EH Bildu koalizioak antolatuta, atzokoan 50 lagun inguru bildu ginen Malkar plazan egin zen "Hobetzeko entzuten" ekitaldian. Herritarrek hainbat galdera egin zituzten: LOMCE, lan erreformak, osasun publikoa, enpresari txiki eta ertainak, genero berdintasuna, euskara eta beste gai batzuk izan ziren hizpide. Marian Beitialarrangoitia eta Aitzol Cajaraville EH Biduko kongresurako hautagaiek, herritarren galdera eta proposamenei erantzunak ematen aritu ziren ordu bete pasatxoan.


Amasa Villabonako EH Bildutik ekitaldi honen balorazio oso positiboa egiten dugu, herrian bertan, kalean, herritarrek galdetzea eta arduradun politikoek erantzunak ematea beti da interesgarria eta aberasgarria. EH Bilduko kideok herritarrei entzun eta jendearen kezkei irtenbidea bilatzeko bideak proposatzeko ari gara lanean.

Zentzu berean, aste honetan hasten den hauteskunde kanpainan, herritarrekin egon eta adi entzutea jarri dugu lehentasun gisa eta hainbat egunetan kalean izango gara EH Bilduk egiten dituen proposamenak azaltzeko eta hauteskunde hauetan herritarrei beren konfidantza emateko, boto eskaera egiten. Datozen egunetan aurkeztuko dugu hauteskunde kanpainarako prestatu dugun ekintza-plana.