohiaren bi abiadurako hezkuntza sisteman sakontzea dakar”. Arazoak kezkatuta, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur bertan konponbideak mahai gainean jartzeko, bi aste barru 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea irekiko denez, une egokia delakoan.
Ubera eta Larrionen iritziz, Gasteiz da eskola segregazioaren paradigma, eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, Gasteizen pobrezia errealean bizi diren adin txikikoen portzentajea %8tik %19ra igo da 2008tik 2016ra bitartean, eta “baldintzak sortzen ari dira ekaitz perfektua gertatu dadin eta kohesio sozialak eztanda egin dezan”. Hala, ikastetxe batzuek ez dute auzoko errealitate sozial anitza islatzen, auzoetan etorkinen populazioa gehienez %17koa bada ere, eskola batzuetan etorkinak %80-90 direlako, eta horrek zentro horien estigmatizazioa ekarri du. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, eskola segregazioaren arazoa orokorra da, baina Gasteizen bereziki gordina da eta gordintasun horrekin sistema osora hedatzeko arriskua dago Hezkuntza Sailak ez duelako jakin fenomeno horri aurre egiten.

Miren Larrion eta Rebeka Ubera legebiltzarkideek aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak
Arazoa konpontzea du xede, beraz, koalizioaren proposamenak, bermatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guzti-guztiak kalitatezkoak eta inklusiboak direla. Proposamenaren oinarria, hein handi batean, Hezkuntza eta Aniztasuna Mahaiak Gasteizen egin zuen lana da, bertan hezkuntza sistemaren parte diren eragileek hartu beharreko neurriak adostu zituztelako, “eta adostasuna erabatekoa izanda, logikak dio orain neurri horiek aplikatu behar dituela Hezkuntza Sailak”.
Hori horrela, EH Bilduren ustez, premiazkoa da tokian tokiko eskolaratze bulegoak sortzea matrikulazio prozesu osoa kudeatzeko, matrikula bizia barne, hau da, behin ikasturtea hasita iristen diren ikasle berrien matrikulazioa. Halaber, aniztasun handia duten ikastetxeetan Hezkuntza Sailak esfortzu handiagoa egitea ezinbestekoa da, bertako proiektua indartuz, ratioak jaitsiz, baliabide gehiago emanez eta irakasleen prestakuntza eta egonkortasuna hobetuz. Hirugarrenez, auzoko eta hurbileko ikastetxeak indartzea proposatu du EH Bilduk, ikasleak auzoan bertan matrikulatzeak aurrerapauso handia litzatekeelako. Laugarrenez, Jaurlaritzak doakotasuna bermatu behar du derrigorrezko hezkuntzan eta, oso garrantzitsua ere bai, 0-2 urteko etapan.
Neurri horiek guztiak, besteak beste, gauzatu ahal izateko, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek Hezkuntza Sailak hil honetan onartutako matrikulazio dekretua bertan behera uztea proposatu dute, aldaketa horiek –hezkuntza komunitatearekin adostuta– txertatzeko, dekretua bere horretan mantentzeak oraingo egoera betikotuko lukeelakoan.
Kataluniar hauteskundeen ondoren, Euskal Herria Bilduk argitaratutako lehen balorazio azkarra:
Lehenik eta behin parte hartze ikaragarri handia azpimarratu behar da, 2015eko irailaren 27koen gainetik bost puntu gehiago igota %80,40raino.
Indar bozkatuena Ciutadans izan da; historian lehenengo aldiz, bozka gehien jaso duen alderdia ez da tradizio katalanistakoa.
Independentismoak gehiengo erabatekoa lortu du (70/135) eta hauteskundeak irabazi ditu praktikan, eta hori egin du presidentea atzerrian eta presidente-ordea espetxeratuta daudela. Ciutadans indar bozkatuena izanda ere, ez du garaipen horren kudeaketa eraginkorrik egiteko aukerarik izango.
Emaitza hauek 155.aren aplikazioaren errefusa nabaria da eta urriaren 1eko Errepublikaren berreste politikoa suposatzen du emaitzak, hori guztia %80ko partehartzeak duen garrantziarekin.
Datu horiekin gehiengo independentista lortzea lorpen handia da, eta 2015eko hauteskundeetan baina bozka independentista gehiago bildu bada ere (2.079.340 boto independentista izan ziren guztira), egia da independentismoa bozkatan irabaztetik urrun (47,5%) geratu dela. Independentismoak ezin du autokonplazientea izan. Azken hilabeteetan osatu den salbuespenezko egoerak hori baino askoz gehiago esijitzen zuen: herri bezala hauteskundeak abordatzea eta bototan ere irabaztea.
Unionismoaren aktibazioa ikaragarria izan da. Botoemaile unionista abstentzionista hurbildu da bozkatzera; lehenengo aldiz botere espainolaren indarra ikusi du bere babesean, eta Ciutadansek lortu du hori guztia nukleatzea.
Comunen emaitza txarra da zalantzarik gabe, jeitsierarako joera nabaria erakutsi dute. 11tik 8ra pasa dira eta iragan den legealdian zuten giltza erabat galdu dute, parlamentu berrian jokatzeko margenak erabat estu zaizkiela. Kolpe latzasuposatzen du ematza horrek Colau operazioarentzat, eta neurri batean, Podemosek estatuan pairatu dezakeen higaduraren iragarpena izan daiteke.
CUPen jeitsiera nabarmena izan da 10etik 4ra pasatuta. Prozesu testuinguruan izandako portaerak faktura pasatu dio. CUPi bozka emandako askok oraingoan Puigdemontengana jo dute eta baita ERCren aldera, 140.000 bozka galduaraziz.Independentismoaren baitan emandako bozka utilaren fenomenoa pairatu du CUPek, eta gogora ekarri dezake 2001ean Euskal Herritarrok pairatu zuena (herri klabean emandako boto utilak boto ideolojikoa txikitu zueneko hura). CUPek aztertu beharko du bere posizioa eta independentismoaren ibilbide-orrian jokatu nahi duen papera zehaztu. Gainera, onerako (bide propioa jorratzeko askatasun gehiago) eta txarrerako (periferikoa izateko arriskua), CUPen bozkak ez dira beharrezkoak izango ekimen legegilerako Parlament berrian (JxCat+ERC=66; Cs+PSC+Comuns+PP=65; CUP 4). Inbestiduran ere abstenitzea aski dute Puigdemont ateratzeko bigarren bozketan.
PPren hondamendia da hauteskunde hauetako berri onenetako bat. Ciutadans-ek eman dio hozkada ikaragarria eta horrela 155aren fakturaren ordainketa politikoa endosatu dio. Espainiako lehenengo alderdi politikoaren indarra hain da urria Catalunyan Parlament-ean ez sartzetik gertu geratu dela. Fenomeno honek gainditzen du Catalunyako agertokia eta Estatuan atentzio handiz irakurriko dute, bereziki PPtik.PPk 155.aren kanpainaz egiten ahal duen balantzea desastre xamarra da: partidua hondoratu dute, hori guztia C´s-en mesedetan oparitu; eta okerrena dena independentismoak gehiengo erabatekoari eutsi dio: porrot nabarmena.
Bereziki baloratzekoa da Puigdemontek egindako erremontada. Inbestidura bere esku dago, eta duen egoera ikusita, soka luzea ekarriko du prozesurako. Puigdemonten garaipena ona da prozesu klabean, zilegizko presidente bezala berresten du, 155ak bertan behera utzitako gobernuaren berrezartzea errazten du eta baitaziurtatu ere neurri handi batean Errepublikaren inplementazioa. Klabe partidistan irakurrita, bere apostu pertsonalaren garaipenak PDCaten berrosatzeko lidergoa eskaintzen dio (gogoratu JxCat ez dela zuzen-zuzenean PDCat), President-aren zerrenda baizik). Lortutako emaitzek, errestauratua izateko eskubidea eman dio Puigdemonti inongo zalantzarik gabe.
ERCkez ditu espektatibak bete; aurrikuspen hobeak zituen. Puigdemonten jokaldiak (JxCat) ez dio utzi bere potentzialitate osoa garatzen utzi eta independentismoaren lidergoa eskuratzetik urrun utzi du. Koalizioa berriro ez aurkeztearen prezio politikoa ordainarazi zaio ERCri, hots, prozesuaren emergentzia egoera baten aurrean interes partidisten arabera jokatu izanaren pertzepzioa.
PSC irrelebantzian geratzen da. Emaitzetan paretsu eta Ciutadans-ek bozka unionista biltzeko egindako apostuak janda neurri handi batean. Eta jakina, emaitza hauen irakurketa klabe espainolean txarra baina txarragoa da PSOErentzat.
Eta emaitzak aurrean ditugula, azken ideia batzuk:
Cs 36(25)
JxCat 34 (62JxSí)
ERC 32 (62JxSí)
PSC 17 (16)
Comuns 8 (11)
CUP 4 (10)
PP 4 (11)
- Urriaren 1eko Errepublikaren zabalpenak izan zuen etena eta gero, independentismoak hauteskunde hauek irabazi beharra zeukan etorkizuneko estrategia berria osatzeko eta ondorioz ibilbide-orri berria adosteko. Gehiengo hori lortu da inoizko parte-hartzerik handienarekin eta hori oso garrantzitsua da.
- Beraz, proba gainditu da baina independentismoak ezin du autokonplazentzian erori. Erronkak handiak dira; besteak beste unionismoaren indar nagusia den Ciutadans-en igoera kezkagarria da oso.
- Procés-aren bideragarritasuna auzitan zegoen momentuan, mamu hori despejatu du independentismoaren emaitza onak, ez dute akatzea lortu. Errepublikaren inplementazio prozesuak aurrera egin dezake. Orain adostu beharko da nola, norekin eta zer denboratan egiten den hori.
- Catalunyak jarraitzen du izaten Espainiaren problema nagusia, ez dute lortu 155aren erregimena egonkortzea.
- Unionismo metropolitanoa zen espainolen itxaropena; oraingoan erakutsi da ez dela nahikoa izan independentismoa gelditzeko.
EH Bilduk ohartarazi du AHTak ez duela merkantzien arazoa konponduko eta 15.000 euro kostatuko zaiola gainera euskal familia bakoitzari.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gezurra esatea egotzi dio Jaurlaritzari, ez delako egia merkantzien garraioa bermaturik dagoela. “AHTak ez ditu arazoak konpontzen eta diru xahuketa izugarria izaten ari da bere osotasunean”.
EH Bilduren iritziz, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eta Iñigo de la Serna Sustapen ministro espainolaren arteko bilerak argi utzi du “Abiadura Handiko Trenaren proiektua, bere osotasunean, diru xahuketa dela eta, gainera, ez dituela garraio arloan ditugun arazoak konpontzen”. Mikel Oterok adierazi duenez, “lehentasunak bestelakoak dira eta proiektua berriz pentsatzeko unea iritsi da, beste herrialde batzuetan egin duten moduan”.
Mikel Otero, Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du instituzio publikoek 10.000 milioi euro inguru gastatu beharko dituztela proiektua amaitzeko. “Horrek esan nahi du euskal familia bakoitzari AHTa 15.000 euro kostatuko zaiola gutxi gorabehera, eta gastu hori ez da justifikatzen, inondik inora, ustez aurreztuko dugun denborarekin. Nork ordainduko ditu 25-30 euro, edo gehiago, Gasteiztik Bilbora joateko 20 minutu lehenago iristeagatik, autobusez joanez gero sei euro bakarrik kostatzen bazaio?”.
Eta hori guztia salgaien garraioaren arazoa konpondu gabe, gainera. Oteroren hitzetan, “argi geratu da Gasteiz eta Burgos arteko AHT lineak ez dituela merkantziak eramango eta Euskal Y-a moztuta geratzen dela”. Hori dela eta, egia ez esatea leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, “egiari muzin eginez, Arantza Tapiak kontrakoa esan zuen. Jaurlaritzarentzat merkantzien garraioa bermatzea abiadura baino garrantzitsuagoa dela esan zuen, eta horrekin ados egon gaitezke, baina Espainiak hori bermatu duela esaten duenean ez du egia esaten, ministroak berak kontrakoa esan zuelako. AHTak ez du salgairik garraiatuko Burgosera, eta salgaien garraioa existitzen ez den proiektu baten baitan geratzen da”.
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Euskal Y-a abiadura handiko sare espainolean txertaturik dagoela eta horren araberakoa dela; hau da, bidaiariak garraiatzeko bakarrik pentsatuta dago, munduan zehar biztanleko kilometro gehien dituena eta gutxien erabiltzen dena da.
EH Bilduk ohartarazi du datorren urtean (2018an) Eusko Jaurlaritzak 2009an baino diru gutxiago izango duela eta baliabide finantzarioak handitzeko tendentzia zuzendu beharrean, PNV, PSE eta PPk egoera larriagotu egingo dutela enpresari handien zerbitzura egindako zerga erreformarekin.
Legebiltzarrak Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak onartu ditu PNV, PSE eta PPren eskutik. Euskal gizartearen “eskuduntzak eta ahalmenak mugatu eta ezeztatzen” dituzten alderdien eskutik, alegia, Leire Pinedok (EH Bildu) salatu duenez. “Katalunia desinfektatu nahi duten eta han 155. artikulua aplikatzen duten alderdiek hemen autogobernua ukatzen dute; horiek dira PNVren aliatuak”.

Urkullu lehendakaria Idoia Mendia (PSE) eta Alfonso Alonso (PP) bere aliatuekin
Jaurlaritzak “langileen kontrako lan erreformak egiten dituen eta pentsioen sistema likidatzen ari den PPren babesa” bilatu du aurrekontuak onartzeko, baina aurrekontu horiek ez dituzte herritarren beharrak asebeteko. Besteak beste, 2018an Urkulluren Gobernuak 2009an baino 200 milioi euro inguru gutxiago izango dituelako eta horrek, jakina, murrizketak betikotzea ekarriko du, jendearen beharrak gaur 2009an baino askoz handiagoak direnean. Eta benetan larria den joera hori zuzendu beharrean, baliabide finantzarioak behar bezala handitzea ahalbidetuko lukeen zerga erreforma egin beharrean, PNV, PSE eta PPk kontrakoa egin dute, “gehien dutenek zerga gutxiago ordaindu dezaten, Jaurlaritzak ez duela dirurik gehiago egiteko esaten duen bitartean”.

Leire Pinedo (EH Bildu)
Pinedoren iritziz, Jaurlaritza eta PPren arteko akordioak ez dio erantzuten interes orokorrari, ez da helburu horrekin pentsatutako estrategia edo irizpide baten ondorioa, eta horren froga dira PPk aurrekontuetan txertatu dituen zuzenketak, %90 nominatiboak baitira; hau da, dirua elkarte pribatuen poltsikoetara doa, klientelismo ariketa lotsagarri batean, edo PPk gobernatzen dituen udalerrietara, inolako estrategia orokorrik gabe. Are gehiago, lotsa erabat galduta, 200.000 euro PPren fundazioarentzat dira. Bada, “aurrekontuak baino gehiago, loteriaren zozketa dirudi”, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan.
Hemen duzue Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzak jasotzen dituen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=J5ZuZ1e4aAo
Urtarrilaren 23tik otsailaren 2ra ekintza ezberdinak antolatu dituzte Fleming ikastetxean. Kirola, kultura eta jaia bateratuko dituzte aste osoan zehar:
Urtarrilak 23, asteartea
15:00, Herri kirolak herrian barrena.
Urtarrilak 24, asteazkena
17:30, Funky-a. Gurean
18:00, Izen, webgune, logo eta spot berriaren aurkezpen ekitaldia. Gurean
Ondoren, ipuin kontalaria. Gurean
Urtarrilak 25, osteguna
11:00, Aiton-amonak kontu-kontari, Arroako eraikinean.
Urtarrilak 26, ostirala
17:00, Danborrada Arroatik hasita
Ondoren, buruhandi eta erraldoiak.
Eskola afaria Zentroan.
Urtarrilak 27, larunbata
11:00 eta 12:30, Ate irekiak Arroan.
Urtarrilak 29-Otsailak2
10:00-11:00, Bisita gidatuak Arroan.

Fleming ikastetxeak argitaratu duen kartela, egitarau osoarekin.
Amasa Villabona, Tolosa eta Irurako zinegotzi banak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Tolosako Udaletxean, EH Bilduk Tolosaldeko hiru herri hauetan abiatuko duen kanpaina bateratuaren berri emateko. Xabat Laborde, Lore Agirre eta Joxi Imaz zinegotziek, datozen egunetan herri hauetako bakoitzeko etxe guztietara banatuko diren eskuorriak aurkeztu dituzte. Amasa Villabonako kasuan, datorren astean auzolanaren bidez banatuko dira orri hauek.

Eskuorrian murrizketen informazioa eta EH Bilduren irakurketa labur bat irakurri ahal izango dira
Hau da hiru herrietako EH Bilduko ordezkariek gaur argitaratu duten oharra:
Gaurkoan, Amasa Villabonako, Irurako eta Tolosako EH Bilduko zinegotziok, Tolosaldeako EH Bilduko ordezkari gisa, GFAk bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbitzu publikoan, gure kasuan, Tolosa eta Donostia elkartzen dituen autobus zerbitzuan ezarri nahi dituzten murrizketak salatu eta horiez informatzeko asmoz herritarrei banatuko diegun eskuorria aurkezteko bildu gara hemen.
Jada ezaguna den moduan, PNVk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak, hainbat herritan autobus zerbitzua murrizteko asmoa du bidaiak gutxituz eta maiztasunak jaitsiz.
Gure kasuan, Tolosatik Donostiarako linean, orduerdiroko maiztasuna izatetik , orduro izatera pasako litzateke. Honek, egunean 36 autobus izatetik, 18ra pasatzea suposatuko luke. Hori gutxi balitz, ospitaleetako lotura ere murrizteko asmoa dute, egunean 7 autobus izatetik, 3 izatera pasaz.
EH Bilduko kideontzat, gure autobus zerbitzuan egingo diren murrizketa hauek erabat onartezinak dira. Izan ere, herritarrok kalitatezko garraio zerbitzu publiko eraginkorra merezi dugula uste dugu.
Ez dugu ulertzen, urtean zehar milaka herritarrek erabiltzen duten eta erabiltzaile kopurua areagotzen ari den zerbitzu hau murriztu nahi izatea.
PNVk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak proposatzen duen autobus zerbitzuak ez die inondik inora herritarren beharrei erantzuten, ez baitira herritarrak eta euren beharrak kontuan izan. Are gehiago, murrizketak mahai gainean jarri dituen aurreproiektua, eragindako udalei, autobusetako langileei eta zerbitzu honen erabiltzaileei bizkarra emanda osatu da.
Guzti hau kontuan izanik, zerbitzuaren esleipena bertan behera uztea eskatzen diogu GFAri. Eta aurreko legealdian egin zen moduan, parte hartze prozesu bat ireki dezala proposatzen diogu zerbitzua, ordutegia zein ibilbideak, herritarren beharretara antolatu ahal izateko, erabiltzaile, sindikatu eta inplikatutako udalerriekin hitz eginez.
Bide batez, garraio zerbitzuez ari garenez, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, Tolosaldea Bus enpresako langileei ere. Honelako murrizketek, azkenean langileen lan baldintzetan ere eragiten baitute.
Tolosaldeak, orain arte bezala, lehen mailako autobus zerbitzua merezi duelako.
Eta orokorrean, salatu nahi ditutugu PNV eta PSOE zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketak, garraio zerbitzuen kasuaz gain hor baiditugu baita ere osasungintzaren kasua (Asuntzion Klinika), adinekoentzako zentruak (Iurreamendi), zerbitzu sozialak (RGI), hezkuntza… Murrizketa hauen aurka, EHBILDUren proposamena da gizarte osasuntsuago baten bidean, zerbitzu publikoen defentsa eta indartzea.
TOLOSALDEKO EH BILDU
Tolosan, 2017ko abenduaren 21ean
Aurten urteurren borobila ospatuko du Loatzo musika eskolak. Hamabost urte dira Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herrietan musika ikasketak eskaintzen hasi zirela. Urteurrena gogoan, agerraldia egin zuten Loatzoko kideek eta ospakizunak iragartzeko:
Prentsa agerraldian jakinarazi zutenez, "Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da Loatzo. eta momentu honetan, 566 herritarrek musika hezkuntza integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina munduko beste kulturei irekia..., jasotzen duen gune bihurtu da".
"Horretara iristeko dedikazio et lan handia egon badira ere, bada funtsezko izan den zerbait: Loatzo Mankomunitatea osatzen duten Udalen jarrera eta borondatea. Lantalde honen izenean, ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udalentzat", azaldu zuten.
Loatzoko kideek jakinarazi zutenez, "bide guztiek bezala, honek ere izan ditu gora eta beherako aldapak. Hala ere, aldapa guztien gainetik dago jasotako uzta: musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musika zale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide".
Loatzoren 15. ikasturtea ekintzaz beterik dator:
1- Xexili egunean, herri guztietako kaleak doinuz bete zituzten, ikasle guztien parte hartzearekin.
2- Gabonetan, herri bakoitzeko emanaldiez gain, Bandaren emanaldia eta Olentzeroren etorreretako doinuak.
3- Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Iñauterietan parte hartzea.
4- Topaketak: Saxofoiak, zeharkako flautak, tronboiak, eskuzoinuak, trikitixak... beste herrietakoekin batera arituko dira udaberrian.
5- Instrumentu guztien audizioak, herri guztietan.
6- Usurbilgo Musika eskolarekin elkartrukea, martxoa-apirilean.
7- Arenys del Mar-era joango dira Loatzoako pianistak, klarinete, biolin eta flautako ikasleak.
8- Herri Urrats-en kontzertua eskainiko dute, lehen aldiz.
9- Ikasturte amaierako emanaldiak, herri guztietan.
Gabonetako kanpainaren baitan, Oria merkatarien elkarteko kideen eskutik, haur eta gaztetxoentzako atrakzio eta jolasak zabalduko dira Txistulari eta Errebote plazetan.
Txikiparka jarri dute Txistulari plazan eta auto-txokeak eta karrusel barraka jarriko dituzte Errebote plazan. Bestalde, Villabonako Gaztelekuarekin elkarlanean, Gabonetako tailerrak ere antolatu dituzte:
Abenduak 22, ostirala 17:00-20:00.
Abenduak 27, asteazkena 17:00-20:00.
Abenduak 29, ostirala 11:00-13:00.
Urtarrilak 2, asteartea 17:00-20:00.
Urtarrilak 4, osteguna 11:00-13:00.
Egunero hiru tailer desberdin eskainiko dira: eskulanak, mugimendu jolasak eta margoketak. Leku edo plaza mugatuak daude: 16 ume talde bakoitzeko.
Bestalde, abenduaren 27an 'Liburu bat, mundu bat' ipuin kontaketa musikatua eta eskulana ere izango dira, berdintasuna eta jatorri aniztasunaren inguruan. 11:00tan Mintzola etxean. 2-8 urte arteko haur eta gurasoentzat. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.
Amasa Villabonako EH Bildu udal-taldeak proposamen berri bat egin du udalean. Pasa den urtarrilaren 10ean ofizialki erregistratutako eskaera baten bidez, hileta edo omendaldi zibilak egitea arautuko duen ordenantza bat osatu eta onartzea eskatu dio EH Bilduk PNVren Udal Gobernuari. Ordenantza horren bidez, hileta zibilak egin ahal izateko, herriko espazio edo areto publikoak erabili ahal izatea lortuko litzateke, gure gizartean gero eta zabalduagoa dagoen eskakizun honi erantzun bat emanez.
Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk egindako eskaera ofiziala:
EH BILDU UDAL-TALDEAREN PROPOSAMENA
AMASA VILLABONAKO ALKATETZARI
Zioa:
Administrazio publikoen izaera ez-konfesional eta laikoa funtsezko elementua da eta ondorioz, erakundeek pertsonen eta elkarteen askatasun ideologiko eta erlijiosoa eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dituzte.
Gure herriko pertsonen artean aniztasun ideologiko, kultural eta erlijiosoa da nagusi, gure jendartea gero eta aberatsagoa da ohituren eta ekintza sozialen adierazpenei dagokionez.
Hil ondorengo hileta eta omenaldi zibilak egiteko beharra, erlijiorik gabe bizitzeko aukera egin duten gizon emakumeek zeremonia duina eta pertsonala eduki ahal izateko beharretik sortu da, eta herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatu beharrekoa da.
Erlijio ezberdinek hildako pertsonei azken agurra emateko liturgia-ekitaldi desberdinak dituzten moduan, Amasa Villabonako Udalak gizartean gero eta eskaera handiagoa duen behar bati erantzun behar dio, hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izatea ahalbidetzeko araudi bat onartuz.
Honako hau, amasa billabonatar guztiek, hileta-ekitaldia beraiek erabakitako moduan egiteko duten askatasuna errespetatzeko ezinbesteko tresna izango da.
Proposamena / eskaera:
- Amasa Villabonan hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza bat eztabaidatu eta onartzea, 2 hilabeteko epean.
Ordenantza honen xedea, hileta ekitaldi edo omenaldi zibilak egiteko udal lokalen edo herriko espazio publikoaren erabilera eta baimena arautzea izango da.
Amasa Villabonan, 2018ko urtarrilaren 10ean
Pasa den astelehenean, hilak 18, Villabonako udaleko Osoko Bilkura izan zen udaletxeko areto nagusian. Hona hemen, Amasa Villabonako EH Bildutik egiten dugun kontakizuna eta balorazioa:
Osoko Bilkurak 8 gai izan zituen eta banan bana jorratuko ditugu:
1. Urriko osoko bilkurako akta onartzea
Azaroan osoko bilkurarik egin ez zenez, alkatetzatik gairik ez zegoela argudiatuz, urriko bilkuraren akta aho batez onartu zen. Hala ere, EH Bildutik akta horretan, bilkuran esan ziren hainbat kontu ez zirela behar bezala jaso adierazi genuen, izan ere PNVko ordezkariek egin zituzten eta guk gogoan genituen hainbat hitz, ez ziren aktan agertzen. Udalbatzako akta, udal idazkariak jasotzen du eskuz, eta eztabaida azkarrak izaten direnean, ezinezkoa izaten da esandako guztiak behar bezala jasotzea. Hau konpontzeko asmoz, EH Bildutik grabazio sistema bat ezartzeko proposamena egin genuen 2016ko azaroan, modu horretan audio-akta bat izango genuke eta esandako guzti-guztiak jasota geratuko lirateke. Proposamena onartua izan zen eta 2017ko aurrekontuetan, mikrofono eta grabazio sistema bat ezartzeko 20.000 euroko diru-partida bat jaso zen. 2017. urtea joan zaigu, eta oraindik sistema hau ez dago martxan. PNVko Udal Gobernuak lan egiteko erakusten duen geldotasun eta nagikeriaren beste adibide garbi bat.
2. Hirigintza: Aurretiazko jakinarazpenetarako Udal Ordenantzaren aldaketa
Aldaketa guztion adostasunarekin onartu zen eta hobekuntzak ekarriko ditu obren kontrol eta egiaztatze prozesuan. Azaroan egindako hirigintza batzordetik adostuta zetorren aldaketa hau.
3. Taxi tarifen igoera proposamena
PNVko gobernuak ontzat eman zuen Tolosaldeko taxilarien batzordeak Amasa Villabonako taxien tarifak %1,6ean igotzeko egindako proposamena, eta proposamen hori onartzeko gonbita egin zion udalbatzari. EH Bilduko udal-taldeak abstentzioa bozkatzea erabaki zuen, izan ere, taxi erabiltzaileak diren herritarren ikuspuntutik tarifak igotzea ez da albiste ona. Herritarren soladatak, pentsiodunen diru sarrerak... ez dira neurri berean igo eta herritarren gehiengoaren eroste-ahalmena behera egiten ari den momentu honetan, taxi zerbitzuaren tarifak igotzea ez zaigu egokiena iruditzen. Hala ere ulertzen dugu azken urteetan tarifak igo ez direnez, agian momenturen batean igo behar izatea, baina zalantzak sortzen zaizkigunez, koherenteena abstentziora jotzea dela ondorioztatu genuen.
4. Amasamendiko planaren behin betiko onarpena
Amasamendiko antolaketa eta kudeaketa plana, jendaurrean 30 eguneko epean egon eta gero, behin betiko onartua izan dela berri eman zen.
5. EH Bilduk aurkeztutako testua, Pasaiako "Amaia eta Ikerri babesa" plataformak egindakoa, Pasaiako egungo alkateak eta azken urteetako alkate ohiek sinatua, Villabonako Udalbatzaren atxikimendua bilatuz
EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak kasu honen azalapena egin zuen. "Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia eta Iker Rokandio Pasaiko udaleko idazkari ohia kartzelan aurkitzen dira momentu honetan, bidegabekeria eta injustizia handi batengatik. Herritar bati arazo bat konpontzeko helburu bakarrarekin, akats administratibo bat egiteagatik kartzelan amaitzea, guztiz onartezina da, neurrigabekeria galantza" azaldu zuen. EH Bilduk bere babesa adierazi zien bi pertsona hauei eta beren senide ta lagunei eta Villabonako udalbatzak ere gauza berbera egitea zen testu hau aurkeztearen helburua.
Ondoren PNVko Eneko Urdangarin zinegotziak hartu zuen hitza, eta testua kritikatzeari ekin zion. Iker Rokandio ez zela aipatu ere egiten esan zuen, gezur nabarmena botaz, testuan hitzez-hitz Iker Rokandioren izena ageri baita. Ondoren testu hau udalbatzara eraman izana kritikatu zuen, Pasaiko udalean hori ez zela egin argudiatuz. Kasu honetan ere oso trakets aritu zen Urdangarin, izan ere, EH Bilduk aurkeztutako testuak egungo Pasaiko alkatea den Izaskun Gomezen (PSE) sinadura baitzuen. Gogoratu behar dugu Izaskun Gomez sozialistak PNVren babesarekin gobernatzen duela Pasaian. Beraz, argudio oso ahulak agertu zituen PNVk, bere kontrako bozka azaltzeko.
Xabat Labordek erantzun zion, Urdangarinek esandako gezurrak agerian utziz eta jeltzaleek erakutsi zuten gizatasun (humanitate) falta kritikatu zituen, izan ere udalean agintean dagoen edonori gerta dakioke Amaia Agirregabiriari gertatutakoa, borondate onenarekin eta nahi gabe egindako akats bat dela medio, kartzelan amaitzea. Hala ere nabarmena da Agirregabiria EH Bildukoa izateak eragina izan duela kasu honetan, ez da kasualitatea, seguruenik PNVkoa balitz ez zuketen kartzelan sartuko.
PSEko Arija andreak ere hartu zuen hitza eta kontraesanez betetako interbentzioa egin zuen. EH Bilduk mahai gainean jarritako testuaren zati handi bat konpartitzen zuela, bi pertsona hauekin egindakoa bidegabekeria handi bat dela eta kartzelan egotea injustua dela esan ondoren, abstenitu egingo zela esan zuen, bere alderdiko Pasaiko alkateak sinatutako testua babesteari uko eginez, eta Villabonako udalbatzak testua ez babestea ahalbidetuz. Beti bezala, Arija andreak PNVren esanetara jarraitzen du eta EH Bildurekin batera ezer ez bozkatzearen jokabide maltzurrari eusten dio. PNVri alfonbra gorria jarriz nahi duten guztia egiteko.
Beraz, bozketa garaian berdinketa suertatu zen, testuak EH Bilduko 6 zinegotzien aldeko botoa, PNVko 6en kontrakoa eta PSEren ordezkari bakarraren abstentzioarekin. Berdinketa kasuetan Maite Izagirre alkateak du azken hitza, eta noski, bere botoa erabili zuen testua bertan behera uzteko.
6. EH Bilduren mozioa, espainiar estatuko Aurrekontu Egonkortasunaren legea indargabetzea eskatuz
EH Bilduren iniziatiba berri honen bidez, Amasa Villabonako Udalbatzak PPren gobernuak 2012. urtean onartutako legea indargabetzea eskatzea zen helburua eta oraingoan alderdi guztien arteko adostasuna lortu zen, mozioa aho batez onartuz. Hau da Udalbatzak onartutako mozioaren edukia:
AURREKONTU-EGONKORTASUNARI BURUZKO LEGEA INDARGABETZEA ETA UDALEN TOKIKO AUTONOMIAREN ERREIBINDIKAZIOA
MOZIOA
1 - Amasa Villabonako Udalak ez du onartzen Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onartu eta aplikatu zuen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren edukia.
2 -Amasa Villabonako Udalak Gobernuari eskatzen dio Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea indargabetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala premiaz eta lehenbailehen. Eta bat egiten du Madrilgo Udalarekin eta dozenaka euskal udalekin Estatu Espainolak toki-autonomia urratzen dielako.
3 - Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak Mariano Rajoyren Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko Ministerioari galdegiten dio Madrileko Udalaren kontuak ikuskatzeari utz diezaiola, uste baitu udalerri horretako Tokiko Gobernuak, ezarritako gehieneko gastua gainditurik, uneoro bete dituela horrelako egoeretan bete beharreko legezko betebeharrak Ministerioak berak ezarritako metodologia jarraituz.
4 -Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak Ekonomia Ministerioaren diskrezionaltasuna eta desberdintasun tratua salatzen ditu, zuzentzen zaion administrazioaren kolore politikoaren arabera, eta konparaziozko bidegabekerian jausten da antzeko aurrekontu egoeran dauden ehunka udalerriekiko, haien aurka ez baita antzeko neurririk hartu.
6 - Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak tokiko autonomia errebindikatzen du eta udalen finantza-askatasuna europar tokiko kartak babesten dituen bi oinarrizko printzipio gisa.
7. EH Bilduren mozioa, Villlabonako udalak Gabonen testuinguruan jolas ez sexisten aldeko kanpaina jorratzeko
Mozio honen informazio guztia: http://ehbilduamasavillabona.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=490&Itemid=146
PNVko ordezkariek mozioa berandu erregistratu izana leporatu zioten EH Bilduri eta Laborde zinegotziak aurtengo gabonetarako beranduegi izan zitekeen arren, hurrengo urterako baliagarria izango zela erantzun zien. Gai honetan adostasuna bilatu nahian, EH Bilduk malgu jokatzea erabaki zuen eta aurtengo gabonei begira, Udalak kanpaina xume eta erraz bat garatzea proposatu genuen. PNV eta PSEko ordezkariak ados zeudela adierazi zuten eta ondorioz, EH Bilduk mozioa erretiratu eta adostasun hori aktan jasotzeko eskatu zuen, Udal Gobernuak konpromezu hori beteko duen esperantzan.
8. Beste organoan jardueraren jarraipena
Ez zen interbentziorik egon.
9. Erreguak eta Galderak
Fleming ikastetxeko ordezkariek hartu zuten hitza:
Udaleko areto nagusia jendez gainezka zegoen eta hori ez da ohikoa izaten. Fleming herri ikastetxeko guraso andanak udalbatzara agertzeko erabakia hartu zuten eta bertan zen ikastetxeko zuzendaria bera ere.
Izan ere, Fleming ikastetxeko ordezkari eta gurasoak oso kezkatuta daude bizi duten egoerarekin, eta eskolako funtzionamendu eta mantenimenduan udalak dituen ardurak behar bezala ez betetzea eta finantziazioan diskriminazioa pairatzea leporatzen diote Udal Gobernuari. Hitza hartu zuen gurasoen ordezkaria Ibon Ariznabarreta hezkuntza arloko zinegotziari zuzendu zitzaion eta azken hilabeteetan udalarekin izandako harremanen balorazio bat egin zuen. Guraso honen esanetan, udalak ez du batere jarrera egokia izan beraiekin eta askotan bilerak egiteko eskaeren aurrean erantzunik ere ez ematea leporatu zion Ariznabarreta jeltzaleari. Bestalde, Ariznabarreta jaunak bidalitako e-mail bat ere aipatu zuen, e-mail horretan udaleko hezkuntza arduradunak egin zuen proposamena astakeria hutsa zela salatuz. "Ez dakigu zer dagoen honen atzean, ezjakintasuna edo asmo maltzurrak" adierazi zuen hitza hartu zuen gurasoen ordezkariak.
Flemingo ordezkariek txosten bat aurkeztu zuten udalean eta txosten horretan mantenimendua eta funtzionamendua behar bezala garatzeko, finantziazioan edota diru-iturrietan eskolak dituen gabeziak azaltzen dira modu oso zehatzean. Flemingo ordezkariek gai honetan udalak azken urteetan egindako gestioa gogor kritikatu zuten.
Hortaz gain, udalean Hezkuntza Batzordea sortzeko proposamena egiten da txostenean, Amasa Villabonako hezkuntza sektoreak eta ondorioz herriak berak dituen zenbait arazo eta erronken aurrean udalak erantzunkizuna duela eta ezin duela beste alde batera begiratu azaldu zuten Flemingo ordezkariek. Herrian bi eskola eredu izateak sortzen dituen bikoiztasunak, matrikulazioetan dauden desorekak, etorkinen integrazioaren problematikak, haur eskolako zenbait arazo... aipatu zituzten eta gai hauek jorratzeko Hezkuntza Batzorde baten beharra aldarrikatu zuten.
Betalde, Fleming eskolako eraikina Arratzainen, herritik aparte izateak sortzen dituen arazoak ere jarri zituzten mahai gainean. Nabarmena da eskola Arratzainen izateak zenbait traba eta arazo dakartzala berarekin eta haurrek eskolara igotzeko dituzten bi bideen egoera kaxkarra ere mahai gaineratu zuten. Honen harira, 2014an EH Bilduren udal gobernuak egindako txostena hor zegoela gogoratu zuten, txosten horretan hainbat proposamen jaso zirela gogoratuz.
Ariznabarreta zinegotziaren erantzuna:
Hezkuntza zinegotziak azalpenak emateko ahalegina egin zuen eta behin eta berriro errepikatu zuen udalak ez duela nahikoa dirurik mahai gainean jarritako arazoak konpontzeko. Udalak duen aurrekontu eskasa jarri zuen aitzakia gisa eta azken hilabeteetan hainbat obra egiteko asmoarekin urratsak eman dituztela ere azaldu zuen. Araznabarretaren hitzek ordea, ez zuten inor konbentzitu eta udalbatzako ikusleen aulkietatik behin baino gehiagotan leporatu zitzaion, falta dena ez dela dirua, borondatea baizik. Ariznabarretak lehentasunak definitzeko eskatu zien Fleming eskolako ordezkariei eta dirua eskolako obra batean gastatu behar bazen, diru hori aurrekontuko zein beste diru partidatik kendu behar zen proposatzeko ere eskatu zien, Udal Gobernuak egin beharreko lana eskolako kideei ezarri nahian edo. Bide batez, Ariznabarretak erasoari ekin zion, aukera hau EH Bilduk aurreko legealdian egindako lana kritikatzeko baliatu nahian. Behin baino gehiagotan bere ardura gainetik kendu nahi izan zuen, bere gabeziak estaltzeko EH Bildu kritikatzeko komodina erabiliz eta azalpenak aurreko udal gobernuari eskatzeko esanaz. Flemingo ordezkariek aipatutako mugikortasunaren gainean 2014an egindako txostena ez zuela ezagutzen ere aipatu zuen, nahiz eta aurreko legealdian Ariznabarreta bera zinegotzia izan. Agian aurreko legealdian, bera oposizioan zegoenean, hilero egiten ziren hezkuntza batzordeetara agertu ere egiten ez zelako ez zuen txosten hori ezagutzen. Amaieran, epe motzean kontu hauek jorratzeko bilera bat egitea proposatu zuen Ariznabarretak eta bilera hori asteazkenean 13:30etan egitea adostu zen.
EH Bilduren irakurketa:
Gure ustez, Fleming eskolako ordezkariek motibo ugari dituzte kezkatuta egoteko, gu ere arduratuta gaude gure herriko eskola publikoa pairatzen ari den egoerarekin eta erabat babesten ditugu, eta guztiz ados gaude udaleko elderdioi aurkeztutako txostenean eskolako gurasoek eta zuzendaritzak egiten dituzten planteamenduekin. Beste behin, hezkuntza alorrean ere, PNVk erakutsi duen gobernatzeko gaitasun eza ageri-agerian gelditu da.
Flemingo ordezkariek hezkuntza batzorde bat sortzea proposatu zuten, eta gu ados gaude horrekin baina esan beharra dago udalak dagoeneko baduela hezkuntza gaiak jorratzeko batzorde bat (Gazteria, Hezkuntza eta Kirola Udal Batzordea) eta Ariznabarreta jauna dela batzordeburua edo arduradun politikoa. Kontua da PNVko Udal Gobernuak eta Ariznabarreta jaunak batzorde hori paralizatuta eduki dutela, apenas bileraik egin gabe eta bildu den apurretan esklusiboki kirol gaiak jorratu direla, hezkuntzaz hitz egiteari muzin eginez. Kontua da hau ez dela salbusepen bat, PNVren gobernatzeko estiloa baizik, nabarmena da ez dutela inolako borondaterik izan herriaren alde gogor lan egiteko eta azken bi urte terdian euskara eta kultura batzordeak ere paralisira eraman dituztela, parte hartze batzordea 2015. urtetik bildu gabe dagoela eta Ingurumen batzordea desagertarazi egin dutela ikusi dugu. Nahiko adibide garbiak dira PNVko ordezkariek udal honetan lan egiteko erakutsi duten borondate eskasa ikustaratzeko.
Gaiari helduz, nabarmena da PNVk arazo bat daukala hezkuntza publikoarekin, bai nazio mailan eta baita gure herrian ere. EH Bildutik ordea, gure prestutasuna adierazi nahi dugu Fleming ikastetxeko zuzendaritzarekin eta gurasoekin elkatu, mahai gainean jarri dituzten arazoei irtenbideak bilatu eta ondoren udalean irtenbide horiek martxan jar daitezen ahalegin guztiak egiteko. Ez gara "Hezkuntza arloko" arazo partzialei buruz ari, esku hartean ditugunak herri osoari eta Amasa Villabonaren etorkizunari zuzen zuenean eragiten dien gai garrantzitsuak dira. Horrenbestez, etorkizunerako herri proiektua duen Udal arduratsu batentzat, lehentasunezko gaia izan behar luke. Zer nolako hezkuntza behar du Amasa Villabonak etorkizunerako? nola konpondu daitezke herrian bi eskola eredu izateak (itunpeko Ikastola eta eskola publikoa) dakartzan arazo edo trabak? Zer egin dezakegu Udaletik Hezkuntzako eragileekin elkarlanean, etorkinen integrazio egoki bat lortzeko? eta beste hainbat galderari erantzunak topatzea, ez da nolanahiko erronka. Guk ez ditugu gure ardura edo erantzunkizunak gainetik kenduko eta herritarren ordezkariak garen heinean, prest eta gogotsu gaude zeregin honetan ere buru belarri lan egiteko.
Azken asteetan Asuncion klinikako langileak protesta ekimen ugari egin dituzte (auto karabanak, kontzentrazioak...) lan baldintza duinak bermatzeko hitzarmen bat eskatuz. ELA eta LAB sindikatuen babesarekin, langileek pairatzen duten prekarietatea salatzen ari dira eta negozioazio mahaian eseri dadila exijitzen diote klinikako zuzendaritzari.
Pasa den abenduaren 10ean Tolosako erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazio batekin biribildu dituzte aldarrikapen hitzordu guztiak.
Manifestazioaren hasiera Tolosako udaletxe plazatik
Bi egunez luzatu zen grebari amaiera emateko manifestazioa izan zen eta langileez gain, dozenaka herritar batu ziren euripean egin zen mobilizaziora. Asuncion klinikako langileek zuzendaritzarekin soldata igoerak, lan baldintza duinagoak eta egonkortasuna negoziatu ezinak eraman ditu mobilizatzera.
2017a amaitu aurretik, joan den abenduaren 28an, Inviza SA enpresa kudeatzaileko zuzendaritzak bilera batera deitu zituen langile batzordeko kideak: «Guk egin dizkiegun bi eskaera nagusien inguruan hitz egin nahi izan zuten: baldintzez eta soldatez. Ordea, zuzendaritzak eskaini ziguna ez da nahikoa», azaldu du Arantxa Errondosoro langile batzordeko kideak.
48 orduko greba hasterako gutxieneko zerbitzuen kudeaketa salatu bazuten ere, Asuncion klinikako langileak pozik geratu dira lanuzteak izan duten jarraipenarekin, eta baita manifestaziorako deiak izandako zabalkundearekin ere. Behin mobilizazioak amaituta, deialdi guztien balorazio bat egingo dutela azaldu zuten, aurrera begira zer egin erabakitzeko.
Tolosaldeko EH Bilduk lengileen aldarrikapenekin bat egin du
Osasun publikoaren eta langileen eskaeran aldeko ohar hau kaleratu genuen pasa den astean:

Pasa den ostiral eguerdian, herritarren arreta zerbitzu berria eskaintzeko udal-bulego berria inauguratu zen. Astelehenetik aurrera udalean zerbait egiteko udaletxeko behe solairuan dagoen bulego berri horretara jo beharko da eta bertan behar den informazioa eskainiko da. Inaugunazio ekitaldian Maite Izagirre alkatearekin batera, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria izan zen eta Villabonak bulego hau izateko egindako lana eta "udalak administrazioaren modernizazioarekin duen konpromisoa" goraipatu zuten biek. Ivan Agirre alkate ohia izan zen Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jartzeko erabakia hartu eta konbentzimendu guztiarekin aurrera egin zuena, horregatik aipamen bat merezi duela uste dugu eta inaugurazio ekitaldian ez ikusteak harritu egin gintuen. Udaleko langileak, EH Bilduko udal taldeko zinegotziak eta herritar batzuk ere izan ziren inaugurazio ekitaldi horretan. Bulegoak itxura aldetik oso dotore geratu dira Villabona eta Amasako argazki zaharrekin apaindurik.

Bulego berriko sarrera, udaletxeko behe solairuan
Proiektuak gure babes osoa du
EH Bilduk egitasmo hau babestu du, udalak herritarrei eskaini ahal izango dien arreta hobetzeko baliagarria izango dela uste dugulako. Herritarrek udalean egin beharreko gestioak bulego bakar batean zentralizatzeak, arretaren kalitatea hobetzea ekarri behar luke, jendeak udaletxean gora eta behera ibili beharrik gabe, herritarren beharrei erantzun azkarragoa emanez. Espero dugu teoriatik harago, eguneroko errealitatean Herritarren Arreta Zerbitzu berri honek hobekuntza horiek ekartzea.
Hau esanda, uste dugu proiektu honen inguruko zenbait gertaera gogoratzea komeni dela:
Atzerapen nabarmena pilatu du
Proiektu hau, legealdia hasi eta berehala, 2015. urtean, Ivan Agirre alkatearen iniziatibaz jarri zen martxan. Gure ustez, bulego hau martxan jartzeko bi urte oso osorik behar izatea oso poliki edo mantso aritzea da, baina tira, hobe berandu, inoiz ez egitea baino.
Honako hau, legealdi honetan PNVren gobernuak izan duen iniziatiba garrantzitsu edo aipagarri bakarra izan da eta hori ere atzerapenarekin egiteak, egungo udal agintariek duten eraginkortasun falta agerian uzten du.
Udala atzean gelditzen ari da administrazioaren digitalizazioan
Gai honekin lotura argia izanik, teknologia berrien erabilera eta administrazioaren digitalizazio prozesua aipatu behar dira derrigor, eta arlo horietan Villabonako udala atzean geratzen ari dela ikusten ari gara. Gaur egun dauden baliabide teknologikoekin, udalean ohikoenak diren tramiteak (errolda agiriak, multak ordaintzea, udalari eskaerak egitea, kexak tramitatzea...) internet bidez egiteko aukera dago, aipatutako tramiteak bakoitzak bere etxetik edo mugikorretik egin ditzakeelarik. Udala zabalik dagoen ordutegia goizekoa izanik, honek herritar askori lagunduko lioke. Egungo udal gobernuak ordea, ez du alor honetan inolako aurrera pausurik eman.
Zentzu honetan, aipatzekoa da udaleko web orriaren egoera traketsa. Web orri txukun, sinple eta aldi berean erabilgarria izateak asko lagundu dezake aurretik aipatutako tramiteak egiteko garaian. Legealdi honetan ordea, udaleko web orria ez da ezertxo ere aldatu eta guztiz desfasatua geratzen utzi da.
Bulegoetako obrak “a dedo”
Bulego berrien obrak egiteko garaian, udal gobernuak Maite Izagirre alkateak sinatutako dekretu baten bidez bere konfiantzazko arkitekto bat kontratatu zuen, inolako lehiaketarik egin gabe. Bulegoen ezarpenaren proiektuak egiteagatik, 9.200 euro ordaindu zion udalak arkitekto honi. Beranduago, beste alkate-dekretu baten bidez, obren zuzendaritza ere berari eman zitzaion, beste 3.630 euro ordainduz.
Obra garesti xamar irten zaio udalari
Bulegoak eraberritzeko udalak 158.000 euro inguru gastatu behar izan ditu, gure ustez zifra altu xamarra da metro karratu gutxi dituen espazio horretarako.

Bake epaitegira sartzeko zegoen atea estali egin da obra honetan
Zentzurik gabeko gauzak egin dira
Lehen, bake epaitegiko bulegora sartzeko atea udaletxe barruan zegoen, ba obra honekin, ate hori desagertu egin da. Hemendik aurrera Bake epaitegia okupatua dagoenean, libratu arte itxaron behar duen jendeak kale gorrian, udaletxeko arkupeetan egon beharko du zain. Zein zentzu dauka honek?
Pasa den urtarrilaren 10ean Amasa Villabonako Udaleko PSEko zinegotzi bakarrak komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, gobernu taldeari (PNV) eskatu zion aurrekontuetako zati bat gorde zezala Larreako haur parkea estaltzeko; haurrek euritik babestuta jolasteko aukera izan dezaten. PSE-EE-ko Maria Luisa Arijak azaldu zuenez, lan horiek egingo balira, herriko lehen parke estalia izango litzateke. Hark jakinarazi zuenez, guraso zein zaintzaileen eskaera da babesean jolasteko toki egokia izatea, eguraldi txarra egiten duenean blai egin gabe. “Haur-parkeak hobetzea da helburua, txikiek espazio horietaz urte osoan zehar gozatzeko aukera izan dezaten, eguraldi txarrak eta, bereziki, euriak aukera hori zapuztu gabe”.
2016an Larreako parkea estaltzearen kontra bozkatu zuen
2016ko urtarrilean egin zen Udaleko osoko bilkuran, aurrekontuen eztabaidan, EH Bilduk aurkeztutako 11 zuzenketak jorratu ziren banan banan. Zuzenketa horietako batean, Larreako parkeko proiektua 2016an egitea proposatzen zen, borondatea izanez gero, bazegoen nahikoa diru obra egiteko. Orduan ordea, erabakia bere eskuetan izan arren (PSEko zinegotziak alde bozkatuko balu, onartua izango zen) proposatutako zuzenketaren kontrako bozka ematea erabaki zuen, proiektuari ateak itxiz. Badirudi PSEko zinegotziak iritziz aldatu zuela 2018. urtea hastearekin batera.
EH Bilduren erreakzioa
Hasiera batean harrigarria iruditu zitzaigun bapatean, PSEko zinegotziak Larreako parkea estaltzeko eskaera publikoki zabaltzea, baina aldi berean albiste ontzat hatu genuen. Izan ere, EH Bildutik urteak daramatzagu proiektu hau behingoz egin dadin eskatzen eta PNVko gobernuak behin eta berriro baztertu du eskaera. Gogoan izan behar dugu 2014an herriko parke bat estaltzeko behar historikoari (eta udalak egindako inkestetan jasotzen zen eskaera nagusiari) erantzuteko asmoz, EH Bilduren gobernuak martxan jarritako prozesu parte hartzailea. Arkitekto-talde ezberdinek herriko hiru parke estaltzeko proiektuak aurkeztu zituzten eta herritarrek zuzeneko bozka bidez erabaki ahal izan zuten proiektu irabazlea. Ehunka izan ziren parte hartu zuten amasa billabonatarrak. Bozken kontaketa eginda, Larreako parkea estaltzeko "Rayuela" proiektua izan zen irabazlea. Aipatzekoa da eskoletako haurrek ere parte hartu zutela prozesu zabal eta eredugarri horretan.
Rayuela proiektuaren xeetasunak hemen: http://villabona.gobernuirekia.eus/images/stories/VILLABONA/parkeestalia/1rayuela/RAYUELA-LARREA_A1.pdf eta hemen: http://villabona.gobernuirekia.eus/images/stories/VILLABONA/parkeestalia/1rayuela/RAYUELA-LARREA_A3.pdf
Akordioa lortzeko proposamena PSEri
Beraz, esan bezala, PSEko ordezkariak proiektu hau egiteko borondatea publikoki agertzea, albiste positibotzat hartu genuen eta guk eskua luzatu genion Arija andreari gure ustez ezinbestekoa den Larrea parkearen estaltzearen aldeko akordio bat lortzeko. Komunikabideetan esandakoa egia balitz, Arija andreak oso erraza izango luke aurrekontuetan proiektu hau egiteko diru partida bat lortzea, gu horretarako prest agertu ginen eta. Helburu horrekin, urtarrilaren 12an Arija andrearekin bildu ginen gai honetan akordio bat lortzeko asmoz. Gure proposamena oso argia izan zen: EH Bilduk eta PSEk proiektua babesten bagenuen, PNVk aurkeztutako aurrekontuei zuzenketa partekatu bat egitea, proiektua egiteko beharrezkoa litzatekeen dirua lortuz. Gogoan izan behar dugu EH BIlduk eta PSEk gehiengoa izango luketela Amasa Villabonako Udalbatzan eta ondorioz, zuzenketa hori arazorik gabe aurrera ateratzeko moduan aurkituko ginateke.
Arija andreak berriro ere iritziz aldatu zuen ordea
Gure sorpresarako, M.L. Arija PSEko zinegotziak ez zuen aipatutako proposamenaren gainean hitz egin nahi izan eta komunikabideetan esandakoaren kontrakoa erantzun zigun. Berriro ere bapateko iritzi aldaketa egin zuen eta Larreako parkea estaltzeko proiektuari buruz "zalantzak" agertu ziztaizkion. Izugarria da emakume honek iritziz eta diskurtsoz aldatzeko duen erraztasuna, egun batean (publikoki gainera) gauza bat adierazi, eta hurrengoan guztiz kontrakoa esaten du. Nola deitu jarrera honi? faltsukeria? hipokresia? noraeza? guztiek balioko luketela iruditzen zaigu.
Kontua da beste behin, PSEk bizkarra eman diola EH Bildurekin adostasunetara iristeari, horrek herriari mesede egingo liokeela jakin arren. Izan ere, legealdi osoan Arija andreak egoera guztietan PNVko 7. zinegotziaren papera bete du, jeltzaleek agintzen diotena zintzoki betez. Honek ez gaitu harritu, behin baino gehiagotan entzun baitugu Arija "¿que tengo que votar hoy?" galdetuz PNVko zinegotziei.
Azkenik, aurrekontuak erabaki ziren osoko bilkuran, Arijak EH Bilduk aurkeztutako Larreako parkea estaltzeko proiektua 2018an egiteko proposamenaren kontra bozkatu zuen; "Donde dije digo, digo diego".
Azken hilabeteetan, bereziki pasa den ekainaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian Euskal Herria Bilduren lehen kongresua egin zenetik, Amasa Villabonako EH Bilduren zabalpen eta berregituraketa lanetan aritu gara. Dagoeneko EH Bildu ez da lau alderdi politikok osatutako koalizio soil bat, izaera propioa duen subjektu politiko berri bat baizik. Aipatutako kongresuan, EH Bilduren zuzendaritza eta barne organo guztien osaketa erabaki ziren, prozedura garden eta erabat demokratikoen bidez (kongresua.ehbildu.eus atarian izena eman nahi izan zuten pertsona guztiek bozkatu ahal izan zituzten aurkeztutako hautagaiak) eta bertan hasi zen Euskal Herria Bildu zabal eta irekiago bat sortzeko ibilbidea. EH Bildu gehienbat erakunde edo instituzioetarako tresna izatetik, herri eta auzoetan presente egotera eta herritarrekin eskuz-esku lan egingo duen eragile politiko indartsu eta eraginkor bat izatera pasako da.
Amasa Villabonan ere zabalpen eta eraberritze prozesua garatu dugu, jendearekin lasai hitz egiten, gogoeta zein iritziak jasotzen, antolaketa eta funtzionamendurako proposamen ezberdinak eztabaidatzen... aritu gara, eta datorren abenduaren 20an egingo dugun Herri Batzar irekian, egindako lanaren emaitza aurkeztuko dugu.
EH Bildu da Amasa Villabona ezkerretik eta modu parte hartzaile, demokratiko, garden eta herrikoi batetik eraikitzeko alternatiba bakarra. Herritarrekin eta herriko elkarte eta eragileekin batera, Amasa Villabona justu, solidario eta aurrerakoi bat eraiki nahi dugu, gure herrikideen bizitza kalitatea hobetzeko eta jendeak bere oinarrizko beharrak aseta izanik, ahalik eta alaien bizitzeko helburuarekin.
Horretarako ordea, militantzia lana eta konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzea behar beharrezkoa izango da eta zorionez, asko izan dira Euskal Herria Bildun bere ekarpena egiteko prest agertu diren herritarrak. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin modu batera edo bestera lan egiteko prestutasuna azaldu duten amasa billabonatar guztiei.
Gauzak horrela, egindako lanaren fruituak aurkezteko garaia heldu da eta horixe izango da Herri Batzar honetan egingo duguna; Amasa Villabonako EH Bilduren egitura eta antolaketa berria azaltzea, urteko plangintzaren ezaugarri nagusiak konpartitzea eta aurrera begira izango ditugun erronka nagusiak mahai gainean jartzea.
Anima zaitez zu ere, EH Bildurekin gure herriaren etorkizuna zuk erabaki dezakezu eta!

Herri Batzarreko dialdia egiteko argitaratu dugun kartela


















