Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,7 milioi eurotan murriztuko du adinekoentzako Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) finantzatzeko udalei bideratzen zaien diru ekarpena murrizteko asmoa gauzatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehazki, 3.750.000 euro kenduko dizkie udalei hurrengo hiru urteetan. Horrela erabaki dute PNV eta PSEko ordezkariek Eudelen. EH Bilduk kontra bozkatu du. EH Bilduren ustez, egoera oso kezkagarria da, murrizketek kolokan jarriko baitute adinekoentzako hain beharrezkoa den Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuaren iraunkortasuna eta kalitatea. Murrizketak, gainera, aurten bertan hasiko dira, eta era bortitzean: 903.861 euro gutxiago jasoko dituzte udalek bapatean.

Diputazioaren hamaikagarren murrizketa soziala da hau, Foru Gobernu hau gizarte zerbitzuen sarea desegiten ari da. Oraingo honetan, Udalei inposatu dien foru finantzazioaren jaitsierak bere etxeetan bizi ahal izateko laguntza behar duten adineko pertsonei zuzenean eragingo die. PNV-PSEren Gobernuak gizarte politikarekiko adierazten duten mesprezua ikaragarria da. Administrazio publikoen betebeharra gizarte zerbitzuak indartzea eta hobetzea izan beharko luke, eta ez kontrakoa. Horregatik, berriro ere, EH Bilduk Diputazioari eskatu nahi dio murrizketak baztertzea eta ELZak behar dituen hobekuntzei buruzko eztabaida irekitzea.

Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua izaera sozialeko zerbitzu publikoa da, bere ingurunean bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburua duena. 4.800 pertsona inguru artetzen ditu urtero Gipuzkoan. Zerbitzua udalek kudeatzen badute ere, Foru Aldundiak % 70 finantzatzen du. Ondorioz, esan genezake ELZ administrazio ezberdinek parte hartzen duten gizarte baliabide garrantzitsu bat dela. Diputazioak, baina, aldebakartasunez erabaki du udalek jasoko duten finantzazioa gutxitzea: 2017an, - 903.861 euro; 2018an, - 2.321.928 euro; 2019an, - 3.750.000 euro.

Azpimarratu beharra dago ELZaren eboluzioa kezkagarria dela Gipuzkoan, zerbitzua gainbeheran doalako, poliki-poliki, baina etengabe. Horregatik, EH Bilduk herrialde mailako akordio politiko zabala eratzea proposatu du herritarrengandik gertuen dauden bi administrazio publikoen artean, alegia, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren artean. Akordio horren arabera, Aldundiak finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa hartzen du, eta udalek gehiago inbertitzeko konpromisoa hartzen dute, zerbitzua hobetzeko nahiz zabaltzeko, eta langileei baldintza duinak bermatzeko helburuarekin.


PNV-PSEren Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuak egin nahi duen murrizketa honen aurrean, Amasa Villabonako EH Bilduk mozio bat osatu eta aurkeztu du udalean, mozioa datorren uztailaren 17an, astelehena, 19:00etan izango den Villabonako udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.

Hau da hitzez hitz EH Bilduk aurkeztu duen mozioak dioena:

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua(ELZ) izaera sozialeko zerbitzu publikoa da bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburua duena. 

2015ean 4.843 pertsona artatu zituen zerbitzuak, horietatik 1.344 gizonezko eta 3.499 emakumezko; % 30 autonomoa zen eta gainontzeko % 70 mendekotasun egoeran zegoen.
Tradizionalki, familiaren barruan geratu izan da pertsonen zainketaren ardura, bereziki emakumezkoen eskuetan, generoak eragindako ezberdintasunak oraindik gehiago areagotzea ekarri duelarik.
Gure politiken ardatzean pertsona jartzen dugunez, zainketaren garrantzia modu berezian azpimarratu behar dugu, baina pentsatzen dugu zainketa hori, nagusiki, erantzukizun publikokoa izan behar dela, zainketaren esparru familiarra gutxietsi gabe.
2005ean Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu zituen lurraldeko udalekin ELZaren eskuordetze eta kudeaketa mandatuak bideratzeko mendekotasun egoeran zeuden pertsonei zerbitzua eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren 155/2001 dekretuak ezarritako eskumen banaketaren arabera (mendekoak aldundientzat, autonomoak udalentzat).
Beraz, orain arte, zerbitzua udal araudien bidez antolatu eta arautu bada ere, Foru Aldundiak finantzaketaren zatirik handiena bermatu izan du, zehazki % 70. Ondorioz, esan genezake ELZ administrazio ezberdinek parte hartzen duten gizarte baliabide garrantzitsu bat dela.
12/2008 Gizarte Zerbitzuen Legeak 155/2001 dekretuak ezarritako eskumen banaketa aldatu egin zuen. Horrela, 22. artikuluan Lehen Mailako Arreta Zerbitzutzat jotzen da ELZ; eta, aldi berean, 27. artikuluan ezartzen da Lehen Mailako Arretako zerbitzu horiek udalei dagokiela eskaintzea eta betetzea, tele-laguntza zerbitzua izan ezik.
Eskumen banaketa hori gauzatzeko epeari dagokionez, legearen bigarren xedapen iragankorrak urtebeteko epea ezartzen du. Hala ere, hirugarren xedapen iragankorrak beste bi betebehar ezartzen ditu:
- Batetik, eskumen banaketaren ondorioz beharrezko finantza doiketa egitea herri-administrazioen artean “finantzaketa nahikorik bermatzeko”.
- Bestetik, eskumen banaketa eta finantza doiketa berriak ezin duela ekarri zerbitzuaren intentsitatea eta estaldura jaistea.
Legearen aurreikustakoari jarraituz, 2015eko urrian onartu zuen Jaurlaritzak zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 dekretua. Bertan honela definitzen da ELZ:
“Laguntza eta prebentzio izaerako zerbitzu bat da, eta mendekotasun egoeran edo mendetasun arriskuan dagoen erabiltzaileari bere bizilekuan jarraitzen laguntzea, bizilekuan bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko aukera emango dion etxeko arretarako eta arreta pertsonalerako laguntza bat eskaintzea eta, era horretan, isolamendu egoerak saihestea du xede. Arreta pertsonala jasotzen dutenek edo mendetasun arriskuan daudenek soilik lortu ahal izango dute etxeko arreta.”
2016ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Toki Erakundeei buruzko 2/2016 legea onartu zuen. Udalen lege berrian etengabe honako kezka hau agertzen da: udalei eskumenen bat esleitzen edo transferitzen baldin bazaie, eskumen hori benetan egikaritu ahal izateko beharrezkoa den finantzaketarekin joan beharko dela; eta 4. zein 21. artikuluetan horrela jasotzen da.
Baina udalen legeak aurreikusten ditu ere atzera begirako egoerak. Eta honela jasotzen da lehenengo xedapen iragankorrean:
" udalerriek eutsi egingo diete lege hau indarrean sartzen denera arte indarrean dagoen legeriak eta dagokien finantziazioa daukaten eskumenak”[sic].
Eta bederatzigarren xedapen iragankorrean:
“Lege honen aurretik onartutako sektore-legeen edo foru-arauen erregalamendu bidezko garapenak berekin badakar udalerriei propiotzat esleitutako eskumenetik datozen zerbitzuak, jarduerak edo prestazioak zehaztea, finantzaketa egokia izan beharko du, nahitaez.”
Ondorioz, argi geratzen da ELZ, legezko eskumenei dagokienez, udal zerbitzua izan arren, ezin zaiela udalei transferitu, zerbitzua bermatzeak eskatzen duen finantzaketa doiketaren gainean adostasunik egon gabe.
Kezkatuta gaude Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren eboluzioarekin, datuek erakusten baitigute zerbitzua gainbeheran doala, poliki-poliki, baina etengabe.
Ikus dezagun Gipuzkoako udalek eskainitako ordu kopurua (mendekoak eta autonomoak batera) azken 5 urteetan:

2012 2013 2014 2015 2016
1.259.041 1.216.426 1.195.103 1.170.996 1.148.264


Epe horretan eskainitako ordu kopuruen galera % 8,8koa izan da.
Eboluzioa aztertzeko beste datu interesgarri bat izan daiteke Foru Aldundiak baimendutako orduetatik (mendekoentzat) zenbat erabili dituzten Gipuzkoako udalek epe horretan eta portzentaian.

2012-2016 baimendutako orduak: 1.275.010. Udalek ordu horietatik erabilitakoak:

2012 2013 2014 2015 2016
% 78,5 % 74,4 % 71,8 % 70,3 % 68,3

Gainbehera begibistakoa da.

Azkenik, autonomoen eta mendekoen artean bereizten badugu, zehazkiago ikusiko dugu zein den bi profil horiei eskainitako orduen eboluzioa:

2012 2013 2014 2015 2016
Autonomoak 258.028 267.896 279.525 274.096 277.440
Mendekoak 1.001.013 948.530 915.578 896.899 870.824

Datuek erakusten digute gainbehera mendekotasunean dagoela, azken bost urteotan orduen galera % 13koa izan baita, autonomoen kasuan, berriz, igoera % 7,5koa izan den bitartean.

Gure ustez ELZ bidegurutzean dago bi arrazoirengatik: Alde batetik, ELZk berak dituen barne arazoengatik; eta, beste alde batetik, ELZren finantzaketaren gainean dauden zalantzengatik. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak ekarpen garrantzitsuak egin dizkio gure babes sistemari, esaterako:
- Pertsona bere inguru naturalean bizitzen jarraitu ahal izatea ahalbidetzen du.
- Pertsona zaintzaileei laguntza eskeintzen die.
- Sektore feminizatu batean enplegu duina sustatzen du, erregulatu gabeko zainketaren merkatuaren aurrean.
- Presioa jeisten laguntzen du administrazio publikoarentzat garestiagoak diren beste zerbitzu batzuen gainean, hala nola, egoitza zerbitzuen gainean, itxaron zerrenda arazo larria dutenak.
- Eta garrantzitsuena, gizarte zerbitzuetara sarbide bezala funtzionatzen du, beste arazo eta problematika batzuk detektatzen laguntzen duelako.

Baina ELZk arazoak ere baditu, adibidez:
- Gaur egun soilik adineko pertsonengan zentratuta dago eta ez bestelako kasuetan, buru gaixotasunak edo desgaitasuna, kasu.
- Intentsitate, ordutegi eta zerbitzu egunei dagokienean dauden mugak.
- Kopagoa, oro har, altua da; eta, beraz, ez da lehiakorra erregulatu gabeko zerbitzu pribatuaren aurrean.
- Baliabide ezberdinen arteko lehia (ad., mendekotasun prestazioekin).
- Gipuzkoako lan hitzarmen baten falta, eta langileen lan baldintzak kopagoari lotuegi egotea.

Arestian esandako guztiarengatik, herrialde mailako akordio politiko zabala eratzea proposatzen dugu, lege ezberdinek aurreikusten duten finantza doiketa burutzen ez den bitartean. Akordio politikoa proposatzen dugu herritarrengandik gertuen dauden bi administrazio publikoen artean, alegia, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren artean. Akordioaren xedea zera da: pertsonaren zainketarako eta bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzeko hain beharrezkoa den zerbitzua indartzea eta hobetzea, konbentzituta baikaude horrek onura besterik ez diola ekarriko gizarte osoari, pertsonen zainketa hobetzeak gizarte osoaren ongizatea hobetzen duelako.

Mahai gainean jartzen dugun akordio proposamena honako bi konpromiso hauetan oinarritzen da:
1.- Foru Aldundiaren aldetik, gaur egun Aldundiak udalei baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horiei dagokien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa.
2.- Udalen aldetik, gaur egun udalek zerbitzura bideratzen duten diru ekarpena handitzeko konpromisoa.

Zerbitzuaren intentsitatea, ordutegia eta zerbitzu egunak zabalduz.

Langileei lan baldintza duinak bermatuz.

Zerbitzua beste esparru batzuetara zabaltzeko aukera aztertuz.


MOZIOA

1.- Amasa Villabonako Udalak Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua pertsonaren zaintzarako ezinbesteko zerbitzua dela aldarrikatzen du, besteak beste, pertsona bere ingurune naturalean bizitzen jarraitzea laguntzen duelako.

2.- Amasa Villabonako Udalak Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren garapen zein hobekuntzaren aldeko aldarria egiten du.

3.- Amasa Villabonako Udalak Foru Aldundiari dei egiten dio udalekin ados dezala honako konpromiso bikoitza:

- Aldundiaren aldetik, udalei baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horiei dagokien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa.

- Udalen aldetik, zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko neurriak aztertu eta ezartzeko konpromisoa; halaber, langileei lan baldintza duinak bermatzekoa.

 

 


Amasa Villabonan, 2017ko ekainaren 28an