- 04 Urtarrila 2017
Jaurlaritzako kirol zuzendariaren eta Euskadiko Futbol Federazioko presidentearen agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, ofizialtasunerako bidean egingo dituzten urratsak zeintzuk izango diren azal ditzaten
Euskal Selezioak eta Tunisiak atzo jokatu zuten futbol partidan San Mameseko harmailek izan zuten itxura “negargarria” izan zela uste du EH Bilduk. 10.000 pertsona inguruk ikusi zuten gabon jaietan Euskal Selekzioak jokatu ohi duen partida. “Jende asko hurbildu zitzaigun aurretik eta denbora asko egin dugu hau gerta zitekeela ohartarazten. Dirua biltzeko helburua baino ez duen izaera folklorikoko partidaren eredua agortua dago. Euskal gizarteak ofizialtasunerako bidean urratsak egitea eskatzen du, eta guk hori lortzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak eta EH Bilduko kirol politikako arduradunak.
“Ofizialtasunerako bidean urratsak emateko garaia da. Hori egin ezean, Euskal Selekzioa babesten duten herritarrek ez dute bat egiten ezertxo ere erakartzen ez duten kirol ikuskizunekin. Ez dira berriro ofizialtasuna aldarrikatzera joango, aldarrikapen hori makina bat aldiz egin dutenean eta arduradun politikoek eta Euskadiko Futbol Federazioak ezer egin ez dutenean”, azpimarratu du.
Atzo gertatutakoak erantzukizun politikoak eta federatiboak dituela uste du Uberak, eta autokritika egitea eskatu die. “Guk ere egingo dugu dagokigun autokritika. Baina beste erakunde batzuk, Jaurlaritzak, gobernu hori sustengatzen duen alderdiak eta EFFak, ere egin behar dute. Ez du balio beste aldera begiratzeak eta zerbait egiten ari denaren itxura emateak, errealitatea bestelakoa denean eta inork ezer egiten ez duenean”. Nabarmendu duenez, “Euskal Selekzioa nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzen ikusi nahi duten milaka euskal herritarren ilusioa itzaltzen ari dira apurka-apurka”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, “ez da kasualitatea hau guzti hau denbora politiko honetan gertatzea, hau da, Espainiako estatuaren aurrean otzan irudia ematea interesatzen zaionean EAJri. Etengabe esaten ari zaizkio euskal gizarteari Espainiako estatuan bere leku erosoa bilatu behar zaiola herri honi. Politika egiteko modu honek horrelako ondorioak ditu”.
Atzo San Mamesen izandako irudiaren antzekoak ez errepikatzeko, herri ikuspegia duten akordioak bilatzea eskatu du Uberak. “Autokritika egin behar da. Guztiok egin behar dugu, baina batzuk besteok baino gehiago”. Baina etorkizunera begiratzeko deia egin du. “Gizarte hau esnatzeko eta herri bateko kide izatearen sentimendua esnatzeko herri akordioak behar dira. Atzo San Mamesen eta partidaren inguruan gertatutako guztia (promozio lan onik ez da egin eta ofizialtasunaren eztabaida ez da sustatu) oso adierazgarria da. Herri gisa aurrera egin nahi duten eragile politiko eta sozial guztiekin batera debate sakona egiteko prest gaude”.
EH Bilduko legebiltzarkidea oso kritiko azaldu du da Jaurlaritza eta EFFko arduradunek egindako lanarekin. “Beste euskal federazio batzuk urratsak egin dituzte ofizialtasunerako bidean. Baina ez futbol federazioak, itxura baten oso eroso dagoelako Espainiako federazioaren barruan. Eta hori gertatzen den bitartean, Jaurlaritzak beste aldera begiratzen du eta federazioaren esku uzten du bere ardura zuzena ere baden gai bat”. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzako kirol zuzendariaren eta EFFko presidentearen agerraldia eskatuko du EH Bilduk legebiltzarrean, azal dezaten zeintzuk urrats emango diren Euskal Selekzioak FIFA datetan partida gehiago jokatzeko eta ofizialtasuna lortzeko zeintzuk urrats emango dituzten zehaztu dezaten. Era berean, gogora ekarri du joan den udaberrian EFFko ordezkarien agerraldia eskatu zuela, baina uko egin ziotela eskaera horri eta ez zirela joan.


