- 08 Ekaina 2016
Amasa Villabonako EH Bildutik, azken egunetan Donostian Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolatutako mobilizazio herritar eta baketsuen kontra, Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erakutsi duten jarrera bortitz eta oldarkorra salatu nahi dugu. Gipuzkoa Zutik, mugimendu herritarra da, espontaneoa, alaia, irudimentsua eta aldarrikapenak egiteko modu baketsua erabiltzen duena.

Mugimendu honen sorrera, Gipuzkoan EAJ eta PSEk inposatu nahi diguten erraustegiak gizartearen sektore zabaletan sortzen duen kezkaren islada garbia da, eta horrek ezinegon nabarmena sortu du Donostian eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintean dauden alderdi politikoetako arduradunen artean.
Baina ezinegon politiko horren ondorioz Udaltzaingoak eta Ertzantzak jokabide bortitza izatea, ez da bidezkoa. Gure ustez indar polizial hauek herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen ari dira, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea adibidez.
Beraz, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erakutsi duten jokabide antidemokratiko eta bortitzekin behin betiko amaitu dezatela eskatzen diegu Donostiako udalari eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailari.


