- 08 Ekaina 2016
Villabonako Udalean EAJko Udal Gobernuak paralisi egoera batean, geldirik, blokeatuta eta inolako ekinbide politikorik gabe jarraitzen duen bitartean, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak lanean jarraitzen du. Aste honetan ere (alkatearen dimisioaren ondorengo astea izanik, udalean giro nahasia dagoen honetan) bi proposamen osatu eta udalean erregistratu ditu EH Bilduk.
Hau da Udalean erregistratu diren proposamenen dokumentuek diotena:
1. Udaleko Osoko Bilkurak grabatzeko eta bertan esandako guztiak aktan objetiboki jasotzeko proposamena:

Villabonako udaleko apirileko Osoko Bilkurako irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Villabonako udaleko Osoko Bilkuren ondoren jasotzen ditugun Akta dokumentuetan, ez dira bilkuran egindako adierazpen guztiak jasotzen. Aktetan orokorrean osoko bilkuran esandakoak biltzen badira ere, uste dugu aktak bilkuran egindako adierazpen guzti guztiak bildu beharko lituzkeela modu zehatz batean. Horretarako neurri zehatzak hartzea proposatuko dugu.
Osoko bilkurak erabat publikoak direla kontuan izanik, bertan esandakoak Akta ofizialean modu zehatz eta objektibo batean biltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta udalak gaur egun horretarako erabiltzen dituen bitartekoak ez dira nahikoak zeregin hau behar bezala egiten dela ziurtatzeko.
Bestalde, udalak duen erabaki organo gorena den osoko bilkura, gizarteratu, herritarrengana gerturatu eta gardentasunean aurrera urrats bat emateko, modu egokia izan daiteke Bilkura hauek grabatzea eta publiko egitea.
Hau kontuan izanda, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko udal-taldetik honako eskaera hauek egiten ditugu:
1. Villabonako udalak, Osoko Bilkuretan esandakoak bilduko dituen audioa grabatzeko beharrezko bitartekoak (tekniko eta humanoak) jar ditzala.
2. Audio edo grabazio horiek publiko egitea.
3. Idatzizko akta osatzean transkripzio literalen bidez egitea, bilkuran esandakoak modu objektibo batean jasoz.
4. Osoko Bilkurak bideoz grabatzeko eta ondoren bideo horiek argitaratzeko dauden aukerak aztertzea.
2. Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, Villabonako udalak ere tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzeko proposamena:

"Elkartasuna eta itxaropena" elkarteko kideak tapoiak biltzeko edukiontzia aurkeztu zuteneko irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, "Elkartasuna eta Itxaropena" elkartearen bidez Gipuzkoako hainbat herritan egiten den moduan, Amasa Villabonan ere akordioa sinatzea eta tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzea proposatzen dugu.
Gure ustez, tapoi bilketa guneak herriko supermerkatu handietan, eta udal eraikinetan egin daiteke inolako arazorik gabe.
Aipatutako elkartearekin harremanetan jartzeko posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia helaraziko dizkizuegu.


