Diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak agerian utzi du egungo zerga politikak ez duela balio behar diren diru-sarrerak bermatzeko. Aurrekontuei buruzko benetako eztabaidak horrekin du zerikusia.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak Jaurlaritzaren aurrekontuak EH Bildurekin adostea espero duela esan eta gero, Miren Larrionek erantzun dio gaur aurrekontuen inguruko balizko adostasunak lotuta egon beharko duela zerga politika berria adostearekin, egun indarrean dagoenak ez duelako balio Administrazioaren politika publikoak era egokian finantzatzeko behar diren diru-sarrerak bermatzeko. “Aurrekontuak adosteak zerga politika berria ekarri behar du ezinbestean”, zehaztu du Larrionek.

Legebiltzarrak 2017ko aurrekontuei buruzko eztabaidari helduko dio hemendik gutxira eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “benetako eztabaida diru-sarrerei buruzkoa izango da”, diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak –aldundiek espero baino 544 milioi euro gutxiago jaso dituzte aurten– agerian utzi baitu egungo zerga politika ez dela nahikoa behar diren baliabide ekonomikoak lortzeko.

Azpiazuk aurrekontu sozialak iragarri arren, Larrionek horrelakoak entzuten ohituta dagoela gogorarazi du, “baina gero beti ikusten dugu hitz horiek ez datozela bat ekintzekin, aurrekontuen zenbakiekin”. Hortaz, “aurrekontuen proiektua aztertuko dugu, ea egia den sozialak direla, baina, dena dela, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin egin dutena, adibidez, ez doa norabide horretan”.