- 20 Uztaila 2017
EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi dio saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen duen erresistentzia mugimenduari.
Atzo ezagutu ziren Marokok Gdeim Izik kanpalekuan parte hartzeagatik preso dauden militante sahararrei ezarritako zigor handiak. Zigor gogorrenak 7 lagunei ezarri zaizkien biziarteko kartzela-zigorrak eta beste 13ri ezarritako 20-30 urteko zigorrak dira. Bi libre gelditu dira ezarritako 6 urteko zigorra dagoeneko gaindituta dutelako. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu justiziaren erabilera errepresio politikorako erabiltzea zer den. Ez dugu urrutira joan behar, oraintxe bertan mahai gainean dugu adibidez Altsasuko gazteen aurkako eskaera fiskal neurrigabea. Horrexegatik bere eskubideen alde borrokatzen duen Sahara bezalako herri batek horrelako eraso errepresiboak jasaten dituenean, gureak egiten ditugu beraien mina eta amorrazioa.
EH Bilduk sententzia eta zigor hauen aurrean zera adierazi nahi du:
Gure elkartasuna Saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen diren militante guztiei. Zuekin gaude!
Marokok egindako epaiketa salatu nahi dugu, nazioarteko hainbat eta hainbat erakundeek egin duten bezala. Epaiketa fartsa bat izan da, sahararren erresistentziaren aurkako epaiketa politiko-errepresiboa.
Nazioarteko begiraleek esan bezala, irregulartasunez beteriko epaiketa izan da, zigor gogorrak bilatzen zuena soilik. Garbi dago saharar erresistentzia zigortzeko, ahultzeko eta txikitzeko sententzia bilatzen zutela marokoar agintariek. Gorrotoan oinarritutako eta izua zabaltzeko epaiketa bat izan da.
Epaiketan garbi gelditu da torturapean lortutako deklarazioak izan direla erabilitako froga bakarrak. Presoek ez zuten ezagutzen beraiei zegokien sumarioek zer jasotzen zuten. Metodo hau ezaguna egiten zaigu. Amnistia International, Human Rights Watch, Centro Robert F. kennedy, Acción de los Cristianos para la Abolición de la Tortura eta torturaren aurkako beste hainbat nazioarteko erakundek salatu zituzten tortura kasu argi hauek, guk gogor eta tinko salatzen ditugun moduan.
Konbentzituta gaude Saharak bere herriaren askatasuna lortuko duela, Euskal Herriak lortuko duen bezalaxe. Bidean horrelako eraso eta injustiziak sufritu beharko ditugu baina askatasun bide horretan bidelagunak izango gara, eta gure elkartasun politikoa eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu beti.
Gora Sahara askatuta! Autodeterminazioa!


