- 04 Urtarrila 2017
Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek deitu dute manifestazioa. Urtero antolatzen den ekimena izaki, jarraipena eman eta aldarrikapenari eustea garrantzitsu ikusten zuten udalek, horregatik ahalegina egin dute testu bateratua adosteko. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak. "Guztiok nahi dugu preso guztiak etxeratzea, eta familiaren inguruan egotea".
Bide horretatik, mugimenduak nabari direla azaldu du, eta egin berri den manifestazioa azkena egitea "seinale ona" litzakeela onartu du. "Bai Aiztondo bailaran, bai eta Euskal Herri osoan ere, hori da helburua, beraz, aldarrikapen hau egin behar ez izatea oso albiste ona litzateke".
Amasa Villabonako EH Bildutik ekimen honen inguruan aipamen batzuk egin nahi genituzke; alde batetik pozik gaude Aiztondo bailarako eta Amasa Villabonako herritarrek manifestazio deialdi honi emandako erantzun eta babes zabalagatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskal presoen eskubideen aldeko aldarrian instituzio publikoak eta herritarrak elkar hartuta aritzea. Baina bestalde, Amasa Villabonako udal gobernuaren jarrera axolakabe eta nagia ere aipatu beharrean gaude, beste behin EAJk sentsibilitate eta konpromiso maila eskasa erakutsi baitu gai honetan. Manifestazio hau antolatzeko urratsa ematen duten udalek, lau konpromiso zehatz bete behar izaten dituzte urtero: Manifestazioko testua ofizialki onartzea, manifestazioaren aurkezpen prentsaurrekoan udaleko ordezkaritza egotea, deialdiaren kartelak herriko kaleetan jartzea eta manifestazioan bertan ordezkari bat egotea pankarta eramanez. Ba EAJko udal gobernuak lau konpromiso hauetatik soilik bakarra bete duela salatu beharrean gaude. Abenduaren 26an izandako udaleko osoko bilkuran manifestazioko testua onartu eta ontzat eman ondoren, udalak ez du ezertxo ere egin, prentsaurrekora ez zen inor agertu, kartelak ez ziren jarri (herritar batzuek beren kabuz inprimatu eta jarri zituzten batzuk) eta manifestazioan ere ez zen udaleko EAJko ordezkaririk agertu. Hau horrela izanda, azalpenak ematea eskatzen diogu Villabonako udaleko gobernuari.


