Carlos Urquijo Espainiako gobernu ordezkariaren kargugabetzea “berri ona” dela esan du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. “Baina berri ona da Carlos Urquijo moduko pertsonaia bat gure herriko bizitza politikotik kanpo geratzea. Eta hori esatean herri honetako gehiengo sozial handi batekin bat egiten dudala uste dut”.

Gaineratu duenez, bere ordezko Javier de Andresekin ere konfrontatuko du EH Bilduk, “ziur gaudelako horretarako arrazoiak emango dizkigula”.

Arzuagak gogoratu du EH Bilduk ekimen asko egin dituela gobernu ordezkaritzaren figuraren aurka. “Pentsatzen dugu desagertu behar dela, bere gain dituen eskumen guztiekin batera. Instituzio horrek dituen kontrol poliziala, kontrol politikoa, jazarpen militarra desagertu egin behar da herri honetatik”.