- 06 Ekaina 2016
Pasa den larunbatean Tolosan, Giltzarria adierazpenaren aurkezpen publikoa egin zen herritar ugari eta anitzek lagunduta eta bertan jakinarazi zuten albistea: "Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu; herriari galdetzera goaz".
Tolosaldeko herritarrek egindako agerraldia. Iturria: ataria.info
GILTZARRIA ADIERAZPENA
Erabakiaren aroa abiatu da Euskal Herrian, eta erabakiaren aroa abiatzera goaz Tolosaldean. Adierazpenak dira bide horretan lehen geltokia, gaur, hemen, argitara ematen dugun adierazpena. Gure Esku Dagok, baita Tolosaldean ere, hausnarketa sakona egin du. Berau oinarri hartuz, hemen bildu garenok errealitate dugun Giltzarria adierazpena aurkezten dugu. Erabakia gaur eta hemen errealitate bihurtu nahi dugulako. Erabaki historikoak tarteko Tolosaldea 28 herrik osatzen dugu, batzuk herri izatea erabaki zutelako, herri izan nahi zutelako. Orain, herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinisten baitugu, eta horretarako, herriari entzuteko tenorea iritsi dela deritzogu. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritze bidean, Tolosaldean egingo dugun ekarpena da honakoa. Nolako Euskal Herria nahi dugun erabaki nahi dugu, eta hori, euskal herritarroi dagokigu. Erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena da, bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria.
Gurea erabaki nahia da; demokrazia ariketa sinplea, baina konplexutasunez betea. Horregatik, hemen bildu garenok ondorengoa adierazi nahi dugu:
1- Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela.
2- Erabakitze eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak sortu ditugula eskualdean, abiatuko dugun bidea zilegitzen duena.
3- Erabakitze eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula; herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua.
4- Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula.
Horretarako, herritar ororen parte hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa hau aurrera era- mateko. Guztiok gara giltzarria. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria. Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, 2017ko udaberrian hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu, herriari galdetzera goaz. Horretarako, Tolosaldeko herritar anitzek osatutako batzordeak gidatuko du galdeketa bitarteko prozesua. Herritarroi berau sostengatzea dagokigu hurrengo hilabeteetan bultzatuko den sinadura bilketaren bidez. Gaurkoa, lortu dugun adostasunaren adierazle da. Gurekin bat egin dezazun eskatu nahi dizugu, hori baita demokrazia ariketa honi zilegitasuna emateko bidea.
Adierazpen honen bidez jakinarazi du Tolosaldeko Gure Esku Dagok datorren urtean galdeketak egingo direla eskualde osoan. Eskualdeko 200 eragile eta pertsona esanguratsu baino gehiagoren babesa jaso du dinamikak ondutako adierazpenak, tartean Amasa Villabonako herritar asko; beraiek izan ziren protagonistak, Tolosako Aranburu Jauregiaren alboko Euskal Pizkunde plazan egindako aurkezpen ekitaldian.
Datorren urteko olatura beste 28 herri batu dira, beraz —50.000 biztanle inguru—: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania- Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu- Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, eta Zizurkil. ERABAKITZERA GOAZ!
Amasa Vilabonako EH Bildun pozez eta ilusioz hartu dugu albiste hau, atzo Goierrin, Debagoienan, Azpeitian etab. egindako ariketa demokratiko zoragarria, Amasa Vilabonan egingo dugu laster, eta hori oso albiste pozgarria da erabakitzeko eskubidea eta independentzia lortu nahi dugunontzat.


