- 10 Ekaina 2016
Gaur argitaratu duten oharrean, Villabonako udaleko langileek Iban Agirre alkateak dimisioa aurkeztu ondoren emandako azalpenek ezinegona sortu diela adierazi dute eta bestalde, EAJko udal ordezkari batek dimisioaren hurrengo egunean langileei emandako hitza ez duela bete salatu dute.
Hemen duzue udal langileek argitaratu duten gutuna:
Joan den ostegunean Villabonako alkateak egindako adierazpenen aurrean, gaur goizean udal langileek asanbladan onartutako oharra:
Joan den ostegunean harriduraz jakin genuen oraindik Villabonako alkatea den Iban Aguirrek idatzia aurkeztu zuela karguari uko eginez, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Gure harridura handiagoa izan zen, ordea, komunikabide batzuetan, alkateak bere kargu uztea –nahiz eta modu anbiguoan izan– Udalean zegoen lan giro txarrari eragotzi zionean.
Hurrengo egunean, EAJ-PNV-ko udal taldeko kide batekin elkartu ginen alkatearen aipamenengatik gure ezinegona helarazteko, eta eskatzeko bere udal taldeak publikoki argitu zezala egia ote zen lan giro txarra zegoela, udal langileei zegokienez behintzat. Jaso genuen erantzuna izan zen alkatearen adierazpenek bere iritzi pertsonala isladatzen zutela, eta alderdiak adierazpen hori publiko ez egitea eskatu ziola. Gure eskaera ulergarria eta zentzuzkoa zela esan zitzaigun, eta ostiral arratsaldean publiko egin behar zuten prentsa oharrean saiatuko zirela hori jasotzen; hala ere, azkenean argitaratutako prentsa oharrak ez zion inolako erreferentziarik egiten ez langileei, ez lan giroari.
Kezkagarria iruditzen zaigu udal langileak erruduntzat jo nahi izatea, lan giro txarraren kulpa botaz, gure ustez lan giro txar hori ez dagoenean. Era berean, tristea iruditzen zaigu alkatearen udal taldea komunikabideetan kezkatua agertzea talde barruan egon daitezkeen barne tentsioei buruzko zalantzak uxatzen, eta ez udal langileen lana defenditzen.
Azkenik, udal langileok argi utzi nahi dugu villabonatarrei zerbitzua emateko dugun konpromisoa, haientzako lan egiten baitugu, eta, bide batez, hurrengo alkateari eskua luzatu nahi diogu gure udalerriaren alde elkarlanean aritzeko, betiere elkarrekiko konfiantzan eta errespetuan oinarrituz".
Amasa Villabonako EH Bildutik, udal langileen kezka eta ezinegona guztiz ulertzen dugula adierazi nahi dugu. Pasa den astean alkatearen dimisioaren ondoren publiko egin genuen oharrean ere esan genuen: "Ez da bidezkoa Agirrek eta EAJko udal taldeak Villabonako udala gobernatzeko erakutsi duen ezintasuna, langileen jarrerari leporatzea."


